Berria.infoko blog komunitatea

Login

18/98, auziari auzi

(epaiketari buruzko bloga)

2007-09-22

Permalink Elkartasuna, Albisteak, 156 hitz  

Bihar, igandearekin, Bat Egin eguna

Goizeko 11etan irekiko dira bihar, igandea, Bat Egin Eguneko guneak zein txoznak, Urdiain-Altsasuko zelaietan.
18/98 sumarioan auzipetuek antolatuta, 18/98+ Lantaldearen laguntzarekin, bigarren urtea da Bat Egin Eguna antolatzen dena. Jai-giroan, ekimenak bi helburu nagusi ditu: makrosumario politikoen katea salatzea, eskubide zibil eta politikoak aldarrikatuz, eta epaiketek sortzen dituzten gastu izugarriei aurre egiteko laguntza ekonomikoa biltzea.
Beraz, ekitaldi zentralean (13etan, oholtzan) 18/98ko epaituak izan direnez gain, Jarrai-Haika-Segi, Gestoras-Askatasuna, Egunkaria, Udalbiltza zein Batasuneko sumarioetan inputatuak izango dira.

EGITARAUA

ESKENATOKIAN

10:30 – AURKEZPENA
11:00 – PIRRITX ETA PORROTX
12:00 – Urduñako JOTEROAK
12.15 – APURKA Taldea

13:00 – EKITALDIA

16:30 – EDAN taldea
17:15 – AMAIUR taldea
18:30 – ESKULTURA BATEN ZOZKETA

JATEKOAK:

14:30 – BAZKARIA – BABARRUNAK edo PAELLA
Kafean, BERTSOLARIAK Itxaso Paya.

Egunean zehar
CASTROko sardinak
LEIOAko talogileak
LAZKAOko talogileak
URDUÑAko pintxo morunoak

BASO ANIMAZIOA
• TXIKIGUNEAN
12:00-18:00 - TXIKIGUNEA
12:00-13:00 – GOLOKA

• HERRI KIROLAK

• TXOSNAK

• 12:30-13:00 – Irrati saio berezi baten grabaketa, INFO7ko txosnan

• 17:OO – KUKUBILTZO, Kukubel 2.0

MUSIKA ANIMAZIOA: Mungiako Trikia, Etxarriko Zanpantzarrak, Irurtzungo Txaranga, Arbizuko Trikitrilariak, Orkresta Nazional

13:00etan KALEJIRA EKITALDIRA, dauden talde guztiekin.

• SARRERAKO PISTAN
TORIKAGUA 12tan eta 16tan

2007-08-24

Permalink Albisteak, 571 hitz  

Bat Egin eguna aurkeztu dute

Eskubide zibil eta politikoen aldeko gunea sortu nahi dute Bat Egin egunarekin

Irailaren 23an egingo dute, Auzitegi Nazionalaren sumarioetako inputatuei babesa agertzeko

asier iturriagaetxebarria

Bilbo

Eskubide zibil eta politikoen agertoki izango dira Altsasu eta Urdiain (Nafarroa) arteko San Pedroko zelaiak datorren irailaren 23an. Bat Egin eguna egingo dute han, 18/98 sumarioko inputatuek antolatuta. Iaz egin zuten lehenengoz Bat Egin eguna. Epaiketak inputatuei eragin dien kostu ekonomiko handia arintzeko asmoz antolatu zuten. Horrekin batera, euskal herritar ororen eskubide zibil eta politikoen defentsa adieraztea zen helburua. Lehen ekitaldiko helburuei eutsiko die aurten ere Bat Egin egunak.

Iaz ekitaldia antolatzera behartu zituzten baldintzak gaur egun bere horretan daudela azaldu zuen Mikel Korta 18/98 makrosumarioko auzipetuak. Mantendu baino gehiago «okerrera» egin dutela zehaztu zuen. «Urte bat pasatu da, eta gauza dezente gertatu dira eskubide zibil eta politikoen urraketen inguruan».

