Berria.infoko blog komunitatea

Login

Ergeletan ergelenak

Asier Azpilikueta

Mezua: Hau ez da gertatuko

2014-02-02

Permalink Zutabe ergelak, 430 hitz  

Hau ez da gertatuko

Aldatuko dituzte. Nafarroako eremu mistoan egonik hizkuntz eredu bakarra duten ikastetxe publikoak aldatuko dituzte eta 2014-2015 ikasturtetik aurrera ikastetxe horietan ez da eredu bakarra eskainiko. Horixe iragarri zuen atzo Jose Iribas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak.

Iragan urtarrilaren 9an onarturiko mozio baten bidez Nafarroako Parlamentuak Gobernua premiatu zuen “ikastetxe publikoetan elkarrekin bizi daitezen hizkuntza eredu ezberdinak egoki diren prozedurak taxutu ditzan”. Ezkerra taldeak aurkezturiko mozio haren alde talde guztiek bozkatu zuten, Bilduk eta Aralar-NaBaik izan ezik.

Iribasek atzo azaldu zuen mozio horri “albait azkarren” erantzuten saiatu direla eta hartara datorrela Iruñerriko eskola mapa arras aldatuko duen neurri hau. “Aldaketa honi esker zuzenduko ditugu politika segregatzaileak, irakaskuntza hizkuntza ofizial batean ala bertzean jasotzeagatik ikasleen artean hezkuntza nahiz bizikidetasun esperientziak trukatzea eragotzi dutenak”.

“Bi ikasturtetan eginen dugu aldaketa”, gaineratu zuen Iribasek. “Hurrengo ikasturtean Iruñerriko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak aldatuko ditugu. Eta 2015-2016 ikasturtean, Lehen Hezkuntzakoak”. Gobernuak ez ditu gaztelaniazko ikastetxeak eredu bakarrekotzat jotzen, halakoetan G eredua [gaztelaniaz bakarrik] ez ezik A eredua [gaztelaniaz, euskara irakasgaiarekin] ere baitago. Hortaz, horiek ez ditu aldatuko. Hizkuntz eredu bakarra eskaintzen dutenak aldatuko ditu; hau da, D eredu hutsezko ikastetxeak.

Iruñeko Biurdana, Eunate eta Iturrama; Burlatako Askatasuna; eta Barañaingo Alaitz. Horiexek dira hurbilen ikasturtean aldatuko dituzten institutuak. Horietan, G eta A ereduko ikasleak sartuko dira 2014ko irailean. Iribasen erranetan, “Parlamentuaren gehiengo zabal batek” babestu zuen bide hau, “muturreko abertzaleak” bakarrik agertu baitziren kontra. “Guri, Gobernuari, Parlamentuak eskaturikoa betetzea bertzerik ez zaigu gelditzen. Are gehiago halako kontuetan, gizarte kohesioa eta elkarbizitza jokoan daudenetan”.

Iribasek atzo iragarritako aldaketak ikasleei eraginen die, baina baita ikastetxe horietako lan funtzionamenduari ere. Hala, Iribasek argitu zuenez, hurrengo astean Gobernuak foru dekretu bat onartuko du irakasleak ez diren langileen euskara eskakizunak kentzeko. “Orain arte, institutu horietan lan egiten zuten atezainek, bulegariek, mantentze lanetarako langileek eta gizarte hezitzaileek euskaraz jakin behar izaten zuten. Hemendik aurrera ikastetxe horietan eredu guztiak egonen direnez, langileei ez zaie euskara nahitaez eskatuko, hori egiteak euskaraz ez dakitenak diskriminatzea ekarriko lukeelako”.

Parlamentuko mozioaren kontra bozkatu zuten taldeek gogor gaitzetsi dute UPNren erreforma, haien aburuz, euskarazko murgiltze eredua “goitik behera deseginen baitu”. Mozioaren alde bozkatu zutenek, berriz, txalotu egin dute ekimena. Geroa Baiko bi parlamentariek izan ezik. Haiek mozio haren alde bozkatu zuten, baina ez dute “begi onekin” ikusi Gobernuaren erreforma. “D eredua ikastetxe guztietara zabaldu nahi genuen, ez D ereduko murgiltze eredua desegin”. Aipaturiko institutuetako irakasleen eta langileen artean kezka da nagusi hizkuntz eredu nahasteak nabarmen murriztuko baititu euskaraz lan egiteko eta bizitzeko aukerak.

[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2014ko urtarrilaren 31n]

OHARRA: Goiko testu (ia) osoa fikzioa da. Bertan kontatzen dena (oraindik) ez da gertatu, baina hain da gertagarria...

Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Ergeletan ergelenak

Egungo informazio gizartearen zirimolak milaka albiste ergel sortzen ditu egunero-egunero. Horietako gutxi batzuk baino ez dira hemen ageri

Azaroa 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30    

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!