Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Atala: 18/98 epaiketa

2007-03-08

Sindromea

Zer ondo abokatua! Bai zorrotz! A ze lana egiten ari diren! Komentario horiek izan dira nagusi 18/98 auziko epaiketa aretoan, defentsako abokatuak argudioari argudio aritu direnean. Asteak aurrera egin ahala, beste komentario bat gaineratu zaie aurrekoei: Bai luze! Astelehen goizean hasi ziren, goiz eta arratsalde aritu dira egunero, eta dagoeneko argi dago ostiral arratsaldean ez dutela bukatuko. Lehengo eguneko kronikaren tituluan ere ez nuen asmatu: ez zen azken astelehena.

Baina, abokatuen hitzaldi garizuma baino luzeagoak gorabehera, satisfakzioa da nagusi auzipetuen artean egunotan. Lana zorrotz egiten ari direla abokatuak, alegia. Argudiorik gabe uzten ari direla fiskala. Xehetasunik txikiena kontuan hartuta, akusazioa txiki-txiki eginda utzi dutela. Epaile inpartzialik balego, etxera lasai joan ahal izango luketela. Irabazita legokeela.

Epaiketa bukaeratan ohikoa omen da aldarte hau, eta izena ere baduela kontatu zuen batek, auzi-saioetako atsedenaldi batean: “Ostiaren aurreko sindromea”. Gazteleraz esan zuen: “El sindrome prehostia”.

2007-02-07

Permalink 18/98 epaiketa, 122 hitz  

Gora jaitsi

Lagunartean behin baino gehiagotan atera izan dugu eztabaida semantikoa: behera igo al daiteke? posible al da gora jaistea? Oraindik kitatu gabeko eztabaida honekin akordatu naiz, 18/98 auzian fiskalak egindako eskaerari buruzko albisteari hedabide gehienek zer titulu eman dioten ikusi dudanean: guk ez bezala, zigor eskaerak erdira jaitsi egin dituela nabarmendu dute ia denek.

Egia berdaderoa da, behin-behineko eskaeren konparazioan, atzo proposatutako zigorrak txikiagoak direla, jaitsi egin dituela fiskalak zigor eskaerak. Baina Joxemi Zumalabe Fundazioko aktibista arriskutsuek 7 urte giltzapean egin dezatela eskatzea, ezker abertzaleko egitura politikoetako militante politikoek (Xaki, Ekin) itzalean 9 urte pasa ditzatela proposatzea eta egunkari bateko enpresa argitaratzailean arduradun edo laguntzaile izan zirenentzat 11, 13 eta 19 urteko kartzelaldiak eskatzea zigorrak jaistea baldin bada (eta hala da), hori ez al da gora, oso gora, jaistea?

2006-06-13

Prentsa aretoko mikroklima (II)

Hiru hilabete neraman Casa de Campoko epaiketa aretora agertu gabe eta, aste honetan arratsalde batez han izan naizenean, erdi hutsik topatu dut prentsa aretoa, garai batean ez bezala. Ez naiz harritu noski, gu geu ere gehienbat telefonoz jarraitzen ari baikara auzia aspaldian, noizbehinka joanez. Espainiako hedabide nagusiek aspaldi utzi zioten epaiketa jarraitzeari, nahiz eta tarte batean agentzien bidez zertxobait argitaratzen jarraitu zuten. Baina Colpisa agentziakoak alde egin zuenean, Vocentoko 13 egunkari erregionalek alde egitea bezala izan zen. Eta Efe-ko eta Europa Press-eko kazetariek Casa de Campora joateari utzi ziotenean, Espainiako komunikabide guztiek hanka egitea bezala.

