Berria.infoko blog komunitatea

Login

Gramofonoa

Gorka Erostarbe

2009-03-24

Permalink paperekoak, 335 hitz  

Musikaz idazten duenaren jaka

Iragan igandean 'Goierriko Hitzan' argitaraturiko artikulua da honakoa:

Musikaz idazten duenaren jaka jarri behar izan du beste behin. Pertsonak etxetik irten orduko jarri behar izaten duen hainbat jaketatik beste bat baino ez da musika kazetariarena. Aldiro-aldiro, oso ondo zerk bultzatuta ez dakien arren, pertsona izateari utzi eta pertsonaia bihurtzen duen jaka disdiratsu anpulutsu horietako bat. Ordenagailuaren parean jarri, azken berritasunen zerrenda begiratu, interesgarri izan litekeen hura hautatu, langintzak behartutako entzunaldi presazkoa egin eta hitz ponpoxoen bila jarri da beste behin ere. Badatozkio burura zer esan nahi duten oso argi ez izan arren, eraginkor direla badakien etiketa, estilo, genero, sub-genero eta abarren izendapenak: post-rocka, elektro-india, anti-folka, death-metala, alt-countrya, minimal-house-a trikiki-punka, kopla-txirigoteroa... Zailtasun handirik ere ez du inoiz huts egiten ez duten izenondo gatzgabe in-enak topatzeko: hipnotikoa, garratza, narkotikoa, glamurduna, barne-askatzailea, demodea, retroa, berritzailea... Une batez jaka disdiratsua kentzeko adinako argitasuna izan du, eta konturatu da azkenaldion zenbatetan erabili duen berritzailea adjektiboa, berritzailea izate hutsak azter objektuari balio erantsi bat emango balio bezala, nahiz eta berritzaile izatea zer den oso ondo ez jakin, merkatura atera orduko dena zaharkitu geratzen den garaiotan…eta, dagoen musika anabasan denbora larregi galtzen ez ote duen pentsatu du, denbora bera baino musika (eta zabor) gehiago dagoen garaiotan. Jaka jantzita daramanean musikaz egiten dituen hitz-aspertu luzeak deitoratu ditu (ba al da etengabe musikaz hitz egiten duena baino aspergarriagorik?), idazten dituen artikulu funts-ustekoen hutsaltasunak barrena golpatu dio, abesti on batek golpatzen duenean bezalaxe. Pentsatu du musika beste modu batera bizi behar lukeela. Kaxkoak jarrita mendira joan eta musikak berak harrapatu behar lukeela bera, tontorraren gainean Dylanen edozein harribitxi kantatu behar lukeela ahots goraz, berritasunen gatibu izan gabe lanerako bidean Laja eta Landakandaren zinta zahar bat entzun behar lukeela berriro autoan, etxeko ispiluaren parean Gnarls Barkleyren Crazy bilutsik dantzatu behar lukeela. Adjektiborik gabe, jakarik gabe.
Emozioa baino ez da musika. Oilo ipurdi kontua. Eta nahikoa behar litzateke, zerbaitek hunkitzen gaituen ala ez gaituen esatea. Baina, horretaz jakitun izanik ere, beste behin jarriko du musikaz idazten duenaren jaka, eta idatzi eta esango ditu hutsik dauden hitzak.

2009-02-20

Permalink (h)ego kontuak, 221 hitz  

Beste txori bat

Txorikeriez jardun genuen duela ez asko Gramofono honetan. Hara non heldu zaigun beste txori kantari baten oihartzuna. Eta musika gose da nonbait. The Hungry Bird izena izango du Clem Snide-n disko berriak. Lau urte igaro ditu isilean New Jerseyn sorturiko txoriak, nahiz eta Eef Barzelay taldeko buru eta kantariak bakarrik egin duen hegan bitartean. Nashvillen habia topatu eta Bitter Honey (2006, Spin Art) eta Lose Big (429, 2008) dotoreak plazaratu zituen, baina taldearekin adinako distirarik egin gabe.

Ez du akaso Wilco, The Jayhawks, Lambchop eta beste zenbaitzuren adinako sonarik, baina 90eko hamarralditik aurrerako AEBetako sustraidun rock eraberrituan bere txokotxoa merezi du Clem Snidek. Ez ditu alferrik bost harribitxi plazaratu orain artean. Kariño berezia diet nik Your Favourite Music (Sire, 2000) eta Soft Spot (Spin Art, 2003) lanei. Mendia eta udaberria dakarkidate gogora, ez berez mendi eta udaberriarekin lotura dutelako, bereziki udaberri batean eta mendian entzun nituelako kanta horiek baizik. Leku eta denborak, eta ondorioz aldarte jakin bat, gogora ekartzeko abildade aparta izaten du musikak.

