Berria.infoko blog komunitatea

Login

Begiradak

Donostiako Zinemaldia

2010-10-08

Permalink Begiradak, 302 hitz  

Erritualak

Xabier Erkizia (A cappella zutabea)

Inork ez du zalantzarik jarriko zinemaren musikak oro har gure oroitzapenetan eta musikaren memoria kolektiboan izan duen eta oraindik ere baduen eragin nabarmena. Alfred Hitchcockek Psycho (1960) filmean Marion Crane akabatzeko erabili zituen biolin labankadak edo Steven Spielbergen marrazo erraldoiaren bizkar gaineko hegala ur gainera ateratzen zen aldioro entzuten diren staccato ahaztezinak dira horren adibide. Musika horiek, eta hauekin batera hemen aipatzen hasiz gero luzeegi emango liguketen beste hainbestek, aspaldi utzi zioten musika izateari, gure memorian zulo sakon bat egin eta han gelditzea erabaki zuten soinuzko fosil moduko batzuk bihurtzeko. Geroztik, ezin dugu biolinik gabeko marrazorik imajinatu, ez behintzat pantaila aurrean, ezta estridentziarik gabeko labankadarik ere. Hain dira sendoak ikus-entzunezko erreferentzia horiek, sortzen dituzten harreman bitxiek gure imajinazioa modu ikaragarrian baldintzatzen dute.

Stanley Kubrick zinemagilea maisua izan zen horretan. Erraterako, The Shinning (1980) edo espainolez El resplandor maisulanean, eszena bakoitzak behar zuen deserosotasun eta tentsio maila sortzeko, Gyorgy Ligetiren, Bela Bartoken eta nagusiki Krzysztof Pendereckiren konposizioak aukeratu zituen. Dagoeneko bizitza propioa zuten konposizioak ziren denak, baina Kubrickek eta luzapenez Jack Nicholsonek bere egin zituzten. Aurretik bertzelako filmek egindako irudi eta musikaren arteko loturak muturrera eramanez, Kubrickek musika jarri zion beldurraren imajinario modernoari, musika hotz, tenkatu, zorrotz eta konplexuak erabilita.

K.J. Donnellyk The Spectre of Sound liburuan onartzen du oro har filmetarako musikak erlazio zuzena gordetzen duela zenbait musika erlijiozkorekin. Alegia, filmetakoa ez dela soilik musika, forma erritualizatu jakin bat baizik. Erritu eta funtzio jakin baterako pentsatu eta egindako musika. Beraz, akatsik egin ezin duena, eta boterea errepresentatzea helburu duena. Eta ez dabil urrun. Ezingo dugu ukatu antzekotasun garbiak daudela edozein mezatan apaiza aldarera goitzen denean edo hileta elizkizun bat izaten denean organoarekin jotzen den musikaren eta filmetan pertsonaia jakin baten presentzia azpimarratzeko entzuten dugunaren artean. Biek, bakoitzak bere errituan, musikak manipulatzeko duen gaitasuna erabiltzen baitute, betiere, ikuskizunaren mesedetan.

2010-09-24

Permalink Begiradak, 181 hitz  

Barre eta malkoak

Jon Eskisabel (20:00)

Zabaltegi-Bitxia itxi du Barney's Version filmak. Sailak aurten izan duen maila apalaren erakusgarria da, aurreko urteetan nabarmendu gabe pasako baitzen Richard J. Lewisen pelikula. Baleko pelikula da hala ere, apur bat luzea akaso, gauza gehiegi kontatu nahi ditu agian, istorioaren hari batzuk soberan daude nire ustez –lagunaren heriotzarena, esaterako–, baina lortzen du barre eginaraztea hasieran eta hunkitzea amaiera aldera. Aktoreak bikain daude, batez ere Paul Giamatti handia. Bidenabar, egunen batean Simpsondarrak zinemara eramatea bururatzen bazaio norbaiti, gorde diezaiola Homer Simpsonen rola Giamattiri.

Aurretik Beautiful Boy ikusi dugu, Shawn Ku estatubatuarraren lehen filma. Hemen ere aktore onak eta ezagunak, Martin Sheen (The Queen, Frost / Nixon) eta Maria Bello (A History of Violence). Unibertsitatean hainbat ikasle eta irakasle hil ostean bere buruaz beste egin duen Sammy gaztearen gurasoak dira. Tragediari aurre egin beharko diote lehenengo eta gertatutakoaren gaineko euren erantzukizunari buruzko kezka, zalantza eta galderei ondoren; elkarri leporatuko diote semeaz behar bezala arduratu ez izana, lehenagotik bien artean zabaldutako krisia sakonduz. Istorioa ondo eramana dago eta tentsioari uneoro eusten dio zuzendariak, eta erabat asetu ez banau ere, ikusteko moduko filma da.

