Berria.infoko blog komunitatea

Login

Ilaran

Jon Eskisabel

Mezua: Joseba Irazoki & Lagunak

2012-12-29

Permalink Zuzenekoak, 503 hitz  

Joseba Irazoki & Lagunak

Lehenik eta behin, Lugaritz kultur etxeko arduradunak zoriontzea dagokigu, musikari batzuk aukeratu eta haiekin kontzertu berezi bat prestatzeko aukera emateagatik Joseba Irazokiri. Ideia ona da, erakargarria, eta ondo legoke jarraipena izatea hurrengo hilabeteetan beste musikari batzuekin. Kasu honetan jendeak emandako erantzun bikainak -aretoa bete egin zuen- horretarako akuilu izan beharko luke.

90eko hamarkadaren erdialdean hasi zenetik gaur egun arte hainbat taldetan hartu du parte Irazokik, eta horietako batzuetan kide izandako musikariak aukeratu zituen hitzordu berezi honetarako: Igor Telletxea –Maixa eta Ixiarrekin aritu ziren biak elkarrekin, eta ondoren, Xabier Montoiarekin eta Onddo taldean; Felix Biffs –garai batean, bikote gisa hainbat kontzertu eman zituzten Irazokik eta Willis Drummondeko bateria jotzaileak–; Iban Urizar –Mengele Quartet-en aritu ziren beratarra eta elgoibartarra, eta azken aldian Rafa Ruedaren taldean–; Jaime Nieto –kasu honetan ere, Ruedaren taldean bat egin dute Irazokik eta We Are Standardeko baxu jotzaileak–, eta Ager Insunza (Audience) –nik dakidala, hauxe da bi musikariek kolaboratzen duten lehen aldia-. Kontzertuak aurrera egin ahala, beste gonbidatu batzuk gehitu zitzaizkion seikoteari. Hortaz, Irazokik osatutako formazioaren berezitasuna aipatzekoa da: gitarra eta ahotsa (Irazoki), baxua (Nieto), biolin, steel guitar eta gitarra (Insunza), bateria (Biffs), tronpeta, perkusioak eta bestelako tramankuluak (Urizar), eta tronboia, xilofonoa eta bateria (Telletxea).

Nork esango zuen hiru entsegu bakarrik egin zituztela. Kantu berriekin osatu zuten errepertorioaren zati nagusia –“kanta berriak oso arraroak atera zaizkigu, agian baten batek flipatuko du, baina guk gurera”, ohartarazi zuen Irazokik, taula gainean erakutsi ohi duen jarrera sano horrekin–. Jazz taldeen antzera hasi ziren, intro luze batekin, instrumentu bakoitza bere lekua bilatzen ariko balitz bezala, harik eta post-rock pieza indartsu batean bat egin zuten arte, Irazoki keinukariak “Nor zara zu, 21?” edota “errazan baietz eta zoratuko naun” bezalako esaldiak abesten zituen bitartean. Azken aldian eszenatokian eroso eta aske ageri da Irazoki, edozein gauza egiteko gai ikusten du bere burua, eta konposizio berrietan ere gero eta gehiago islatzen da jarrera hori. Ostiral gauean entzundakoek post-rock eta free doinuetara jo zuten hainbat momentutan, riff baten gainean eraikitako pieza errepikakorrak ziren, eskematikoak baina instrumentuen detaile ugariz josiak. Eta indartsuak. Horrez gain, aurreko diskoetatik hiru kanta berreskuratu zituen Irazokik: Euria ari du diskoko Batzuek ixo eta Ohartzean, eta Do izenarekin grabatutako Tokian tokiko diskoko Hostoz hosto-ren bertsio preziosista eta eder bat.

Hala ere, kontzertuko unerik gorena Beñat Axiariren agerraldia izan zen. Bertan geundenetako askorentzat deskubrimendu bat izan zen, diskografia eta ibilbide oparoa izanagatik mugaren alde honetan oraindik oso ezezaguna izaten jarraitzen baitu Donapaleukoak, eta zuzenean ikusteko eta entzuteko aukerak urriak izaten dira. Irazokik azaldu zuenez, Robbie Bashoren kantuen inguruko proiektu bat lantzen ari dira biak elkarrekin, eta horren lagin bat eskaini zuten: "Blue Crystal Fire" kantuaren country bertsio leun eta zoragarri bat. Horregatik bakarrik merezi zuen kontzertura joateak. Txundigarria izan zen Axiariren ahots ekarpena, kantu horretan bereziki, baina baita bisetako Ohartzean kantuan bigarren ahotsa eginez ere. Irazoki eta Axiariren arteko elkarlan horretan pentsatze hutsak hortzak izerditan jartzen dizkit.

Kontzertua bukatzeko Atom Rhumbako Iñigo Cabezafuego eta Rober! batu ziren taldera, hasierako pieza berbera jotzeko Axiarik beste ahots inprobisazio erakustaldi bat egiteko baliatu zuen jam session batean. Txalo zaparradak agurtu zituen musikariak.

Erantzunak:

Ez daude Erantzunak mezu honetan...

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Ilaran

Ohiko irakurlea konturatuko zen inoiz: norbere gustuak bizi gaitu kazetariok ere, eta sorkuntza berrien zain egoten gara irrikaz, bere egile kutunekin berriz topo egitea espero duen edozein zaleren modu berean. Ezeren aurretik horixe baikara, zaleak. Informatuagoak akaso, baina zaleak. Edo hala uste dut.

Azaroa 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30    

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!