Baina prentsa aretoa ez dago hutsik. Epaiketa bukaeran omenaldia egiteko moduko lana egiten ari da Gara-ko Iker Bizkarguenaga. Auzipetuak bezala, egunero-egunero epaiketa aretoan da, xehetasun aspergarrienak ere jarraitzen. Iratxe Etxebarria ere gehienetan han izaten da, Euskadi Irratirako eta Radio Euskadirako, EITBko hedabideek Auzitegi Nazionaleko auziei egiten dieten segimendu onaren lekuko. Pepe Uruñuelaren babes taldekoak ere ia egunero izaten dira, bi lagun txandaka, epaiketa arretaz jarraitzen.

Kito? Ez. Iker bezala inoiz hutsik egin ez duenik ere bada. Dignidad y Justiciako neska bat, gehienetan beste biren laguntzarekin. Hura ere zorrotz ari da epaiketa jarraitzen. Webguneak arrastoren bat ematen digu, egiten ari diren lanaren nolakoaz. Eta paisaia osatzeko, dozena erdi polizia. Hiruzpalau, segurtasun kontuetarako. Baina pare bat, apunteak hartu eta hartu. Zein ote diren galdetu dut, eta UCIkoak omen, Informazio Unitate Zentralekoak, euskal auziari buruzko polizi adituak. Baina hauek ez daukate webgunerik.

2006-03-09

Laino beltza buru gainean

Bi hilabete eta erdi baziren joan ez nintzela baina, aste honetan Auzitegi Nazionaleko aretora itzuli nintzenean, utzitako puntu berean topatu dut epaiketa: Xabier Alegria deklaratzeko zorian. Dena berdin? Ez. Orain laino beltz bat ikusi dut, nabarmen, Angela Murilloren buru gainean. Beste begi batzuekin jarraitzen dugu 18/98 epaiketa De Rerum Natura-ren irakurleok.

Lainoa ez da, ordea, beti hain beltz izan. Astelehenean, Alegria Guardia Zibilaren esku zer tratu jasan zuen kontatzen ari zenean, Murillok adi-adi jarraitu zuen kontakizuna, eta xehetasun guztiak ematen utzi zion. Ez da iazkoa. Gero, kazetarien artean, albistea ez zen Alegriak zer azaldu zuen, Murillok "nahi zuen guztia" kontatzen utzi ziola baizik. "Le podía haber cortado", baten batek.

Lainoa beltz-beltz agertu zen asteartean, baina beste buru baten gainean: Enrique Molina. Alegriak ETAri bidali omen zizkion Orain-eko aktak aurkitu ez zituztela eta, epaimahaiburuak "agiriak ez daude" esatea lortu zuen Zuluetak (eta beraz, aktan jasotzea). Horren garrantziaz berehala jabetu zen Molina, eta gogorra bota zion Murillori: hori esatea, ez daudela esatea, "afirmacion gratuita" zela. 1-0, defentsaren alde. Eta arratsaldean, Xabier Arregi auzipetuari bere etxeko ordenagailutik hartutako artxiboen agiriak ez zituela aurkitu esan zuenean idazkariak, tximistak ere ikusi ziren Molinaren buru gainean: "Ba nik ikusi ditut", altxa, eta idazkariari auzitegiko sotoraino lagundu zion, laino beltza beti berekin, baina alferrik. 2-0.

Asteazkenean eguraldi hobea egin zuen. Etxe honetako zuzendariak baino azkarrago hitz egiten duenik badela deskubritu genuen, Txema Matanzasen deklarazio mamitsuan. Radio Euskadikoak informatiborako grabazio zatiak bidali zituenean, teknikoen deia: "Grabazioak gaizki daude, reboluzionatuta; hau ezin da emititu". Egia berdaderoa! Lanak izan zituen kazetariak teknikoak konbentzitzen, Matanzasek horrela hitz egiten duela sinestarazten!

(Zaldi Eroaren baimenarekin...)