2010-09-23

Permalink Begiradak, 430 hitz  

Banksy Donostian

Banksy Donostian (Jon Eskisabel, 17:30)

Antza, Banksy Donostian da, edo izan da bederen, eta grafiti bat margotu du Alde Zaharreko horma batean. Ondoko irudian ikus dezakezue.

Aitaren etxea (Jon Eskisabel, 12:30)

Jose Maria de Orbe donostiarrak Aita aurkeztu du gaur sail ofizialeko lehiaketan. Urteak ziren sail ofizialean euskara entzuten ez zela -Jaime Rosalesen Tiro en la cabeza-ko "txakurrak" hura alde batera utzita-, nahiz eta pelikula honetan bi aktore nagusien arteko elkarrizketak -Mikel Goenaga apaizaren eta Luis Pescador etxeko zaindariaren artekoak- gaztelaniaz diren.

Dialogo gutxi dago, hala ere, pelikulan, eta dagoenari umore beltz eta surrealista dario. Esperientzia bisual bat proposatzen du De Orbek Astigarragako Murgia etxean egindako pelikulan, plano bakoitzak koadro bat dirudi, argiak, enkoadreak eta eremu sakontasuna oso-oso zainduta daude, zinemako irudi zaharrekin eta fotosintesiaren baliabide estetikoekin ere jokatzen du -Nicolas Lekuonaren collage-etara hurbiltzen da zenbaitetan- eta alde horretatik, pelikula ederra da, oso ederra esango nuke, Aita. Baina zinemari irudia baino gehiago izatea eskatzen diotenetakoa baldin bazara, hau ez da zure pelikula izango ziurrenik. "Museo baterako perfektua, baina sail ofizialeko lehiaketa baterako...", komentatu du kazetari batek.

Banksytik harago (Jon Eskisabel, 8:30)

Richard Hawleyren Tonight The Streets Are Ours kantuaren doinuarekin hasten da Exit Throught The Gift Shop, Banksy grafiti egilearen dokumentala. Ez da modu txarra hasteko, baina ondoren datorrena askoz hobea da. Jaialdi honetako ordu eta erdirik laburrena eskaini dit erritmo biziko pelikula dibertigarri eta guztiz gomendagarri honek.

Komeni da lehenbailehen zehaztea filma ez dela Banksyri buruzkoa, nahiz eta kale artista misteriotsua pelikulan azaldu, hizketan zein lanean. Noski, inoiz ez zaio aurpegia ikusten eta ahotsa distortsionatua iristen zaigu. Protagonista beste bat da, "ni baino interesgarriagoa" dena, Banksyk berak azaltzen duenez: Thierry Guetta. Modu laburrean azalduta, 90eko hamarkadan Los Angelesera joandako frantziar bat da Guetta. Egun batean bideo kamera bat heldu zen haren eskuetara eta dena grabatzen hasi zen, modu obsesiboan. Geroago kaleko artistak grabatzen hasi zen, haien ekintzetan parte hartzen, haien arrisku berberak hartzen, haien konplizitatea bereganatzen... eta horrela lortu zuen Banksyrekin lan egitera iristea. Hori da filmaren lehen zatian kontatzen zaiguna. Eszena gogoangarriak ditu, Disneylandiako ekintzarena bezala.

Bigarrenean, Mister Brainwash (MBW) izeneko sortzaile bilakatzen da Guetta, eta lehen zatian ezagututako pertsona xume eta apal hura artista handinahi eta neurri gabekoa bihurtzen da. Harrigarria da haren transformazioa. Besteen ideiak kopiatuz, arrakasta handiko -dirua irabazteari eta komunikabideetan ateratzeari deitzen badiogu arrakasta- artista mediatikoa izatea lortuko du Guettak. Gaur egungo arteari buruzko hainbat galdera interesgarri plazaratzen ditu dokumentalak: zer garrantzia du orijinaltasunak? zer garrantzia ematen zaio berritasunari? zer dela eta ordaintzen dira dirutzak gaur egungo artisten lanengatik? nola neurtzen da kalitatea gaur egun?

Ikuslearen sarirako zerrendaren lehen postuan jarri da Exit Through The Gift Shop.

2010-09-22

Permalink Begiradak, 377 hitz  

Ezer berririk ez Gardnerren munduan

Ezer berririk ez Gardnerren munduan (Gorka Erostarbe, 11:30)

Bagenekien lehen ere Ava Gardner aktore mitikoa "munduko animalia politena" izendatu zutela. Bagenekien Espainian aldi luzeak igaro zituela eta zenbait film bertan osatu zituela. Bagenekien alkoholak zimeldu zuela eta arima hauskorra izanagtik, AEB-etako estudio ahalguztidunei eta sistemari berari aurre egin izan ziela. Bagenekin ezin konta ahala maitale izan zituela torero, aktore, kantari eta bestelako faunetako espeziekin, eta parranda amaigabeak egin zituela Madrilen Hemingway, Sinatra, Dominguin eta enparauekin. Horixe kontatzen du Isaki Lacuestaren La noche que no acaba dokumentalak,Espainian filmaturiko lehen lanetik azkenera bitarteko tarte horretan Ava Gardnerrek bizi izandakoa, lehendik ezagunak zaizkigun zenbait irudiri testigantza berriagoak gehituz, baina aparteko berritasunik ekarri gabe.

