Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Atala: "paperezko bloga" atalean argitaratua

2010-12-18

Irteera seinalea

Abenduak 16
Olentzeroren zain

— Zer ekarriko du Olentzerok? Ikatza?

— Ilusioa eta konpromisoa ekarriko du, herri hau denbora gehiegian lotu duen gatazka osotasunean konpontzeko irtenbide demokratikoak bilatzeko.

— Horrek bakea esan nahi du?

— Hain zuzen.

Dani Alvarezek Rufi Etxeberriari Radio Euskadin egindako elkarrizketaren azken hitzak dira. Ez da elkarrizketako zatirik esanguratsuena, baina, neurri batean, giro politikoan sumatzen denaren adierazle bada: itxaropen handia batez ere, baina irteera seinalea beharko lukeena iristen ez delako ezinegona ere bai.

Noiz datorren batzuek badakite, dena den. La Razón-ek egin du aurreikuspenik zehatzena: herenegungo azalean letra handietan iragarri zuen gaur larunbata dela E Eguna; hori bai, albiste bereko letra txikian zehaztu zuten ez dutela baztertzen iragarpena urtarril hasierara atzeratzea. Noticias taldeko egunkariek azaldu dute Rodriguez Zapaterok gaur eta Gabon egunaren artean espero duela agiria, nazioarteko hedabideren batek izango duela esklusiba, eta balitekeela The New York Times izatea. El Confidencial Digital-en arabera, agiria idatzia eta bidalia du ETAk, baina aire kontrolatzaileen gatazkak atzeratu egin du argitaratzea. Eta El Confidencial-en arabera, Espainiako Barne Ministerioak agiri light-a espero du, denbora irabazteko baino balioko ez duena, ETA barnean adostasunik ez dagoenez.

ETAren beste hainbat su-eten ere zurrumurru ugariren ondoren iritsi ziren; baina hamaika aldiz gertatu izan da su-eten zurrumurru indartsuen ondoren ezer ez etortzea ere. Bada alderik, ordea: oraingoan, ezker abertzaleko bozeramaile nagusiak ere su-etena iragartzen ari dira, eta zenbat eta lehenago etorri hobe dela adierazten, gainera. Presa sartzen, azken batean.

Olentzerok ekarriko duen edo Errege Egunera arte itxaron beharko den, badirudi horixe dela orain zalantza, baina mundu guztiak ziurtzat jotzen duela etorri badatorrela, egiaztagarri labelarekin gainera.

Bitartean, beste aldeak lanean jarraitzen du, Barne Ministerioaren, Fiskaltzaren, Auzitegi Nazionalaren eta bi alderdi nagusien arteko elkarlan eraginkorrean: gazteak eta abokatuak atxilotu, politikarien errugabetze epaiari helegitea jarri, legez kanporatze arauak estutu... Datorrenaren aurretik kontrapisua egiten ari direla irudi luke, Aresek eta Perez Rubalcabak oso maitea duten esaldi hori errepikatzen ariko balira bezala: estatua ez dago treguan. Irekitzear den aro berrian hartu asmo dituzten neurrien aurretik gogorrarena egiten ari ote diren, edo benetan PP baretzeko moduko politika itogarriarekin jarraituko ote duten, horra gakoa.

El País-ek Arnaldo Otegiri elkarrizketa egin izanari buruz irakurketa politikoa egin zitekeen moduan, Radio Euskadik Rufi Etxeberriari mikrofonoa eskaini izanari buruz ere egin daiteke ildo bereko interpretaziorik. 2009ko ekainean Alberto Suriok EITBko zuzendaritza nagusia hartu zuenetik, ente publikoko hedabideetan ahotsa ukatu egin zaie ezker abertzaleko bozeramaileei, Jaime Otamendik behin Tasio Erkiziari egin zion elkarrizketa salbu. Baina oraingoan, salbuespen hartan ez bezala, goi-goikoen bedeinkazio guztiekin egin dute elkarrizketa, itxura guztien arabera.

