Estetika da gakoa. Bizikletak azkenean duen itxuran garrantzi handia dauka egurrak, «erabatekoa». Horregatik, Zeraingo Axalko enpresan zurezkoak ekoizten hasi dira; ekoitzi bainoago, egin edo sortu esan beharko litzateke, dena den, «eskulangileen moduan» sortzen baitituzte bizikletak han. Hala dio Enrike Ardura enpresako salmenta ataleko zuzendariak. «Beste zenbait objekturekin bezala -esaterako, belaontzi batekin gertatzen den bezala-, bizikletarekin ere ez da gauza bera zurezkoa edo zuntzezkoa ote den. Zurak balio erantsi bat ematen dio bizikletari, dotorezia, esklusibotasuna».
Aitzol Telleriak, arotza eta zikloturista bera, bi atalak lotzea erabaki zuen duela pare bat urte, hots, arotzaren ogibidea (egurra) eta bizikleta zaletasuna. «Gogoak emanda hasi ginen elkarrekin ideia garatzen, baina laster ohartu ginen merkatuan badela halako produktu batentzat tokia», gogoratu du Ardurak. Haatik, zailtasunak ez ziren gutxi. «Zurezko bizikleta egitea da bat, eta bizikleta baliagarri bat egitea bestea». Bi urteko garapen teknologikoa dago Axalkokgaur egun salgai duen bizikletan. «Karbonozko bizikleta batekin alderatuta, 600 gramo gehiago pisatzen du gureak, baina horren trukean itxura erabat desberdina du». Ez da profesionalei begira sortutako bizikleta bat, zaleentzat baizik. «Oraingoz, behintzat, hala da, baina ikusiko da hemendik urte batzuetara; bilakaera ez da sekula geratzen».
Bartzelonan aurkeztu zuten aurreko astean zurezko bizikleta, eta Madrilen irailean. Hainbat txirrindulari profesionalek probatu zuten han, Alberto Contador tartean, eta harriturik geratu ziren Axalkoren proposamenarekin. Izan ere, ohiko bizikleten erresistentzia bera dauka; aluminiozko baten erresistentziaren parekoa, kasurako. «Dena da berdina funtzionaltasunari begira, baina gurea zurezkoa da».
Lizarra, intxaurra, gaztaina...
Axalkoren bizikletak 4.700 euro balio du, «bidezko salneurria, atzean duen lana kontuan hartuta». Bezeroak zeri ematen dion garrantzia, horren arabera izango du arrakasta zurezko bizikletak, Enrike Ardurak dioenez. «Zeri ematen zaion garrantzia, eskaintza polita izan daiteke. Zale batek pisuari begiratuko dio akaso, eta nahiago izango du karbonozkoa erosi; beste batek, berriz, esklusibotasunari erreparatuko dio, dotoreziari, eta kasu horretan gurearen alde egingo du». Oinarrian lizar egurra erabiltzen dute bizikleten koadroak egiteko. Gero, xafla teknika baliatuta, beste zurak gehitzen dira, «intxaur egurra, gaztain egurra, wenge-a, sapeli-a...». Bezeroak erabakitzen du bere bizikletak zein egur mota eta zein itxura izango duen. «Denak ateratzen dira desberdin».
Zerainen urtero 120 bizikleta egiteko prest daude gaur egun. Martxa onean hasi dira. «Enpresen eskaera batzuk baditu jadanik. Dena den, gure merkatua zabala da oso. AEBei eta Europako iparraldeari begira ari gara, batik bat, han bizikleta kontzeptua garatuagoa dutelakoan. Hemen, batez ere, lehiatzeko ulertzen da bizikleta, ez hainbeste garraio gisa». Hala, datorren urtean Alemaniako Eurobike azoka handian izango dira. Zeraindik mundura doa teknologiaren norabidea kasu honetan.
Zurezko bizikletak
Zeraingo Axalko enpresak zurezko bizikletak jarri ditu merkatuan; bi urteko garapen teknologikoaren emaitza da erabiltzaileei eskainitako «bizikleta esklusiboa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu