Berria.infoko blog komunitatea

Login

Ergeletan ergelenak

Asier Azpilikueta

2014-02-02

Permalink Zutabe ergelak, 430 hitz  

Hau ez da gertatuko

Aldatuko dituzte. Nafarroako eremu mistoan egonik hizkuntz eredu bakarra duten ikastetxe publikoak aldatuko dituzte eta 2014-2015 ikasturtetik aurrera ikastetxe horietan ez da eredu bakarra eskainiko. Horixe iragarri zuen atzo Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak.

Iragan urtarrilaren 9an onarturiko mozio baten bidez Nafarroako Parlamentuak Gobernua premiatu zuen “ikastetxe publikoetan elkarrekin bizi daitezen hizkuntza eredu ezberdinak egoki diren prozedurak taxutu ditzan”. Ezkerra taldeak aurkezturiko mozio haren alde talde guztiek bozkatu zuten, Bilduk eta Aralar-NaBaik izan ezik.

Iribasek atzo azaldu zuen mozio horri “albait azkarren” erantzuten saiatu direla eta hartara datorrela Iruñerriko eskola mapa arras aldatuko duen neurri hau. “Aldaketa honi esker zuzenduko ditugu politika segregatzaileak, irakaskuntza hizkuntza ofizial batean ala bertzean jasotzeagatik ikasleen artean hezkuntza nahiz bizikidetasun esperientziak trukatzea eragotzi dutenak”.

“Bi ikasturtetan eginen dugu aldaketa”, gaineratu zuen Iribasek. “Hurrengo ikasturtean Iruñerriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak aldatuko ditugu. Eta 2015-2016 ikasturtean, Lehen Hezkuntzakoak”. Gobernuak ez ditu gaztelaniazko ikastetxeak eredu bakarrekotzat jotzen, halakoetan G eredua [gaztelaniaz bakarrik] ez ezik A eredua [gaztelaniaz, euskara irakasgaiarekin] ere baitago. Hortaz, horiek ez ditu aldatuko. Hizkuntz eredu bakarra eskaintzen dutenak aldatuko ditu; hau da, D eredu hutsezko ikastetxeak.

Iruñeko Biurdana, Eunate eta Iturrama; Burlatako Askatasuna; eta Barañaingo Alaitz. Horiexek dira hurbilen ikasturtean aldatuko dituzten institutuak. Horietan, G eta A ereduko ikasleak sartuko dira 2014ko irailean. Iribasen erranetan, “Parlamentuaren gehiengo zabal batek” babestu zuen bide hau, “muturreko abertzaleak” bakarrik agertu baitziren kontra. “Guri, Gobernuari, Parlamentuak eskaturikoa betetzea bertzerik ez zaigu gelditzen. Are gehiago halako kontuetan, gizarte kohesioa eta elkarbizitza jokoan daudenetan”.

Iribasek atzo iragarritako aldaketak ikasleei eraginen die, baina baita ikastetxe horietako lan funtzionamenduari ere. Hala, Iribasek argitu zuenez, hurrengo astean Gobernuak foru dekretu bat onartuko du irakasleak ez diren langileen euskara eskakizunak kentzeko. “Orain arte, institutu horietan lan egiten zuten atezainek, bulegariek, mantentze lanetarako langileek eta gizarte hezitzaileek euskaraz jakin behar izaten zuten. Hemendik aurrera ikastetxe horietan eredu guztiak egonen direnez, langileei ez zaie euskara nahitaez eskatuko, hori egiteak euskaraz ez dakitenak diskriminatzea ekarriko lukeelako”.

Parlamentuko mozioaren kontra bozkatu zuten taldeek gogor gaitzetsi dute UPNren erreforma, haien aburuz, euskarazko murgiltze eredua “goitik behera deseginen baitu”. Mozioaren alde bozkatu zutenek, berriz, txalotu egin dute ekimena. Geroa Baiko bi parlamentariek izan ezik. Haiek mozio haren alde bozkatu zuten, baina ez dute “begi onekin” ikusi Gobernuaren erreforma. “D eredua ikastetxe guztietara zabaldu nahi genuen, ez D ereduko murgiltze eredua desegin”. Aipaturiko institutuetako irakasleen eta langileen artean kezka da nagusi hizkuntz eredu nahasteak nabarmen murriztuko baititu euskaraz lan egiteko eta bizitzeko aukerak.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2014ko urtarrilaren 31n]

OHARRA: Goiko testu (ia) osoa fikzioa da. Bertan kontatzen dena (oraindik) ez da gertatu, baina hain da gertagarria...

