Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Atala: paperean argitaratua

2007-05-18

Fiskalaren porruak

Kezkatuta dago Candido Conde Pumpido. Orain, pentsatzen jarrita, pasatu egin direlakoan dago. EAE-ANVko zerrenda gehiegi inpugnatu dituztelakoan. Zalantza hori du barren-barrenean. Izan ere, berak esana, herri batzuetako bozemaileei ez diete aukera handirik utzi. Arduratuta dago, baina «lasai» hala ere, auzitegiek arrazoi eman diotelako.

Esaldia, ezin ukatu, borobila atera zaio. «Beharbada urrutiegi joan gara, baina galbahea pasatu egin du», itzul daiteke. Edo bestela, akaso zuzenago: «Beharbada pasatu egin gara, baina sartu egin diegu porrua». Gazteleraz «ha colado» esan baitzuen, ihes egin baitzion. Espainiako telebista bateko tertuliakide batek atzo esan zuen bezala, Celta futbol talde galiziarreko entrenatzaile bulgariarra baino galduago dabil Estatuko fiskalburua azkenaldian.

Guantanamorena ere ez baitu Arnaldo Otegik esan, berak baizik. Arrazonamendu honekin: ezker abertzaleko kideei ez zaie bozkatzeko eskubidea ukatu, eta PPk nahi duen bezala ezker abertzaleko 150.000 jarraitzaileei botoa emateko aukera ukatzea «Guantanamo elektorala» sortzea litzateke. Hortik, ulertzen da, EAE-ANVren zerrenda batzuen aurka egin ez izana. Eta hortik, nonbait, lotsagabe aitortutako kezka: «Beharbada pasatu egin gara...».

Baina lasai dago Estatuko fiskal nagusia. Lasai, Guantanamo elektoralean ez dituztelako 150.000 lagun sartu, baizik eta, demagun, 100.000 bakarrik.

2007-05-16

Zorionak, Blair

Euskal Herrira etorri behar izan du Jose Luis Rodriguez Zapaterok, Irlandako negoziazio prozesuaren arrakastagatik Tony Blair adiskideari zorionak emateko.

Arrazoi du Espainiako gobernuburuak, bi prozesuen arteko ezberdintasunez ari dela, Erresuma Batuan Gobernuak oposizioko alderdi nagusiaren babesa izan zuela nabarmentzean. Laboristen sostengua izan zuen John Majorrek, Downing Streeteko adierazpenean irlandarrei erabakitzeko eskubidea aitortu zitzaienean, eta kontserbadoreen sostengua izan zuen Blairrek, Ostiral Santuko Akordioetarako bidea egin zuenean.

Eta arrazoi du Zapaterok, Irlandako beste ikasgaiei buruz ari dela, «indarkeria atzean uzten ez bada» bake prozesuak arrakasta izatea ezinezkoa dela azpimarratu duenean.

Dena ere ezin esango zuen Zapaterok Gasteizko mitinean, baina, Blairri zorionak eman zizkionez, IRAk su-etena hautsita zeukalarik (Canary Wharf, 1996ko otsaila) Erresuma Batuko lehen ministro bilakatu berritan (1997ko maiatza) Irlandako bake prozesuaren alde engaiatzeagatik zoriondu zuela pentsatu beharko da, edota IRAk bi polizia britainiar hil berriak zituenean (Lurgan, 1997ko ekaina) erakunde armatuak berriro su-etena iragarri (1997ko uztailaren 19a) eta handik hiru egunera alderdien arteko negoziazio politikoak (Sinn Fein eta guzti) babesteagatik zoriondu zuela.

Izan ere, Mo Mowlanen bisitaren zain daude oraindik euskal presoak.

2007-05-11

Madrilen zer erabakiko

Espainiako goi auzitegiko sei magistratu mahai baten inguruan, Madrilen, Euskal Herriko udaletarako eta foru erakundeetarako hauteskundeetan zein aurkeztu daitekeen eta zein ez erabakitzen. Zu bai, zu ez. Ez da berria.

2003ko maiatzean gertatu zen lehenengo aldiz, 225 zerrendari udaletarako eta foru erakundeetarako bidea itxi zietenean. 2004ko maiatzean berriz ere egin zuten, Herritarren Zerrenda hautagaitzari Europako Legebiltzarrean ordezkaritza izatea ukatu ziotenean -hauteskunde berberetan izen bereko hautagaitza arazorik gabe aurkeztu zenean, Ipar Euskal Herrian-; eta 2005ko martxoan berriro, Aukera Guztiak elkartearekin, euskal sektore politiko oso bat Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetatik kanpo utzi zutenean. Usadioa bihurtzen ari da: hauteskunde kanpainak, Hego Euskal Herrian, Madrilen hasten dira aspaldian. Edo Madrilera begira, behintzat.

Bart gauean ere gertatu zen. Auzitegi Konstituzionaleko lehenengo salako sei magistratuek hartutako erabakiaren nolakoa gorabehera, Euskal Herriko erakundeetarako sarbidea zeinek duten eta zeinek ez Madrilen erabaki zuten berriro, Espainiako Gorteetako gehiengoen arabera osatutako epaimahai batean. Noiz, gainera, eta milaka euskaldunen egunkaria sortzea beste deliturik egin ez zuten zazpi auzipetuei Espainiako justiziak ahozko epaiketa egingo diela jakin den zoritxarreko egun berean.

Gutxitan bezain nabarmen gelditzen da, horrelako egunetan, Espainiako egitura juridiko-politikoekiko menpekotasun harremanaren neurria, eta menpekotasun harreman horrek gure egunerokoan izan dezakeen, eta duen, eragin zuzena.

Post scriptum. Auzitegi Konstituzionalak zer erabaki zuen jakin baino lehen idatzitako artikulua da, jakin ondoren argitaratuko zela jakitun. Auzitegiak EAE-ANVren zerrendei aurkezteko aukera eman izan balie ere, berdin argitaratuko zen.

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!