Esanguratsua izan da, bestalde, Rufi Etxeberriaren hitzek hainbat hedabidetan zer oihartzun handia izan duten, bereziki Vocentoko egunkarietan, Batasuneko bozeramaileek orain arte esan ez zutenik esan ez badu ere, funtsean. Sinesgarritasuna emateko garaia iritsi balitzaie bezala.

Elurra bezala izango dela esan zuen Jesus Egigurenek. Ez dela egun batetik bestera gertatuko, pixkanaka baizik: orain dena elurtua dago, orain elurra urtzen hasi da, orain bazter eta gain batzuetan baino ez dago, eta, orain, noiz gertatu den ziur ez dakigula, guztiz desagertu da. Gatazka osotasunean hartuz gero, dudarik ez Egigurenek iragarri bezala izango dela, eta elurra urtzeko behar dena baino askoz denbora gehiago ere beharko dela, gainera, gatazkaren ondorio guztiak konponbidean jartzeko.

Baina ETAren indarkeriari dagokionez, oso litekeena da azkarrago gertatzea. Dena ondo bidean, urte batzuk barru argitaratuko diren historia liburuetan idatziko dute ETAren azken atentatua 2009ko abuztuaren 9an izan zela, Palma de Mallorcan, eta azken hildakoa Jean-Serge Nerin izan zela, 2010eko martxoan Dammarie-les-Lys-en aurrez prestatu gabeko tiroketan hila. Eta erakunde armatuak mundu guztiak espero bezala jardun armatuaren bukaeraren hasiera iragartzen badu, euskal gatazkaren historia liburuetako kronologietan leku berezia izango dute 2010eko Eguberriek, 1998ko aste santuak leku nabarmena duen bezala Irlandako gatazkaren historian.

Ez dezagula, behin Gabonak pasata, Axularren Gero-ko pasartea gogoratzeko premiarik izan: «Zenbat kalte egiten duen, luzamendutan ibiltzeak, egitekoen geroko uzteak».

2010-12-15

In dubio pro reo

Abenduak 6
Bizkaia jeltzalea

Eusko Jaurlaritzan egotea EAJren DNAn zegoela zirudien garai batean, Ajuria Eneko maizterrak berez jeltzalea behar zuela. Baina dena ez da betiko, ezta lehendakariak jeltzalea izan behar hori ere, aldaketa hauteskundeetako arau demokratikoak urratzetik etorri bazen ere. Bada, ordea, betiko jeltzalea izango dela dirudien instituziorik: Bizkaiko Foru Aldundia.

Aldundiak berak eskatuta Gizaker etxeak egindako inkestaren arabera, Bizkaian ez da auzoko herrialdeetakoen moduko lehia esturik izango: PSE-EE (14-15 batzarkide) eta PP (5-6) ez lirateke iritsiko, bat eginda ere, EAJren parera (23-24). Eta ez dago beste konbinaziorik. Gernikako akordioa sinatu zuten alderdiek ez dute lehen mailan jokatzen Bizkaian, baina EHk bere garairik onenean (1999) lortutako emaitzen parera iristeko moduan lirateke, ezker abertzalearen alderdi berriak aurkezteko aukera izango balu. Botoen %16,7 lortu zituen EHk orduan, eta, gutxigatik bada ere, horren gainetik daude hiru alderdien aurreikuspenak: ezker abertzalea (%11,2), Aralar (% 4,7) eta EA (%2). Urak asko mugituko dira, ordea, datorren maiatzera bitartean; eta urekin batera, boto aurreikuspenak.

Abenduak 7
Presa eta pazientzia

Presa daukanetakoa da Pello Urizar: ETAk su-etena lehenbailehen eman behar du. Beste eragileek ere eman beharko dituzte pausoak, baina ETArena ezin da gehiago luzatu. Ez da bakarra. Brian Currinek ere urte bukaera baino lehen beharko litzatekeela adierazi zuen.

Berrogeita hamar urteren buruan, aste batzuen gorabeherak ez luke hain erabakigarria izan behar, batez ere kontuan hartuta erakunde armatuak jakinarazia duela atentaturik ez egiteko erabakia hartua daukala. Baina denboraren faktoreak garrantzi handia du, batzuen buruan ei dagoen egutegia bete dadin. Ez baita askorik falta foru eta udal hauteskundeetarako.

