Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Atala: "Handik eta hemendik" atalean argitaratua

2013-04-14

Kalea Thatcherri

Lekurik britainiarrena zein izan zitekeen pentsatzen jarri, eta Finchley etorri zitzaion burura Margaret Thatcherri. 1981eko azaroa zen, eta Ipar Irlandako ordezkari unionistekin eztabaidan ari zen Komunen Ganberan. Ohi bezala, unionistek errezeloak zituzten. Historiako lehen ministro unionistena zen akaso Thatcher, baina ez ziren fio. Bere aliatuen konfiantza irabazteko ahaleginean, irlandarrek ahaztuko ez duten esaldia bota zuen Burdinezko Damak: «Finchley bezain britainiarra da Ipar Irlanda». Londres Handiaren iparraldeko barrutia da Finchley. Berezitasuna: 1959tik 1992ra Thatcher hautatu zuela diputatu.

Hilabete pasatxo besterik ez zen H Blokeetako gose greba bukatu zela. Maiatzaren 5ean Bobby Sands hil zen, astebetera Francis Hughes, hurrengo astean Raymond McCreesh eta Patsy O'Hara, ekainean ez zen inor hil, baina uztail eta abuztuan bata bestearen atzetik joan ziren Joe McDonnell, Martin Hurson, Kevin Lyinch, Kieran Doherty, Thomas McElwee eta Michael Devine. Urriaren 3an bukatu zen heriotza jarioa. Presioek eragin handiagoa izan zuten presoengan eta haien familiengan, Thatcherrengan baino. Hamar gazte ikusi zituen hiltzen, eta gehiago ikusteko gertu zegoen. Estatus politikoa eskatzen zuten, funtsean. Historiarako esaldia utzi zuen hemen ere Thatcherrek: «A crime is a crime. It's not political. It's a crime». Sinplea, errepikakorra: krimena krimena da, kito. Eskola sortu du Burdinazko Damak honetan ere. Ez dago esan beharrik non eta norengan, baina honez gero badakizue Madrilgo Udalak, Ana Botella buru, kalea jarri nahi diola.

Epe motzean, Thatcherren garaipena eta preso errepublikanoen porrota izan zen. Baina luzera, mugimendu errepublikanoaren abiaburu berria izan zen. Sands diputatu aukeratu zuten gose greban ari zenean, eta diputatu hil zen. Sinn Feinen indarberritzearen eta mugimendu errepublikanoaren apostu politikoaren hasiera izan zen. Borroka politikoan ere irabazteko asko zeukala jabetu zen aurrena Sinn Fein, borroka politiko hutsaren aldeko apustua etorri zen gero.

Irlandako prozesuari buruz inguru hauetan egin dugun irakurketa berrikusteko aitzakia ere ematen du Thatcherrek. Erraz esanda, honela ulertu dugu hangoa: Downing Streeteko adierazpenean autodeterminazio eskubidea aitortu zien irlandarrei Erresuma Batuak, errepublikanoek Ipar Irlandako erabaki esparrua onartu zuten, eta Irlanda batuaren helburua bide politikoen bidez lortzeko bidea zabaldu zenez, armak utzi ditu IRAk eta, ondorioz, baita talde armatu lealistek ere. Egin dezagun atzera, Komunen Ganberako 1981eko eztabaida hartara. Thatcher berriro: «Ipar Irlanda Erresuma Batuko parte da, eta hala izango da [ipar irlandarrek] besterik erabakitzen ez duten bitartean». Handik lau urtera, Irlandako lehen ministro Garret FitzGeraldek eta Thatcherrek Itun Anglo-Irlandarra sinatu zuten. Hauxe sinatu zuen, besteak beste, Burdinezko Damak: «Etorkizunean Ipar Irlandako gehiengoak Irlanda batua eratzeko borondatea argia badu eta formalki onartzen badu, [bi gobernuek] borondate hori gauzatzeko legeria bideratu eta sustatuko dute nork bere legebiltzarrean». Itun hark ez zuen ia inor ase. 1985ean gaude oraindik. Unionista guztiak kontra, Sinn Fein eta IRA ere bai, armak ez ziren isildu. Baina Downing Streeteko adierazpenaren eta Ostiral Santuko Akordioaren ernamuina han dago.