Gaur egun Espainiako Auzitegi Nazionalean zabalik dauden makrosumarioei begira esan zuen hori, bestelako arloetan ere eskubide zibil eta politikoak «urratu» egin dituztelako azken hilabeteetan. Euren kausa jasotzen duen makrosumarioaren inguruan, epaiketa amaitu ostean sententziaren zain daudela gogoratu zuen. Horren harira, eurentzat «zigor bortitzak» eskatu dituztela nabarmendu zuen. «Molina fiskalak esan zuen berak ahal izan zituen zigorrik handienak eskatu zituela».

Baina 18/98 makrosumarioa ez da izan eskubide zibil eta politikoen kontrako «eraso» bakarra. Espainiako Auzitegi Nazionalean zabalik dauden sumarioen esparruan Jarrai-Haika-Segi sumarioaren barruan kondenatuak dauden gazteak izan zituen gogoan. «Gazte horiek espetxean jarraitzen dute, eta hori eguneroko erasoa da, eskubide zibil eta politikoen kontrakoa». Era berean Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako sumarioak zabalik jarraitzen duela eta inputatuak epaiketaren zain daudela esan zuen. Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako sumarioa ere aipatu zuen, eta horren barruan inputatuak daudenek epaiketa noiz egingo den ez dakitela azaldu.

Azken hilabeteetan eskubide zibil eta politikoen kontra izan duen jarrera ikusita, Espainiako Auzitegi Nazionala ixteko eskaera egin zuen berriro Kortak. Esan zuenez, erakunde horrek hartu duen «zeregin politikoa» gero eta handiagoa da, eta Espainiako Gobernuaren eta Estatuaren «tresna» bihurtu izana salatu zuen. «Azken finean, bere egitekoa Gobernuak egin duen apustu errepresiboari kutsu sasi-juridikoa ematea da».

ELKARTASUNETIK ELKARLANERA. Egoera horretan, eskubide zibil eta politikoen kontrako «erasoari» aurre egiteko elkarlana eskatu zuen. Azken urteetan euskal herritarren aldetik jaso duten elkartasuna eskertu zuen, baina orain hori baino gehiago behar dela esan zuen, elkarlana behar dela.

«Lortu dugun elkartasuna handitzea oso zaila izango da. Gehiengo instituzionalaren eta politikoaren eta gizartearen gehiengoaren elkartasuna lortu dugu, baina elkartasun horrek ez du balio izan Estatuaren erasoa bukatzeko». Horregatik, elkartasunetik elkarlanera pasatzeko ordua dela esan zuen, «Euskal Herriaren ahotsa errespetatua izateko eta bide horretatik euskal herritar guztien eskubideak errespetatuak izateko».

Elkartasun kutxa sortzeko asmoa, datozen epaiketei aurre egiteko

Espainiako Auzitegi Nazionalak hartu dituen kausen barruan, 18/98 makrosumarioko epaiketa eta Haika-Jarrai-Segi sumarioko epaiketa egin dira orain arte. 18/98 sumarioko epaiketa luzea izan da, eta horrek eragin handia izan du horren barruan inputatuta dauden pertsonen artean. Hala, Marta Perez kausa horren barruan inputatuta dagoenak azaldu zuenez, gutxi gorabehera 300.000 euroko kostua izan du epaiketak inputatuentzat. «Pertsona batzuk beren lanpostua galdu egin dutela gaineratu behar zaio horri». Laster, beste sumarioetako epaiketak egingo dituzte, ahozko epaiketarako egunik ezarrita ez dagoen arren. Besteak beste, Euskaldunon Egunkariaren eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketak egingo dira. Epaiketok inputatuengan izango duen eragin ekonomikoa kontuan izanda, elkartasun kutxa bat sortzeko asmoa agertu zuen atzo Perezek.

Bide horretako lehenengo urratsa irailaren 23an egingo da, Altsasu eta Urdiain artean, San Pedroko zelaietan, Bat Egin egunaren barruan. 18/98 makrosumarioko inputatuek antolatu zuten lehenengoz iaz, babes politikoa jasotzearekin batera elkartasun ekonomikoa lortzeko. Aurten, Auzitegi Nazionalaren barruan zabalik dauden sumarioetako inputatuek ere lagunduko dute antolakuntza lanetan.