Baina denborarena apur bat erlatibizatzen duenik bada. Niko Moreno Elorrioko alkateak, ezker abertzaleko gaur egungo ahots autorizatuetako batek, pazientzia eskatu du Argia-n joan den astean argitaratutako elkarrizketan: «Orain ezin dugu pazientzia galdu eta buruari epeak markatu. (...) Batzuek diote urtarrilerako ez bada, berandu izango dela hauteskundeetan egoteko. (...) Guk konfiantza osoa dugu ETAk Gernikako Adierazpenari eta Bruselakoari norabide zuzenean erantzungo diola, ez dakiguna da noiz. Laster egiten badu seinale ona izango da, baina geroago egiten badu ere, ez dut uste seinale txarragoa izango denik».

Abenduak 9
Anoetaz epaia

Noizbait jakingo dugu akaso, Wikileaksen graziaz edo, 2010 bukaerako giro politiko honetan Arnaldo Otegi-eta kartzelan egoteaz eta Anoetako proposamenagatik epaitua izateaz benetan zer iritzi duten Espainiako Gobernuko agintariek, zer aitortzen dioten AEBeko enbaxadoreari. Orain badakigu, adibidez, Iñaki de Juana presoari 2005ean kartzela zigor berria asmatu izana hanka-sartzea izan zela Perez Rubalcabaren iritziz, eta hanka-sartzea ordaindu egin behar izan zutela, gero, bake prozesuaren garaian.

Wikileaksek oraingoz Anoetakoari buruzko arrastorik ez du emango, baina epaiak berak utzi du arrasto interesgarririk. Zuzenbide fakultatean lehenengo mailan ikasi behar luketen arauarekin akordatu dira Auzitegi Nazionalean: in dubio pro reo. Zalantzarik bada, epaituaren alde egin behar duela epaimahaiak, alegia. Eta epaitua ustezko delituaren erantzule dela frogatu behar dela, modu indibidualizatuan, bere borondatez modu aktiboan delitu hori egin duela erakutsi behar duela akusazioak. Eta Guardia Zibileko perituak peritu ez direla ebatzi du, behingoagatik, Auzitegi Nazionaleko epaimahai batek, haien txostenek akusazioren oinarri izateko baliorik ez dutela.

Makina bat euskal herritar dago giltzapean, zigor irmoarekin, erakunde bateko edo besteko kide izatea beste deliturik leporatzen ez zaiona, bere borondatez modu aktiboan egindako delitu jakinik zuzenean berari egotzi ez zaiola, Guardia Zibileko edo Espainiako Poliziako perituen txostenetako «dedukzio hutsak» oinarri hartuta.

Giro politiko berriaren miraria izango ahal da aspaldian ahaztuta zeuzkaten arau juridiko oinarrizkoez gogoratze hau.

2010-12-04

Esplikatzailea

Azaroak 27
Alderdi berria

ETAk ez die oraindik Bruselako eta Gernikako adierazpenen eskaerari erantzun, baina horrek ez du eragotzi ezker abertzaleak alderdi berriaren oinarriak gizarteratzea. Argitasun horrekin, gainera: alderdi berriak indarkeria arbuiatuko du, eta Alderdien Legea beteko du. Alderdia eta haren estatutuak ez dituzte oraindik aurkeztu, baina aurreratu dutenagatik, ikuspegi juridikotik inor legez kanporatzeko heldulekurik gabe utziko dute Espainiako auzitegi legez kanporatzailea. Baina, jakina, Bill Clintonen aholkulari James Carvilleren esaldi famatuari buelta eman behar zaio hemen: it's the politics, stupid.

Arrazoi zuen Rodriguez Zapaterok, Jauregi ministro zergatik aukeratu zuen esan zuenean: esplikatzaile ona da. Berak esplikatu du ondoen. Alegia: legea betetzea ez da nahikoa legezkoa izateko; eta gobernuak estrategia aldatzen duenean izango du ezker abertzaleak legezko izateko aukera. Interesgarria litzateke jakitea Auzitegi Goreneko magistratu ezin zorrotzagoek zer iritzi duten honetaz guztiaz.

