Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

2013-05-29

Lehendakari ezkongabea

Jose Maria Aznarrek oraindik bibotea duen edo ez duen, hara lagunarteko eztabaida zertan bukatu den Espainiako Gobernuko lehendakari ohiak politikaren lehen lerrora itzultzeko mehatxua egin duela eta. Lehengo bibotea ez duela, baina haren itzala gelditzen zaiola, batzuek. Masailak bezain zuri duela ezpain-gaina, besteek. Eskuko multimediek ere ez dute argitu afera.

Bibotea gorabehera, Aznarren ateraldiari buruzko irakurketa interesgarriak atera dira mahai gainera. Esate batera, Borboien etxearen krisiaren sustatzaileen artean bera dagoela, Espainiako III. Errepublikako lehenengo presidentea izan nahi duela. Beste bat: Mariano Rajoyren itzala eta politikak zalantzan jartzeak egin dion kaltea baino askoz mesede handiagoa egin diola gaur egungo gobernuburuari, Aznar berriro agintean irudikatze hutsak sortzen duen ikaragatik rajoyzale bihurtu bide delako bat baino gehiago bat-batean. Interpretazio zuhurrena: bera ere zipriztintzen duen ustelkeriaren gaia estaltzeko trikimailua besterik ez dela izan, PPn ere ez dituztela maite hilerrirako bidean dauden elefanteen itzulerak. Krisiari aurre egiteko proposatu duen errezeta, gainera, iraultzailea da: zergak jaitsi alajaina. Tea Party AEBetan gainbehera denean, Espainian berpiztu nahi du Aznarrek.

Krisiari aurre egiteko errezeten bila dabiltza Ajuria Eneko bilkuran izan berri direnak ere. «Lehenengo euskal gailur politiko handia» esaten ahal diozu asteartekoari, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten bost alderdietako buruzagiek Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin egin duten hiru ordu eta laurdeneko bileraren garrantzia azpimarratu nahi baduzu eta Deia-ko editorialista bazara, edo «bilera» esaten ahal diozu besterik gabe, gehienek egin duten bezala.

Ez dauka Carlos Garaikoetxearen garai bateko xarmarik eta Juan Jose Ibarretxeren erakarmenik, Jose Antonio Ardanza grisagoaren antz handiagoa du, baina Patxi Lopez baino askoz abilezia handiagoa erakusten ari da politikari arduratsuaren irudia ematen. Iñigo Urkullu gutxiengoan eta bakardadean ari da gobernatzen, auzi handietarako inongo aliaturik gabe, krisiari aurre egiteko politikarik ez hitzartu ez abiarazi gabe, baina aste honetakoa bezalako bilerekin, edota diputatu nagusiekiko ustezko akordio harekin, puxtarriak irabazten ditu iritzi publikoari begira.

Hiru ordu eta laurdenean zer egin zuten galdetu ziotenean, «legebiltzarreko eztabaidak erreproduzitu», erantzun zuen Arantza Quirogak. Urkulluk ezer ez zuela proposatu eta ezer ez zutela aurreratu adierazi zuten oposizioko gainerako bozeramaileek ere. Baina argazkia hor geratu da. Lehenengo aldiz, Eusko Legebiltzarreko indar politiko guztiak mahai baten inguruan bildu dira Ajuria Eneko jauregian. Irudi operazioari susmoa hartuko zioten noski oposizioko indarrek, baina sarean harrapatuta zeuden. Denak bilerara joateak Urkulluri egiten zion mesede, baina inork uko egitea, norbere buruaren kalte litzateke. Joan eta bilerari garrantzia kendu, horixe erremedio bakarra.

Krisiari aurre egiteko, zerga sistema berritzeko eta erakundetze politikoa berrikusteko egitasmoan guzti-guztiak ados jarri nahi izateak ameskeria dirudi. EH Bildu eta PP argazki berean kabitzen dira, baina politika beretan, ez. Aldi berean denekin baina inorekin ez ezkontzeko jokoaren iturria ere agortuko zaio noizbait. Ezkongaiaren aukera egin beharko du noizbait, edo egina daukan aukera hori azaleratzen hasi.