2007-06-17

Permalink Albisteak, 875 hitz  

Itxita, 18/98 bezalakorik errepika ez dadin

Gaur hasi eta ostirala bitartean, itxialdia egingo dute '18/98 auzian' epaitutakoek. Epaiaren zain segitzen dute; gogoeta bultzatu nahi dute ekimen horren bidez.

aitziber laskibar

Bilbo

Epaiaren zain daude 18/98 auzian epaitu zituztenak. Hiru hilabete dira Espainiako Auzitegi Nazionalean ahozko saioa amaitu zela; duela bederatzi urte abiatutako auzia urtebete baino gehiago iraun zuen saioan epaitu, eta epaiaren zain geratu zela. Laster irits daiteke epaileen erabakia. Horretarako egun jakinik ez dagoen arren, litekeena da uda ostean epaia kaleratzea. Sententzia horrek ekar dezakeenaz ohartarazi nahi dute auzipetuek. Epaituei zuzenean eragin ahal dizkien kalteez ez ezik, gizarte osoari ekarri ahal dizkion ondorioez ere bai. Izan ere, epaituen ustez, gizarte osoaren eskubide zibil eta politikoak daude jokoan. Demokraziaren beraren oinarriak. Arriskuaz ohartarazi eta gogoeta bultzatu nahian, itxialdia egingo dute gaurtik ostiralera bitartean auzipetuek, Gernikan.

Auziaren oinarria politikoa izanik, inor zigortzeko arrazoirik ez dagoela uste dute auzipetuak. Baina, hala ere, ez daude baikor. Espainiako justizian konfiantza galdua dute. Izan ere, sinistuta daude arrazoirik ez zegoela auzia bera abiatzeko ere. Epaiketa egiteko inolako oinarri juridikorik ez zegoela. Baina auzia abiatu zen. Epaiketa urtebetez egin zen. Eta oinarri politiko berberen gainean eraikita aurrez egin zen epaiketa espetxe zigorrekin amaitu zen. Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeetan aritzea egotzita epaitutakoak kartzelan daude. Hiru gazte erakundeak, erakunde terrorista izendatuta.

Gizarte mugimenduan, hedabideetan, enpresetan edo erakunde politikoetan lan egiteagatik epaitu dituztela diote auzipetuek. Ez zutela besterik egin, eta, beraz, adierazpen askatasuna, antolatzeko eskubidea eta pentsamendu askerakoa epaitu nahi direla ohartarazi dute. «Demokrazia ari dira epaitzen eta zigortzen». Mezu hori helaraziko dute gaur Gernikan, itxialdia hastearekin batera.

AUZIAREN ESANAHIAZ. Hartara, 18/98 auzia zigor epaiekin amaitzeak esanahi kezkagarria izango lukeela uste dute. Euskal gizarte osoaren eskubide zibil eta politikoak jantzi juridiko baten bidez zapaltzea esan nahiko lukeela. Besteak beste, antolatzeko eskubidea ukatzea, adierazpen askatasuna ezabatzea ekarriko lukeela. Hori guztiori, euskal gizarteak bere burua antolatzeko ekimenak ezabatzeko helburuz. Horregatik uste dute gizarte osoaren aurkako erasoa litzatekeela. Ezabatuta geratuko liratekeen eskubideak herritar guztienak direlako.

Demokrazia aldarrikatu dute horregatik, demokrazia aldiro botoa ematea baino gehiago delakoan. Herritarren parte-hartzean oinarritzen delakoan. «Edo guztien askatasun eta eskubideak errespetatzen dira, edo ez dago esaterik sistema horretan askatasuna eta eskubideak errespetatzen direla».

Guztien eskubideen alde mobilizatzeko deia egin diete, beraz, auzipetuek herritarrei. 18/98 auziaren zein atzetik etorriko diren gainerakoen sakoneko esanahiari buruz hausnartzeko eta konpromisoak hartzeko deia. Horretan ahaleginduko dira, hain zuzen, bost egunoko itxialdian.

Hainbat ekimen antolatu dituzte horretarako: mahai-inguruak, bideo emanaldiak, elkarretaratzeak eta hitzaldiak. Baina ez hori bakarrik. Eragileekin biltzeko asmoa ere badute, iritziak trukatu eta babesa eskatzeko.

