Berria.infoko blog komunitatea

Login

Asiaren nondik norakoak

Asier Gabikagojeazkoa

Mezua: Tibetarrak, Txinako begipuntuan.

2012-02-29

Permalink orokorra, 856 hitz  

Tibetarrak, Txinako begipuntuan.

Egun hauetan Txinako Qinghai eskualdean nago, nahiz eta Nepalen, Indiarako bidean, egon behar.
Indotxinan zehar hiru hilabete igaro ondoren, Tibetara joateko presaka ibili behar nuen: Txinako Gobernuak martxoan urtero Tibet ixten du.
Ni garaiz heldu nintzen, eta Tibet ikusteko aukera eduki nuen, baina ez gintuzten Nepalera gurutzatzen utzi.
Beraz, Txinan nago berriro eta Pakistango muga ere itxita dagoenez, Hegoaldeko Asia ikusi gabe geratuko naiz, bidaia honetan behintzat.
Tibetik Txinara trenez itzultzen nintzela ordenagailua puskatu zitzaidan eta prestatuta neuzkan zenbait testu eta argazki momentuz galdu ditut.
Horregatik Tibeti buruz zuzen idaztea erabaki dut, orain, gaurkotasun-albistea da eta, eta ez gero (Japonia, Txina edo Mongoliaren gaineko testuak ere aurkeztu behar dizkizuet).

2008ko Pekingo Olinpiadetan mugimendu tibetarrek protesta-kanpaina abian jarri zuten, Txinan arreta zeukan mundu osoak euren egoera ikas zezan.
Txinako erantzuna azkar bezain gogorra izan zen: Tibeteko Eskualde Autonomoa urte osoz itxi eta errepresio bortitza jaurti zuen.
Eta Tibet ixteak kanpotarrak barnean egoten ez uztea esan nahi du, kanpoko kazetariek gertatzen denaren berri eman ezin dezaten, eskualde osoari buruzko informazio-itzalaldia sortuz.

Horren geroztik, Tibeteko protestek urtero han eta hemen plazaratzen jarraitu dute, herri tibetarra gero eta egoera txarragoan dagoelarik.

Normalean, martxoan eta maiatzan Tibet mendebaldeko turisten eskutik at dago.
1959ko Tibeteko matxinadaren urteurrena eta 2008ko sarraskia dituzte aitzaki.
Aurten aste bat lehenago itxi dute, urte berri tibetarraren ospakizuna dela eta, Lhosar deitutakoa (otsailaren 23tik aurrera).
Ezer ez da "kontu ofizialik", urte batetik bestera ezustekoak egon daitezke, eta uneoro Tibet Txinako Gobernuaren desioen menpean dago.

Nik Txengduko (Sitxuan eskualde txinatarra) agentzia baten bidez Tibeteko tourra lortu nuen.
Ibilbidea finkatuta eta gidari bat edukitzea betebeharrekoa da, eta hortaz ezin da bakoitza bere kabuz joan.

Gure taldea otsailaren 20tik 28ra Tibeten egotea baimendu ziguten, baina azkenean, otsailaren 1ean, Txinatik ohartarazi zidaten tourrak 13tik 19ra izan behar zuela.
Otsailaren 19an Lhasatik bota gintuzten, Nepaleraino eraman beharrean.

Lhasara iristean, otsailaren erdian, herri okupatu batera heldu nintzela laster konturatu nintzen.

Qinghai eta Tibeteren arteko trena jendez gainezka zebilen, Txinan edonon bezala, gehienak txinatarrak, turistak edo etorkinak.
Txinako Gobernuak Tibeterako turismo eta migrazio txinatarra bultzatzen du, eta badirudi Lhasara joatea txinatar gazte askoren ametsa dela.

Duela urte gutxi Txinak Lhasaraino doan Abiadura Handiko Trena bukatu zuen, puntako teknologia erabiliz munduko trenbiderik altuena eraiki zuen.
Horren inguruan Txinak propaganda asko mugitzen du, trenbide honek Tibetentzat ekarri dituen onurak.
Tibetarrak, aldiz, Txinara kateatuago dauden beldur dira, eta Txinatik pertsona eta produktu gehiago eta azkarrago eramatea erraztu duela uste dute, beraientzat ekarriko lukeen garapen onuragarria zalantzan jartzen duten bitartean.

Trenbide honen eraikuntzan ez zuten tibetarrek parte hartu, eta egungo langile guztiak txinatarrak dira.

Izan ere, Lhasa hiriaren erdia edo jadanik hiri txinatar bat da, eraikin modernoez josita, jabe txinatarrek dauzkaten dendak (%90 inguru) eta gobernuko bulegoak.