2013-12-14

Permalink Zutabe ergelak, 391 hitz  

Libra nazak, Jauna

Libra nazak sorbalda gainean daramadan zama astun honetatik. Bazakiat ez naizela bakarra pisu nekagarri hau eramaten. Bazakiat milaka garela madarikazio hau bizi dugunok. Baina Sisifo nola, neu ere bakarrik sentitzen nauk harria, harritzarra, harkaitza Ezkaba mendiaren gailurrera behin eta berriz igotzen.

Berripaper honetako zutabe edo artikulua idazten hasi nintzelarik, neure buruari ezarri nioan agindua -herorrek emanen bahu ere indar handiagoa izanen ez lukeena-, agindu irmoa inondik inora, biraorikan ez duen hizketa garbi hau hagitz gutxitan izanen zela nire idatzien gai, zio edo helburu. Alegia, euskararen inguruan noizbehinka bakarrik izkiriatuko nituela nire pentsamenduak. Badituk hiru urte horretan ari garela, eta manua bete diat nola edo hala.

Baina nire aitzineko artikuluak euskara hartu zian hizpide, eta, beraz, orain irakurtzen ari haizen honek bertze gai arras ezberdina jorratu beharko likek. Baina ez duk hala. Nik sinestatzen diat hire baitan, Jaungoiko eta Gizon egiazkoa, eta hire misterio guztietan; eta sinestatzen diat gure fedearen bertze misterio guztietan, eta nahi diat bizi eta hil fede honekin. Baina ene kapitain, errege eta enperadore handi, lehenbiziko tronuan gloriaz eta edertasunez beterik haizena: oraingo honetan ere ezin zioat zama honi gehiago eutsi. Harria erortzen utziko diat. Berriz.

Mintzatu nahi nikek tartalariei ezarri dieten zigor bidegabeaz. Hitz egin nahi nikek PISA txostenean Nafarroa sailkapen onean utzi duten nerabe arduratsu eta jatorrez. Solastatu nahi nikek aurrekontuen inguruan PSN jokatzen ari den hondarreko antzerki lanaz. Ele egin nahi nikek Nafarroaren egun ofizialari benetako zentzua eman dion Espainiako ereserki sartu berriaz. Berbetan jardun nahi nikek Parot doktrina bertan behera utzita kalera atera diren presoei egin zaizkien harrera ezkutukoez… Edo, bertzerik ezean, neguaren gorriaz.

Eta, ene Jaun maitagarri eta infinituki on, jakin ezak, oro har, Job santu jazartuak baino pazientzia handiagoa erakusten dugula hiri buruzagiko euskaldunok. Baina madarikazioa hain duk handia, arrastatzen dugun gurutzearen zama hain duk neurrigabe eta gehiegizkoa, eta gure etsaiaren tema hain duk bukaezina, ezen haragiaren ahuleziatik hurbilago gaudenok ezin baitiogu tentazioari muzin eta izkin egin eta, halabeharrez, erantzun behar izaten baitiogu usain goxodun gure hizkuntza txukun eta argiari egin dioten azken erasoari.

Berriz ere, euskara dianaren erdian paratuz, nazka, higuina eta asperra eragin zigutek ardi otzan eta axolagabe bagina bezala gobernatzen gaituzten agintari zital ustelek. Eta, hartara, ni eta ni bezalako ahulak karrikara aterako gaituk hurbilen asteazkenean, hilaren 18an, gure hizkuntzaren defentsan. Baina, mesedez eta faborez, otoi eta arren, madarikazio honetatik libra nazak, Jauna.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2013ko abenduaren 13an]

2013-12-05

Permalink Euskaldun ergelak, 394 hitz  

"Euskaltzaleen elkarte"

«Euskaltzaindia euskaltzaleen elkarte bihurtu nahi dute»

Denok entzun edo irakurri dugu Sarasolak erran duena, baina gutxik ulertuko zuten Sarasolak erran nahi zuena. Edo neu bederen ez nago buruargi horien artean.