Nola ez, Thatcher damutu egin zen Itun Anglo-Irlandarra sinatu izanaz. 1998an aitortu zuen, Ostiral Santuko Akordioaren bidez presoei izaera politikoa aitortu eta horren araberako irteera eman zitzaien urtean hain zuzen. Jar diezaiotela, bai, kalea Madrilen.

2013-04-04

Igeltseroak, tartak eta istripuak

Miguel Sanzen ateraldien mailara ez da iritsi oraindik Yolanda Barcina, baina ale batzuk utzi dizkigu jadanik, eta eskertzen diogu: merenge frantsesak, gogorragoa omen denez, merenge arruntak baino min gehiago egiten duela esan zuenekoa Espainiako Auzitegi Nazionaleko deklarazioen aktetan jasota gelditu da, eta egun bakarrean dietetan bost mila eurotik gora jaso izana justifikatzeko «garai hartan» igeltsero batek milaka euroko soldata zuela esan zuenekoa ere hemeroteketan dago. UPNko kargudunen bat inputatua izanez gero dimititu ez ezik alderdia ere utzi egin beharko lukeela esan zuenekoa ez da ateraldien multzoan sartzen, baina jadanik damutu zaio esan izana. Arrazoi zuen Serio Demonioko txikiteroak, UPNren barne lehian Yolanda Barcinak irabaziz gero hobeto pasatuko genuela aurreratu zuenean.

Alberto Catalan nagusitu izan balitz eta Barcina etxera bidali, adibidez, CAN auziak ez zukeen UPNren gobernua horrenbeste zipriztinduko. Miguel Sanzen, Enrique Maiaren eta Alvaro Mirandaren inputazioak, hasteko, musika ondo egokia jarri dio Bilduren eta NaBairen zentsura mozioari. Ustekabe itzela izango litzateke mozioak aurrera egitea, Juan Carlos Longas gobernuburu hautatzea eta hauteskundeak aurreratu ahal izatea, baina Barcinaren gainbehera eta PSNren nora eza agerian utziko ditu behintzat, alternatiba gauzatzeko goizegi dela ere erakutsiko duen arren. UPNren alternatiba osatzeko, PSNren partaidetza ezinbestekotzat jo izan da beti, baina, testuinguru berri honetan indar harremanak zenbat alda daitezkeen eta PSNren sinesgarritasuna noraino jaitsi den kontuan hartuta, nago PSNrik gabeko alternatibarako kontuak ateratzen ari denik badela.

Bitartean, CAN auzia Madrilera eramateko ahaleginean ari da Miguel Sanz, aurkeztu berri duen helegitearen bidez. Euskal herritar gehienek ez bezala, nahiago du Espainiako Auzitegi Nazionalak epai dezan. Ondo daki aldea ez dela geografikoa. Barcinari merenge tartak bota zizkiotenek ondo dakiten bezala. Okzitaniako Tolosako auzitegiak artxibatu egin zuen auzia, baina Madrilgo Auzitegi Nazionalean bosna urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak lau auzipetuentzat, eta sei eta bederatzi urteko zigorrak Barcinaren beraren izenean ari den akusazio partikularrak.

Justiziak funtzionatu egiten duen seinale... tartak beharrean gomazko pilota jaurtitzen dituztenean salbu. Urtebete joan da Iñigo Cabacas taberna atari batean lagunartean Athleticen sailkapena ospatzen ari zenean ertzain batek jaurtitako pilotakada batek buruan jo eta, zauriaren ondorioz, hil zenetik. Hamabi hilabete joan dira, Ertzaintzak ez du barne ikerketarik egin, Arartekoak ikertzen ez diotela utzi salatu du, orduko Herrizaingo sailburuak adierazi du berak bere betebeharra bete duela, eta Ertzaintzako gaur egungo zuzendariak esan du istripua izan zela, tiro egin zuenak inor hil nahi ez zuelako. Istripua, loreontzia nahi gabe erorita leihopean pasean denari buruan jotzea da, edo, izatekotan, tiroak nahi gabe ihes eginda baten bat jotzea. Baina Deustuko edo dena delako polizia etxetik etorri den aginduari jarraiki, pilota jaurtigailua kargatu, armaren ahoa Cabacas eta berekin zeudenengana zuzendu eta tiro egitea ez da istripua, azken ondorioa nahi gabekoa izan arren. Urtebeteren buruan inor inputatu gabe segitzea istripua ez den bezala.

