Berria.infoko blog komunitatea

Login

genEROA

Maite Asensio, Araitz Rodriguez eta Nerea Elias

Mezua: «Pasatzen ari haiz»

2011-07-28

Permalink Generoa, 287 hitz  

«Pasatzen ari haiz»

Maite Asensio

Aitzakiak bilatu ohi dira emakumeen aurkako indarkeria ezkutatzeko: emaztea hil duen gizona zorrek itota dago, bikotekidea kalean jo duena zeloek itsututa, eta laguna bortxatu duena burua galduta. Jai giroan, berriz, alkohola izaten da aitzakia, erasoak mozorrotzeraino, «txantxa inozente» bihurtzeraino, eta erabateko zigorgabetasuna hedatzeraino: egoera antzeratsuan daudenen begien aurrean, erasotzaileak ondo pasatu nahian dabiltzan errugabeak dira, eta erasoa salatzen dutenak, aldiz, festa zapuztu nahi duten «histerikoak».

Baina, funtsean, adierazle batek ezaugarritzen ditu erasotzaile eta eraso guztiak: emakumeekiko begirunerik eza. Horrelako jokabideak ez dira egun batetik bestera agertzen, luzaroan egosten baizik. Eta aztarnak uzten dituzte: familia bazkarian emazteari isiltzeko agintzen dion gizonari jarrera matxista antzematen diogun bezala, zergatik ez ondoan duen emakumea haren gogoz kontra gerritik heltzen tematu denari? Zergatik ez ditugu horrelakoak gaitzesten? Are gehiago, zergatik kudeatzen ditugu halako egoerak konplizitatetik?

Indarkeria sexistari aurre egiteko, emakumeen jabekuntza ezinbestekoa da: jabetzea eskubideez, aukerez, berdintasunaz, erabakiez, autonomiaz. Jai giroan gertatzen diren erasoei aurre egiteko batik bat, autodefentsarako deia egin ohi du mugimendu feministak. Baina batzuetan, hori ez da nahikoa, eta, gainera, bidegabea ere izan liteke: non dago gizonen ardura? Non dago balizko erasotzaileekiko prebentzioa? Matxismoaren aurrean, euren burua neutraltzat daukate gizon gehienek, baina zenbatek esaten diote ozen albokoari lankidearen gonari buruzko iruzkin sexista erabat desegokia izan dela? Zenbatek diote, halere, ezin dutela ia ezer egin matxismoaren aurka?

Indarkeria maila bortitzenean gertatu aurretik egin behar da prebentzioa. Kuadrillako lagun hori, ustez ligatu nahian, emakumearen urruntze keinuei muzin eginda, gerritik heltzen ari zaionean, behin eta berriro. Lagunarengana joan, eta esan: «Pasatzen ari haiz». Moztu egoera, erasoa larriagotu aurretik. Eta adiskidetasunak ematen duen konfiantzatik, erreferente izaeratik, gaineratu: «Pasatzen ari haiz; neskak ezetz esan dik, eta hik hori errespetatu behar duk».

Oharra: Atzoko BERRIAn argitaratuko analisia. Erreportaje interesgarria egin zuen Ainara Arratibelek.

Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

genEROA

Uztaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!