Une polittak eta umore printzak dituen lana da,gazi gozoz zipriztindutako bizitza baten lekukotza, baina Lacuestak aurrez egindako lanen mailatik urrun samar geratzen dena. Enkarguzko lana dela argi geratzen da, eta Los Condenados fikziozko lehen lan merituzkoaren ondoren atsedentxo bat hartzeko baliatu duela dirudi.

Tanovic eta nazionalismoak (Jon Eskisabel, 10:00)

Perlak perlak, gutxi daude -edo ez dugu ikusi behintzat- aurten Zabaltegin. Izen hori merezi duen bakarra Bal da, Semih Kapanoglu turkiarraren filma. Apalagoa da, baina hala ere gomendagarria, Danis Tanovic-en Cirkus Columbia. Zuzendaria Bosniako gerrako garaira itzuli da, gerra lehertu aurreko egunetara hain zuzen ere, eta komedia felliniar bat egin du, umore eta ironia handikoa, hango gizartearen zatiketa prozesua azaltzeko. Titoren garaian Alemaniara alde egindako kroata bat herrira itzultzen da 20 urte geroago, komunistek agintea utzi ostean, Mercedes batean, andregai gaztearekin eta Bonnie katu beltzarekin. Alde egin aurretiko etxera itzuliko da, urteotan guztiotan serbiar agintariekin ondo moldaturiko emaztea eta semea kalean utzita. Kroazian hasita dago gerra, baina herrian inork ez du uste Bosnia eta Herzegovinara zabalduko denik.

Tanovicen ez zegoen oso umore oneko atzo goizean. Kazetari bat elkarrizketatzera joan zitzaion filma ikusi gabe, eta horrek bere onetik atera zuen. Itzultzaileak tipo berezia dela oharatarazi zidan gelan sartu aurretik. Euskarazko egunkari bakarreko kazetari gisa aurkeztu ninduen itzultzaileak, eta agian horregatik pentsatu zuen Tanovicek honako hau esan behar zidala: "Hemen bizi zarenez garrantzitsua da zuk hau ondo ulertzea: ez dut ulertzen nazionalismoa, ez du ulertzen estatu txikiak sortzea. Kroaziar nazionalisten gehiengoak, gerra piztu eta separatismoa bultzatu zutenek, gaur egun faltan botatzen dute Jugoslavia. Lehen herrialde errespetatu bat ginen, orain sei estatu txiki eta ezdeus (shitty hitza erabili zuen) besterik ez gara".

2010-09-21

Permalink Begiradak, 188 hitz  

Elisa, ausarta

Elisa, ausarta (Gorka Erostarbe, 15:45)

Ausarta. Ausarta da Judith Colell eta Jordi Cadena kataluniarrek zuzenduriko Elisa K filma, gaur Sail Ofizialean aurkeztua. Ausarta da kontatzen duena, ausarta da kontatzeko modua eta ausarta da pertsonaia nagusiak bukaeran azaltzen duen jarrera. Elisa 11 urteko neskatoa da, eta bere aitaren lagun batek bortxatu egingo du. 14 urte geroago hartuko du gertatutakoaren kontzientzia erabatekoa, eta nortasun krisi handi baten ondoren, banandurik diren bere gurasoei kontatuko die.

Dokumentalen egitura formaletatik gertu dagoen lengoaiaz, narratzaile baten ahotsaz lagundurik eta zuri-beltzean kontatzen dute egileek filmaren lehen zatia, Elisaren haurtzarokoa, bortxaketaren garaikoa. Bortxaketaren eszena ez du erakusten filmak, baina une horren tentsio gordina ederki islatzen du zabu baten kulunka etengabekoarekin eta musikaren intentsitatearekin. Bigarren zatia, Elisa herritik hirira ikastera doanekoa eta gertatu zaionaz jabetzen denekoa, koloretan azaltzen dute egileek. Gertatu izan zaionaz oroitu, jabetu, eta erabat biluzturik negarrez hasten denean, bere gorputza kolpatzen hasten denean, barrena iraultzen zaio ikusleari. Mina sentitzen da pertsonaiarekin batera. Minaz gain, ezerosotasuna eta lotsa sentitu dut nik gizonezko naizen aldetik. Zer pentsatua eman dit, barnean bezainbat gorputz azalean sentiarazi dit, sentimenduak aztoratu dizkit... Ez da gutxi! Sariren bat lortzeko hautagai dela esatera ausartuko naiz.

:: Hurrengo orrialdea >>

Begiradak

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!