Larunbateko prentsaurrekoko mezuaren hartzaile guztiak ez daude, noski, Madrilen. Etxe barrurako mezurik ere bada: «Eztabaida eta erabakitzeko barne egituren burujabetza ziurtatuko da, betiere interferentzietatik eta inongo menpekotasun edo baldintzatzetik libre, hausnarketan eta bere lerro politikoa zehazteko orduan autonomia osoarekin arituko delarik». Esaldi horrek laburbiltzen duen aldaketa sakona gertatzen ari den seinale da, hain zuzen ere, larunbateko agerraldia bera ere.

Azaroak 28
Wikileaks eta gu

Filtrazio guztien amak ez bazaitu aipatzen, ez zara inor. Alemaniako Gobernua beste gobernu asko baino lasaiago omen dago, Wikileaksen paperetan ezer seriotan nabarmen gelditzen ez delako. Baina, aldi berean, txisteak bolo-bolo omen dabiltza alemanen artean, paperek aipatu ere egiten ez dituztelako atsekabetuta dauden politikariei buruz.

Twitterren baten batek bota du lotsagarria dela Veleiako aferaz Wikileaksek ezer ez esatea, eta ildo beretik heldu zion gaiari atzo Zaldieroak ere. Euskal gatazkak ere ez du, Wikileaksen paperei buruz orain arteko informazioen arabera, Anaia Handiaren arretarik pizten. Gai domestikoa omen. Baina ondo esanguratsua da, hala ere, El País-ek gaiari buruz -orain arte- argitaratu dituen lerro urrietan dioena: atentatuen aroak bainoago, su-eten garaiak piztu zuen AEBetako Enbaxadako zerbitzuen kezka.

Abenduak 1
Izen-abizenik gabeak

Pausoa da beste biktima batzuk ere badirela aintzat hartze hutsa, ETAk ez ezik Estatuak ere biktimak eragin dituela eta Estatuaren erreparazioa merezi dutela aitortze hutsa. Pausoa da, batez ere, PPk eta PSE-EEk egitea aitormen hori, sekula orain arte ez baitzuten egin halakorik, eta Eusko Legebiltzarrean arlo honetan egindako ekimenak blokeatu egin baitzituzten. Pausoa da, horretarako Eusko Jaurlaritzak plazaratu duen txostenak gabezia garrantzitsu eta nabarmenak dituen arren.

Deigarriena ez da biktimen zerrendarik ez egitea, baizik eta zerrendaren beharrik ez dagoela argudiatzea. Ez da erraza izango zerrenda egitea, biktima zein den eta zein ez den zehaztea, izen-abizenekin. Egin kontu: Jon Mirena Landaren gidaritzapean 2006an Jaurlaritzak egin baina aurrera egin ez zuen txostenean, behin-behinean, 109 hildako eta 538 zauritu zerrendatu zituzten; Euskal Memoriaren Gernikako seme-alabak liburu argitaratu berriaren zerrendan, ordea, 474 heriotza ageri dira. Bata bestea baino osoagoa edo zorrotzagoa delako izan daiteke, denboran epe bera hartzen ez dutelako ere bai, baina ziur Estatuaren biktima zein den eta zein ez den erabakitzeko irizpideak ere ez dituztela berdinak.

Baina, nabarmena da: irizpideak gorabehera, Estatuaren errepresioaren biktimen zerrenda egin egin behar da, izen eta abizenak jarri behar zaizkie, erreparazioa benetan bultzatu nahi bada. Biktima ezezagunari oroitarria egin eta aurrean sugarra piztea ez litzateke aski.

Abenduak 2
Aukerarik balego

Batzuetan gertatzen da hau edo beste vox populi izatea baina, inork jendaurrean berretsi ez duelako eta kazetariak off the record-ean jasotakoa besterik ez duelako, inon ez argitaratzea horren berririk. Adibidez, behar bezala egiaztatu gabeko informazioa da EA eta Batasuna Batzar Nagusietarako zerrenda bateratuak egitekoak direla eta Alternatibak ere parte hartuko lukeela koalizioan.