Eta Espainiako Gobernuarengana ere iritsi nahi dute ekimenaren bidez, orain arte erakutsitako jarrera alda dezala eskatzeko. «Euskal Herriaren askatasun egarria isilarazteko tresna den errepresioa berehala amai dezala exijitzen diogu PSOEko gobernuari».

Izan ere, epaituek argi dute halako sumarioak Espainiako Gobernuak abiatu dituela Euskal Herrian burujabetzaren alde egiten diren urratsak ezabatzeko. Hori estatu estrategiaren barnean kokatzen dute, eta «errepresio» bide horretarako egituraketa oso bat eraikita dagoela uste dute.

AUZITEGI NAZIONALA ETA TORTURAK. Hor kokatzen dute Espainiako Auzitegi Nazionala. Estatu estrategiaren baliabidea dela diote. Euskal herritarren aurkako zapalkuntza kudeatzeko eraikitako salbuespeneko auzitegia dela. Hortaz, berehala desager dadila aldarrikatu dute.

Baita tortura ere. Hain zuzen, deliturik ez dagoen kasuetan Auzitegi Nazionalak zigorrak ezarri ahal izateko baliabidea da tortura, auzipetuen ustez.

Hortaz, halakorik berriz gerta ez dadin indar egitea izango du helburu bost eguneko itxialdiak.

EGITARAUA

Igandea. 11:00etan hasiko dute itxialdia, Juntetxean ekimena aurkeztuta.

Astelehena. 12:30ean elkarretaratzea, merkatuan. 20:00etan, gazte mugimenduari buruzko hitzaldia Astran.

Asteartea. Kontzentrazioa Merkurion, 12:30ean. 19:30ean, oroimen historikoari buruzko zine foruma Kultur Etxean.

Asteazkena. 12:30ean elkarretaratzea, Merkurion. 19:30ean, Lizeo antzokian, Eskubideen uraketak eta medioen papera mahai-ingurua. Hainbat kazetari arituko dira, Mariano Ferrer moderatzaile dela.

Osteguna. 12:30ean J'accuse kanpainako autoinkulpatuekin prentsaurrekoa. 21:30ean, kanpoko jendeari zabalduko zaio itxialdia Kultur Etxean.

Ostirala. Elkarretaratzea Merkurion, 12:30ean. 19:30ean, manifestazioa eta ekitaldi nagusia Merkatu plazan.

MANIFESTUA

'Demokraziaz ari gara'

Itxialdiaren nondik norakoak azaltzeko, manifestua kaleratu dute auzipetuek. Hona hemen idazkiaren pasarte batzuk.

«(...) Demokrazia ez da soilik noizbehinka bozkatzera joatea, are gutxiago hautu politiko guztientzako eskubide hori bermatzen ez denean. Demokrazia askatasuna da, eskubideak, gizarte partaidetza, biltzeko eskubidea, antolatzeko eta jarduteko eskubidea. Hori gabe ez da demokraziarik. (...)

Estatu espainiarrak martxan jarri dituen makrosumarioen aurka oldartzen garenean demokrazia ari gara aldarrikatzen, (...) zeren pentsamendu, antolatze eta adierazpen askatasuna ari dira epaitzen eta zigortzen. Demokrazia da epaitu eta zigortzen ari direna. (...)

Ez dago gobernurik, (...) ezta gehiengo politikorik, eskubideak edota askatasunak ukatzeko zilegitasuna duenik. Eskubideak ezin dira egon gehiengo eta gutxiengoaren jokoaren menpe. (...)

PSOEren gobernua da halako estrategia garatzen duena, Euskal Herria burujabea izateko aukera ere lurperatu nahi duen egitura juridiko, politiko eta legala bultzatuz. Bere erakunde eta sinboloen menpeko bilakatu eta derrigorrez espainiar izatea ezarri nahi digu.

Guk, Euskal Herriaren partaide izatearen dugun sentimendutik, aske eta demokratikoki erabakitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu, aniztasun politiko eta ideologikoa errespetaturik. (...)

