Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Atala: hauteskundeak

2007-11-08

Permalink hauteskundeak, 42 hitz  

M-9

Ez dugu lan makala izango, hemengo prentsa nazionalean, datorren urteko martxoaren 9ko gauean. Espero bezala Zapaterok Espainiako boz nagusiak egun horretan deitzen baditu, euskal herritar guztiok egun berean izango ditugu hauteskundeak, Pirinioetatik iparraldera udal eta kantonamenduetako lehen itzulia igande horretan egingo baitute.

2007-06-12

Permalink hauteskundeak, 90 hitz  

Iruñerako proposamena

PSNren erabakiaren berri izan bezain laster, proposamena bota zuen atzo lankideak: "Orain, ANVk Barcinari eman beharko lioke botoa. Ea alkatetzari uko egiten dion, ETAren botoak jaso dituelako!".

Kontraproposamena egin nion jarraian: "Ez. Lau zinegotzi sozialistek beren hautagaiari botoa emango diotela pentsatuta, eman diezaietela botoa Torrens sozialistari NaBaiko zortziek eta ANVko biek. Alkate Torrens, ANVren botoekin. Dimititu dezala, alkate hautatua izan ondoren!".

Gaur, hirugarren botean, bat hobea bururatu zait. Zuek, Uxue, eman botoa Torrensi (13-12, Barcinaren alde). Orduan, zuek, Marine, eman bi botoetako bat Torrensi (13-13), baina bestea UPNri: 14-13 Barcinaren alde, ANVri esker!

2007-06-02

Aldi bereko xake partidak

Hauteskunde biharamunean, Iruñean, bere burua presidente ikusten duela esan zuen Fernando Purasek. Baina Madrilera joan-etorria egin du gero eta, ispilua lausotu nonbait, presidentea ez zaio orain hain argi ageri.

Bi aukera gelditzen zaizkio mahai gainean PSNri, Sanzen akordio proposamenaren amuari ez diola helduko pentsatuta: itunik egin gabe UPNri gutxiengoan gobernua osatzen utzi, edo Nafarroa Bairekin eta Ezker Batuarekin koalizioa osatu, Puras bera buru dela. PSNko iturriek diote Nafarroako militante gehien-gehienak UPN behingoz boteretik kentzearen alde daudela, Erriberako militanteen salbuespenarekin, oro har. Purasen aukera pertsonala ere hori delakoan daude Nafarroa Bain, harekin izandako harremanen ondoren.

Baina kalkuluak, jakina, ez dira Nafarroan bukatzen. Hauteskunde batzuk joan berriak, hurrengoetan jarria dute burua alderdietako estrategek. Eta Madrilen hankek dar-dar egiten diete batzuei, nonbait, Nafarroa nazionalistei saltzearen kontura PP zenbat gizendu daitekeen pentsatze hutsarekin. Zapatero bera aldaketa bideratzearen aldekoa dela argitaratu dute hedabide askok, baina Perez Rubalcaba eta beste askoren presioaren eskutik aldaketaren aurkako iritzia nagusitu dela azkenean Madrilen, UPNri gutxiengoan gobernatzen uztekoa. Molde horretako erabaki batek, PPrekiko beldur eszenikoa berriro agerian uzteaz gain, euskal auziaren konponbideari begira PSOEk izan dezakeen asmoaren neurria ere eman dezake. Ez duela asmo handirik, alegia.

Erabakia Madrilen ez, Iruñean hartuko dela ziurtatu du Purasek, baina ez da segurua inork sinesten ote dion. PSNren zuzendaritzak atzoko bileraren osteko oharrak ezer gutxi argitzen du: nafarrek aldaketaren alde egin dutela berretsi, egonkortasunaren alde egin eta gaur egungo esparru instituzionalarekiko konpromisoari eutsi.