Tibetek historikoki hiru herrialde izan ditu: Tsang, Kham eta Amdo.
Gaur delako "Tibeteko Eskualde Autonomoan" Tsang osoa eta Kham gehiena daude, Khameko zatitxoak badaude Yunnan eta Sitxuan eskualde txinatarretan, eta Amdo Qinghai eskualdeko erdia da, Tibetetik iparrean.

Oro har, esan dezakegu daukaten autonomia guztiz faltsua dela, herri eta kultura tibetarrarentzako abantailak ez baitaude eta txinatarrek nahi dutena egin baitezakete.

Hori bai, elebitasuna karteletan nabaria da, Euskal Herrian baino gehiago again, zeren denda gehienetan ere agertzen den, baina ez ezazue espero txinatarrek tibetera hitz egiten dutela.
Txinako Gobernuak tibetarrak txinera ikastera behartzen ditu, hizkuntza ofiziala da eta.

Batez ere atentzioa eman zidana, eta sumindu ninduena, bandera txinatarrak nonahi kokatu dituztela da. Esan nahi dut, egon behar omen diren baino askoz leku gehiagoetan jarri dituzte.
Badakigu herri kolonizatua den neurrian, indarraren bitartez menderatuta, garaileek gune ikusgarrietan bandera ipiniz euren ahalmena erakutsi nahi dutela.

Potala jauregiaren gaineko puntan irudian.

Baina Lhasan eta Tibet osoan (herrisketan zein hirietan) bandera txinatarra kale guztietan fatxadetatik eskegita dago, hamar metro bakoitzean, eta etxebizitza guztien gainean, tibetar tradizionalak izanda ere.

Bandera tibetarra debekatuta dago. Behin batean Kanbodian erosi nuen banderatxo tibetar bat gure gidariari erakutsi nion eta berak, izuak hartuta, ezkutatzea eskatu zidan, ez zezan inork ikus, bada ez bada.

Egia da militarrak kaleko kabinetan izkina guztien daudela, oso serio eta oso tinko.

Populazioa zaintzen, zelatan dabiltza, kaleak multzoka patruilatzen ere.
Lhasako plaza nagusian, teilatuen gainean daude militarrak, arma eskuan, goitik behatzen.
Harritzekoa, benetan.

Hori nahikoa izan ez bailitzan, polizia txinatarrak ere presentzia handia dauka.
Autobus korazatuak, tanketa armadunak...
Errepideetan poliziaren kontrolak sarritan jazotzen dira, 10 kilometrotan behin edo, eta pasaporteak eta baimenak erakustarazten zizkiguten.

Guztiz armatuta behin baino gehiago gure ostatuan sartu ziren, norbaiten bila.

"Segurtasun Indarren" argazkiak ateratzea galarazita zegoen, noski, saiatuz gero militarrak zuregana joan, eta mehatxu egin zuten. Hemen argitaratzen ditudanak ezkutuan hartu nituen.

Zentsura (Txina osoan modu batez edo bestez gertatzen da) ohikoa da, eta Tibeteko filme atzerritarrak (Zazpi Urte Tibeten, adibidez) preziatuak dira, han lortu ezin direlako.

Tibet bisitatzea merezi du, erraza ez bada ere.
Jendeari sostengua erakustea ezinbestekoa da, beraiek beren herriari, beren tradizioei eusten diete, eta atsegin baino atseginagoak baitira, irribarrez eta berotasunez ongietorria ematen dietela mendebaldeko bisitariei.
Gazteak ingelesa ikasten ari dira, atzerritarrekin hitz egiteko asmoz, edota atzerriratu nahian.
Ezagutu nuen mutiko batek kontatu zidan bere aita Indian zegoela erbesteratuta, eta berak ere Txinatik urrun joan nahi zuela.

Txinatarrengandik ez dute jada askorik espero.
Turistak onartzen dituztenean gauzak deskribatu dudan moduan badaude, mendebaldatarrik inguruan ez dagoenean zer egingo duten ez dut imajinatu nahi.

Erantzunak:

Bidaltzailea: mertxe [Bisitaria] · http://aa12345
Ai zu, polit hori!
Permalink-a 2012-11-05 @ 21:30

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Asiaren nondik norakoak

Hizkuntzalaria eta folk musikaren zalea, bilbotar gaztea naiz.
Gurea bezalakoak diren beste kulturen gaineko jakinminak bidaiatzera bultzatu ninduen. Harrezkero, auzoko herri europarren bazterretatik ibilia naiz eta euskaldunok munduan bakarrik ez gaudela atzeman dut.
Europako mugak apurtu ostean, orain, Euskal Herriaren eta Japoniaren arteko distantzia lurretik eta itsasotik zeharkatuz, Asiaren xarma arrotza aurkitzeko asmotan abiatuko naiz, hain urrun eta hain hurbil.
Hemendik hara, handik hona, eta tartean dagoen guztia, bidean topatuko dudana hementxe kontatuko dizuet.

Ekaina 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!