Ikusi eta entzungo dugu txori gosetiak zer ematen duen. Eta nahi duen hark bertatik bertara ikusi eta entzuteko aukera ere izango du. Bilboko Kafe Antzokian izango baita Clem Snide apirilaren 24ean. Oraintxe bete dira bost urte Gazteszenan (Donostia) izan zirenetik. Beste aukera bat izango dugu.

http://www.youtube.com/watch?v=iAjNXpKDraw

Oharra: Soft Spot diskoko Find Love kantua da honakoa.

2009-02-12

Tindersticksen kontzertua

Sehaska kantu luze bat

The Hungry Saw azken lanean oinarrituriko kontzertua eman zuen Tindersticks taldeak Donostiako Viktoria Eugenia Antzokian, astearte gauez


Argazkia: Lander Garro

Esana zuen Stuart Staplesek. Uneko aldarteak, leku eta denboraren eraginak, baldintzatuko zuen kontzertua. Eta hala izan zen. Kanpoan euria, goran-beheran. Barnera begirako giroa. Eta Viktoria Eugenia Antzokia berak ere leku aproposagoa dirudi barne giroetarako —ba ote da inon leku egokiagorik Tintersticksen kontzertu baterako?—.
Iaz kaleraturiko The Hungry Saw lanari estuki loturiko kontzertua eskaini zuen Nottinghamgo (Ingalaterra) taldeak. Estuegi akaso. Kantu eder askoak badira lan horretan, kontzertuari hasiera eman zion Intro instrumentu hutsezko (teklatuak gidatua) pieza minimalista hunkigarria, esaterako. Lehen pieza horrek iradokitzen duen giro onirikoa bihurtu zen kontzertuko ardatz. Sehaska kantuen egitura duten kantuek (The Other Side of The World, The Organists entertains...) erlaxamendua ekarri zuten, baina ez bete-beteko hunkidurarik, une jakin batzuen salbuespenarekin, sehaska kantu luze bat izan zen kontzertua. Polita, lasaigarria, baina tentsio dramatikoz hustua.
Sekula ez da talde eskasa izango Tindersticks. Ezta erdibidekoa ere. Konposaketa ederrak ditu, konponketa preziosistak, musikari apartak, ñabardura txikienei ere garrantzia ematen dietenak (adierazgarri da zenbat instrumentu laguntzaile erabili zituzten: maraka, kanpai, bibrafono, pandereta...), eta ahots sarkor ederreko kantari bakar eta bakana. Eta dotorezia klasiko berezkoa. Taldekideek bezala, jaka jantzita darama Tinderticksen musikak. Baina jaka azpiko arimak alde egin dio soula elementu ezinbestekotzat duen taldeari.

Amaieran, gorantz
Memoria gaiztoa ere izan liteke. Konparazio injustuak egitera eraman gaitzake eta. 1999an leku berean emandako kontzertu gogoangarriak ez dio mesede egiten atzo ikusitakoari. Garai hartan hari sekzioak (Dickon Hinchliffen biolinak pisu handia zuen) indar berezia zuen. Atzokoan, biolontxeloaz gain, haize sekzioa —aipatzekoa Terry Edwardsen lana (taldearen lehen diskoan parte hartu zuen)— izan zuten, eta oso lan txukuna egin zuten.
Gustura aritu ziren guztiak, nahiz eta jarrera hieratiko samarra izan gehienek. Kontzertuaren amaiera aldera jotako Boobar zoragarriak, eta bisean agerturiko Her country-rock tentsio elektrikoz eta haize sekzio ederrez beteak, eta My Sister ederrak, aho zapore onarekin utzi zituzten bertarataturikoak.
Azken urteetako gorabeherak gainditu ditu Tindersticksek, baina arima zati bat galdu du.

2009-02-09

Permalink (h)ego kontuak, elkarrizketak, 1258 hitz  

Stuart Staplesi elkarrizketa

Atzo Berria-n agerturiko elkarrizketa da honakoa.

