Berria.infoko blog komunitatea

Login

Ekografiak

Aritz Galarraga

Mezua: Dibertimendu serioa

2012-04-10

Permalink Orokorra, 315 hitz  

Dibertimendu serioa

Elkarrizketa argigarria egin zion Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak Iban Garate aurkezleari, orrialde honetantxe, joan den ostiralean. Argigarria, Ai, ama! saioaren intentzio bat baino gehiago agerian geratu zelako. Akaso harrigarriena izan zen, gonbidatuak ekartzerako orduan praktikan jartzen duten endogamiaz galdetuta, Garatek eman zuen erantzuna: «Gauza bat da norberak zer nahi duen, eta beste bat zer lortzen dugun. Euskara dugu tarteko. Planteatu beharko dugu euskaraz ez dakiten gonbidatuak ere ekartzea, itzulpenak jarriz. Lehen saioetan egia da ETBko lagun asko izan direla».

Euskara dugu tarteko. Noski. Euskara beti tarteko, abiapuntu eta helburuaren arteko. Ze putada, ezta? Euskarak galarazten digu egiten duguna txukun egin ahal izatea. Ze zoriontsuak ginatekeen euskararik ez balego, frantsesdun, gaztelania hiztun, lasai asko kaletik ogia erostea beste ardurarik gabe buruan. Ezen gaztelania ez baita inoiz tarteko, ez frantsesa, ezta ingelesa ere. Tarteko dena beti, deseroso, traba, euskara da. Eta, ondo pentsatuta, ez zait gaizki iruditzen euskaraz ez dakiten gonbidatuak ere ekartzea saiora. Betiere, baldin eta euskaraz ez dakiten gonbidatu horiek ez badira esklusiboki gaztelania hiztunak. Ez dadila Ai, ama! bilakatu, hemen aipatu ditugun ETB1eko beste saio horien antzera, ETB2ko azpiproduktu. Ispilu omen duen El Hormiguero saioan ere egiten dute gauza bera. Ez, noski, gonbidatu adibidez euskaldun, galego edo bable hiztunak eramanez, baizik eta esklusiboki ingelesdunak aukeratuta. Pentsa, ederra litzateke portugesa, hungariera, gaztelera bera entzun ahal izatea, Boliviako doinuarekin, ETB1en.

Dena den, hizkuntzen afera ez da bakarra, hizkuntzari edukia ere eman behar zaio eta. Saioaren eredua ezin utzi, beraz, aipatu gabe. Hasiberriak gara, ez bakarrik Ai, ama!, euskaldunok oro har dibertimenduan. Eta hegoaldeko bizilagunei bainoago, aski genuke iparrekoei begiratzea. Adibidez, Hedoi Etxartek gomendatu eta geroztik ikusteari utzi ez diodan Le Petit Journal, Canal+ekoek Divertissement atalean kokatzen dutena. Ai, ama! gisako saio batek funtziona dezakeela uste dutenetakoa naiz, dibertimenduak ere telebistan tartea behar duela uste dutenetakoa, dena ez baita izango seriotasun. Baina dibertimendua izan dadila, besteren gainetik, serioa, hots, ahalik eta txukunen egindakoa.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Iban Garate [Bisitaria] · http://www.eitb.com
Eman lezake, Aritz, kakotx arteko nire hitzen ondoren zure ironia jartzean, ironia horretan esaten duzuna ondorioztatzen dela nik esandakotik. Ez dut uste azalpen handirik behar duenik nire euskararekiko jarrerak, baina ez zait iruditzen justua komentarioari eman diozun buelta.

Osterantzean bat nator zurekin: programak txukuna behar du izan, ona, eta erdal hiztunak sartzekotan bazter guztietakoak izan daitezela, kontatzeko zerbait daukatenak, darabilten hizkuntza edozein dela ere.

Ikusiko dut Le Petit Journal!
Permalink-a 2012-04-10 @ 14:19
Bidaltzailea: Aritz Galarraga [Kidea]
Iban, mila esker erantzunagatik. Zalantzarik ez dut egiten euskararekiko duzun jarreraz. Ez nuen hori ezbaian jarri nahi. Kontua da esaldi horrek -"Euskara dugu tarteko"- bide eman didala euskal hiztun askorengan dagoen sentsazio bat aipatzeko. Hau da, euskara kasik arazo gisa bizi duela askok. Baina, aitzitik, zorrotza iruditu zait euskal hiztunak aurkitzeko zailtasunari -hori erakusten baitigu praktikak- bilatu diozun soluzioa: erdal hiztunak ere gonbidatzearena -euskaraz ez dugu ohiturarik; normal antzean egiten dute Frantzia-Espainietan-. Ez nuke nahi, ordea, erdal hiztun horiek izatea esklusiboki -ez eta gehiengo ere- gaztelaniadunak.

Gustatuko zaizu Le Petit Journal, seguru!
Permalink-a 2012-04-10 @ 17:00
Bidaltzailea: Urtzi Urkizu [Bisitaria]
Esango nuke Iban Garatek euskararekiko duen jarrera ezin daitekeela zalantzan jarri. Komunikatzaile oso abila da, gainera. Euskara ederra egiten du, euskaldunon mesederako. Ez dut esaten Aritzek hori zalantzan jarri duenik ere. "Euskara dugu tarteko" horrek lanerako zailtasunak azaltzen dituela esan daiteke. Eta hori esparru guztietan euskaraz ari garenon kontua da.
Permalink-a 2012-04-10 @ 17:12

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Ekografiak

Hemen bilduko ditugu BERRIAko Ekografiak, telebistari buruzko zutabeak. Baina bilduko ditugu ez bertan kieto egoteko, hauts pilatzen, baizik eta paperak berezkoak dituen mugak gainditu eta sareak eskaintzen dituen aukerak erabiltzeko. Esan gabe doa: azken horien artean dago teleikuslearen iritzia.

Abuztua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!