2013-03-31

Alde bakarraren nahi eta ezina

ETA lehergailuen lapurreta prestatzen ari da bere mehatxua autentifikatzeko». Horixe zioen La Razon egunkariak azalean joan den ostegunean, kazetaritza fantastikoak mugarik ez duen seinale. Bezperan, Osloko negoziaziogunea desegin izanak ondorio ezkorrak izango dituela adierazi zuen ETAk, «konponbidea atzeratzen eta zailtzen duen neurrian». Erakunde armatuaren iragana kontuan hartuta, ondorio ezkorrei buruzko hitzak mehatxutzat hartzea ulergarria litzateke, beste kontestu batean. Gaur egungoan, ez. Ukaezina da Espainiako eta Frantziako gobernuek elkarrizketari uko egin izanak zaildu egiten duela gatazkaren ondorioei konponbide ematea, eta agiriak nabarmena dena adierazi besterik ez du egiten, esan duen moduan esanda hitzak desitxuratu nahi dituenari aitzakia ere ematen dion arren.

Baina prozesua ez al zen ba alde bakarrekoa? Behin baino gehiagotan entzun izan dugu galdera bera, ETAk gobernuei pausoak eman ditzaten eskatu izan dienean, alde bakartasunarekin koherente izanez gero besteek zer egingo zain egon gabe desegin beharko lukeela argudiatzen dutenen ahotik. Baina erabaki nagusia (armak erabiltzen uztea) alde bakartasunetik erabakitzeak ez du esan nahi erabaki horren ondorio guztiei alde bakarretik erantzuteko modua dagoenik. Desarmearena eztabaidagarria da, gobernuen aurrean ezin bada beste eragileren baten edo batzuen aurrean gauzatzea posible izan baitaiteke, baina presoen, iheslarien eta sasian daudenen egoerari buruz alde bakar batek erabaki dezakeena hutsaren hurrengoa da.

Presoek banaka kartzela onurak eskatuko balituzte arazoa konponduta legokeela dirudi tertulia batzuk entzunda. Kolektibo gisa jokatu nahi izate hori dela oztopo, hain zuzen, presoen auzian aurrerapausoak emateko. Edo ETA ari dela presoen auzian ere aurrerabidea oztopatzen, desegiten ez delako. EAJri ere horixe ulertu zaio, konponbidea atzeratzearen eta zailtzearen «erantzule bakarra» ETA dela adierazi baitu agiriari emandako erantzunean. Gobernuek uko egin diote EAJk Aieteko adierazpenarekin bat egin zuenean beharrezkotzat jo zuen elkarrizketari, uko egin diote EAJk ere salatzen duen espetxe politika aldatzeari, baina erantzukizuna erakunde armatuari baino ez dio leporatzen. Espainiako Gobernuak, bitartean, Langraizko bidea hartu zutenei ere ukatzen dizkie espetxe onurak.

Espainiako Gobernuak auzi honetan izan duen bilakaerari erreparatuz gero, ETAren indarkeriaren eraginkortasunaren aitorpen inplizitua antzematen da. ETAk hildakorik gehien eragin zuen garaiaren osteko lehen negoziazio ahaleginean, Aljerren, presoen auzia mahaira eramaten ahalegindu ziren Felipe Gonzalezen gobernuaren ordezkariak, Manuel Fragaren alderdiaren babesarekin. Hautetsien aurkako atentatuen lehen aroaren ostean, Suitzara ordezkaritza ofiziala bidali behintzat egin zuen Jose Maria Aznarrek; eta armen itzuleraren mehatxupean ahalegindu ziren Jose Luis Rodriguez Zapateroren ordezkariak, Genevan eta Oslon, elkarrizketak presoen auzira bideratzen. Mehatxupean, Espainiako Gobernua beti prest egon da presoez hitz egiteko. Orain, ez du beharrik ikusten. Beste era batera esanda: ETAren indarkeriak edo haren mehatxuak elkarrizketa mahairaino mugiarazi izan du Gobernua, baina konponbide elkarrizketatua eta beste espetxe politika bat eskatzen dion euskal gizartearen gehiengoaren borondatea, ordea, ez da aski arrazoi norabide horretan mugitzen hasteko.