Stuart Staples - Tidersticks taldeko abeslaria
«Sekula ez gara ezeren parte sentitu»

Beti lekuz edo garaiz kanpo dagoen sentimendua ezin du uxatu, ziurrenik, Stuart Staplesek (1965, Nottingham, Ingalaterra). Besteak beste, trip-hoparekin (Portishead, Massive Attack...) edo brit-poparekin (Oasis, Blur...) bizi behar izan zuen Tindersticksen proposamen klasikoagoak 1990eko hamarkada hasieratik aurrera. Eta, hala ere, bere lekua, eta are, miresmena, lortu zuen Tindersticks (1993) Tindersticks II (1995) eta Curtains (1997) lan apartekoekin. Irregularragoak izan ziren ondorengo lanak, eta hainbat gora-beheraren ostean —hasierako hiru kidek taldea utzi zuten, esaterako— iaz kaleraturiko The Hungry Saw-rekin feeling-a berreskuratu dutela dio Staplesek. Londresko hotel batetik mintzo da telefonoz, ahots sarkorrez. Horretan ere galaitasuna nabari zaio. Donostiako Viktoria Eugenia antzokian asteartean (20:00) emango duten kontzertuak duela urte batzuk leku berean eskainitakoa ekarri dio gogora. «Behin baino gehiagotan izan naiz Donostian. Taldearekin etorri nintzen orduan, eta bakarrik ere izan naiz. Toki atsegina da oso, eta beti gustura itzuli izan naiz».

Urtebete igaro da ia The Hungry Saw lana kaleratu zenutenetik. Nolako bidea egin du lanak?
Gustura gaude. Une horretan egin behar genuena egin genuela uste dut. Eta lortu nahi genuena lortu genuela. Orain beste une batean gaude. Hurrengo urratsa ez dakigu zein izango den. Ez dakigu zer bide hartuko dugun. Beraz, esan nezake egindakoarekin pozik gaudela, baina ezin nezake esan eroso nagoenik etorkizunak ekar dezakeenarekin.

Jende askok eta kritikak esan zuen The Hungry Saw aurreko lana (Waiting for the Moon, 2003) baino dezentez hobea zela. Zer deritzozu zuk?
Niretzat oso zaila da esatea hobea ala txarragoa den. Iruditzen zait The Hungry Saw-rekin zerbait zuzena egin nahi genuela, azkar egin nahi genuela, unea harrapatu nahi genuela. Unean unekoan jarri genuen konfiantza, eta baita geure buruan eta gure ideietan ere. Waiting for the Moon oso bestelakoa izan zen, luzaroan landutako diskoa. Akaso gehiegi pentsatu eta landu genituen ideia haiek.

Bi lan horien artean bakarkako lanari ekin zenion, eta bi disko argitaratu zenituen. Esperientzia baliagarria suertatu al zaizu?
Bai, dudarik gabe. Bidaiaren zati bat da. Waiting for the Moon kaleratu ostean, behar nuen deskubritu ni neu nor nintzen eta nik neuk zer nahi nuen. Eta bakarkako ibiliak lagun ziezadakeen nire burua hobeto ulertzen. Prozesu bat da. Disko haren ostean ez zegoen feeling handirik talde barruan, eta oso zaila zen norbera ulertzea, besteekiko harremanen eraginez.

Eta orain ba al dakizu nor zaren? Ezagutzen al duzu zeure burua?
Nahi dudana soilik ulertzen dudala uste dut [barreak]. Niretzat orain benetan garrantzitsuena da konturatzea Waiting for the Moon-en ondoren pentsatzen nuela sekula ez nintzela berriro oholtza gainera igoko, ez nuela sekula kantatuko. Eta, zorionez, gauza berriak topatzeak lagundu egin dit zer behar nuen ulertzen, eta behar nuen hori onartzen eta disfrutatzen.

Zer da erosoagoa zuretzat, Tinderstickseko kantaria izatea ala Stuart Staples izatea?
Talde baten dinamikan sartzea erronka moduan hartzea da egokiena. Tindersticksen barruan kokatzea niretzat egon litekeen lekurik eta erronkarik onena da. Kasu hori ez balitz, akaso niretzat onena neure bidea egitea litzateke, baina une honetan gure arteko harremanak asko betetzen nau, eta oso interesgarria da niretzat abentura honetako kide izatea.

Eta zure bakarkako ibilbidearekin jarraituko duzu?
Bandatik kanpo nahi dudan zerbait iristen bazait, ezin ninteke horren beldurrez egon.

Zure ahots sarkor-lodia pop musikak, zentzu zabalenean, azken 15 urteetan eman duen berezienetakoa da. Crooner-tzat al daukazu zeure burua?
[barreak] Ez, nire burua ez daukat crooner-tzat. Baina, aitortu behar dut, ni oso haurra nintzela nire amak crooner-ak entzuten zituela...