Euskaltzaindiko Gramatika Batzordearen dimisioak abiatu esperpentu honen inguruko txisteak eta txantxak bolo-bolo dabiltza sarean, ematen baitu Monty Phyton taldearen Life of Brian film ezagunaren eszena are ezagunagoa jokatzen ari direla euskaltzainak. Hala, euskaldunok nora ezean gabiltza, ez baitakigu zazpi liburukien aldeko taldea ala hiru liburukikoa animatu behar ote dugun. Judeako Fronte Popularra ala Juduen Fronte Popularra?

Gramatika Batzordeko kideen ondotik, Hiztegi Batuko buru Ibon Sarasolak eman du dimisioa. Baina bere azalpenek ez die ezjakinei gauza handirik argitu, ezpada gehiago korapilatu duela kontua. Izan ere, Sarasolari ulertu diogu Euskaltzaindian badirela bi talde, edo bi ikuspegi; baina bere taldekoak ez direnei leporatu die Euskaltzaindia "euskaltzaleen elkarte" bihurtu nahia. Eta orduan ez dugu tutik ere entenditu. Pentsatzen baikenuen Euskaltzaindia zela euskaltzaleen elkarte gorena.

Izkeraketz eta gizarteketz, euskera ayolaz landu ta yagoten zain egotea, Bazkun aunen elburua da: andik ere bere izena. (Euskaltzaindiaren sortarauak, 1920)

Egia da Marteko euskaran idatzia dagoela Euskaltzaindiaren estatutuen lehenbiziko bertsioa, baina nik uste hor denok ulertzen dugula Euskaltzaindiaren helburua ez dela metalinguistikoa bakarrik, euskara gizarteratzeaz ere arduratzen dela. Badazpada ere, honatx Euskaltzaindiaren webguneak esaldi horretaz egiten duen irakurketa: “Horrela, bada, Euskaltzaindia hizkuntzaren corpus-az arduratzen da, baina, halaber, baita berorren estatus sozialaz ere”.

Hartara, ez ote da Euskaltzaindia “euskaltzaleen elkarte” bat?

Eta honetan hasiak garela, gogora dezagun Juan Carlos I.a Espainiako erregeak 1976an sinatu zuen dekretua [Ziurrenera, borboiak ez zuen tutik ere jakinen sinatzen ari zenaz]:

Xedeak eta izaera

Lehen artikulua. Euskaltzaindia Instituzio bat da, 1918. urtean,Araba,Gipuzkoa,Nafarroa eta Bizkaiko lau Diputazioen babespean sortua. Honako xede hauek ditu helburu tzat:
a) Euskeraren gramatika legeak ikertu eta mamitzea.
b) Hizkuntza honen idazlangintzarako argibideak eta arauak ematea.
c) Hiztegia biltzea.
d) Bai hiztegian eta bai gramatika eta grafian ere, literatur hizkera batura heltzeko lan egitea.
e) Euskeraren enplegua aitzinatzea. [sic, "erabilera" erran nahiko zuten]
f) Hizkuntzaren eskubideak zaintzea.
g) Hizkuntza, gizarte maila guztietan gai bihurtzeko, lan egitea.

h) Literatur eta ikas lehiaketak eragitea.
i) Filologia eta linguistikako estudioak sustatzea, euskara eta euskal literaturaren katedrak bultzatuz.
j) Euskarari dagozkionetan erakunde aholku-emaile ofiziala denez, agiriak eman eta irizpide eta diktamenak luzatzea.

Nik nabarmendu ditut e), f) eta g) puntuak, Euskaltzaindiaren xede ere badirela argi gera dadin. Beraz, berriz ere galdera: Ez ote da Euskaltzaindia “euskaltzaleen elkarte” bat?