Hauxe da espainiar judikaturaren begitara egin dugun delitua. Horrexegatik epaitu eta zigortzen gaituzte. Bost axola zaie, horretarako, demokraziaren eskubide oinarrizkoenak bortxatzea eta Audiencia Nacional deritzon tribunal berezi eta politikoaz baliatzea. (...) Tribunal berezi honek tortura zilegi bilakatzen du etengabe, berau baita ezinbesteko bitartekoa bere zigorrak ezartzeko. (...)

Euskal Herriaren askatasun egarria isilarazteko tresna den errepresioari berehalako amaiera eman diezaiola exijitzen diogu PSOEren gobernuari. Horrekin bat, lege eta tribunal berezien berehalako deuseztatzea, politika errepresibo hori bideratzeko ezinbesteko tresnak dira-eta.

Euskal gizarteari dei egiten diogu (...) Euskal Herriarentzako Demokrazia aldarrikatzeko mobilizatu dadin. Demokrazia eskuratzea baita herri orok behar duen bakearen oinarri eta bermea; Justizian, Askatasunean, Demokrazian oinarritutako Bakea».

2007-03-15

Euskal Herriari hitza eman arte

Euskal Herriari hitza eman arte lanean segituko dutela berretsi dute epaituek

Jokin Gorostidiren hitzak bere eginda, erabakia errespetatzeko eskatu dute 18/98ko auzipetuek

aitziber laskibar

Madril Berriemaile berezia

Amaitu da 18/98 auziari dagokion epaiketa. 2005eko azaroaren 21ean hasi eta 2007ko martxoaren 14an bukatuta, inoiz egin den epaiketarik luzeena izan delako ere historia egin duen ahozko saioa. Tentsio uneekin hasi zen, eta tentsio uneekin amaitu da, hasi bezala, Angela Murillo epaimahaiburuaren oihu eta mehatxu artean. Auzipetuek, lehen egunetan epaiaren izaera politikoa agerrarazi eta eskubide zibil eta politikoak aldarrikatzeko saioa egin bazuten, Euskal Herriaren eskubideen alde lanean jarraitzeko apustuari eutsi diote azken aldiz hitza hartzean.

Baina gauza asko aldatu dira epaiketak iraun duen urtebete eta lau hiletan. Eta horietako batek bereziki hunkitu ditu auzipetuak: akusatuen aulkian beraiekin esertzen zen Jokin Gorostidiren heriotzak. Gorostidiri gorazarre egin eta haren hitzak bere eginda Euskal Herriaren eskubideen alde lanean jarraitzeko apustuarekin bat egin zuten auzipetuek azken hitzen txanda baliatuta.

Epaiketaren izaera politikoa salatzeko bestelako adierazpenak egitea aurreikusita bazuten ere, goizeko saioan Gorostidiren irudia ekarri izanak asmoak aldatu zizkien; Iñigo Iruin abokatuak eginiko hizketaldiak.

Joxe Mari Olarraren defentsa egiteko ondorioen aurkezpenekin amaitzekoa zen defentsaren azken hitza. «Jokin Gorostidiren defentsa egitea egokituko litzaiguke orain», esan zuen Iruinek. «Baina gaur ez da posible». Iruinekin berarekin defentsa prestatzen aritu ondoren bihotzekoak jota hil zela ekarri zuen gogora. Eta hari ere, jarraian auzipetu guztiek izango zuten azken hitza emateko aukera eman nahi izan zion. Zendu aurretik, eskubide zibil eta politikoen aldeko ekimen batean idatzirik utzi zituen eta haren bikote Itziar Aizpuruak Gorostidiri buruz idatziriko liburuan jaso zituen hitzak. Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatua izan arte lanean jarraitzeko hitzematen duten hitzak.

Iruinek bere ustez Gorostidik esango lukeen beste gauza bat ere azaldu zuen: «Akusatuekin hau partekatu izanaz harro zegoela esango luke». Eta abokatuek ere harrotasun hori badutela azaldu zuen. Ez hori bakarrik. Epaiketak ekarritako lan kargaz gain, berriz ere lan hori gustura egingo luketela esan zuen, «auzipetu hauetako bakoitzarekiko adeitasunagatik».