Gehitu orain, horri guztiari, Iruñeko saltsa. EAE-ANVk asmatu du lehenbailehen pausoa aurrera ematen, bere jarrerari buruzko zalantza oro uxatzeko, eta Uxue Barkosek ere bai, aurrez akordiorik egin gabe aurkeztuko dela esanda, EAE-ANV eta PSN akordio berean sartzea guztiz ezinezkoa dela jakinda. Baina PSN are nekezago ausartuko da Iruñean. Urruti daude, oso urruti ere, Julian Balduz sozialista HBren eta EAJren botoekin Iruñeko alkate izendatu zutenekoa, babes horiekin aginte makila hartzeko eragozpenik izan ez zuenekoa. Zazpi agintaldi joan dira ordutik, 28 urte. Gaur egun, PSNn atzo artean behintzat aldaketa bultzatu nahi zutenak, Nafarroa Baikoei deika ari zaizkie, Iruñekoa alde batera utziz gero gobernurako tratua posible izan ote daitekeen galdetzeko.

Erabakia ez da erraza izango. Orain, jakina, akordio orokorra ezinbestekoa dela esatea dagokio Nafarroa Bairi, Iruñea barne noski, PSNri Iruñekoa ezinezkoa dela esatea dagokion bezala. Negoziazio taktikak izan daitezke, edo benetako baldintzak. Nafarroa Bairen B plana oposizioa da, oposizioko talde nagusia izatea, eta kasu horretan PSNk alternatibarako sinesgarritasuna galduko duela pentsatuta, luzera jokatzea.

ALDUNDIAK JOKOAN. Korapiloak ez dira txikiagoak Nafarroatik kanpo. Xake taula asko, partida guztiak aldi berean jokoan, nahasmen handi samarra eta, badaezpada ere, hobe oraingoz ondorio handirik ez ateratzea. EAJri xakeak alde guztietatik egiten ari zaizkio eta, Gipuzkoan gainera, batzuk xake-matea ere emateko gertu daudela erakusten ari dira, edo plantak egiten behintzat. Miguel Buenek esan du bera diputatu nagusi ez izendatzea erasotzat hartuko duela, eta EArekin nahi duela akordioa egin; Gipuzkoako EArekin, zehatzago esanda. Gehiengo sinplea baino ez lukete osatuko, baina aski izan daitekeelakoan daude. Beti ere, legez kanporatuek ordezkaritzarik ez dutela baliaturik, EAE-ANV dagokion pisuarekin Gipuzkoako batzar nagusietan sartuz gero, bigarren indarra bailirateke, eta inork gehiengo egonkorra osatzea inoiz baino korapilatsuagoa litzateke.

Iñaki Galdosek, PSE-EEk bezala EAJk bere beharra duela jabetuta, ez dio Buenen gonbitari muzinik egin, EAko zuzendaritza nagusia kontra dagoela jakinda. EAJrekiko aliantzaren defendatzaile sutsuena hain zuzen ere Gipuzkoako EA delarik, orain EAJ Aldunditik kanpo uzteko erreparorik ez agertze horren azalpena, neurri batean, Egibarren EAJren eta Galdosen EAren arteko harreman txarretan bilatu beharko litzateke.

Taktika hutsa ere izan daiteke, noski, PSE-EErekin ere joan daitekeela erakutsi ondoren EAJrekin goragotik negoziatu ahal izateko, baina benetan ari badira ere, gauzatzen ez da erraza izango. Lehenik, halako erabaki batek EAren batzar nazionalaren berrespena beharko lukeelako, eta batzarra Erraztiren jarreratik urruti ez delako egongo. Eta EA Gipuzkoan EAJrik gabeko apustuan sartzeak ondorio onik ez lukeelako izango, ezinbestean, Eusko Jaurlaritzako hirukoan. Eta EArentzat, ordain handiegia litzateke.

