Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Atala: 'Westetik" atalean, AEBetako hauteskundeei buruz

2012-11-08

Washingtoni eusteko

Uste baino lehen bukatu zen hauteskunde gaua. Renon zortziak eta laurden besterik ez ziren, obamazaleek Grand Sierra kasinoko konbentzio aretoetako batean antolatutako festa lehertu zenean. Mendebaldeko estatuetako zenbaketak hasi berriak artean, Ekialdeko eta Erdialdeko emaitzak aski izan ziren. Txaloak, oihuak, besarkadak, garagardoa eta brandya seven-up-ekin. Tragoak erosteko iladan, atzeko emakumezkoa negar batean hasi da. «Hainbeste lan egin dugu denok!». Eta eskuak gora eramanez, zotin artean: «Izorra zaitez, Romney!». Ez zen Romenyri buruz bakarrik ari.

Zerk irabazi duen esaten baino errazagoa da zerk galdu duen. Oro har, Estatuaren kontrol eta babes sistema dagoeneko ahulak indargabetu nahi dituztenen porrota izan da. Zergak jaitsi, administrazio publikoa argaldu, babes sozialerako programak murriztu, osasun publikoa ezereztu, finantzen merkatu libreari dena libreago utzi, paperik gabeko etorkinak are gehiago estutu eta, besteak beste, aborto eskubidea ukatu nahi dutenek galdu dute. Erabakigarria izan daiteke Alderdi Errepublikanoaren gerorako: hain eskuinera joanik aurrerantzean nekez irabazi ahal izango duela ondoriozta dezakete; Tea Partyren espiritua zama handiegia dela.

Zerk irabazi duen esaten baino errazagoa da nori esker irabazi duen. Emakume gehienek Obamaren alde egin dute (%55), latino gehienek ere bai (%70etik gora) eta, jakina, afro-amerikar ia guztiek (%90etik gora). Gazteen artean ere, maila ekonomiko apaleneko bozemaileen artean bezala, Obama nagusi. Zorretan dago presidentea gizartearen sektore ekonomikoki ahulenekin. Romneyk zurien artean irabazi du, gizonezko zurien artean gehienbat. Baina Alderdi Errepublikanoan badakite zuriak, proportzioan, urtetik urtera gutxiago izango direla.

«Onena» etortzeko dagoela esan du Obamak garaipen hitzaldian. Duela lau urte, Washingtonen politika egiteko moduak aldatzeko aukeratu zuten. Huts egin du horretan. Eskuak librexeago izan ditzake orain: ez baitauka politika hurrengo hauteskundeetan pentsatuz egin beharrik, lau urte barru etxera baitoa nahitaez.

Baina oraingoan ez dute Washington iraultzeko aukeratu, Washingtoni eusteko baizik.

2012-11-06

Jokatu urdin

Romneyri duela hilabete eta erdi esan baliote bozketa egunera irabazteko aukerarekin iritsiko zela, akaso sinetsi ere ez zuen egingo. Erraz ahazten dira gauzak, baina duela hilabete eta erdi Obamak seguru zirudien. Ez zen harritzekoa. Primarioetan ikusi zen alderdikide askok ez zutela Romney maite. Romney ez beste edozein sustatzeko ahaleginak ugariak izan ziren. Behin hautagai bihurtuta, ez zuen ematen erakarmen ahalmen handirik zuenik. Aberatsegia da, batez besteko herritarrek hurbileko sentitzeko. Ez da aberastu amets amerikarraren bidetik, baizik eta aberats jaiota. Batez besteko herritarrak baino zerga gutxiago ordaintzen du. Primarioetan, eskuindarrik eskuindarrena zen. Orain, zentristarik zentristena. Groucho Marxena ondo datorkio: «Hauek dira nire printzipioak eta, gustatzen ez bazaizkizu, badauzkat beste batzuk».

Obama mundua jatera zetorrela ematen zuen duela lau urte. AEBetan politika egiteko modua irauliz mundu berri baten promesa ekarri zuen. Huts egin die agindutako guztia beteko zuela uste zutenei, baina onik atera da lau urte zail hauetatik. AEBetako ekonomia ez da hondoratu, pixkanaka gorantz doa, eta akordatu: Bin Laden hil du. Romneyren aldamenean, garaiezina zirudien duela gutxi arte.