2013-05-19

Tentsioa

Esan duena esateko aste ezin egokiagoa aukeratu du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak: «Ados ez baldin bagaude, ez dugu aplikatuko hemen». Hitzez hitz. Ez zen ari Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduren bati buruz, Espainiako Gobernuak onartu berri duen Hezkuntzaren erreformarako lege proiektuari buruz baizik. Ez dezagun, dena den, tranparik egin. Atxiloketa agindu bati muzin egiteko zirrikitu gutxi du Ertzaintzak, legea nabarmen urratu gabe. Hezkuntzaren erreforma lege orokor bat saihesteko aukerak, ordea, handiagoak dira Hezkuntzaren eskumena bere gain duen erkidegoko gobernuarentzat. Baina Uriarteren esaldiak agerian utzi du legea bete behar absolutu hori ez dela hain absolutua, ezta EAJren Gobernuaren ikuspegian ere.

EAJ ordenako alderdia da. Espainiako Estatuarekin burujabetza konfrontazioa bultzatu zuen lehendakariak ere, Juan Jose Ibarretxek, zintzo betearazi zituen Auzitegi Nazionaletik zetozen agindu guztiak. Legea betearaziko dugu, «noski», erantzun ohi zuen. Ez dago giro politikoa Iñigo Urkullu epaiketarako bidean imajinatzeko, garai batean Ibarretxerekin (eta Atutxarekin!) egin genezakeen bezala, Espainiako justiziarekin arazoak izan zituztenean. Orduan galderak zentzu handiagoa izan zezakeen: dena delako auzia dela-eta lehendakaria atxilotzeko aginduko balio Auzitegi Nazionalak Ertzaintzari, agindua betearaztera mugatuko litzateke Segurtasun sailburua?

Iñigo Urkullu eta EAJ ataka deserosoan daude, Espainiako Auzitegi Nazionaleko agindu bete beharrekoak ez baitira Urtza Alkortarekin bukatu. Nabarmenegia da kontraesana, kostu politikorik ez izateko: legearekin ez daude ados, baina, legea bete beharrekoa denez, bete beste erremediorik ez dute; eta, jarraian, ez dute estrategiarik (erakusten) bidegabea irizten duten legeria hori aldatzeko.

Lehia politikoaren parte da, jakina, Ondarroakoa ere. Indar abertzaleen arteko hegemonia lehia ez zen bukatu joan den hauteskunde autonomikoetan, hasi baizik, eta elkarren kontraesanak nabarmen uzteko eta areagotzeko aukerak ez dituzte ez batak ez besteak alferrik galduko. Alkortak erabaki zezakeen zaratarik egin gabe bere burua polizia etxean aurkeztea; eta zubian egon zirenek aukera zezaketen etxean gelditzea. Tentsio gutxiago Ondarroan eta, bai horixe, askoz merkeago dena. Jakina, tentsioa ikusgarri bihurtzea aukeratu zuten. Hain zuzen ere, erakusteko tentsio horren jatorria ez dagoela zubian, Auzitegi Nazionalean baizik.

Zubian Urtza Alkorta babesten egon zirenek, hain zuzen, horixe lortu zuten. Jatorrizko tentsio hori, egunerokoan azaleratzen ez den legezkotasunaren eta legitimitatearen arteko gatazka hori, gordin-gordin erakustea, bost egunez jarraian gainera. Hedabideetan eta sare sozialetan euren begiekin ikusi eta bizi izan dute gatazka hori bertan ez zeuden herritarrek ere. Irudi horixe heldu zaigu Ondarroatik, garden: Eusko Jaurlaritzaren menpeko Polizia, Espainiako Auzitegi Nazionalaren menpe.

Donostiako Bulebarrekoak bezala, Ondarroako zubian bildu zirenek bazekiten Alkortarentzat berandu zela. Donostiarrek bezala, espetxean bukatuko zuela. Baina epaiketa politikoen soka luzea da. Berrehun lagun inguru daude epaiketaren zain, gehienak Segikoak eta Batasunakoak izatea leporatuta. Bulebarrean eta Ondarroan bildu zirenak, espetxeratzeak efektiboki eragoztearen ikuspegitik, ez ziren ari Donostiakoen eta Alkortaren atxilotzea eragozteko ahaleginean, ondoren datozen berrehun horien giltzapetzea zailtzeko ahaleginean baizik.