Zirrikitu batetik begira jarraitzeko modukoa izango zen, bestalde, EAJren atzoko aberri batzarra: hauteskunde emaitzak, aliantza politikak eta EBBrako barne prozesuaren abiatzea zituzten aztertzekoak. Bart gauekoaren ondotik akaso argiago ikusten hasiko gara alderdi jeltzaleak benetan nondik nora jo nahi duen -hala nola Gipuzkoan aginteari eutsi ahal izateko eta Araban parte izateko-, eta orain artekoak bigarren mailako antzerkiak ote diren, alderdietako zuzendaritza nagusien arteko goi bileren zain, besteak beste EAJren eta PSE-EEren artekoa.

«HAUSTURA». Gehienak gobernu aliantzei buruz ari diren bitartean, ezer onik iragarri ezin duten hitzekin atera da plazara Arnaldo Otegi, elkarrizketa prozesua «etenetik hausturara» pasa dela eta «ibilbiderik» ez duela esanez. Hitz horien ondorioen esanahi zehatza zein den jakin ezin delarik, prozesurako itxaropenik ez dagoela esaten ari dela pentsatzea zaila egiten da, ezker abertzaleak «prozesuaren alde» 187.000 boto bildu zituela bost egun joan ez direnean.

2007-05-31

PSNtik hoska

Gaur eguerdian, Iruñeko Gaztelu Plazan, Nafarroa Bairen egoitzan, Patxi Zabaletari elkarrizketa egiten, iganderako. Eskuko telefonoa hoska hasi zaio, eta grabagailua itzaltzeko eskatu dit. Hartu beharreko deia du. Aurrena idazkari batek hitz egin diola iruditu zait, hitzerdi baten ondoren zain geratu baita.

- Zer, Miguel Sanz? —galdetu diot bromatan.
- Ez, ez…

“Presio latzak” izan dituzte hizpide, “alderdi barrukoak eta kanpokoak”, “Ebrotik beheragokoak” bereziki. Eta Iruñea. Iruñean akordioa lortzeko zailtasunak.

Telefonoaren beste aldean, jakina, PSNko kide bat zegoen. Iruñeko Udalerako ados jartzea zail zegoela esateko deitu dio eta, Zabaletak uste duenez, Iruñea gabe gobernu akordioa egitea posible izan daitekeen tanteatzeko. Iruñean ere akordioa behar dela erantzun dio, funtsean, Zabaletak, beste komentario askoren artean, tartean bromak ere bai.

Gero, elkarrizketa grabatzen jarraitu dugunean, Iruñean Uxue Barkos alkate jartzea ezinbesteko baldintza izango den galdetu diot, “aldaketarako gobernua arriskuan jartzeraino” eutsiko al dioten baldintzari. Nafarroa Bai koalizioan oraindik horri buruzko erabakirik ez dutela hartu erantzun dit, baina bere ustez —“hau erantzun pertsonala da”— ezinbesteko baldintza izan behar duela.

Presioak handiak izaten ari dira. Eta, prentsaren alorrean, ez da Diario de Navarra bakarrik ari: El Pais-ek bi editorial egin ditu hiru egunetan (herenegun eta gaur), mezu berarekin: Nafarroako gobernu alternatiboa bai, baina “prezioa” Iruñea bada, ez.

2007-05-29

Hitzarmenak lege

Patxi Zabaletak iragarri zuen, iazko azaroan BERRIAri emandako elkarrizketan, hauteskunde gauean bertan Miguel Sanzek Fernando Purasi hots egin eta UPNren botoak eskainiko zizkiola, hauteskundeak Sanzek irabazi arren hautagai sozialistari lehendakaritza eskaintzeko. Ez dakigu deitu ote zion, baina igandean bertan keinuka hasi zela, bai. Gobernu hitzarmena egitea proposatu zion PSNri, ez zion noski lehendakaritza eskaini, baina esaldi esanguratsua bidali zion: «Ni neu Nafarroari eta UPNri gehien komeni zaion tokian egongo naiz. Inork ez dezala zalantzarik egin». Zein preziotan, auskalo, baina garbi dago sozialistei Diputazio Jauregirainoko alfonbra jartzen ahaleginduko direla UPN, CDN eta Nafarroako botere faktikoak, Nafarroa Bairekin eta Ezker Batuarekin alternatiba osa ez dezan. Atzo goizean lehenengo harremana izan omen zuten Sanzek eta Purasek.

