Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Atala: "kontrakanpaina" atalean argitaratua

2009-02-27

Berritu edo hil

Primeran etortzen da VHS zaharra birziklatzera bota gabe edukitzea, Real Madril-Liverpool partidaren eta lehendakarigaien arteko eztabaidaren artean aukeratu beharra suertatzen denerako. Horrela, zuzeneko faltsuaren zuzeneko are faltsuagoa ikus daiteke: arratsaldeko bostetan grabatu, gaueko hamarretan eman eta gauerdiko hamabietan ikusi.

Baina emaitza berbera da. Minutuaren legeak abiadura eman dio saioari, baina eztabaidak ez du ez gatzik ez piperrik. Formula aldatzeko ordua iritsi da, Jaime. Egin kasu Patxi Lopezi, eta hurrengoan jarri binaka hautagaiak. Baina ez bi faboritoak bakarrik, konbinazio gehiago eginda baizik. Jarri Ibarretxe eta Ziarreta, egin ez zen kontsultari buruz eztabaidan; ekarri Otegi eta jarri eztabaidan Lopezekin, Loiolaz eta bakegintzaz; eman Madrazori eta Ezenarrori, biak bakarrik, etxebizitza politikari buruz ika-mikan jarraitzeko aukera; Basagoiti eta Lopez mintza daitezela Ajuria Enea konkistatzeko aliantza posibleez; Ezenarrok eta Ziarretak, sakondu dezatela polo subiranistaren ereduaz eta aukerez; eta Otegik eta Ibarretxek, erabaki eskubidearen aitorpena lortzeko estrategiaz.

Tête-à-tête gehiago ere egin litezke, beste molde batean: Ibarretxe Urkulluren aurka; Ziarreta eta Galdos aurrez aurre; Madrazo eta Matute; Basagoiti eta Barrio; Otegi eta auskalo zein... Eztabaida hauei zukua aterako liokeen moderatzailea badago, gainera: Maria Antonia Iglesias. Mirariak egiten ditu.

Bada ordua Washingtongo Etxe Zurirako hauteskunde kanpainetako formulak kopiatzeari utzi eta esportatzeko moduko eztabaida berritzaileak asmatzeko.

Dena ez dago asmatua. Kanporaketak, adibidez. Zortzi hautagai beharko lirateke, eta baditugu: herenegungo seiak, Otegi eta, zergatik ez, Rosa Diezen lagunetako bat. Zozketa hutsa egin daiteke edo, bestela, serie-buruekin, eserleku gehien duten laurak gutxien duten laurekin gurutzatuz lehen kanporaketan. Epaimahaia Hauteskunde Batzordeak izenda dezala, sona handiko politologo eta soziologoen artean: Xabier Aierdi, Eider Alkorta, Ander Iturriotz eta Ainhoa Larrañaga, adibidez. Lau irabazleak finalerdietara eta, gogoeta egunaren bezperan, final handia.

Ez litzateke bideoaren beharrik izango.

2009-02-25

Demokraziaren festa

Kanpaina ekitaldi bereziak egiten dituzte tarteka gurean. Hauteskundeetara aurkezten den alderdi baten egoitza lehergailu batekin txikitzea kanpaina egitea izan daiteke. Edo hautagaitza bateko zerrendaburua eta hautagaitza hori aurkez dadin lanean aritutako beste zazpi lagun espetxeratzea ere kanpaina izan daiteke.

Otsailaren 23a, egun seinalatua aukeratu zuen ETAk Lazkaoko PSE-EEren egoitzan lehergailua zartarazteko. Seinalatua, ez Tejerorenagatik, duela 25 urteko otsailaren 23an Komando Autonomo Kapitalistek Enrique Casas senatari eta hautagaia hil zutelako baizik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina bete-betean zenean. Ez zen ETA izan. Hautagaiei edo hautetsien aurkako atentatuak onartezintzat zeuzkan orduan. Alderdi politikoen egoitzen aurkako erasoak bezala. Mendeku izeneko talde bateko kideek 1987an Portugaleteko PSEren egoitzara molotov koktelak bota zituztenean -bi lagun hil ziren sutean-, HBk oso gogor gaitzetsi zuen erasoa. «Inoiz ez gara sartuko alderdietako militanteen arteko konfrontazioan», esan zuen orduan Txomin Ziluagak, HBren izenean, Jon Idigoras alboan zuela.

Ez ziren garai errazagoak. Alderdiak eta hautagaitzak ez zituzten legez kanporatzen, baina beste metodo batzuk zituzten ezker abertzaleko kideak jokoz kanpo uzteko: Santiago Brouard, Josu Muguruza... Eta GAL bete-betean ari zen Iparraldean.