2013-05-12

Delituak, atxilotuak eta beste erremedioak

Lehergailuak ezkutatu eta zaintzea, edo agiri faltsuak egitea, edo autoak lapurtzea, Frantziako eta munduko beste edozein lekutako zigor kodeen arabera, legea urratzea da. Eta Espainiako Barne ministroak azaldu duena egia baldin bada, aste honetan Frantziako hiru hiritan atxilotu dituzten sei euskal herritarrak legez kanpoko jardun horietan ibili dira ETAko militante gisa. Horregatik, preso hartu dituzte. Delitua egiten baduzu, Poliziak atxilotu egiten zaitu. Kito.

Delinkuentzia arruntaren logika horri jarraituz hitz egin dute EAJko buruzagiek ETAko ustezko sei kideen atxiloketen harira. Andoni Ortuzarrek, EAJren izenean: «Ez gara poliziaren urrats horiei buruz eztabaidatzen hasiko, baina espetxe politika ezberdin bat jartzea gustatuko litzaiguke». Josu Erkorekak, Eusko Jaurlaritzaren izenean: «[ETAk armatuta eta bizirik jarraitzen duen bitartean] Poliziak ez dauka beste erremediorik, bere funtzioa betetzen du».

Atxiloketak egokiera politikoaren arabera egingo ez balituzte bezala. Bake prozesu ahalegin guztietan funtzionatu du distentsioaren logikak, gorabehera handiekin izan arren, jazarpen polizialaren arloan ere. Espainiako eta Frantziako Barne ministerioek konpromisoen eta komenentzia politikoen arabera jokatu izan dute kontrolpean izan dituzten etakideekin, atxilotu edo ez erabakitzeko. Orain bai, orain ez. Lizarra-Garaziko su-etenaren garaian, 1999ko martxoan, Frantziako Poliziak Josetxo Arizkuren Kantauri ETAren solaskidea eta beste bost kide atxilotu zituenean, adibidez, horrek bake prozesuan izan zitzakeen ondorioei buruz kezka agertu zuen EAJk. Gaur egungo logika jeltzalean, ordea: sei atxilotuak armatuta zihoazen, delitugileak ziren, Poliziak ez zuen beste erremediorik.

Brian Currin, nazioarteko eragileen artean ezagunena aipatzearren, zur eta lur egongo da honezkero. Abokatu hegoafrikarrak esana dauka ez duela orain arte ezagutu, mundu osoan, Estatuaren aurka jardun duen talde armatu baten desarme borondatezkoan parte hartzeari uko egin dion gobernurik. Eta orain, Aieteko Konferentziak sinbolizatzen duen bidea eraikitzen bidelagun garrantzitsu izan zuen alderdia, EAJ, PPren diskurtsoarekin lerratu da neurri batean, adierazpen publikoetan behintzat: atxiloketak ondo daude, ETAk desegin egin behar du, kito. Ahaztu Aiete, ahaztu Kofi Annan eta abarren babesarekin proposatutako elkarrizketaren bidea.

Espetxe politika aldatzeko eskaera gorabehera, funtsean Mariano Rajoyri babesa ematen ari da EAJ, elkarrizketaren komenigarritasuna aipatu gabe ETAri desegiteko eskatzen dion bakoitzean. PPren barrunbeak ondo ezagutzen dituztenek diote sektore nagusikoak, Mariano Rajoy buru dela eta Antonio Basagoitiren taldea bidelagun duela, beste politika batzuen beharraz jabetzen direla —Basagoitiren oinordeko Arantza Quiroga izendatzea zentzu horretan seinale ona ez den arren—, baina bere alderdiko egoskorrenen, biktimen zenbait elkarteren eta hauen sokako hedabideen beldur direla, urratsik txikiena egiteko. Desoreka nabarmena da: batetik, pausorik txikiena ere ematea nahi ez dutenek ez diote zirkinik egiten ere uzten zaunkarik egin gabe; eta bestetik, nolabaiteko kontrapisua egin dezaketenak, EAJ eta PSOE esate batera, politika zaharrak txalotzen ari dira. Eskerrak diplomaziaren bideak antzemanezinak diren.