Zein kantari izan dira zure erreferentziak? Leonard Cohen akaso, Nick Cave...
Aipatzen dituzun bi horiek, esaterako, lagun dezakete hazten ari zarenean zure ahotsean eragin bat izan dezaten, baina kantariak, eragin horiek entzun, eta haiek baztertu gabe, bere ahotsa topatu behar du. Eta nik oraindik nire ahotsaren bila jarraitzen dudala sentitzen dut.

Ingalaterrakoak zarete, baina Tindersticksen musikak Amerikako Estatu Batuetako eraginak ere baditu. direla soul ahaireak, direla country ukituak... Ingalaterrakoa edo AEBetako musika nahiago duzu historiari erreparatuz gero?
Ni neu ere harritzen nau AEBetako musikak zenbat eragin didan. Hango zenbat gauzek eragin didaten...

Adibidez?
Ene! Horrenbeste gauza daude, ezingo nuke bat edo bestea aipatzen hasi. Gainera, musika ingelesa ere oso gustukoa dut. Benetako hunkidura sortzen dizun musika topatzea, irudimena elikatzen dizun musika topatzea gauza zoragarria eta harrigarria da, eta hori topatuz gero, ez zait axola nondik datorren edota zein hizkuntzatan kantatua den.

Zer da zuretzat soul musika?
Soul musika erabiltzen da kontzeptu tradizional modura, rythm & blues-a erabiltzen den modu berean, esaterako. Baina esentzian soula besterik da, nahiz eta ez nukeen jakingo zehatz esaten zer den. Esaterako, Joy Division ez da soularen kontzepzio tradizionalean sartzen, baina soula da.

Rock eta pop inguruneak bere egin du Tindersticksek, nahiz eta bere proposamena bestelakoa izan. Rock eta pop musikaren barruan kokatzen al du bere burua Tindersticksek, ala handik kanpo?
Guk sekula ez dugu sentitu gure burua ezeren parte, ezta musikaren munduan sartu ginenean ere, 1990eko hasiera hartan. Eta horrekin ezeroso sentitu izan gara. Baina, orain, nahiz eta ezeren parte ez sentitu, erosotasun moduko bat sentitzen dugu, eta oso osasuntsua da taldearentzat halako sentimendu bat izatea.

Zuen soinua eta estetika klasizismotik gertu egonik ere, underground giroan mugitu izan zarete. Underground taldetzat duzue zuen burua?
Ez zait iruditzen talde underground-a izatea ala ez izatea den garrantzitsuena, baizik eta garapen bat izatea, aurrera egitea.

Nekatuta al zaude zuen musika goibela edo malenkoniatsua dela entzuteaz?
Ez, esango nuke, zorionez, pertzepzio hori aldatzen ari dela. Uler nezake Curtains bigarren diskoa plazaratu genuenean horrelako sentipena izatea jendeak, zenbait gauza pasa baitzitzaizkidan, oso hurbileko norbait galdu nuen, eta badago, beraz, haserre eta pena handia.
Benetako emozioekin bat egiteko bidea da kantuak egitea, baina emozio handi bat ez da zertan tristea izan, baina ez du legez ere pozgarria izan beharrik.

Edozein modutan, malenkonia ez al da dagoenik eta sentimendurik indartsuenetako abesti bat konposatzerako orduan?
Nik idatzitako abestiei erreparatuko banie, baietz esan beharko nuke [barreak].

Nottinghamen jaioa zara, baina egun Frantzian bizi zara. Zure konposaketetan aldaketarik eragin al du horrek?
Uste dut nire konposatzeko modua aldatzen ari dela, baina ez dut uste Frantziarekin zerikusirik duenik, baizik eta Londres bezalako hiri azkar batetik leku lasaiago batera igarotzearekin. Espazio lasaiago bat bizi eta sentzitzeak eragin du aldaketa.

Bihotza ala burua da garrantzitsuagoa konposatzerako orduan?
Nik biak behar ditut. Baina bihotz egoki bat izanez gero... ez da besterik behar.

Hiru kide egonkor zarete orain Tindersticksen. Betirako joan al dira beste hiruak?
Ez dut uste ezer denik betirako. Unean uneko kontuak dira. Edozein moduz, taldea sortu zeneko hiru kide daude eta kide berriak iristen zaizkigu, eta taldea inoiz baino irekiago dago. Eta inoiz baina talde handiagoa gara. Beraz, oso desberdina da, egia esan.