Pedagogia politikoaz hitz egingo dute gero.

2013-03-24

Hilketak eta politika

Parlamentaria zen Fernando Buesa ETAk hil zuenean, PSE-EEko taldearen bozeramailea Eusko Legebiltzarrean. Politikari bat. Hil zutenean, eragile politiko guztiek erreakzio politikoak izan zituzten. Lizarra-Garaziko Ituna hilzorian zegoen, EAJ-EAren eta EHren arteko gobernu ituna ere bai, eta batarekin zein bestearekin hausteko exijitu zioten PSE-EEk eta PPk orduko lehendakariari, Juan Jose Ibarretxeri. Lizarra-Garazikoa betiko bukatu zen, baita gobernu ituna ere. Buesa bere ideia politikoengatik hil zutela adierazi zuten atentatua gaitzetsi zuten gehienek. Arrazoi politikoak argudiatu zituen ETAk. Politikoa ez, oso politikoa izan zen hilketa hura, jatorrian zein ondorioetan.

Hamahiru urte geroago, Laura Mintegik atentatu haren jatorri politikoa azpimarratu du Eusko Legebiltzarrean. Batzuk asaldatu egin dira, beste batzuek kritikatu egin dute. Dena eztabaida parlamentarioaren logikaren barruan, EAEko fiskala agertu den arte, itxura guztien arabera Madrilgo nagusiak bultzatuta. Mintegik ez zuen ETA goratu, ezta biktimak iraindu ere. Hainbeste badaki Juan Kalparsoro fiskalak. Espainiako justiziak beste ustekabe bat ematen ez badu behintzat, fiskalaren ekimena ez da inora iritsiko. Baina abisua hor utzi du, esanez bezala: kontuz ibili, zuen hitz guztiak luparekin begiratu ditugu eta.

Esan, denok dakiguna besterik ez zuen esan Mintegik: Buesaren hilketak izaera politikoa duela. Baina diskurtso politikoa, esaten dena ez ezik, esaten ez dena ere bada. EH Bilduko eledunak ez zuen esan atentatu hark justifikazio politikoa zuenik, politikoki justifikatuta zegoenik, baina kontrakoa ere ez zuen berariaz esan. Hilketaren jatorri politikoaz ari zelarik, ez zuen zehaztu atentatu hark justifikazio politikorik ez zuela, bidegabekeria bat zela. Horregatik heldu diete Mintegiren hitzei heldu dieten bezala, eta itxuraldatu, egin ez zuena egozteko.

Orain gehiago dakigu Batasuneko hainbat buruzagik orduan pentsatzen zutenari buruz. Otegik, Buesaren parlamentukideak, gaitzespenari buruzko «joko semantikoetan» ez zuela sartu nahi esan zuen, Buesaren hilketa zela eta. Orain badakigu, barruak eskatzen ziona egin izan balu, hilketa haren aurka hitz egingo zuela. Baina ez zuen egin. Orduan ahotsa altxatu izan balu zer gertatuko zen ez dakigu: agian, hamarkada bat geroago gertatu dena lehenago gertatuko zen; baina, agian, hamarkada bat geroago etorri dena ez zen etorriko, batzuek ahotsa altxatu izanak mugimendua hautsi zezakeelako eta, ondorioz, ez zelako posible izango 2009-2010eko barne prozesuaren ondorioz ezker abertzaleak bere osotasunean jardun armatua bukatutzat ematea.

Susma dezakegu Mintegik, pertsonak, beste hitz batzuekin baloratu nahiko lukeela Buesaren hilketa, baina ETAren bukaera bide onetik eramatea lehentasun duen koalizioko bozeramaile gisa, oreka batzuk egitera behartuta dagoela. Euskal gizartearen gehiengoak eta EH Bilduren boto-emaile askok eskertuko lukete ETAren iraganari buruzko irakurketa kritikoagoa, eta horrek sinesgarritasun handiagoa emango lioke indarkeriaren arbuioari. Baina EH Bilduk edo Sortuk aurkari politiko guztiek eskatzen diotena egingo balute, ETAren iragan osoa gaitzetsiko balute, nekez izango luke ondorio onik oraindik burutzeke dagoen prozesua azkeneraino eramateko helburuan, pentsatzekoa baita zaildu egingo lukeela ezker abertzale politikoak eta ETAk norabide berean egitea hemendik aurrerako bidea.