2013-04-28

Prieto berriak

Ez dago erraza alderdi politikoen barne bizitza, barne mugimenduak, barne lehiak ulertzen. Euskal Herriko sozialistek, PSOEkoek, Madrilen itzal handia zuteneko garaiak iragan urruneko kontuak ziruditen. Historia liburuetatik dakigu Indalecio Prieto bilbotarra PSOEko buruzagi nagusi izan zela Espainiako II. Errepublikaren bukaeran eta gerra garaian; Prietoren oinordekoa izateko bidean zen Nicolas Redondo aita, baina Felipe Gonzalez gazteak aurrera hartu zion Suresnesko biltzar historikoan, frankismoa hilzorian zenean; Gonzalezen eta Alfonso Guerraren lidergoaren itzalean hirugarrena izan zen garai batean Txiki Benegas; Gonzalezen eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren arteko trantsizioan bilbotar batek izan zuen aginte makila, Joaquin Almuniak, baina PSEtik kanpo hazia eta hezia zen hura; eta geroztik, aparatu eta afiliazio handiagoa duten lekuetatik sustatutako hautagaiei babesa ematera edo ez ematera mugatu dira PSE-EEko eta PSNko buruak. Orain, bat-batean, Espainiako alderdi sozialistaren lemazaina izateko lehia PSE-EEko bi buruzagiren artekoa izan daitekeela jakin dugu, bi bizkaitarren artekoa.

Aspaldi samar hasi ziren Patxi Lopezi buruzko hotsak. Esaten zizuten, irakurtzen zenuen, baina ez zenuen sinesten. Baina dagoeneko ez dago zalantzarik. Azkenaldian egin dituen adierazpenetan ez du gezurtatu. Dakitenek diote Alfredo Perez Rubalcabaren apustua dela. Lehen lehendakari sozialista izatea lortu izanak puntuak eman dizkio, eta ETAk borroka armatuari adioa bere agintaldian emateak ere bai, iragarpenak Washington eta New York arteko tren batean harrapatu zuen arren.

Eduardo Madinari aspaldi esan omen zion Zapaterok berak behar zuela PSOEren lemazain. Sektore askoren sostengua eta kontrario gutxi, horiexek omen ditu abantaila. Ez dut inon idatzita ikusi, baina Madina ETAren biktima izateak ere izango du zerikusirik honetan guztian. Gerra beteranoek AEBetako hauteskunde lehietan abantaila duten bezala, PPren eta bere inguruko hedabideen aurkako borrokan galoiak edukitzea bezala izan daiteke.

Euskal Herriko frankizietan izango du eraginik, noski, Madrilgoak. Eta ez PSE-EEn bakarrik, PSNk aski erakutsia baitauka Madrildik datozen aholkuei zintzo jarraitzeko joera. Gara egunkariak argitaratu du Madrilen dagoeneko erabaki dutela Nafarroako hurrengo hauteskundeetan lehendakarigai sozialista ez dela Roberto Jimenez izango, Maria Txibite baizik, hain zuzen ere UPNrekiko sintonia errazago berregin ahal izateko. PSNk berak noizbait Barcinaren aurkako zentsura mozioa aurkeztea ez duela baztertzen argitaratu den arren, Rubalcabak Iruñera egin zuen bisitak erakutsi zuen gobernu alternatiba osatzea ez dela gaur egungo PSOEren lehentasun. Izatekotan, biharko PSOErena izan beharko du.

Gure gauzari ere eragin diezaioke PSOEren barne borrokak, batez ere norgehiagoka horretatik ateratzen den liderrak Moncloara iristeko gaitasuna izateak edo ez izateak. PPk ez du bake prozesurik nahi, eta gatazkaren ondorioak usteltzen uztea erabaki bide du. Oihartzun handirik ez zuen izan, baina ETAk azken agirian jakinarazi zuen Zapateroren gobernuak hainbat konpromiso hartu zituela —nazioarteko bitartekarien bidez, ulertzen da; Osloko elkarrizketa gune deseginarekin zerikusia zutenak, suposatzen da— eta ez Zapateroren ez Rajoyren gobernuek ez zituztela konpromiso horiek bete. Hautagai on bat baino zerbait gehiago beharko du PSOEk Rajoy Moncloatik botatzeko, baina, hasteko, hori ere behar du. Eta gureari dagokionez, aukera zapaterozaleen eta rubalcabazaleen artekoa bada, zapaterozaleak nahiago.

