Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Atala: alderdi politikoak

2007-09-16

Egibarri begira

Batek baino gehiagok esan du eta, batez ere, hedabide batek baino gehiagok haizatu du: orain, Joseba Egibarrek erretiratu egin beharko luke. Eta hari begira jarri dira begi guztiak, barne hauteskundeetan aurkeztuko den, edo ez den, noiz jakinaraziko. Mezua argia da: aurrez aurre diren ildoetako bateko buruzagia erretiratu egin bada liskarra saihesteko, beste sektoreko buruzagia ere erretira dadila, erdibideak irabaz dezan, bi ildoak batuko dituen presidentearekin. Argudio horretan, Egibarrek erretiratu egin beharko luke, eta Urkullu erdibidea da, bi ildoak konforme jarriko dituen presidentea, alegia.

Egin lau urte atzera, eta begiratu prentsa. Barne prozesuaren nondik norakoak artean argi ez zeudenean eta Josu Jon Imazen hautagaitzari buruzko lehen berriak plazaratu zirenean, adostasunaren presidentegaia zela argitaratu zuten hainbatek, Joseba Egibarren eta Iñigo Urkulluren arteko lehia eragozteko erdibidea: gipuzkoar bat, BBBk babestuta. Hemerotekan dago.

Lau urte geroago, erdibiderik ez dago EAJn. Bi aldeetan onartzen ari dira, dena den, Imaz alde batera gelditu ondoren adostasuna lortzeko aukera handiagoa dela. Estrategia berean zeuden Imaz eta Urkullu; izan ere, Urkullu izan zen Imazen hautagaitzaren babesle nagusietakoa, baina lau urteotan bataren eta bestearen jokabidean izan dira aldeak. Hala nola EBBko lehendakariak piztutako zenbait su itzaltzen aritu da batzuetan BBBko lehendakaria, haren adierazpenei ñabardurak jarriz -azkenaldian adibidez, herri galdeketaren garrantzia azpimarratuz, normalizazio politikorako giltzarria dela baieztatuz, Imazek iritzi artikulu batean bestelako mezua eman ondoren-.

Baina duela lau urte Imaz bultzatu zuen ildoaren hautagaia da Urkullu, eta, horregatik, Imazek erretiroa hartuko duela iragarri izanak nekez eragingo du, besterik gabe, Egibarrek ere erretiroa hartzea, Imazekin zituen desadostasun estrategikoen parekoak izan baititzake Urkullurekin.

Liskarra saihesteko negoziazioak ez dira hasi Imazen erabakiaren ondoren edo ondorioz, lehenago baizik, eta negoziaziogai bakarra ez zen Imaz. Eta pentsatzekoa da orain negoziazio horien emaitzaren arabera erabakiko duela Egibarrek Urkulluri lehia egin edo ez egin, Urkullu ez baitago erdian, duela lau urte Imaz erdian ez zegoen bezala.

2007-09-14

Permalink alderdi politikoak, 323 hitz  

Urkulluri kanpaina

Nik ere susmoa daukat EBBko hurrengo presidentea Iñigo Urkullu izango dela, baina azkarregi da bera izango dela ziurtatzeko. Ziur dakiguna da, bera izan dadin kanpaina itzela egiten ari direla batzuk, eta horien artean Deia ere badagoenez, duela lau urte Imaz babestu zutenek orain Urkullu proposatzen dutela. Zuzendaritza osoari buruzko akordioa lortu behar, ordea, beste aldeak ere Urkullurekin etsitzeko.

Bi bitxikeria, Urkulluren aldeko kanpainatik hartuak. Bata, Iñaki Anasagastik emandako argudioa: Urkulluren izenik aipatu ere egin gabe, presidenteak bizkaitarra izan behar duela defenditzen ari da. Bestea, Urkulluri Deia-n egin dioten orri osoko soslaia.

Gaiztoa izango naiz, eta pasarte batzuk ekarriko ditut.

