Zuzeneko musika, argazki kameren objektiboaren begietatik

Kontzertuetako argazkiz osaturiko 'Zuzeneko instanteak' erakusketa dago ikusgai egunotan Basteron

Porco Bravo taldeko abeslaria, erakusketako argazkietako batean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Andoain
2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Musika dario egunotan Andoaingo Bastero kulturguneari; zuzeneko emankizunetako elektrizitate berezi hori nabari da egoitza barnean. Baina, aldi berean, isil-isilik dago erakusketa gela; ez dago bozgorailurik inon, ezta kontzertuaren hasiera itxaroten dagoen ikusle pilaketarik ere. Paretetatik irteten da musika, ez oholtza gainetik, eta musikarien orroak mutu daude. Gitarra kordetatik ere ez da inongo notarik entzuten.

Zuzeneko instanteak argazki erakusketak dakar musika zipriztina Basterora. 2011ko eta 2012ko zuzeneko kontzertuetan ateratako 60 bat argazkik bete dutegunea musikaz. Gaur egungo eszenaren erradiografia dira argazkiok, Euskal Herriko agertokietan astebururo gertatzen denaren isla. Hurrengo larunbatera arte, hilak 13, egongo da irekita erakusketa.

Istant bat, zuzeneko emanaldietako une bat, bildu dute erakusketako hogei argazkilariek. Haien artean badira Jon Iraundegi, Koldo Orue eta Guillermo Urkijo izen ezagunak, baina baita ere hain ezagun izan gabe kontzertuetara kamera soinean dutela joatea gogoko duen jendea. Argazkien egileak ez dira sektoreko profesionalak, haien bi zaletasun —argazkilaritza eta musika— uztartzen dituzten argazkilariak baino ez dira. Bide batez, eurak ere badira egungo musika eszenaren erakusle, ez soilik ateratzen dituzten argazkiak. Izan ere, gero eta ohikoagoa da zuzenekoetako lehen ilaretan argazkilariak topatzea.

Musika bizi duen herria da Euskal Herria. Musika eszena bera bezala, eklektikoa da erakusketa, desberdina. Ideia bakar bat abiapuntu gisa hartuta —hots, zuzeneko emanaldietako argazkiak izatea—, era askotariko argazkiak bildu dituzte musikazuzenean.com atariak antolatutako erakusketan.

Badira zuri-beltza lantzen duten argazkilariak, baina baita ere zuzeneko emanaldietako argi jokoa ederki baliatzen dutenak. Abeslari baten lehen planoak txundituta utz dezake erakusketara joan den pertsona bat, haren begietan eta ahoan momentu horren indarra islatzen delako. Baina, haren ondoan beste argazki bat dago, plano ireki bat: taldea bizkarrez, eta jendetza atzean. Argazki horrek ere aurrekoak bezain ederki islatzen du kontzertuaren une horretako bizitasun eta indarra.

Erakusketako taldeen artean ere desberdintasunak daude. Batetik, hainbat musika estilo jorratzen dituztelako: pop-rock, elektronikoa, muturreko metala... Agertzen diren taldeek gainera ez dute zertan ezagun izan. Badira, noski, denen ahotan ibiltzen diren taldeak: Berri Txarrak, Ruper Ordorika eta Lisabö, esaterako. Baina, badaude ere urte luzez beren bidea egiten dabiltzanak —Munlet, Porco Bravo...—, edo putzu undergroundetan leporaino lokazturik bizitzea maite dutenak —Erantzun eta Carrocerias Betoño, kasu—. Denentzako tartea dago Basteroko hormen artean.

Kontzertuak ere erabat desberdinak dira, ez baita gauza bera Azkena Rock edo EHZ festibal handi batean ateratzea argazkia, edo erretratua gaztetxe batean egitea, ikusleak elkarri bultzaka ari diren bitartean. Ezta areto itxi batean ateratzea ere, edo aire zabalean herriko festetako kontzertuan.

Musika maratoia larunbatean

Erakusketak harrera ona izan du, eta jende dezente gerturatu da argazkiak ikustera. Horrez gain, hainbat ekitaldi antolatu dituzte datorren asterako. Asteartean, Andoaingo gaur egungo musika mugimenduari buruzko mahai ingurua egingo dute gaztetxean, 19:00etan.

Musikaz bizitako bi aste hauei amaiera emateko, datorren larunbatean musika maratoia antolatu dute Andoaingo hainbat tabernatan. Bost bat ordutan lau kontzertu eskainiko dituzte. Nafarroa plazako Aker Beltzen ekingo diote musika lasterketari, 21:30ean, Toro y la Chica del Frenesi bikote bilbotarrarekin. Doctor Deseo taldeko bi kideek talde ezagunen bertsioak egiten dituzte biko formatuan. Hamar bat metrotara dagoen Ganbara tabernak hartuko du lekukoa ordubete geroago. Xabi ta Petti beteranoek emango dute gaueko bigarren kontzertua, oholtza gaineko bi piztia indarrez betetako emankizun bat ezkaintzeko prest.

Hirugarren kontzerturako, Nafarroa plazatik Zumea plazara jaitsi beharko dute ikusleek. Ordu laurdeneko ibilalditxoa, Txitibar tabernan Zuhaitz Zatitxuak Blues Band 23:45ean entzuteko. Soraluzeko laukoteak apirilean argitaratutako lehen lana aurkeztuko du. Maratoiaren helmuga Irunberri tabernan egongo da. 01:00etik aurrera, Dirty Brothersen punk-rockak emango dio amaiera musikazuzenean.com atariak antolatutako jardunaldiari. Musika biziko du aste osoan Andoainek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.