Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Mezua: Errezeloz, ilusioz

2010-09-14

Errezeloz, ilusioz

Irailak 5a
Atzeraezintasuna

ETAren adierazpenak ilusioa piztu du, baina inor gutxi ase du: ez ditu ase noski errendizioa beste biderik ez duela diotenak, ezta prozesu berri bat bultzatzen ari diren eragileak, baina ezta ezker abertzaleko gidaritza politikoa ere.

ETAren konpromiso argiagoa eta zehatzagoa behar dute konponbide prozesua eraiki nahian ari direnek. Barajasko prezioa da, neurri handi batean. Su-etena indarrean zen bitartean atentatua egin zuenez geroztik, sinesgarritasun arazo larria du ETAk. Horregatik behar du su-etenak nolabaiteko plus bat, nazioarteko batzorde batek egiaztatu ahal izate hori, Bruselako Adierazpenean proposatu bezala. Eta ezker abertzalean jabetuta daude horretaz.

Baina ETAk ezer gutxi zehaztu du. Duela hilabete batzuk atentaturik ez egitea erabaki zuela esanez, praktikan su-etenean dela jakinarazi du, baina su-eten hitza aipatu gabe eta, beraz, Bruselako Adierazpenaren bidez eskatutako su-eten egiaztagarri horretara iritsi gabe.

Baina gabezia horrek ez dio, noski, adierazpenari garrantzirik kentzen. Ez da beste su-eten bat, besterik gabe. Inoiz gertatu gabea da: ETAk, alde bakartasunetik, atentaturik gabeko aldia zabaltzea erabaki du, zergatik eta ezker abertzaleko oinarriek eztabaida prozesu batean erabaki zutelako borroka armatuaren garaia joan dela. Ezker abertzaleko bozeramaile politikoek esan duten bezala ETAren erabaki honek atzerabiderik ez badu, urrats historiko baten aurrean gaude, jokaleku politikoa irauli dezakeen erabaki baten aurrean.

Baina hortxe dago gako nagusia. Baldintzarik gabea eta atzerabiderik gabea da benetan? Okertzeko arrisku handirik gabe esan dezakegu ezker abertzalean gidaritza politikoa dutenen apustua irmoa dela, honez gero atzera ez dutela egingo: Loiolako prozesuaren porrotaren ondoren herriz herri egindako eztabaida prozesuak, Altsasuko adierazpenak, Zutik Euskal Herria agiriak, Bruselako Adierazpenarekin bat egiteak eta EArekin egindako aliantzak adierazten dute bide politiko eta baketsuen apustua behin betikoa dela. Kontua da ezker abertzalea osatzen duten eragile guztietan konbentzimendu bera ote duten eta, batez ere, ETAn iritzi nagusia zein den. Duela hilabete batzuk de facto su-etena abiatu izanak adierazten du Zutik Euskal Herria agiriak markatutako bidea ez oztopatzeko erabakia hartua duela oraingoz, baina igandeko agiriaren zehaztasun falta eta Bruselako Adierazpeneko eskaerei oraindik erantzun ez izanak zalantzak sortzen ditu erabaki horren irmotasunaz. Gerry Adamsek aspaldi esan zuenak zentzu osoa du gaur egun: negoziaziorik gogorrenak norbere etxekoen artekoak izan ohi dira.

Loiolako prozesua bukatu zen bezala bukatu zenez geroztik, etxeko lan batzuk bakarrik egin beharra zeuzkan ezker abertzaleak, eta egin ere egin ditu, Altsasuko proposamena plazaratu zutenetik egindako bideak erakusten duenez. Baina etxeko lanak ez ditu ezker abertzaleak bakarrik egin behar, agintean diren eragileek hori ulertarazi nahi badute ere.

Epe motzera gerri politikorik gabe jokatzeko asmoa dutela erakutsi dute Espainiako Gobernuak, PSOEk, Eusko Jaurlaritzak eta PSE-EEk. Batasuna zenak beti eskatu izan zaiona egin du, mugimenduaren gidaritza hartu eta bitarteko politiko hutsak baliatzera eraman alegia, eta hemen ezer gertatu ez balitz bezala mintzatzen ari dira; ETAk pauso historikoa eman du, eta ezer ez dela aldatu esan dute. Eta EAJko zuzendaritzak ere, lehen unean, diskurtso gogorrenaren aukera egin du, PSOE bere jarrera zurrunean babestua sentitzeko moduan betiere.

Loiolako prozesuaren garaian askotan esan zuen Rodriguez Zapaterok prozesua luzea, gogorra eta zaila izango zela. Eta lehenengo erreakzioek erakusten dute, oraingoan bai, bidea gogorra eta zaila izan dadin saiatuko direla aginteak direnak, batez ere ezker abertzalearentzat eta ezker abertzalearen bidelagun izateko prest dauden guztientzat gogorra eta zaila izan dadin; eta prozesua, izatekotan, oso luzea izan daitekeela.