2013-04-21

Legea bete, legeari eusteko

«Ez dut ongi ikusten ideologiagatik norbait kartzelan sartzea». Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esana da, egunkari honek atzo argitaratu zuen elkarrizketan. BERRIAk ostiralean aurreratu zuen titularra, Beltran de Herediaren ardurapeko Ertzaintzak Donostiako Bulebarrean sei gazte atxilo eraman zituen egunean, Espainiako auzitegiek hala agindu diotelako, hurrengo sei urteak Espainiako espetxeetan preso egin ditzaten.

Gazte donostiarrak espetxera eraman dituzten ertzainen arduradun politiko nagusiak ere sinatuko luke esaldia. Iñigo Urkullu lehendakariak ez du ongi ikusten ideologiagatik, edo gazte erakunde batean militatzeagatik, inor espetxeratzea. Baina Eusko Jaurlaritzaren menpeko Poliziak zintzo bete du militantzia politikoagatik zigortutakoak espetxeratzeko agindua. Hortxe hasi eta bukatu da, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko egitura autonomikoen esku hartzea. Madrilgo Gorteek ezarritako legerian oinarrituta, Espainiako auzitegiek ezarri dituzte zigorrak eta agindu atxilotzeak, eta, ondoren, legeria hori aldatu nahi lukeen, euskal herritarrak euskal epaitegietan epaitu beharko liratekeela aldarrikatzen duen eta jardun politikoengatik inor zigortzea bidegabetzat duen gobernu autonomiaren menpeko Polizia integralak eskuburdinak jarri dizkiete epai bidegabe horiek jaso dituzten herritarrei. Eta horretara mugatzen da egitura autonomikoen esku hartzea, dagoeneko Espainiako Gobernuko Espetxe zuzendaritzaren eta Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiaren esku baitaude gazteak, EAEko Legebiltzarrak nahiz Gobernuak ere bidegabetzat jotzen duten sakabanaketaren biktima izateko arriskuan.

Inork espero al zuen, dena den, Eusko Jaurlaritzak atxiloketak egiteari uko egitea? Iñigo Urkulluk argi utzi zuen ETB1eko Euskadi Galdezka saioan: Polizia judiziala denez, epaitegien aginduak betearazi behar ditu Ertzaintzak. Arrazoi du. Legearen arabera, epaileen aginduak betearaztea dagokio Ertzaintzari. Ez du, gainera, horretan inoiz hutsik egin. Ezinezkoa da, beraz, legeriak hala agintzen duelako Madrildik datozen erabaki bidegabeei Ertzaintzak muzin egitea?

Hipotesi ezinezkoei buruz jardutea litzateke, orain ez hainbeste, Herrizaingo sailburua Batasunekoa balitz zer gertatuko litzatekeen galdetzen hastea. Baina, gaur egun, ez da hain erokeria. EH Bilduk hauteskundeak irabazi eta Laura Mintegi Ajuria Enera eramanez gero, Ertzaintzaz arduratuko litzatekeen sailburua zein izango litzatekeen zehaztera ere iritsi zen. Alegia, zer gerta zitekeen aste honetan Bulebarrean (eta ondoren), demagun, lehendakaria Mintegi eta sailburua Julen Arzuaga balira? Gobernuaren eta sailburuaren borondateaz gain beste hamaika faktore leudeke jokoan, noski, baina hipotesi horretan pentsaezina litzateke joan den ostiralean gertatua gertatzea. Ondorio politikoak ez lirateke txantxetakoak izango. Atxilotze agindua, hasteko, Espainiako Poliziari edo Guardia Zibilari iritsiko litzaieke. Eta, garrantzitsuena, itun autonomikoaren joko arauak hautsita leudeke biharamunean.

Horra gakoa. Madrildik epai bidegabeak datozenean, EAEko instituzioen aukera bakarra ez da aginduak otzan betetzea. Uko egiteko, ordea, konfrontazio politikorako borondatea eta estrategia beharko lirateke, eta egonkortasun instituzionala arriskuan jartzeko prest egon. Eta gaur egungo EAJk zerbait auzitan jarriko ez badu, horixe da.

:: Hurrengo orrialdea >>

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

| Hurrengoak >

Iraila 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!