Zer gertatu da azken egunera parez pare iristeko? Harrigarria bada ere, dena aurrez aurreko eztabaida batekin okertu zen Obamarentzat. Urriaren 3ko porrotarekin aldapan behera sartu zen Obama, eta aldapan gora etorri Romney. Hurrengo bi aurrez aurrekoek joera horiek apaldu zituzten, baina ez aldatu. Azken orduan, Sandy urakanarekin, puntuak irabazi ditu presidenteak. Botoetan parez pare daude, baina estatuz estatuko zenbaketan, Obama aurretik.

Renoko kasinoetan erruleta da jokorik errazenetakoa, kanpotik gatozenontzat. Fifty-fifty aukera ere badu, gutxi arriskatu nahi duenarentzat: zenbakien erdiak kolore batekoak dira, eta beste erdiak bestekoak. Gaur arriskurik hartu nahi ez baduzu, jokatu urdin.

2012-11-03

Hitz bat

Jar diezaiogun ahotsa eta mugimendua Gari zutabekideak ekialdetik nabarmendutako argazkietako bati: New Jerseyko gobernadore Chris Christie kameraz inguratuta dago, eta, urakanaren osteaz ari dela, Obamaren jarduna aparta izan dela esan du. Ez du esan presidenteak ahal duen guztia egin duela edo dagokion lekuan egon dela. Ez: «outstanding» esan du. Aparta, bikaina, sekulakoa. Christie ez da edozein. Alderdi Errepublikanoko izar nagusietakoa, errepublikanoen azken konbentzioan hitzaldi garrantzitsuenetakoa berea izan zen. Ederki egurtu zuen Obama, baina batek baino gehiagok esan zuen Romneyren aldeko hitzaldia baino gehiago, Christieren beraren aldekoa ez ote zen izan. Ez harritu, alegia, 2016ko lehian Christie lodikotea agertzen bada hautagaigaien artean. Kontua da hitz bakarrarekin (outstanding) kalte gehiago egin diola orain Romneyren hautagaitzari, konbentzioko diskurtso luze eta mamitsuarekin mesede baino. Hitz batek, jakina denez, mila irudik baino kalte handiagoa egin dezake.

Ez da Christie bakarrik. New Yorkeko alkatea, Michael Bloomberg, Alderdi Errepublikanoko hautagai gisa aukeratu zuten alkate 2001ean eta 2005ean, baina independente gisa 2009an. Duela lau urteko hauteskundeetan ez zuen inor sostengatu, eta aurtengoan ere ez, oraintsu arte. Urakanak hiria hankaz gora utzi dionean, ordea, klima aldaketaren arazoaz akordatu da. Eta Obamarentzako botoa eskatu du.

Ez dira Christie eta Bloomberg bakarrik. Urakanak utzi dizkigun irudi guztietan, Obama bere lekuan ageri da, eraginkortasun plantak egiten, gobernu federal indartsu baten beharra erakusten. Romney, aldiz, jokoz kanpo ageri da, inora iritsiko ez diren janari poltsak jasotzen Ohion, «urakanaren epizentroan», komentarista batek ironiaz nabarmendu duen bezala.

Azkarregi da ondorioak ateratzeko, baina ekialdetik etorri diren haizeteek Obamari bultzada erabakigarria eman diotela sumatu dugu mendebaldean.

2012-11-01

Atez atekoa

Ed-ek, gauero bezala leher eginda etxera itzuli denean, semeari deitu dio, urakanaren biharamunean zer moduz diren jakiteko. Ez pentsa kostatik kostara hainbesteko distantzia dagoenik. 4.500 kilometro baino gehiago, bai, baina hemen distantziak beste era batera neurtzen dira. Semea edo alaba unibertsitatera joaten zaizunean, Zarauztik Bilbora joan beharrean Maderatik (Kalifornia) Chicagora joaten zaizu, eta New Yorkera ezkondu gero.