Orain, Brouarden eta Muguruzaren oinordekoak, alegia Joseba Permach, Karmelo Landa, Marije Fullaondo eta beste hainbeste, Espainiako kartzeletan sakabanatuta daude, kanpaina egunkari atzeratuen bidez jarraitzera kondenatuta, herriz herri kanpaina egiten ibili beharrean, ibili beharko luketen moduan. Herriz herri dabiltzan beste batzuk, aldiz, bizkartzainaren itzala daramate beraiekin, ekitaldirik xumeenera ere.

Argazkia osatzeko, gaur Felipe Gonzalez Eibarko Astelena frontoian izango da, duela 33 urte «Gora Euskadi Askatuta!» oihukatu zuen leku berean. Jose Barrionuevo, Rafael Vera, Julian Sancristobal, Julen Elgorriaga eta Ricardo Garcia Danborenea ez dira izango Eibarren, baina zer egingo diogu, Felipe Gonzalez ikusi eta haiekin ere akordatu egiten gara.

A ze festa, demokraziarena.

Post scriptum: Ezagun duenez, hanka sartu dut Felipe Gonzalezi buruzko aipamenean. Gaur asteazkena zetorrela uste nuen, baina atzo asteartea etorri zen. Barkatu nahastea.

2009-02-23

Euskaltelen hautagaia

ELAren abisua afiliatuei: ez erabili sindikatuen siglak alderdi baten edo bestearen aldeko kanpainan, etxeko estatutuen aurkakoa baita hori. Oharra atera du, zenbait militante EBren, Aralarren eta Ibarretxeren aldeko ekitaldietan edo plataformetan agertu direlako ELAko kide gisa. Badakizue, independentzia politikoa urre gorria bezala gordetzen du ELAk 70eko hamarkadan alderdi jeltzalearekiko zilbor-hestea eten zuenetik. Zeinen alde bozkatuko ote du Txiki Muñozek, baldin eta bozkatuko badu? Hauteskunde emaitzen porra asmatzen errazago dago, galdera horri erantzuten baino.

Beste hainbat erakunde-izen ere hautagai baten edo besteren alde erabiltzen ari direla ikusirik, haiek ere prentsa oharrak ateratzekotan izango dira. BBK-k atera dezake, edo Kutxak, edo Euskaltzaindiak, edo Euskaltelek... Baina nekez. Izan ere, erakunde horietako buruak agertu dira Hemen Ibarretxe plataformako zerrendan, zein erakundetako buru diren argi adierazita.

Onena, denen artean, Euskaltel. Talde ziklistaren aurkezpenean ere, kirol kazetarien aurrean, Ibarretxeren aldeko kanpaina egin zuen Madariaga presidenteak, disimulu handirik gabe. Eta badu ingurukoak konbentzitzeko abilidadea gizonak: Samuel Sanchez urrezko asturiarra ere EAJren hautagaiaren aldekoen zerrendan dago, Gonzalez Galdeano anaiekin batera. Paris-Brest- Paris 1.200 kilometroko martxa zikloturista egiteko gauza den lehendakarigai bakarra Ibarretxe delako izango da. 2007ko abuztuan egin zuen, lau egunean.

Kirolak botoak ematen ditu, bai, baina zer egiten zuen Antonio Basagoiti athleticzaleak, Alberto Ruiz Gallardo realmadridzalearekin, Anoeta futbol zelaian kanpaina egiten? Hain zuzen ere, athleticzalea delako daki Basagoitik Ibaigane eta Sabin Etxea hurregi daudela eta San Mamesen alferrik ari dela. Ez daude txirrindulariak bakarrik: Ana Urkijo, Joxe Mari Arrate, Javier Clemente, Jose Manuel Esnal Mane, Andoni Goikoetxea, Josu Urrutia, Andoni Imaz, Genar Andrinua...

Argi dago: hauteskunde eguna aukeratzean hanka sartu zuen Ibarretxek. Ez al zen konturatu astebete atzeratuz gero Athletic-Sevilla finalaurrekoaren ondoren egingo zirela hauteskundeak? A zer boto uholdea, finalera sailkatuz gero.

Paradoxak

Kanpainan parte hartu gabe ezin du etsi gizonak. 1993an Felipe Gonzalezen zerrendan bigarren joan zenean ez zen ase nonbait- ministro izan nahi, eta ezin-, eta geroztik bere erara agertzen da, hutsik egin gabe, gure polizia togaduna. Erraza dago, bai, Garzonen mozorroa: toga eta polizia kapela, aski. Abisua, beste behin, garbia da: mugitzen dena, barrura. >Baina, jokaleku politiko gero eta estuagoa gorabehera, orain arte ez diote mugitzeari utzi, eta orain ere ez diote utziko.