(...) También despunta con el txistu. Sus amigos dicen que su nivel es tan alto que podría ofrecer conciertos.
(...)
Siempre ha sido una persona inquieta, con vocación de servicio. Quizá por eso ingresó en el seminario. Los curas quisieron ficharle pero él no lo tuvo claro.
(...)
Por cierto, aseguran que tenía loquitas a todas las egitxus, aunque, añaden, que no aprovechó la situación -también le echó el ojo, para cachondeo de sus compañeros de partido, un miembro de una asociación gay que visitó el Parlamento-.
(...)
Nunca se le han caído los anillos por ayudar en casa. "Mientras Lucía vestía y daba de desayunar a los críos, él hacía las camas. Seguro que todavía lo hace", valora un amigo.
(...)
El actual portavoz del EBB forma parte de una generación de abertzales (...) que entendió la política y el PNV como un sacerdocio, como lo más importante que ofrecía la vida. EGI y el batzoki eran la segunda casa de todos ellos.
(...)
Lo primero es el partido. Lo segundo, también.
(...)
El líder vizcaino es el ejemplo perfecto del poder en la sombra. Sin ostentación. Sin estridencias. Sin ruido. Sin altisonancias. Y con efectividad.(...)

Soslaiaren izenburua: Partido, partido y partido.

Horrelako lagunak edukita, zertarako etsaiak...

2007-09-13

Txaloak eta txistuak

Orain hobeto ulertzen dira Josu Jon Imazek joan den abuztuaren 31n, Zarautzen, hitzaldi bukaeran esandako hitzak. Euskaraz egin zuen, bertsolaritza zuten erreferentzia eta, horrelakoetan ohi bezala, oihartzun handirik ez zuten izan. Baina argigarriak ziren.

Pentsatzen duena garbi esan ohi duela adierazi zuen Imazek, baita EBBko buruzagitzan egon denean ere, eta hala jokatzen duenak txaloak bezala txistuak ere entzun behar izaten dituela. Xalbadorren bertsoak ekarri zituen gogora, 1967an Anoetako finaleko entzuleek txistu egin ziotenekoak: «Txistu egin didazue, baina maite zaituztet oraindik. Gora Euskadi Askatuta!». Imazek EBBko presidente gisa afiliatu jeltzaleei zuzendutako azken hitzak dira. Txistu egin didazue...

Ordurako, Imazek argitaratua zuen bere testamentu politikoaren atal nagusietako bat: Ez inposatu ez eragotzi iritzi artikulua. Idatzi hartan ez zuen erabakitzeko eskubideaz hitz egin, autogobernuan sakontzeaz baizik; ez zen alderdi guztien arteko akordioaz aritu, «indarkeria arbuiatzen dutenen» artekoaz baizik; akordio hori lortzea baldintzatzat zuen, gero erreferenduma egin ahal izateko, eta berariaz arbuiatu zuen akordiorik gabe galdeketa egitea, besteak beste ETAri argudioak ematea litzatekeelako. Orain ikusi da egia zela biharamunean irratian esan zuena: artikulu hura bere kabuz idatzi zuela.

Ezin jakin artikulu hura Imazen gainbeheraren ondorioa zen, edo iturburua. Alegia: ordura arte babestu zutenen sostengua galdu zuelako erabaki ote zuen horren garbi hitz egitea, Ibarretxeren estrategia auzitan jartzen ari zela pentsarazteraino; edo horren garbi hitz egin zuelako galdu duen, behin-betiko, ordurako zalantzan bide zeudenen babesa.

Gertatu denaren irakurketa, jakina, ez dago azken hilabeteotara mugatzerik. Imazen eta Egibarren arteko lehia ez zen duela lau urte bukatu. Enfrentamendua, izatekotan, gaiztotu egin da Imazen agintaldian. Desadostasunak, gainera, ez dira duela lau urte nabarmendutako bi ildoen artekora mugatu: denboraren poderioz, begibistakoak egin dira Imazen eta Ibarretxeren diskurtsoen eta estrategien arteko aldeak.