2005-12-21

Ibarretxe karreristaren managerra

(Karlos Trenor atzo arratsaldean azken orduan Joxemi Zumalabe Fundazioari buruzko mamian uste baino gehiago sartu zenez, azalpenei merezi zuten lekua egiteko zakarrontzira bota behar izan nuen ordurako idatzia eta bidalia nuen kronika, Gorostiagaren deklarazioari buruzkoa. Hona blogaren beste funtzio bat: azken ordukoei lekua egitearren argia ikusi gabe gelditzen diren artikuluei lekua egitea)

Auzipetua abokatu izan zen goizean, eta abokatua auzipetu, arratsaldean. Carlos Trenorrek toga jantzita jarraitu du epaiketa orain arte, gainerako abokatuen aldamenean, eta atzo defentsa lanak ere egin zituen, Pablo Gorostiaga bezero baitu. Arratsaldean, baina, bera izan zen galdekatua; abokatuen mahaitik erantzun zien Joxe Mari Elosua lankideak aldamenetik egindako galderei.

Bitxia ere izan zen une batzuetan Trenorrek Gorostiagari egin zion itaunketa, bere buruari buruzko galderak ere egin baitzizkion bezeroari. Izan ere, Trenor Ardatzako Administrazio Kontseiluko presidentea izan zen, eta Gorostiaga presidenteorde, Trenorrek kargua utzi zuenean lehendakari kargua hartu zuen arte. Ardura horietako izena eman besterik ez zuela egin adierazi zuen Gorostiagak, funtzio errealik ez zuela betetzen Ardatzaren barruan.

Trenor.- Ardatzako bileraren batean parte hartu zenuen?
Gorostiaga.- Ez.
T.- Administrazio Kontseiluan ere ez?
G.- Ez.
T.- Baina zu presidenteorde agertzen zinen Ardatzan. Eta nik dimititu nuenetik, presidente.
G.- Hala da. Baina jakin ere ez nekien. Ez nuen parte hartzen.

Ardatzako Administrazio Kontseiluan ageri diren gainerako auzipetuak lehendik ezagutzen ote dituen galdetu zion gero: ez Intxauspe, ez Aranguren, ez Mendiburu, ez Manu Aranburu ez zituela ezagutzen erantzun zuen; Joxean Etxeberria bistaz ezaguna zuela, Oiartzunen zinegotzi izan zelako.

T.- Eta Karlos Trenor, ni neroni, ezagutzen duzu?
G.- Ez.
T.- Non ezagutu nauzu?
G.- Alcalan. Kartzelan sartu gintuztenean.

Ardatzako Administrazio Kontseiluan sartu bazen, herriko eta politikagintzako lanagatik ezaguna zenez, Isidro Murgak bertan izena emateko proposatu ziolako sartu zela azaldu zuen. Gorostiagak azaldu zuenez, herrian kultur, gizarte eta kirol ekimentan parte hartzetik pasa zen gero politikagintzari. Adibide moduan, besteak beste, Laudioko txirrindulari gazteen manager izan zela kontatu zuen, eta Juan Jose Ibarretxe txirrindularia ere izan zuela taldean. Ez zen hor bukatu bien arteko harremana. Lehia politikoan egin zuten topo, gero.

T.- Zure diszipulu Ibarretxerekin lehiatzera heldu zinen?
G.- Bai. 1987. urtean. HBtik aurkeztu ginenean. Orduan joan zen Batzar Nagusietara. Alkatetzarako aurkeztu zen baina irabazi egin genion.
T.- Zuk irabazi zenuen.
G.- Zerrenburua nintzen. Orduan berak beste karrera politikoa hasi zuen, Batzar Nagusietan.

Hiru legealditan Laudioko alkate eta lau legealditan HBko parlamentario izan zela azaldu zuen Gorostiagak, abokatuari erantzunez. Akusazioen araberako KASeko kide izan zelako sartu zenez Ardantzan, inoiz KASekoa ez zela izan ziurtatu zuen: “Beti izan naiz batasun herritarrekoa, Herri Batasunekoa. Herritik nator, eta herrian egon naiz”.

:: Hurrengo orrialdea >>

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!