Aspaldi ikasi genuen periodikoak argitaratutako guztia ez sinesten, baina ez diogu horregatik egunkaria irakurtzeari utzi. Lehengoan, El País-en, Luis R. Aizpeoleak: borroka armatuarekin jarraitzearen alde daudenek abstentziorako deia egin nahi zuten -hortik, Bilbon agertutako kartel zaharrak-, baina botopaperak zenbatu egin nahi ditu luze gabe indarkeria alde batera utzi nahi duen sektoreak, eta D3Mren aldeko botoa eskatzea hitzartu dute azkenean. Ez dakigu Aizpeoleak dioen bezala den, baina logikoa zen, egoera honetan, eztabaida bi aukera horien artekoa izatea. Logikoa den bezala ezker abertzale legez kanporatuak zenbat herritarren sostengua duen neurtu nahi izatea, horrek emango baitio euskal politikagintzan aritzeko legitimazioa, legez kanpo izan behar badu ere, eta horrek emango baitio, beste ezerk baino gehiago, ordezkatzen duenaren neurria.

Bestelakoak ziren barne eztabaidak ezker abertzalean ez hain aspaldi, bozetan parte hartu ondoren eserlekuak betetzeari uko egiten zionean. Ez pentsa huskeria bati egiten zionik uko HBk: 1980tik 1994 arte inoiz ez zuen 11 parlamentari baino gutxiago lortu -beti 11 eta 13 artean-. Beste garai batzuk ziren: orduan besteek nahi zituzten HBkoak instituzioetan, edo hala esaten zuten behintzat, baina alferrik, 90eko hamarkada iritsi zen arte.

Eta, zer diren paradoxak, ezker abertzaleak 80etan helburu zuena -EAEko instituzioei zilegitasuna ukatu- bete-betean lortuko dute orain, Espainiako erabakiguneen graziaz: herritar guztiak ez ordezkatzera kondenatuta, legitimazio demokratikoa kendu diote datozen lau urteotarako EAEko instituzio demokratiko gorenari. Eta, mendizaleek mendi tontorra konkistatzen duten bakoitzean egin ohi duten bezala, bandera jarri dute gainera.

2009-02-18

Ekarri notarioa

Gure izeko bat herriko mitin guztietara joan zen 1977ko hauteskundeetan, botoa zeini eman erabakitzeko. Eta ez ziren hiruzpalau mitin, orain bezala. Joan zen, entzun zuen eta erabaki zuen. Azkenean ESEIren eta ESBren artean dudan egon zela akordatzen da.

Joan ziren garai haiek. Orain, herrian mitina egiten dutenean, alderdikideak baino ez dira biltzen. Eta herrikoak aski ez direnez, inguruetako karguak eta afiliatuak etortzen dira, aretoa betetzera. Askok geneetan bezala daramate boto aukera, futbol taldearekiko leialtasunaren pare, eta botopapera aldatu gabe joango dira hilobira. Baina beste batzuek, balantza alde batera edo bestera eramango dutenek, azkenordura arte ez dute erabakiko. Ez dira, ordea, aukera egiteko mitinetara joango. Zaila baitago mitinetan -eta telebistan, YouTuben edo norbere blogean- egiten dituzten promesak sinesten.

Bejondeiola, horregatik, Javier Madrazori. Notarioaren aurrean sinatu du hogei hauteskunde promesa jasotzen dituen agiria. Badakizue, Madrazo berriro gobernuan sartzen bada eta, adibidez, notario aurrean agindu bezala 50.000 etxebizitza alokairu babestura bideratzen ez baditu, auzietara eraman ahal izango duzue. Notarioarena morrozoa ez bazen behintzat.

Ondo dago ideia. Hedabide handiek kazetari bana jarri diete, ohi bezala, hautagai bakoitzari edo alderdi bakoitzari, kanpainaren jarraipena egiteko. Ekitaldi guztietan daude, eta hautagaiek zer dioten apuntatzen dute, egunez egun, koadernoan. Ez da kontua kazetarioi lana kentzea, baina lan hori bera berriketariek beharrean notarioek egingo balute, asko irabaziko luke kanpainak. Hautagaiaren itzala bailitzan, notarioa beti hor. «Ez dut PSE-EErekin gobernu akordiorik egingo» esan badu urliak, notarioak apuntatu eta, ekitaldiaren bukaeran, hautagaiak sinatu. «Hiru ospitale eraikiko ditugu datozen lau urteotan». Oso ondo, baina sinatu hemen.

Ondo kobratzen dute notarioek, asko estudiatu behar izan zuten-eta lanpostua lortzeko. Baina mereziko luke gastuak. Kanpaina askoz ere eramangarriagoa izango litzateke. Hautagaiek, ez egin dudarik, askoz gutxiago hitz egingo lukete. Eta botoa nori eman erabaki ezinik daudenak, akaso, mitinez mitin denei entzun ondoren erabakiko lukete.

:: Hurrengo orrialdea >>

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!