Imazek Zarautzen aitortu zuena egin du: pentsatzen duena esan. Eta pentsatzen duena pentsatuta, garbi hitz eginda ezinezkoa zen EAJko sentsibilitateen artean oreka egitea. Eta Madrildik egin dizkioten txalo etengabeek ez diote batere lagundu: Rodriguez Zapaterok, Felipe Gonzalezek, PSE-EEko burukideek, abertzaletasunaren aurkako ildo editorial nabarmena duten egunkari gehienek... Imaz zintzoaren eta Ibarretxe gaiztoaren irudia zabaldu dute lau urteotan. Imazen erabakiak Madrilen eragin dituen erreakzioak ere ondo esanguratsuak dira.

Duela lau urte Imaz EBBko buruzagitzara eraman zuten berberek, nonbait, erdibidea bilatzeko garaia dela erabaki dute. Ondorio batera iritsi bide dira: hain garbi hitz egiteagatik alderdi barruan ere txistuak entzuten dituena, Madrildik halako txalo beroak jasotzen dituena, ez da alderdi zatituaren zauriak sendatzeko hautagairik egokiena.

Kontua ez da sektore soberanistak irabazi duela. EBBko hurrengo lehendakaria ez da Egibar izango, ustekabe handirik ezean. Duela lau urte Egibarri babesa eman ziotenek dagoeneko kalkulatua dute barne bozak irabazteko aukera handirik ez dutela: EAJren hauteskunde sistema berezian, Bizkaian eta Nafarroan nagusitzea aski da EBBko buru izateko eta EBBn gehiengoa izateko, eta duela lau urte Imazen alde egin zutenek nekez galduko dute bi herrialde horietan. Negoziazioa zen Egibarren ildokoen bide eraginkorrena; are gehiago orain, Imazek erretiroa hartuko duela jakinda.

Alde batean edo bestean lerrokatu gabeko burukiderik ez omen dago EAJn, EBBko lehendakaritza hartzeko modukorik. Eta kalkuluak eginda daudenez, pentsatzekoa da duela lau urte irabazi zuen sektorekoa izango dela hurrengo EBBko burua ere, EBBn talde orekatua osatuz gero presidentegai berria sostengatzeko eragozpenik ez dutela izango Egibarren ildokoek eta, batez ere, Ibarretxeren lidergoa eta estrategia auzitan jarriko ez duen buruzagitza osatuko dutela, hitzartu berri duten ponentzia ardatz hartuta.

2007-09-12

Permalink alderdi politikoak, 100 hitz  

Imaz, nekez

Harritu egin nau Alberto Surio Diario Vasco-ko kazetari finak EAJren ponentziari buruz egin duen interpretazioak. Ponentzia hau hitzartu ondoren Imazek adostasunezko hautagaia izatea errazago duela?

Oso bestelako irakurketa egiten dut, oraingoz boteprontoan. Ponentzia hitzartua gainetik irakurrita, norbaiten tesiak bigarren mailan gelditu badira Imazenak gelditu direla iruditu zait. Pasarte batzuk oso bereak badira ere, funtsezko auzian (erabakitzeko eskubidea, galdeketa) Ibarretxeren eta Egibarren bidea nagusitu dela ematen baitu, Imazen uztaileko iritzi artikuluko kezkak lekuz kanpo gelditu balira bezala.

Ponentzia honen inguruko akordioa lortu ondoren askoz errazago ikusten dut, adibidez, adostasuna Iñigo Urkullu baten inguruan lortzea, Josu Jon Imazen inguruan lortzea baino.

2007-03-14

Permalink alderdi politikoak, 54 hitz  

Hitzak bukatu

Slogan politikoak errepikatzearena ez da kontu berria. Batzuetan badirudi hitzak agortu egiten zaizkiela alderdietako propagandistei, eta beste noizbait beste norbaitek erabilitako leloak hartzera ailegatzen direla.

PSOEren Madrilgo alkategaiari gertatu berri zaio...

... eta orain Batasuna harrapatu dugu...

... Aralarrek aspaldi atera zuen slogana erabiltzen.

Atzo emandako prentsaurrekokoa da Batasunaren irudia, eta webgunetik gaur bertan hartua Aralarrena.

:: Hurrengo orrialdea >>

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!