Tindersticksen soinuan nola eragin du aldaketa horrek?
Garrantzitsuena taldea irekia izatea da, ez ixtea hainbeste eta zer izan zitekeen pentsatzen hastea. Hainbeste denbora igaro genuen sei lagun izaten... Orain, gure kezka osoa aurrera egitea da, eta jende berriarekin eta ideia berriarekin feeling-a bilatzea.

Zein musika entzuten duzu egun, zein musikari duzu gustuko?
Azkenaldian kantari frantziar ugari entzuten dut. Esate baterako, Léo Ferré. Abeslari eta kantugile modura inspirazio handi bat da. Aspaldi entzun nuen, eta uste dut barruan eraman dudala. Orain berriro entzutean konturatu naiz. Bi ume dauzkat eta haiek ere musika asko ekartzen dute. Aldiro aldatzen dute. Beraz, musikaz inguraturik bizi naiz.

Eta iraganera egiten al duzu? Entzuten al dituzu iraganeko abestiak eta taldeak?
Bai, jakina. Kontua, irekita egotea da. Badira une jakin batzuk ez zaudena irekita. Disko bat sortzen ari zarenean oso zaila egiten zait beste musika entzutea, baina, orain zabalik nago eta edozer gauzak eragin diezadake.

Zer nolako kontzertua eskainiko duzue asteartean?
Beno, eragin handia izango du nola gauden egun horretan, lekuak berak nola eragiten gaituen, zer eta nola jotzea erabakitzen dugun. Nire buruari eska diezaiokedan bakarra da disfrutatzen saiatzea eta irekita egotea... Irekita egonez gero, edozer gerta liteke.

2009-02-07

Permalink (h)ego kontuak, 233 hitz  

Mikro-istorioak

Argi esan dute. Askok eta askok. Kafe Antzokiaren behin-betiko itxierak zer kalte egin eta eragingo liokeen Bilboko kultur mugimenduari ez ezik, baita Euskal Herri osokoari ere. Legedia kontuetan galdu egiten naiz ni, eta ez naiz hasiko horien inguruko irakurketak, zehaztapenak edota aldarrikapenak egiten. Kafe Antzokian bizi izandako une txikiak datozkit gogora niri. Mikro-istorioak edo mikro-bidaiak nahi bada, norberaren barne mapan iltzaturik geratzen direnak. Bilboko Kafe Antzokiak barne mapan urradura hunkigarriak zizelkatu dizkit.

Gogoan dut ikusi nuen lehen kontzertua. Dut taldeak ‘At’ izugarria estreinakoz aurkeztu zuenekoa. Gogoan dut antzokia beraren itxurak, eta soinuak batez ere, zer zirrara eragin zidan. Gogoan dut Galder Izagirre (bateria), Joseba Ponce (baxua eta ahotsa) eta Xabi Strubell (gitarra eta ahotsa) zein urduri zeuden hiruko modura aurkeztu ziren hartan. Eta gogoan dut ‘Haize eza’, ‘Esku zuri’ edo ‘Bidaia’ kantuek sortu zidaten zirrara. Wemen Alemaniako taldea ere aritu zen gau hartan. Zein urte zen ez dut gogoan. 1996a akaso.

Gogoan dut, beste behin, denboran gertuago, Howe Gelbek (Giant Sand) udaberri igandeko arrats batean eskainitako kontzertu heterodoxoa. Nola nahastu zituen gitarra, teklatuak eta CD erreproduktore bat. Nola uztartu zituen, rocka, countrya eta beste, jazz oinarri eta inprobisazioekin. Gogoan dut Ruper Ordorika ikusi izana, irribarrea ahoan, adiskide estatubatuarraren jardunaz gozatzen.

Gogoan dut dagoeneko txispa galdua zuen Tindersticksen ohiko sotiltasuna eta Low taldearen geldotasun hipnotikoa…Eta Anari, eta Micah P. Hinson, eta Shellac eta Josetxo Anituaren dj saioak eta…
Galdu nahi ez nituzkeen mikro-istorioak.

:: Hurrengo orrialdea >>

Gramofonoa

Musika. Dosi txikietan. Gramoz gramo. Behinolako gramofonoetan bezala. Kantuak eta kontuak, aleka-aleka. Txanpon beharrik ez du soinu tramankulu honek. Kanta eta konta nahi adina.

| Hurrengoak >

Azaroa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!