Izan ere, auzipetuen jarrera eredugarritzat daukate abokatuek eta hala jakinarazi zion Iruinek epaimahaiari: «Epaituak zigortu ahal dituzue, baina ezin duzue galarazi milaka pertsonak haiengan Euskal Herriaren eskubideen aldeko defentsan aurkitu duten eredua». Hitz horiekin amaitu zuen azken hizketaldia Iruinek. Akusatuen txanda zen ondoren, 11:30ak aldera. Auzipetuak, abokatuen hitzekin hunkituta, jesarlekuetatik altxatu, eta txaloka hasi ziren.

Zeharo hasarrarazi zuen horrek epaimahaia. Isiltzeko aginduak oihukatzen hasi zen mahaiburua. Auzipetuek, txaloka jarraitzen zuten.

Goizeko atsedenaldia egiteko ordua zen eta hitz horiek espero zituzten guztiek Murilloren ahotik. Baina haserrealdiak berotuta, «ba orain, arratsaldera arte etengo dugu!», esan zuen. Auzipetuei etxerako bidaia eguerdian egiteko aukera galarazi zien horrela epaimahaiburuak. Gainera, arratsaldeko saioak 16:30ean hasi ohi diren arren, atzokoan 17:30ean hasteko agindu zuen. Madrileko kaleetan orduak igaro beharko zituzten auzipetuek, zain, eta Euskal Herrirako itzulera gauez egin.

«Azken egunean ere hau!». Horixe auzipetuek kalera aterata errepikatzen zutena. «Kasketa harrapatu eta zigortu gaitu berriz». Baina auzipetuak ez zeuden haserre. Ez zeuden etsita. Abokatuen hitzek epaileenak baino eragin handiagoa izan zuten haiengan eta hunkituta zeuden.

17:30erako Auzitegi Nazionaleko epaiketa gelan ziren berriz. Haien txanda zen. Baina epaimahaiburuak hitza eman aurretik, argi utzi zuen ez zuela auzipetuen ahotik salaketa politikorik onartuko. «Ez ezazue morala iraindu eta ez iezaiozue tribunalari errespetua faltatu. Bestela, epaimahai honek hitza kenduko dizue. Epaimahaiburuak banan bana galdetuko dizue ea defentsak esanikoei zerbait gehitu nahi diozuen. Zuen defentsari gabeziaren bat ikusi badiozue hartu ahal duzue hitza. Baina arlo juridikora mugatu behar duzue. Arlo juridikora soilik».

EPAILEA EUSKARA IKASTEN. Bixente Askasibarri egokitu zitzaion hitza hartzen lehena izatea: «Jokin Gorostidiren hitzak nire egiten ditut». 52 auzipetuek mikrofonoraino banan bana joan, eta gauza bera esan zuten. Euskaraz egin zuten askok eta, itzultzaileak, hasi ziren itzultzen, epaimahaiburua nekatu, eta itzultzaileek bere lana egin gabe ere hurrengoari hitza ematen hasi zen arte. «Dagoeneko ikasi dut eta ez da behar itzultzea».

Gorostidiren adierazpenarekiko atxikimenduari, beste esaldiren bat gehitu zion zenbaitek. «Lortuko dugu», gaineratu zuten Ana Lizarralde eta Mikel Aznarrek. «Nire defentsaren hitz zorrotzak eta Jokinen mezu duina nirea ere bada», esan zuen Mario Zubiagak. «Hamar urteren ondoren, informaziorako eta adierazpen askatasunerako eskubideak zapaldu direla esan nezakeen, baina nahiago dut Gorostidiren hitzei atxikimendua azaltzea», adierazi zuen Javier Salutregik.

Guztiek deklaratu ondoren eta «epaiaren zain» entzun aurretik, azken mehatxua egin zien epaimahaiak. Defentsei «lekuz kanpoko» adierazpenak egiten utzi zaiela eta epaiketa oztopatzen ahalegin ugari egin direla esan ondoren, goizeko txaloengatik neurriak har ditzakeela ohartarazi zien epaituei.

Epaiketa amaitu zela esan, eta auzipetuak aulkietatik altxatzen hasi zirenean, «Gora Euskal Herria askatuta!», oihukatu zuen batek. «Gora!» erantzun zuten ozen gainerakoek. Preso duten auzipetu bakarra kalabozora eramatera joan ziren jarraian poliziak, bidean, akusatuen aulkiko kideen besarkadak eta animo oihuak jasotzen zituela. Ezkerreko ukabila jasota agurtu zituen Iker Beristainek epaiketa kideak. Gainontzekoek, elkar agurtu, eta Euskal Herrirako bidea hartu zuten.