PSNko hautagaiak lehenengo keinua, baina, Patxi Zabaletari egin dio, NaBaik kanpainan «soslai abertzalea» apaldu duela eta lehentasuna «gizarte politikei» eman diela aitortuta, eta orain jarrera hori berrestea espero duela ohartarazita. Eta NaBaiko buruak ildo horri eutsiko diola erakutsi dio, kanpainan aipatutako hiru lehentasunak berriro ordena berean jarrita: aurrena, aldaketa; bigarren, aldaketaren «norabide aurrerakoia»; eta azkena, kargu banaketan ados jartzea, lehendakaria izendatzea barne.

PSN hirugarren indarra izatea ez litzateke arazo izango Puras gobernuburu izateko. NaBaik badaki PSN alternatibaren apustuan sartzeko aukera bakarra dela; eta Purasek hauteskundeen aurretik gezurtatu egin zuen hirugarren indarra izanez gero lehendakaritzari uko egingo ziola esan zuenik -oso behera geldituz gero bakarrik egingo ziola muzin argitu zuen-. Eta Ezker Batuak, alternatibaren hirugarren hanka derrigorrezkoak, dagoeneko agertu du bide hori sostengatzeko prestasuna.

Korapilatsuago daude kontuak Nafarroako beste jokaleku nagusian, Iruñean. Yolanda Barcina lasai asko omen zegoen hauteskunde gauean, Sanz bezala PSNri elkarlana eskaintzen, baina aginteari eusteko Sanz baino ziurtasun handiagoz nonbait. Barcinaren arabera, Javier Torrens PSNko alkategaiak hauteskunde eztabaidetako batean hitz eman zuen inbestidura bozketan EAE-ANVren boto aukera bera ez zuela egingo. Barcinak esana egia izan edo ez, une honetan zailago dirudi, ezker abertzaleko bi zinegotziek Barkosi botoa ematea baino, hori egingo dutela jakinik PSNko laurek ere NaBaiko alkategaiari ematea babesa.

Ariketa osasungarria egin beharrean dira, dena den, Iruñeko Udalean: ikuspegi demokratikotik, negoziazioetan ezker abertzalearen ordezkaritza aintzat hartzera behartuta daudelako gainerako indar guztiak; eta ikuspegi abertzale edo euskaltzaletik, NaBai eta ezker abertzalea, aspaldian elkarrengadik oso urrun eta askotan liskarrean aritu ondoren, elkar aintzat hartu beharrean direlako. Urrea balio baitute EAE-ANVren bi botoek.

Partida, ordea, Madrilen ere jokatzen da -edo batez ere Madrilen jokatzen da- Mariano Raxoi nahiz Jose Blanco atzo bertan erakusten hasi zirenez. PPrentzat, hori bai, auzi nazional izaten jarraituko du Nafarroako gaiak: Raxoik dagoeneko iragarri du bihar Nafarroako emaitzei buruz galdetuko diola Zapaterori, Espainiako Kongresuko asteroko kontrol saioan, eta akordioa ere proposatu dio, Nafarroan eta Kanariar Uharteetako erkidegoan zerrenda bozkatuenari gobernua osatzea ahalbidetzeko, batean UPNk eta bestean alderdi sozialistak har dezaten agintea. Jose Blancok, PPrekin akordiorik ez dutela egingo berrestearekin batera, Nafarroa aparteko kasua dela argitu zuen badaezpada ere, eta gainera, zenbait lekutan zerrenda bozkatuenak agintea har dezan uztea ez dutela baztertzen. Ezer ez dagoela erabakita, alegia, Nafarroan ere.

EAJ eta aliantzak. EAJren beherakadari buruz irakurketa asko egin daitezke. Alderdi barruko joeren arteko lehiaren ikuspegitik, jaitsiera orokorra Josu Jon Imazen gidaritzapean alderdiak aspaldian hartutako ildoaren ondorioa ere badela interpretatu duenik izan da; baina boto gehien Gipuzkoan eta Araban galdu duenez, logikoa da hauteskundeok Joseba Egibarren ildoa ahuldu dutela pentsatzea ere, urte honen bukaeran hastekoak diren barne hauteskundeei begira.