2013-11-02

Permalink Zutabe ergelak, 435 hitz  

Alaporai

Nork daki. Beharbada, behinola, euskaldunek ez zekiten doministiku egiten. Edo, akaso, biriketako haizea sudurretik eta ahotik indarrez kanporatu beharrean bertze zuloren batetik kaleratzen zuten eta, beraz, ez zuten bi efektu fisiologikoen artean ezberdintasunik ikusten. Nolanahi dela ere, badirudi latinez mintzo zirenetatik ikasi zutela euskaldunek doministiku egiten eta, hartara, usin egitean opa egiten zen Dominus tecum hura (Jauna hirekin) doministiku bilakatu zuten.

Era berean, garai batean, agian, euskaldunak Arkadia eder eta alai batean bizi ziren. Ez zuten diruz zikinduriko merkataritza ezagutzen, komunismoa praktikatzen zuten -hura zer zen batere jakin gabe- eta beharrezko lehengaiak trukean lortzen zituzten. Baina, hara non, erromatarrek kapitalismo basatia ekarri zieten eta haren oinarri-oinarrizko esamoldea, in quantum (zenbatean?), enkante bihurtu zen euskaldunen ahoetan.

Ziurrenera, euskarazko hitz gehienak ez dituzte euskaldunek sortu. Izan ere, latina grekerarekin aberastu zen modu berean, euskara ere latinarekin eta haren ondorengoekin hornitu eta edertu zen. Mailegu erraten zaie bertze hizkuntza batetik aldaketa ortografiko eta fonetiko handirik gabe hartzen diren hitzei. Oso gauza arrunta da mailegua. Beharrezkoa. Eskertzekoa.

Ez nahasi, ordea, aurreko guztia orain kontatuko dudanarekin. Twitter euskaraz jarri zutelarik, orduantxe sartu nintzen bertan, txioak euskaraz, eta bakarrik euskaraz, egiteko asmoz. [Bide batez, umap.eu, gauzatxo bat: oraindik bada hobetzeko tarte zabala, ezta? Izan ere, zin dagizuet nire txio eta bertxio guzti-guztiak euskaraz egiten ditudala, baina zuek %89ko portzentajea ematen didazue].

Eta Twitterren ikusitako jokabide batek nau kezkatzen: nola euskara indarge uzten ari diren batzuk, gatz eta piperrik gabe, 140 karakteretako esamolde adierazkorrenak gaztelaniaz ematen baitituzte, aldaketa fonetikoa eginez, hori bai. Eta, kasu, ez naiz bi esaldi juntatzen ez dakiten nerabeeeeeez ari, euskaraz ongi edo oso ongi idazten duten batzuez baizik. Eta erraten ari naizena gehiegikeria dela uste baldin baduzue, egin ezazue proba: idatz itzazue gaztelaniazko txioak behean zerrendatzen ditudan (benetako txioetatik harturiko) esamoldeak ingelesez txertatuz. Zer iruditzen?

Aber: Ea ongi ulertzen dugun, aber hori a ver esapidetik dator, ez haber-etik.
Alaporai: Horixe ba, pikutara euskara(z)!
Al loro: Kasu hurrengoari! Adi!
Bale: Ongi. Gareth Ongi.
Bastante: Nahikoa da, ez?
Dale: Emaiok, emaion.
Eske: Ez baitakit hau euskaraz nola eman…
Guapa: Ederra eta polita neskekin; ederro eta polito mutilekin (euskarari generoa ezberdin egiteko gaitasuna eman diotenetik: badakizue, “Paristik datorren artisto bat naiz ni”).
Laostia: Hau guztia izugarria da, bai.
Majo: Jator. Noski Jator.
Porke: Sudur puntan jartzen zaidalako, zait eta, baitzait.
Puto amoa: Izatekotan, amo putoa, ez? Munduko txapeldunak gara, inoizko onenak, gaztelaniaz ez dakiten euskaldunak kanpoan uzten.
Sindudarik gabe: Hibrido honek zalantzarik gabe, ezbairik gabe, ez du ez hanka eta ez cabeza. Dudarik gabe, dudarikabe, dudaikabe, dudaikebe, duaikebe, doaikebe, doikebe, doikee… Doike!
Ya lo creo: Ez da hain zaila, ez horixe. Jakina! Noski!

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2013ko irailaren 20an]

2013-09-22

Permalink Zutabe ergelak, 375 hitz  

(Gure mankomunitatearen) bi burutazio

Azkenaldian, Iruñerriko Mankomunitateak bi ateraldi xelebre izan ditu, bat garraio publikoaren zulo beltza estaltzeko zerga berri bati buruzkoa eta bertzea hondakinen bilketan borzgarren edukiontzia ezartzearen ingurukoa. Lehenbizikoak oihartzun eskasa izan zuen –gehiegi hausnartu gabeko bat-bateko ideia izan zelako, akaso–, eta ikusteko dago bigarrenak zer erantzun dakarren.

Villavesena. Garai batean, COTUP izeneko kooperatibak kudeatzen zuen Iruñerriko villavesen garraioa. Gero, La Montañesa bertako enpresak irentsi zuen kooperatiba; baina segituan azken hori Veolia enpresa frantsesak fagozitatu zuen. Azken lehiaketan, TCC kataluniarrek kendu zieten frantsesei gure garraioaren kudeaketa. Eta bide malkartsu horretan, Iruñerriko garraio publikoa putzu ekonomiko sakon eta ilun batean hondoratu da. Apirilean, Nafarroako Gobernuak erran zuen ez zuela zuloa estaltzeko diru gehiago jarriko, eta Mankomunitatekoek adierazi zuten garraioaren gaineko zerga berri bat ezartzea aztertzen ari zirela.

Iruñerriko etxe bakoitzak 10 euro urtean. Horixe izan zen burutik pasatu omen zitzaien lehenbiziko zenbakia. Egia da Mankomunitateko arduradunek aipatu zutela zerga hau, ezartzekotan, “oso ongi” aztertu nahi dutela. Baina egia da, era berean, aipatu izan zen zifra bakarra 10 eurokoa izan zela. Egunero lanera bizikletan doan baina villavesa sekula hartzen ez duen bi seme-alaben amak, hamar euro. Ogia erostera ere autoan doan eta villavesa sekula hartzen ez duen mutilzaharrak, hamar euro. Zerga orekatua, ezta?

Borzgarrena. Abuztuan jakin genuen Mankomunitateak azaroan hasiko dituela Iruñerri osoan borzgarren edukiontzia ezartzeko lanak. Barañainen hasiko dira. Badakizue, orain lau edukiontzi ditugu: lehenbizikoan ontziak, metalak eta plastikoak bota behar ditugu; bigarrenean, beira; hirugarrenean papera eta kartoia; eta laugarrenean materia organikoa eta gainerakoa (errefusa). Sistema hau dela-eta, apenas birziklatzen den materia organikorik, gauza askorekin nahasita biltzen baita. Konparazio batera, 2012an, jasotako materia organikoaren %18,3 berreskuratzea lortu zuten.

Europak behartuta, Mankomunitateak jasotako organikoaren %50 berreskuratu nahi du, eta hartara ezarriko du borzgarren edukiontzia, ontzi horretan bakarrik materia organikoa biltzeko. Eta gauza polita litzateke, zinez ederra, baldin eta amarrua ez balu: Mankomunitateak ez ditu herritarrak borzgarren edukiontzi hori erabiltzera behartuko. Mankomunitatearen asmoekin bat egiten duten herritar engaiatuei (engainatuei?) giltza emanen diete, eta beraiek bakarrik erabiliko dute borzgarrena. Gainerakoek lasai asko segitu ahal izanen dute ontzi berean elkartzen materia organikoa eta sudur puntan jartzen zaien edozer gauza. Gauzak ongi ala izugarri gaizki egin, denok berdin-berdin ordainduko dugu, Mankomunitateak ez baitu aurreikusten diru sariak ematea edo isunak jartzea. Sistema orekatua, ezta?

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2013ko irailaren 20an]

:: Hurrengo orrialdea >>

Ergeletan ergelenak

Egungo informazio gizartearen zirimolak milaka albiste ergel sortzen ditu egunero-egunero. Horietako gutxi batzuk baino ez dira hemen ageri

| Hurrengoak >

Azaroa 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30    

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!