2013-03-17

Estrasburgo berriro

Lehendik ere egonak gaude Estrasburgora begira. Ezker abertzaleko alderdi politikoen legez kanporatzeari buruz erabaki behar zuenean, adibidez. Espainiako Auzitegi Gorenak eta Konstituzionalak emanak zituzten epai irmoak HBren, EHren, Batasunaren eta ondoren etorri ziren koalizio eta plataforma ia guztien aurka. Ia hamarkada bat zeramaten legetik kanpo, eta Estraburgok zeukan bidegaberia hura amaitzeko giltza. Kontrako zentzuan erabili zuen, ordea: beste buelta bat, barrurantz. Kito. Bukatu zen legez kanporatzeari buruzko borroka juridikoa. Ezker abertzaleak ulertu zuen, estrategia aldaketarik gabe, legez kanporatua egotera kondenatua zegoela, luzerako. 2009ko ekaina zen. Zorionez, ordurako beste borroka bat abiatua zegoen.

Alsaziako hiriburura begira gaude berriro, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiko 17 magistratuek Ines del Rio presoaren auzian zer erabakiko. Lehen instantzian, Parot doktrina atzerako eraginez aplikatzea bidegabea dela eta, beraz, Del Rio askatzeko agindu zuen Europako Auzitegiak. 197/2006 epaiaren ondorioz espetxean jarraitzen duten presoetako askori eragin beharko lieke erabakiak. Espainiako Gobernuak, jakina denez, ez du etsi: helegitea aurkeztuta, azken erabakia Sala Handiaren esku utzi, eta presio egiten ari zaio. Zarata handia ateratzen ari da Fernandez Diaz Barne ministroa, gainera. Baina argudioek ez dirudite oso egokiak giza eskubideen babesle den auzitegi batentzat: azken batean, preso batzuk ez direla inoiz askatu behar esaten ari zaio ministroa. Litekeena da Espainiako Gobernuan dagoeneko kontuak aterata edukitzea eta, Estrasburgotik datorkiena irensteak lanak emango dizkiela susmatuta, gogor plantak egiten hastea erabaki izana. Beste aldean ere ez daude geldirik. 17 magistratuek jadanik badakite Eusko Legebiltzarreko gehiengo abertzaleak zer erabaki duen. Indar handiagoa izango zuen erabakiak, dena den, PSE-EE ausartu izan balitz udal batzuetan eman duen pausoa parlamentuan ere ematen.

Doktrinaren gurasoetako batek, Javier Gomez Bermudez epaileak, odol delitu bat baino gehiago dituzten presoei zigorra luzatzearen aldeko argudioak berretsi ditu Bilbon, baina Estrasburgok arrazoi emango dionik ez duela espero iradoki zuela diote kronikek. Fribolitate momentu batean, bakegintzan garrantzirik ez duela izango ere esan zuen, «berrogeita hamar» presori baino eragiten ez dienez doktrinak. Onar dezagun une batez Gomez Bermudezen logika, eta demagun —asko ematea baldin bada ere— huskeria dela doktrina horren ondorioz espetxean jarraitzen duen preso multzoaren askatasuna. Baina erabakiak, epaile jauna, preso gutxi horiei ez ezik giro politikoari ere eragingo dio. Txarrerako zein onerako.

Europako Auzitegiak lehen instantziako epaia berresten badu, odol delituengatik zigortu zituzten preso asko libre ateratzen ikusi beharko ditu Espainiako iritzi publiko eta publikatuak. Polemikaren neurria gorabehera, Fernandez Diaz ministroak aurreratu du Europako agindua bete beste erremediorik ez duela izango gobernuak. Etorkizuna ez dago aurreikusterik, baina, behin olatua pasatuta, giroa beste bat izan daiteke dena delakorako, alde batekoentzat zein bestekoentzat. Ez ahaztu EPPK-k ere adierazia duela presoak alde bakarreko pausoak emateko gertu daudela baina une egokia iristen denean emango dituztela. Estrasburgo mugarri izan daiteke berriro.

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Martxoa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!