Ez dela ezer aldatu diote, eta igandeko agiriaren aurretik legez kanpo zeudenak ondoren ere legez kanpo jarraituko dutela. Adierazi EHren deialdiarekin jokatu duten moduak erakusten du oso urrutira iristeko prest daudela estrategia saboteatzaile horretan, borroka armatuari eutsi nahi lioketenei argudioak emateraino estutzeko prest daudela, sortzen ari diren baldintza berrietan indartu daitekeen mugimenduak kezka handiagoa eragiten dietelako, nonbait, ETAren itzulerak baino.

Baina gerta liteke, gertatu beharko luke, denborarekin sozialisten diskurtso zurrun horrek errentagarria izateari uztea eta, borroka armatuaren alboratzea atzerabiderik gabea dela egiaztatzen den neurrian, adibidez, legez kanporatzearen estrategia defenditzen jarraitzea arazo bihurtzea. A planarekin ari dira oraindik, baina iritsi beharko du Rodriguez Zapaterok aipatutako B edo C plan horien garaiak ere.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Xake [Bisitaria]

Ez omen da asetuta geratu "ezta ezker abertzaleko gidaritza politikoa ere"...nondik ateratzen dituzu baieztapen hauek???
Gezur borobil hori leku askotan errepikatzen dute eta horrek badirudi egi bihurtu duela.
Permalink-a 2010-09-14 @ 11:34
Bidaltzailea: ui [Bisitaria]
atxoko atxiloketekin eta gaurko torturekin ari da ematen erantzuna psoe hauek frankok baino tortura handiagoak egin dizkiote atxiloei lasa zabala adibidez, orduan edo hauei geratzeko tresna asmatzen dugu edo gureak egin duGc 30000 torturatu ditu azken 30 urtetan berriro gaurko atxiloei egiten ariko zaiena pnv isiltasun konplizearekin
Permalink-a 2010-09-14 @ 11:47
Bidaltzailea: ui [Bisitaria]
psoek ezgaituzte errespetatu nahi baizik menderatu hori da hauen estrategia eguneroko egitea indeependentisten torturatze eta kartzelatzea akuzazio faltsuekin, len udalbiltza gerosegi orain ekinekonak edzein EH tar mehatxatua dute torturatu eta kartzelatzeko
Permalink-a 2010-09-14 @ 11:51
Bidaltzailea: Imanol Murua Uria [Kidea]
Kaixo Xake. Ezin dizut argitu zehatz-mehatz nondik atera dudan baieztapen hori, baina esan diezazuket ez dudala hori idatzi han edo hemen irakurritakotik, eta ez dela nire burutazio hutsa. Zuzenean kontrastatutako baieztapena da, nire ustez leku egokian kontrastatutakoa.
Permalink-a 2010-09-14 @ 12:40
Bidaltzailea: kronstad [Bisitaria]
Kaixo Imanol,
askotan bezala, arras ona iduritzen zait zure analisia !
Zati bat nabarmentzekotan,
"...oso urrutira iristeko prest daudela estrategia saboteatzaile horretan, borroka armatuari eutsi nahi lioketenei argudioak emateraino estutzeko prest daudela, sortzen ari diren baldintza berrietan indartu daitekeen mugimenduak kezka handiagoa eragiten dietelako, nonbait, ETAren itzulerak baino."...

Arrazoia daukazu !
Ez dezagun ahantz sueten garaietan, beti horrela jokatu dutela errepresioaren aldekoek: errepresioa areagotu, ezker abertzaleko batzuei pazientzia agortzeko helburuarekin, borroka armatua berriz pitz dadin.
Oraingoan ez gaitezeela tranpan eror !
Luzea izanen da, baina pazientzia atxiki behar dugu, indarrak metatu, eta bakezko bideetan egon !!!
Bai aliantziak egitea erraztuko baitu, bai eta errepresioaren aldeko diskurtsoa desaktibatuko baitu, azkenean.
Hau da bide bakarra !

Permalink-a 2010-09-14 @ 14:49
Bidaltzailea: asier bilbao [Bisitaria]
Borroka armatuaaren garaia pasatu bada eta historiara pasarazi nahi badugu garai hura lan egin behar da. Eker abertzaleak, Pnvk zein Psoek egin beharko dute. Lan egiten ez bada eta halako gertaerak ,debekuak,atxiloketak,ilegalizazioak, gertatzen jarraitzen badira ni ziur nago Ezker abertzaletik aterako den konklusioa oraindik pasarte hau atzera usteko unea ez dela heldu ateratzea izango da.Ni Bizkaian bizi naiz eta militantzia Ezker abertzalean daukat eta lehenengo egun hauetan entzuten dena..................eta ez bakarrik tabernetan.
Permalink-a 2010-09-14 @ 15:01
Bidaltzailea: kronstad [Bisitaria]
Benetan uste duzue :
"...halako gertaerak ,debekuak,atxiloketak,ilegalizazioak,.." horrela desagertuko direla ?
Ba ez !
Jarraitu dute, eta areagotuko dituzte !