«Espainiako Estatu-gerraren estrategiak bahituta»

«1970eko urtean Burgosko Prozesuan 31/69 sumarisimoan bi heriotza zigor jaso nituen. 2005eko urtean berriz 18/98 auzian. Atzo eta gaur, Espainiako Estatu-gerraren estrategiak bahituta. Euskal Herriak hitza eta erabakia behar du, eta hori lortu arte ez gaituzte isilduko. Utzi bakean Euskal Herria! Atzo, gaur eta beti: Gora Euskal Herria askatuta!».

Horiexek dira Jokin Gorostidik idatzitako azken hitzak. Horiexek Iñigo Iruin abokatuak atzo Auzitegi Nazionalean epailearen aurrean irakurri eta arratsaldean auzipetuek, banan-banan bere egin dituztenak.

Fiskalak Olarraren aurka egiteko frogatzat zeuzkanak hankaz gora bota ditu Iruinek

aitziber laskibar

Madril Berriemaile berezia

ETAko kide izatea egotzita, 9 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak Joxe Mari Olarrarentzat. Haren kasuak gainerakoekin loturarik ez duela eta, aparteko atalean utzi du, azken ondorioak aurkeztu dituenean. Akusazioen esanetan, ETAk Eneko ezizenez deitzen duena Olarra da. Frogatzat zeuzkanak, ordea, hankaz gora bota zituen atzo Iñigo Iruin abokatuak, «tripodea euskarririk gabe» utzi arte.

Fiskalak Olarraren kasua KAS ataletik ateratzeko erabili zuen argudioa da fiskalaren beraren kontra bihurtu den arrazoietako bat. Orain fiskalak dioenez, Olarra ez dago KASen egituran. ETArekin «harreman zuzena» izatea egozten dio, Mikel Egibarrek guardia zibilak atxilotu ondoren egindako deklarazioetan oinarrituta. Abokatuak ez dauzka egiazkotzat deklarazio horiek, eta torturapean egindako deklarazioak izanik baliogabeak direla dio. Edozein modutan, deklarazio batetan egindako akusazioak ontzat emateko beste froga batzuekin baieztatu behar direla dio jurisprudentziak. Fiskala saiatu da hori egiten, kontraesanez betetako argudioekin.

Eneko HBko mahai nazionaleko kidea dela dio fiskalak, baina poliziek eta guardia zibilek epaiketan onartu dutenez, «akatsa» da hori. Nazio Batzarreko kidea litzateke, eta batzarrean ehunka lagun biltzen direla ohartarazi du Iruinek.

Fiskalaren ondorioen arabera, Eneko KASeko kidea da. Baina fiskalak berak Olarra beste atal batetan uzteko erabakiaren arrazoia Olarra ez dela KASekoa da.

Hartara, fiskalak ez du Egibarren deklarazioak baieztatzeko frogarik. Horrenbestez, Olarra zigortzeko ez dagoela oinarririk esan zuen.

Jose Ramon Antxiari ETAri laguntza ematea leporatzen dio fiskalak, Deportatuen Batzordeko arduradun izateagatik. Akusazioen ustez, ETAren aginduz ari zen deportatuekin lanean. Defentsak argudiatu duenez, ordea, deportatuei laguntza juridikoa, humanitarioa eta osasun laguntza ematen zien, modu erabat legalean. Gainera, ETAk baduela bere deportatuen batzordea azaldu du, akusazioaren «zentzugabekeria» azaleratzeko.

