Peter Broderickek (Oregon, AEB, 1987) biolina, banjoa, zerra pianoa eta mandolina jotzen ditu. Besteak beste, Horse Feathers eta Norfolk & Western taldeekin aritu da Ameriketako Estatu Batuetan eta Danimarkako Efterklang talde indiearekin Europan. Haren doinu lasaiak entzun ahalko dira gaur,19:00etan, Uhagonen (Markina Xemein, Bizkaia). Greg Hainesekin partekatuko du oholtza.
Hemengo talde batzuek Las Vegasekin amesten dute; zer egiten du musikari estatubatuar batek Europan bizitzen?
Dena 2007. urtean hasi zen, Efterklang taldeak gonbidatu ninduenean Danimarkara bizitzera etortzeko eta beraiekin jotzen hasteko. Hala egin nuen, eta geroztik oso ongi ibili naiz Europan bidaiatzen eta jotzen. Orain lagun asko ditut hemen, eta nire bizitza Europan egin dut.
Besterik gabe gonbidatu zintuzten, ezagutu barik?
Ustekabe hutsa izan zen. Efterklangen fan handia nintzen. Euren laguna nintzen MySpacen. Pare bat mezu bidali nien zein gogoko nituen esateko, eta helbidea lortu nuenean, nire disko pare bat bidali nizkien. Ez ninduten ezagutzen, gonbidatu aurretik. Harrigarria izan zen niretzat.
Estudioko musikaria zinen Portlanden (AEB). Efterklangen gonbidapenak bultzatu zintuen estudiotik atera eta agertokietara jauzi egitera?
Bai. Hainbat estudiotan egin nuen lan, beste musikarien diskoetan grabatzen. Bat batean, ez nuen horrenbeste lan egin behar estudioan, kontzertuak nituelako. Halere, noizean behin joan-etorria egiten dut hara, eta grabaketetan aritzen naiz.
Estudioko pareten babesa utzi eta jendaurrean eta, gaur bezala, bakarrik agertzeak beldurgarria izan behar du.
Hasieran bai. Orain errazagoa zait. Gustuko dut jendea isilik dagoenean, baina ez dago arazorik hala ez badira egoten. Umorea sartzea maite izaten dut kontzertuetan, nire musikak batzuetan malenkoniatsua dirudielako.
Aurten, How They Arediskoa argitaratu duzu. Zergatik da horren biluzia?
Ahalik eta xumeena eta apaingarririk gabea egin nahi nuen. Aurreko diskoak geruzak gehitzen egin nituen. Bata bestearen gainean jartzen nituen, soinua ona zela erabaki arte, eta orduan gelditzen nuen prozesua, eta disko bat zela erabakitzen nuen. Oraingoan, berriz, musika guztia estudioan sartu aurretik amaituta egotea nahi nuen, eta dena zuzenean grabatu. Nahi nuen agertu nik neuk aldi batean jo ahal dudan musika, elektronika edo beste pistarik gabe. Abesti batzuk poema gisa hasi ziren, edo hitz bakan batzuetatik paper batean, musika izan baino lehen.
Berriz ere, estudiotik zuzenera eginiko eboluzioaren erakusgarri da hori.
Hala da, bai. Asko aldatu naiz. Bidaiatzeak aldatu nau, baita nire musika ere. Hala ete guztiz ere, planak ditut datorren urterako, eta bestelakoak dira: lehen aldiz talde bat antolatuko dut neure musika jotzeko. Beste disko bat grabatu berri dut, eta datorren urtean argitaratuko dut. Askoz geruza gehiago ditu, eta musikari gehiago beharko dut zuzenean jotzeko.
Izena eta izenburua?
Peter Broderic Band taldea eta Peter Broderick diskoa.
Baina normalean musikariek lehen diskoari jartzen diote norberaren izena.
Atzeraka nabilela ematen du.
Peter Broderick. Musikaria
«Zuzenean umorea sartzen dut, nire musikak batzuetan malenkoniatsua dirudielako»
Ameriketako Estatu Batuetan estudioko musikaria izan arren, Europan jarri da bizitzen eta kontzertuak ematen. Bere azken musikaren biluztasuna azaldu du, eta taldea osatzeko asmoa duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu