Bizipoza: malkarrak zelaitzen

LGTBfobia. Sexu joera heterosexualetik at egotea eta genero identitate sistema binarioa apurtzera egitea bazterkeriarako motibo dira sarri. Hainbat elkarte ari dira egoera horietan diren adingabeei laguntzen.

Zuztarrak iraultzeak dakarren mina arintzen

«Lehen oztopoa zera da: izateko eskubidea bera urratua dute umeok. Hainbesteko ezagutza falta dago! Beti existitu dira, baina lehen aldia da txikitatik izateko modua izan dutela». Bea Sever ari da solasean, Naizen haur eta nerabe transexualen familien elkartearen izenean. «Sarri, geuri ere, familioi, kosta egiten zaigu identifikatzea etxean zer daukagun». Elkartean ematen dituzten datuen arabera, mila jaiotzatik batean izaten dira transexualitatearekin lotutako egoerak, eta gero eta usuago irteten dira plazara. Behin gertukoenek onartuta ere, izaten dira egoera gaitzak; adibidez, ikastetxeetan. «Eskolan jazarpena gertatzen da askotan. Haur transexualen aurkako jarrera ez da bakarrik izaten, gainera, berdinen artean; iaz, esaterako, izan genuen kasu bat institutu batean irakasle batek egindakoa». Esan duenez, hezkuntza sistemarekin lotutako kexak ez dira ezohikoak elkartean. «Eskoletan ez dago guztiz normalizatuta». Umeek janzkera eta izena aldatzeko hautua egiten dutenean, esaterako, aski jarrera ezberdinak ikusten dituzte. Eraikitzaileak batzuk: «'Zelako aukera', esaten duten ikastetxeak badira». Eta arrunt bestelakoak besteak: «Beste zenbaitek ez entzunarena egiten dute. Askotan familiek borrokan ibili behar izaten dute. Beldurrak eta sufrimendua hor dira, eta, gainera, borrokan eskolarekin». Arazo larriak izan dira: Naizen elkartean badute zentroz aldatu behar izan dituzten umeen kasuen berri.

Ekai Lersundiren aldeko ekitaldia
Ekai Lersundiren aldeko ekitaldi bat, 2018ko otsaiean. Aritz Loiola, Foku

Administrazioan izaten dute usu hurrengo murrua. «Esaterako, epaitegi batzuetan izena aldatzea lortzen da, baina sexu aipamena ez. Halako inkongruentziak izaten dira». Sentitzen dute, halaber, osasun sisteman ere kostatu egiten dela haur eta nerabe horien existentzia onartzea, eta «patologizatzera» egiten dela sarri: «buruko gaixo» gisara tratatzera. «Psikiatriatik pasatu behar izaten dute, eta oso egoera deserosoak izaten dira. Eta, zenbaitetan, psikiatrarengana ez joanda ere, endokrinologoak ez dagozkion galderak egiten dizkie: oso gaizki pasatzen dute». Orain bi urte Ekai Lersundi gazteak bere buruaz beste egin zuen tratamendu zain zegoela; oihartzun handia izan zuen heriotza hark Euskal Herri osoan, eta ordutik prozedura arintzera egin dela ikusi dute elkartean, baina oraindik bidea egin behar dela uste dute. «Gure haurrek ez daukate beste paziente batzuek daukaten tratu bera». Adibide bat ipini du Severrek: pubertaroa aurreratu zaien umeei jartzen zaie tratamendua prozesua atzeratzeko, eta azalpenik ez zaie eskatzen. «Gureei, bai».

Galduta daude usu familiak: bakarrik. «Elkartea topatzen dugunean, zerua zabaltzen zaigu. Zurea bezalako familiak topatzea! Elkartea, hein handi batean, familien arteko babes sarea osatzeko eratu zen». Eta aldarrikatzeko. Severren arabera, «suerte» hitza sarri erabiltzen dute familiek murruz murru egin behar izaten dituzten bide malkartsu horietan, eta harago egin behar da: «Suertea ez; justizia behar da». Helburu horrexen inguruan ardazten dute jarduna Bizipoza sarean ere.

Gainditzeko hesiak

Sareko parte da Gehitu ere, gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkartea. Jesus Estonba bertako kidea da. «Sexu aniztasunean aurrera egin da. Legeetan, baina baita gizarteko iruditerian ere. Oro gaindituta dagoela esan nahi du horrek? Lan handia dago egiteko. Aniztasunarekin lotutako orok ezinegona sortzen du oraindik maiz, baita gazteen artean ere. Sexu orientazioek baino, genero patroiak bortxatzeak sortzen du ezinegona. Gay izateak baino, gay itxura izateak sortzen du asaldura handiagoa; izateko eta espresatzeko eran modu jakin bat izateak. Maskulinitate eta feminitate patroiak hor daude, eta horietatik harago ageri diren pertsonek, horiek sortzen dute aparteko aztoramendua. Kosta egiten zaigu horiek geure egitea. Patroi horiek hain daude errotuta!». Eskoletako eskabideak jasotzen dituzte maiz elkartean. «Badira orientatzaileak deitzen edo idazten digutenak adieraziz zentroek arazoak dituztela gaztetxoen artean sexualitatearen inguruko gaiekin. Halako demandak badira; ez dira eguneroko kontua, baina badira». Horregatik, erroko aldaketak egin behar liratekeela uste du. «Sarri suteak itzaltzen ari gara. Arazoak agertu ahala jarduten da, prebentzioa behar bezala landu gabe. Eskolek askotan jotzen dute laguntza eske ikusten dutenean, esaterako, nerabe bati jazarri egiten zaizkiola». Arazoa, ordea, aurretik etorri ohi dela uste du. «Sexu aniztasuna nola dago txertatuta ezkutuko curriculumean? Egunean eguneko martxan?».

"Sexu aniztasuna nola dago txertatuta ezkutuko curriculumean? Eguneroko martxan?"

Jesus Estonba. Gehituko elkartea

"Eskoletan ez dago guztiz normalizatuta. Zenbaitek ez entzunarena egiten dute"

Bea Server. Naizen elkartea

 

Gurasoak ere agertzen zaizkie Gehitun: laguntza eske. «Gurasoei gazte transen errealitatea onartzea kostatzen zaie gehien. Guztiz asaldatzen ditu. 'Lagundu egin nahi dut; edozer egingo nuke nire semea edo alabarengatik. Baina honek izugarri aztoratzen nau'. Pairamendu handia dago halakoetan». Desoreka sortzen da hor erritmoetan. «Gazteek usu oso argi dute zer nahi duten, zer sentitzen duten: aldiz, izugarri kostatzen zaie beren gurasoei bizipena onartzea».

Ibane Imaz eta German Urteaga, BERRIAn
BERRIAk 2018ko udan Ibane Imaz eta German Urteaga gazte transi egindako elkarrizketa luzea (ekin klik, irakurtzeko).

Tailerrak ere ematen ditu Gehituk eskoletan: Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan. Ander Casadok jarduten du horietan, adi gazteen erreakzioen aurrean. «Ikusten dugu oso maila ezberdinak daudela jakintzaren eta sentsibilitatearen inguruan. Badaude ikasle gero eta gehiago genero identitate ez-binario eta ez-normatiboak dituztenak, sexualitatea ari direnak birplanteatzen bai praktikoki eta bai maila teorikoan; oso jantzita dauden ikasleak dira horiek. Aldiz, ondoan dituzte ikasleak ez daukatenak arrastorik gaiaren inguruan; askotan gizonak dira, jarrera oso matxistadunak. Oso kontraste handia dago. Gatazka iturri bat da hori lanketa egiteko garaian».

Agerikoak eta ezkutukoak

Eta zailtasunak badira. Bistakoak: «Hitz homofoboak, adibidez, oso errotuta daude oraindik». Eta ezkutukoak: «Lesbianismoa eta bisexualitatea, esate baterako, ia ezin ikusizkoak dira egun. Gay diren gizonak daude; horien erreferenteak baditu jendeak. Publikoki hor daude. Transexualitatea ere hasi da hartzen plaza gehiago. Baina lesbianismoa, esaterako, ez da aipatzen inoiz». Zuztarreko lanketarik ezean, erantzun osorik ezin dela eman uste du Casadok ere, adabakiak jartzen ari direla sarriegitan. «Egun eskoletan erabiltzen den material didaktikoa, adibidez, oso-oso zaharkituta dago. Biologia liburuetan, esate baterako, irudietan agertzen da gizon bat zakilarekin, emakume bat aluarekin. Gainerakoen errepresentazioa ezdeusa da».

Datua: %94

Aniztasun sexual eta afektiboaren aurreko jarrerak 2017-2018 ikasturtean azterlana egokia da eskoletan zer gertatzen den aztertzeko. 2018ko urtarril-martxoan egin zuten, eta Eusko Jaurlaritzak, Berdinduk eta Gehituk eman zuten argitara. 13 eta 16 urte arteko 688 nerabek emandako erantzunak ditu oinarri. Gipuzkoako hainbat ikasketa zentrotara jo zuten ikertzaileek. Horra datu esanguratsu zenbait: Portaera homofoboez galdetu, eta nerabeen %94k onartu zuten ikusi zituztela halakoak. Komentarioak (%77), burlak (%64) eta irainak (%59) ikusi zituzten usuen. Ikusitako portaera okerren artean, larriagoak ere baziren: %18 mehatxuak ziren; %11, eraso fisikoak. Oro har, portaera homofoboen aurrean begi zoliagoa dute neskek: gehiago ikusten dituzte.

Ainhoa Arregi eta alaba Ainhoa Arregi, alabarekin. Jon Urbe, Foku

Leku denetan epaitzen gaituzte: denetan

Genero identitate binarioak gizartean ezarritako arauetan kabitu ezinik dagoen alaba bat du Ainhoa Arregik: gizartean guztiz errotutako sistema horretatik aparteko bidean, trabak sarriegi agertzen direla sentitu dute.