15.000 autoinkulpazioak jasotzeari uko egin dio epaimahaiak

Auzipetuei babesa ematera joandakoak autobusetik jaitsarazi zituen Poliziak, eta banan-banan filmatu

aitziber laskibar

Madril Berriemaile berezia

Azken hiletan jasotako 15.000 autoinkulpazioak bi kutxatan hartu, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera joan zen 18/98+ lan taldeko ordezkaritza bat atzo goizean. Autobusa abiatu zen Euskal Herritik epaiketaren azken saiora, auzipetuei elkartasuna adierazi, haien absoluzioa eskatu eta eskubide zibil eta politikoekiko errespetua aldarrikatzera. Bide batez, lan taldeak jasotako autoinkulpazioak epaimahaiari eman, eta horien esanahia azaltzeko epaimahaiburuarekin biltzeko asmoz joan ziren Madrilera. Oztopoak izan zituzten nagusi eta ezin izan zituzten 15.000 autoinkulpazioak epaimahaiaren esku utzi.

Goizaldean egin zuten Madrilerako bidaia, 09:00etarako auzitegian egon, autoinkulpazioak epaileei eman eta epaiketaren azken saioan egonda epaituekiko elkartasuna adierazteko. Baina uste baino beranduago iritsi ziren. Madrilera iritsi baino 50 bat kilometro lehenago, Espainiako Poliziak geldiarazi zituen. Autobusetik jaitsiarazi, identifikatu, eta bideoz grabatu zituzten, banan bana. Tartean ziren, besteak beste, lan taldeko kide, BERRIAko zuzendari eta Egunkariaren aurkako auzian auzipetutako Martxelo Otamendi, Udalbiltza auzian inputatutako Joseba Garmendia, ESAITeko Martxel Toledo, Batasuneko Arantza Santiesteban eta Aralarreko Xabier Sarasua.

Kontrolean galdutako denboraren ondorioz, uste baino beranduago iritsi ziren. Hain zuzen, auzitegira garaiz iristea galarazi nahi zieten poliziek, Xabier Barber 18/98+ lan taldeko kidearen ustez. Garaiz iritsi ziren hala ere. Autoinkulpazioz betetako bi kutxak hartu, eta auzitegira sartu zituzten, epaimahaiari emateko asmoz. Bilera ere eskatu zuten. Baina epaimahaiak uko egin zion ordezkaritzarekin biltzeari.

Ezezkoen aurrean, gonbiteak indarrean jarraitzen duela adierazi zuten taldeko kideek. «Euskal Herrira itzuliko ditugu, baina epaimahaiari adierazi nahi diogu lan taldea prest dagoela edozein momentutan autoinkulpazioak epaimahaiaren esku uzteko».

Halaber, 18/98+ taldearen inguruan biltzen diren eta «bultzada politikoz eraikiak diren» auzi guztiak bertan behera uzteko eskatu zuten Otamendik eta Barberek taldearen izenean, bai eta 18/98ren epaiketan epaitutakoak absolbitu eta Haika-Segi auziagatik espetxeratutakoak askatzeko. Era berean, lan politiko eta sozialean aritzeko eskubidea aldarrikatu zuten, beraien ustez horixe baita epaiketa politiko horien bidez zigortzen ari dena.

ASKATASUNAREN OHARRA. «Ilegalizazio politikak» bere helburuak ez dituela bete eta «gatazkaren irtenbide polizialaren tesiak» porrot egin duela adierazi du Askatasuna erakundeak, 18/98 auziaren epaiketaren bukaera dela-eta bidalitako prentsa oharrean. PPk eta PSOEk 1998an «Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko borroka isilarazteko helburua zuen estrategia» abiatu zuela dio Askatasunak, besteak beste 18/98 auziarekin, eta estrategia horrek porrot egin duela.

«Errepresio politikoa» desaktibatzeko eskatu du Askatasunak, «Euskal Herriaren hitza eta erabakia ahalbidetzeko» eta, gatazkaren konponbiderako bidean, «justizia, eskubideak eta askatasuna ekarriko duen marko berri baten mesedetan».

:: Hurrengo orrialdea >>

18/98, auziari auzi

18/98 auzia gertutik jarraitzeko gunea da blog hau. Berria-ko kazetariek elikatzen dute eta 19/98 auziko auzipetu eta abokatuei irekita dago. Sekulan egin behar ez zen epaiketaren taupada sentitzeko beste tresna bat. (Informazio gehiago 18/98+ plataformaren webgunean: www.18-98plus.org)

| Hurrengoak >

Urria 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Linkblog-a

18/98 + bloga

18/98 + bloga

Kontzertua - 11/11 - Barakaldo

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!