Baina, paradoxikoa bada ere, Gipuzkoan EAJk izandako emaitza txarrek bideragarriago egin dezakete beste inork baino gehiago gipuzkoarrek bultzatu duten aliantza aukera: hirukoa gehi Aralar. «Laukoa», atzo Egibarren hitzetan. Izan ere, emaitza hauekin PSE-EAJ aliantza eginez gero, edo jeltzaleek Miguel Bueni eman beharko liokete diputazioko aginte makila, non eta Gipuzkoa abertzalean, edo sozialistek Olanori, noiz eta lehenengo aldiz indar bozkatuena izatea lortu dutenean. Errazagoak lirateke kontuak bi aldeentzat, PSE-EAJ ardatza gauzatu nahi izanez gero, PSE-EE azpitik gelditu izan balitz.

«Laukoak», aldiz, gehiengo osoa emango lieke jeltzaleei Gipuzkoan eta Bizkaian -beti ere EAE-ANVri gabeko banaketa trukatuetan, baliogabeak aintzat hartuta gehiengo osoa lortzeko jokoa askoz zailagoa izango bailitzateke, batez ere Gipuzkoan-, baina gehiengo osotik oso urrun geldituko litzateke Araban, 18 bozekin. Beste inork gehiengo osorik lortu ezean, aski izan liteke diputatu nagusia izendatzeko, kopuru horretatik behera baitaude PP (15) eta PSE-EE (14), baina oso urruti legoke Imazek kanpaina osoan helburutzat aipatu izan dituen «gehiengo egonkorretatik».

Hala ere, Joseba Egibar eta Iñaki Gerenabarrena ez ezik atzo Iñigo Urkullu ere hirukoa gehi Aralar formularen alde agertu izanak -«zenbakiek» horretarako aukera ematen duten lekuetan- arrastoren bat ematen du EAJren buruzagitzaren une honetako asmo nagusiari buruz.

Konponbiderako botoak. Konponbiderako prozesua berriro abiatzeko aukeraren ikuspegitik, ez dirudi emaitzak txarrenak direnik. Espainian emaitza apalak izan ditu PSOEk, baina porrot egin gabe, eta Ebrotik behera PPri ildo gogorra saritu diote, baina neurrian. Euskal Herrian alderantziz gertatu da: bake ahalegin ororen aurkako jarrera gogorraren ondorio izan daiteke PPren jaitsiera orokorra, eta Zapaterorentzako konfiantza boto gisa uler daiteke PSE-EEren igoera orokorra ere, faktore bakarra izango ez den arren.

Ezker abertzalearen emaitzak are esanguratsuagoak dira, ikuspegi honetan. Lau urtez foru eta udal erakunde guztietatik kanpo egon ondoren ezker abertzaleak orduan baino boto gehiago ateratzea, eta udal erakundeetara indartsu itzultzea, legez kanporatze estrategiaren porrota ere bada, ezker abertzalearen boz-emaileen fideltasunaren seinale izateaz gain. Eta, EAE-ANVren kanpainako mezu nagusia prozesuaren aldeko babesa eskatzea izan denez, 180.000tik gora botoen bultzada norabide horretan baliatuko dutela pentsatzekoa da.

Nafarroan PSNren eta NaBairen eskutik alternatibarako aukera irekitzeak ere garrantzi handia izan dezake aurrera begira, baita ezker abertzalearen beraren ikuspegitik ere, lurraldetasunaren auzian giltzarria den herrialdean alderdi sozialista agintean egoteak giltza erabakigarri bat PSOEren esku ere egotea esan nahi baitu, prozesuak aurrera egiten duenerako, baldin eta inoiz egiten badu.

:: Hurrengo orrialdea >>

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!