Gerta liteke Pello Urizar horretaz ere ari izatea, herenegun «agrupazio ilusionagarriez» aritu zenean: «EAk bere lana egingo du, baina, agrupazio ilusionagarri bat eratzeko aukerarik balego, [...] gu prest egongo ginateke alderdi gisa gure ekarpena egiteko jokaleku horri».

2010-11-27

Etsaiaren aurrean

Azaroak 20
Enpatia

Facing The Enemy du izenburua Pat Magee-ren eta Jo Berry-ren harremanari buruzko dokumentalak. Etsaiaren aurrean.

Magee IRAko militantea izan zen, eta, 1984an, berak jarritako lehergailuak bost lagun hil zituen Brightongo Grand Hotel-en, alderdi kontserbadorearen bilkura batean. Haien artean zegoen Anthony Berry legebiltzarkide kontserbadorea, Jo Berryren aita. Bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten Mageeri atxilotu eta epaitu zutenean, hamahiru urte egin zituen barruan, eta 1999an aske utzi zuten, Ostiral Santuko Akordioen osteko prozesuan. Handik urtebetera, Jo Berryk proposatuta, elkar ezagutu zuten. Elkar ulertzen saiatu ziren, eta haien esperientzien berri eman dute han eta hemen geroztik. Euskal Herrian ere egon izan dira, joan den ekainean azkenengoz, Sabino Arana Fundazioak gonbidatuta. Haien mezu nagusia: bestearen lekuan jartzen saiatzeak, bestearen mina edo arrazoiak ulertzen ahalegintzeak lagundu egin diela barruan zeukaten mina bideratzen eta indar positibo bihurtzen.

Kasu bakana da, noski. Salbuespena. Muturreko adibidea. Nekez, eredua. Adiskidetze prozesuak edo elkarbizitzarako pausoek ez daukate zertan horren urruti iritsi. Baina enpatiaren garrantzia ekartzen du gogora.

Eta enpatiaz jokatu dute Cristina Sagarzazuk eta Rosa Roderok, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren etxekoen eta lagunen minarekin bat egin dutenean. ETAk alargun egin zituen, baina min izugarri horrek ez ditu itsutu bestearen sufrimendua ere ikusteko. Keinu xume baten bitartez, bide berri bat urratu dute, bi norabidekoa izan beharko lukeen bidea.

Azaroak 21
Zaila

Rodriguez Zapaterori elkarrizketa luze-zabal horietako bat, igandean, El País egunkarian. Hitz bakarra, Arnaldo Otegiri egunkari berak egindako elkarrizketari buruz galdetu dionean kazetariak: «Interesgarria». Ondoren, legeztatzearen auzia:

- Euskal ezker independentistak udal hauteskundeetara aurkezterik izango du?

- Zaila.

- Eta autonomikoetara?

- Zaila. Egin behar dutena egiten badute, legeak eskatzen duena egiten badute, aukera izango lukete. Baina nik zaila ikusten dut, ETAk ez badu egiten zerbait oso ikusgarria, oso behin betikoa; eta, egia esan, itxaropenik ez dugu jarria horretan.

Zaila, beraz, baina ez ezinezkoa, Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan ere.

Azaroak 24
Aurkari politiko

Rodero eta Sagarzazu ere salbuespenak dira. Eduardo Puelles ETAk hildako poliziaren anaiak, Josuk, «terrorismoa legitimatzen zuen» ekitaldi batean parte hartzea leporatu die Montxo Doral eta Joseba Goikoetxea ertzainen alargunei, gutun ireki batean.

Eta «terrorismoaren deslegitimazioa» dute kezka nagusi ETAren biktimen elkarte gehienek, aste honetan plazaratutako adierazpenean agertu dutenez. Gatazkaren irtenbide elkarrizketatua bideratuko lukeen edozein neurri hartzea ETA legitimatzea litzateke. Horregatik, ate guztiak itxi behar zaizkio halako irtenbide bati, politikan parte hartzeko aukerarik gabe utzi behar da ezker abertzalea, eta kartzeletako ziega guztiak zazpi giltzarekin itxi behar dira, garaileen eta garaituen bukaerak baino ez baitu balioko. Ez dira, gainera, ETAren bitartekoak bakarrik deslegitimatu behar, baita helburuak ere.

Gizartearen aitortza eta elkartasuna merezi dute biktima guztiek, baina elkarte hauek, adierazpen honetan aldarrikatu dituzten jarrera politikoekin, irtenbide elkarrizketatua bultzatzen ari direnen aurkari politikoaren lekua hartu dute.

Azaroak 25
Gipuzkoako inkesta

Inork ez luke inkesta baten emaitza hutsengatik etxafuegorik bota beharko, ezta inoren hil kanpaiak jotzen hasi ere. Baina baten batek tentazio horiek izango zituen, Gipuzkoako Foru Aldundiak plazaratu duen inkestari erreparatuta.

Deigarriena: EAk, bere txikian, H1ek baino lau aldiz boto gehiago jasoko lituzke, eta hiru batzarkide lortu; H1, berriz, Batzar Nagusietatik kanpo geldituko litzateke. Ezker abertzalearekin elkarlanean egindako apustuarekin EAk burua pixka bat altxatzea lortu duela dirudi. Eta H1, aldiz, sumatzen hasia da nazionalismo instituzionalaren eremuan EAJren babesetik kanpo hotz izugarria egiten duela.

Gernikako Akordioko beste bi alderdiak indartsuago ageri dira inkestan: 9 batzarkide Batasunaren oinordekoek, 5 Aralarrek. Hiruren aurreikuspenak bat eginda, EAJ herrialdeko lehen indarraren gainetik leudeke, aldearekin, bai botoetan bai ordezkaritzan: botoen %24 eta 14 ordezkari EAJk, botoen %32 eta 17 ordezkari hirukoteak.

Baina jakina da: gezurrak datoz aurrena, gezur handiak gero, eta inkestak, azkenik.

2010-11-20

Esnezalearenak

Azaroak 13
Urteroko usadioa

Urteroko usadioa betez urtarril hasieran presoen eskubideen aldeko manifestazioa egiteko deialdia egin dutenek espetxe politika aldatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Urtero egin ohi den deialdian, urteroko eskaera. Oraingoan, ordea, bada beste aldeak eskaera hori aintzat hartua ote duen esperantza duenik. Brian Currinek esan du, ETAk su-etena ematen badu, Espainiako Gobernuak presoen auzian mugimenduak egitea espero duela; EAJk esan du PSOErekin izan dituen harremanetan espetxe politikan neurriak hartzeko eskatu diola; eta, aldaketarik esanguratsuena, ezker abertzaleak agendaren lehen lerroan jarri du presoen auzia, prozesu politikoa konpondu arte itxoin gabe irtenbidea ahalbait lehen eman behar zaiola erabakita.

Baina, oraingoz, urak bere bidean. Arantza Zulueta duela zazpi hilabete atxilotu zutenetik, bakartuta egon da kartzelan, hau da, beste euskal presoekin harremanik gabe. Aurrena, Caceresen, beste euskal presorik ez zegoen kartzelan, eta orain, Malagan, bakartze moduluan: egunero hiru ordu eta erdian patiora atera, eta espetxezainak baino ez ditu ikusten. Gose greba hasi du aste honetan abokatu presoak.

Azaroak 14
Matematika ariketak

Datorren hauteskundeei begira Nafarroako abertzaleek elkarren artean zer argitua bazuten lehendik ere: Nafarroa Bai koalizioa EAren parte-hartzearekin, batetik; EAren eta Batasunaren arteko aliantza, bestetik; eta Gernikako Adierazpena, koadroa osatzeko. Eta etorriko zela jakina zena etorri da: Gernikako Adierazpenean lagun dituen baina Nafarroa Bai koalizioan beti aurkari izan dituen bi alderdiei, EAri eta Aralarri, hurrengo hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko proposamena egin die Batasunak.

Eta hiru erantzun jaso ditu, funtsean.

EAk, jakina, oso harrera ona egin dio proposamenari: Nafarroa Bairi eutsi nahi diola, baina Batasuna NaBain sartzea nahi duela. Eta kontuak azkar atera ditu Pello Urizarrek. 2007an 80.000 boto lortu bazituzten, Batasunarekin 95.000 lor ditzakete. UPN eta PSN dardarka jartzeko moduko kopurua.

Aralarrek, espero zitekeen moduan, errezelo gehiago agertu du. Lehen erreakzioan, NaBairen ateak irekita daudela koalizioaren printzipioak betetzen dituenarentzat. Eta Batasunak, Txelui Morenoren hitzetan, begi onez hartu du Aralarren erantzuna ere, aukera zabalik utzi duelako. Bigarren erreakzioan, baina, zorrotzago agertu da Aralar: hauteskundeetarako beste bilgune bat sortzeko aukerari ezezko borobila eman, eta «tresna eraginkor bakarra» NaBai dela berretsi. Aralarrek ez du oraingoan matematika ariketarik egin, baina Patxi Zabaletak ohartarazi zuen, irail bukaeran Argia-n egin zioten elkarrizketan, bat-egite batzuek, gehitzea ez ezik, kentzea ere ekar dezaketela: «Batasunak legala izatea lortzen badu, Batasuna bere aldetik joanda eta NaBai bere aldetik joanda, ordezkari gehiago aterako dugu. NaBaik, inkestek diotenez, 12-14 eserleku atera ditzake, eta Batasunak 2-4, ziurtasun osoz. Elkarrekin joanez gero, Batasunak ekarriko lituzkeen hiru horiek NaBaiko beste hiru uxatuko lituzkete. Beraz, elektoralki elkar onartuz, askoz onura gehiago ekarriko luke bakoitza bere aldetik joateak».

Hirugarren erantzuna: ñabardurarik gabeko ezezko borobila eman diote Uxue Barkosek, independente batzuen izenean, eta EAJk. Eta alderdi jeltzaleak garbi utzi du, Urkulluren ahotik, NaBai utzi egingo lukeela, ezker abertzalea sartuz gero. Erreakzio horrek erakusten du, neurri batean, proposamenak zeinen ingurukoak uxa ditzakeen.

Baina ez da kalkulu ariketa hutsa. Kontua ez da, besterik gabe, Batasunarekin 95.000 botora iritsiko liratekeen edo ez. Zeinek zeini itzala egingo dion, zeinek zeinen gidaritzaren beldurra duen, zeinek zein irents dezakeen, hori ere badago jokoan. Edo hori dago, batez ere, jokoan.

Azaroak 19
Mamuak

Askotan esan izan dute PSOEko eta PSE-EEko buruzagiek, ezker abertzaleaz ari zirela, indarkeria gaitzestea oso sinplea dela: indarkeriarekin ados ez bazaudete, ez gaitzazue zuen esplikazioekin endredatu; gaitzetsi eta kito, oso sinplea da. Baina beren esplikazioetan endredatuta dabiltza aspaldi honetan, Marokoko indar armatuek Saharan erabilitako indarkeria gaitzetsi ezinaren ezinez, gauzak hain sinple ez direla esplikatu beharraren beharrez.

Astea borobiltzeko, Felipe Gonzalezen adierazpenak gogorazi dizkio Joseba Egibarrek Patxi Lopezi Eusko Legebiltzarrean. Lehendakariak zer erantzungo eta «iraganeko mamuak» ez haizatzeko, zigorra jarri eta ardurak argitu omen zirelako. Ahaztu zaio, nonbait, GALen zenbat atentatu gelditu diren argitu gabe, eta argitutako gutxietan jarritako zigorrak zer neurritan bete zituzten errudunek. Memoriaren Eguna izan eta hamar egunera, alajaina.

:: Hurrengo orrialdea >>

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!