Eskua eman behar izan dio Ane Aizpuruak amari, Ainhoa Arregiri, elkarrizketa honetako zenbait unetan: izan ere, bizipen gogorrak izan ditu bere izateko eta sentitzeko eran aurrera egin nahi izategatik. Eta 12 urte besterik ez ditu. Mutiltzat hartu zuten jaiotzean, baina oso txikia zenetik horrekiko aurkakotasuna erakusten zuela dio amak: «2 urterekin garbi-garbi hitz egiten zuen. Eta ja esaten zuen: 'Nik noiztik daukat pitilina? Noiz eroriko zait? Ni zu bezala noiz?'». Ia etengabea zela dio. Bolada bateko kontua izango zela uste zuten. «Baina jarraitu egin zuen». Orduantxe, ordura arte arrotza zitzaien hitza ikasi zutela esan du amak: «Transexuala». Naizen elkartea dute abaro, beste hainbat familiarekin batera. Haurraren nahien arabera jardun dutela esan du: «Pauso bat atzerago». Gizartean neskatoen artean ohiko den itxurarekin eta izenarekin dabil orain munduan.

Ez da erraza izan. Kritikak eguneroko ogia izan dira. Etxean aurrena. «'Zuk atentzioa emateagatik...'. Zenbat aldiz esan ote didaten hori», gogoratu du Arregik. LHko 5. mailan zegoen umea oraingo itxura eta izenarekin ibiltzen hastea erabaki zuenean, eta arazoak gordindu egin ziren: «'Zer esan didazu?'. Esan zidan tutoreak: 'Zuk ez dakizu zer esaten duzun ere!'». Eskolako zuzendaritza postuetatik babes eta laguntza keinurik ez zutela ikusi esan du amak: «Zuzendariarekin bilera bat bera ere ez nuen eduki». Dena trabak izan ziren: «Tutoreak, adibidez, ez zion izena aldatzen karpetan, apalategian...». Giro horretan, mediku azterketa bat egiteko unea heldu zen ikastetxera: «Andereñoak banatu zituen. Mutilak, alde batetik; neskak, bestetik. Mutilekin sartu zuten: oso gogorra izan zen harentzat. Denak galtzontzillotan; bera, kulerotan». Eta gaiztakeria bat entzun behar izan zuen. «Negarrez aritu zen. Eta deitu ere ez zidaten egin: oskol huts bat zen etxera heldu zenean». Beste guraso batzuen bidez izan zuten gertatutakoaren berri etxean.

"Eskola berrian beste jarrera bat izan da. ‘Ez dakigu ezer’, esan didate. ‘Laguntzerik baduzue?’"

Ainhoa Arregi. Naizen elkarteko gurasoa

 

Izan dira ordutik esperientzia negatibo gehiago. Igande arratsalde bateko oroitzapena du amak. «Urtebetetze festa batera atera zen. Hamar minutura, deia: 'Ama, ez noa festara'». Boza kraskatua sumatu ziola gogoan du Arregik. Oskol itzuli zela berriro etxera. «Zer?». Ezkutatu egiten zen haurra. Telefono mugikorrean deiak sumatzen zituen amak: naro-naro. Burlazkoak ziren, eskolako haurrek eginak: zakilei buruzkoak, irri lainezen artean. Eskolan ordurako zuzendari berri bat zutela esan du, eta jarrera hobea izan zela. Ertzaintzara ere jo zuen familiak, eta haiek izan zuten esku hartzea ere ontzat dute.

DBHn dago orain alaba: institutuan. Praktika onak badirela ikusi dute. «Eskola berrian beste jarrera bat izan da, beste naturaltasun bat. 'Ez dakigu ezer', esan didate: 'Laguntzerik baduzue?'». Berehala, ikasle transexualak artatzeko ezarrita dagoen protokoloa lortzeko ahaleginetan ikusi zituen zentroko buruak, harago ere egiteko gogoz: «Zer egin dezakegu guk umea eroso egoteko?». Ondorioak igarri dira. «Beti arrastaka ibili da. Aurten, lehen ebaluazioan dena gainditu du».

Medikutara

Pubertaroa aurrera doa, eta prozesua gerarazteko botikekin hasi nahi dute orain. Naizen elkartearen bidez, badute harremana antzeko egoeretan dauden beste sendiekin, eta badakite ez dela erraza izango bide hori ere. «Han ere gainditu beharreko frontoia bada. Medikuek sarri askotan ez dute nahi. Borroka egin behar da; haien joera da psikiatriara bideratzea». Zenbait borroka irabazi dituzte. Nortasun agirian, esaterako, aldatua du izena: «'Ane' jartzen du». Baina malkarra da bidea. «Leku denetan epaitzen gaituzte: denetan. Jendeak ez du batere arazorik, gainera, esateko ez zarela ama ona».

Bihar: Desgaitasunak dituzten adingabeak.