Argia ez dela itzuli, baina gainerakoan ondo daudela. Lasaitu da Ed, eta gauerokoa egin du: Ipad-a piztu, eguneko emaitzak begiratzeko. Alegia, Reno barne hartzen duen barrutian, Washoen, Obamaren aldeko botoa zenbatek eman duten jakin nahi du. Azaroaren 6a baino lehenagotik ere botoa eman daiteke Nevadan, beste hainbat estatutan bezala, eta egunero egiten dute zenbaketa. Obama, Washoen, oraingoz aurretik.

70 urte inguruko erretiratua, kaliforniarra da Ed. Haren estatuan dena erabakita dago eta, lubakiaren alde bateko zein besteko kaliforniar asko bezala, Nevadara etorri da kanpainan laguntzera. Etxean dugu apopilo, etxeko nagusiak Obamaren aldeko kanpainari logela eskaini zion eta. Alkondara gorria soinean, zazpietarako alde egiten du goizero eta ez da gaueko bederatziak arte itzultzen.

70 bat etxe pasatzen omen ditu egunero. Susmatzen dut niri bezala azalduko diela atea irekitzen dioten guztiei Nevadaren sei hauteskunde botoak zer erabakigarriak izan daitezkeen. Buruz dakizki konbinazio guztiak: Obamak Floridan, Ohion eta Virginian galtzen badu, Nevadan ezin du galdu. Edo Ohion irabaziagatik han eta hor eta hemen galtzen badu, guk erabakitzen dugu. Horixe esan omen die gaur bisitatu duen azken etxeko lau bizilagunei ere: zuek laurok bozkatzera joan edo ez joan, hortxe erabaki daiteke hurrengo presidentea zein izango den.

Obamak sei hauteskunde boto baino alde txikiagoarekin irabazten badu, akordatu Ed-ekin.

2012-10-30

Nire teilatua

Alde ederra, Westetik. Urakanek ekialdean jo ohi dute, eta tornadoak erdialdean ibili ohi dira jiraka. Mendebaldean lurrikara arriskua da handia, baina zain jarraitzen dugu. Oskarbi, gaur ere. Hemen beste kezka batzuk ditugu. Igandean zalaparta handia izan da San Frantziskon, baina ez zen lurrikara. Etxeko taldeak —Giants— beisboleko final handia irabazi du Detroiteko Tigersen aurka. Kanpainarekin zerikusirik ez duela? Liga Amerikarreko eta Nazionaleko txapeldunen arteko lehia izaten da final handia. Estatistikek diotenez, Liga Amerikarreko ordezkaria nagusitzen denean, lehendakarigai errepublikanoak irabazi ohi du. Liga Nazionalekoak irabazten duenean, demokratak. Beti ez du funtzionatzen, baina gehienetan, bai. Liga Nazionalean jokatzen dute Erraldoiek.

Sandy ez dago ez beisbolari, ez kanpainari begira haize kolpea non jo erabakitzeko. Baina nola jotzen duen, eragina izango du. Obama, igandean: «Behar duzuen guztirako, hor egongo gara». Ez dago gaizki eslogan bezala, baina ez du hautagai gisa esan, komandante-buru gisa baizik. Gobernadore eta alkateentzako mezua da: hemen gaude gobernu federala eta FEMA erakunde ahaltsua (Larrialdiak Kudeatzeko Erakunde Federala), ataka zail honetan laguntzeko.

Honezkero damutu da Romney primarioetako eztabaida batean esan zuenaz: larrialdietarako erakunde federala desegitea proposatu zuen, eta estatuek bere gain hartzea eginkizun horiek; «edo hobeto, esku pribatuek». Zergatia: gure seme-alabei ezin diegu zor federal hau utzi. Romney Etxe Zurian ikusi nahi ez duten hedabideek azkar asko berreskuratu dute bideoa.

Demagun Ipar Carolinan bizi zarela eta kezkatuta zaudela zor federalarekin. Sandy-k, haize kolpe batez, etxeko teilatua erauzi dizu. Telebistan, Obama laguntza eskaintzen ari zaizu, eta Romney, bideo ez hain zahar batean, zor federala ezin dela handitu esaten ari da. Orain badakizue Sandy zeinen aldeko kanpaina egiten ari den.

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Martxoa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!