Zergatik ? Borroka armatua NAHI dutelako ! Borroka armatuarekin EROSO direlako ! Borroka armatuak MESEDE egiten dielako ! Eta horrela segitu nahi lukete ahal bezain luzaz !

Borroka armaturik gabe, akabo Grande Marlaska !

Orduan Grande marlaskak toreatzailea bezala jokatzen du :
zapi gorria (errepresioa) zezenaren (ETA) aurrean astindu, eta zezena tranpan erortzen deno, toreatzailea irabazle !
Permalink-a 2010-09-14 @ 15:15
Bidaltzailea: Ion [Bisitaria]
Kaixo Imanol!
ETA-ren azken erabakiaren aurrean eta bake prozesua zapuzteko asmoz,estatuaren aldetik
Batasunak ordezkatzen duen ezker abertzalearen erakunde ezberdinen aurkako errepresioa areagotzen bada, ETAren barnean zatiketarako arriskurik egon daitekeela uste duzu?Batzuek borroka armatuarekin jarraitu eta beste batzuk nolabaiteko bake prozesu batera heldu? Irlandan benetako IRA eta IRA historikoaren moduan?
Espetxeetan dauden preso politiko esanguratsu batzuk nahiko kritiko azaldu dira azken urteotan erakunde armatuarekin,Venezuelako kolektiboak ETAren azken erabakia goraipatu du (nolabait oztopo guztien gainetik publikoki bidea hori izan behar duela erakundeari esan nahiean edo?!)
Zure irirtzia jakin nahiko nuke,eskerrik asko.

Permalink-a 2010-09-14 @ 22:35
Bidaltzailea: Eragin [Bisitaria]
Estatuak estrategia eraginkor bati dio beldurra. Izan bat edo beste estrategia eraginkor bat mahai gainean ipintzen denean estatuak beldurra eta izua sentitzen du. Borroka molde eta borroka garai bakoitzak bere berkokapena eskatzen du, hausnarketa etengabea. Ezker abertzalearen aurka erasoek jarraituko dute, ala bide berarekin bat egiten dutenen aurkakoak sor daitezke, eta nik hor dut nire beldurra, Aralar eta EA alderdiak gai izango ote dira estatuak beraien aurka egin ditzakeen erasoei aurre egin eta bidean indartsu jarraitzeko?

Borroka molde berri honetan jarraitzeko herritarron inplikazio aktiboa beharrezkoa izango da eta hori moztu nahi du estatuak. Zer egin galdetzen duenak, etxetik atera eta jeitsi kalera inplikatu borrokan eta bizi bizitza erreala.
Permalink-a 2010-09-15 @ 08:57
Bidaltzailea: asier bilbao [Bisitaria]
Uste dut EAk Zein Aralarrek ezin izango diotela iñolaz ere aurre egin estatuari , ez haiak bakarrik behintzat, baina estatuak ere ezin izango du euren kontra gauza haundirik egin ere ezin baitu 3 alderdi politiko ezberdi ilegalizatu , atxilotu eta torturatu.Ez behintzat Eajk gutxienez minimo batzuk defendatzeko prest badago.
Hortik zer gerta daiteke? Ba gerta daiteken bakarra; "Nafarroa bai" antzeko inbento bat sortu euskaldun abertzaleloa han batzeko.Frente de salvacion nacional bat antzekoa.
Permalink-a 2010-09-15 @ 14:51
Bidaltzailea: asier bilbao [Bisitaria]
15 egun barru deituko den manifestazioa berriro debekatzen ba dute zer egin daiteke? Orain arte dena ondo zihoan,sukaldeko lana, elkarrizketak,bilerak, apustuak, elkarlanerako akordioak, dena zarata atera gabe baina ondo egina. Askok esan zuten ETAren agiriak ez zuela jendea "ilusionatu"... jakina itsuak!!! Ez zen horretarako, kontrakorako baizik, pausu xume eta ixil bat eta gero beste bat inurriak bezala. Orain aurrera jarraitzeko aukera inoiz baino argiago ari da gelditzen eta errepresioaren eta itsutasunaren gainetik aterako gara. Batzuk urduri jartzen badira ere
Permalink-a 2010-09-16 @ 14:56

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Uztaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!