Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Atala: asteko kronika, paperean argitaratua

2007-11-10

Egoitza Bilbon

Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak Martuteneko kartzelako auskalo zenbat ate zeharkatu behar izan ditu Euskal Herriko alderdi politiko nagusietako bateko solaskidearekin hitz egiteko. Hitz egin dute, hiru ordu luze, baina Arnaldo Otegi espetxe barruan utzita irten dira ELAko kideak, euren bizkarrean atzera ate horiek guztiak nola itxi dizkieten entzunez. Herenegun bost hilabete bete ziren, Otegi giltzapetu zutela.

18/98 auzikoen kamiseta urdinak ere agertu dira aste honetan, berriro. Egunkari bateko (Egin), herri mugimenduak laguntzeko fundazioko (Joxemi Zumalabe Fundazioa), nazioartean eragiteko elkarteko (Xaki) eta nazio eraikuntzan eragiteko erakundeko (Ekin) lankide, kide edo laguntzaile izateagatik aurki kartzela zigor larriak jasoko dituztela jabetuta, «herri gisa» erantzun behar dela ohartarazi eta «manifestazio nazionalera» deitu dute, mobilizazioari egunik jarri gabe, Auzitegi Nazionalak epaia ematen duenerako. Eta ez du denboran urruti egon behar gainera, 18/98koen ondoren egindako epaiketaren sententzia (M-11koa) dagoeneko plazaratu dutenean. 52 lagun, Damoclesen ezpata handi bana buru gainean.

Ezpata dagoeneko erori zaie beste batzuei. Donostiako zazpi gaztek Espainiako Poliziaren esku inkomunikatuta egin ondoren, haietako bost espetxeratu eta inkomunikazio aldia beste bost egun luzatu zien Fernando Grande Marlaska epaileak. Hauek artean inkomunikatuta zeudela, beste lau donostiar atxilotu dituzte epaile beraren aginduz, eta esan egin dute aurreko asteko atxiloketen ondorioz egindako ikerketen ondorioz egin dituztela azken lau atxiloketak eta hogei miaketak. Hamar eguneko inkomunikazio aldia jasan dutenen testigantzaren zain egon beharrik ez dago, ikerketaren nolakoaz betiko susmoa hartzeko.

Eta, sinetsi nahi duenarentzat, Donostian Segi erakundea desegin dutela jakinarazi dute, «gazte independentistek» gaur Donostian manifestazioa egitera deitu duten bitartean.

Sektore jakin bat ari da batez ere bake prozesuaren porrotaren prezioa ordaintzen, garesti ordaintzen, gainera, eta susmatzekoa da datorren urteko martxoko hauteskundeak bitartean hala izaten jarraituko duela, hauteskunde kanpaina ez baitute Ceutan eta Melillan bakarrik egingo.

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria akusatuen aulkira eramango duen auzian ere, espetxeratzeko benetako arriskua inork baldin badu, Batasuneko bost auzipetuetatik oraindik kartzelan ez dagoen bakarrak du: Pernando Barrenak. Mariano Fernandez Bermejo Espainiako Justizia ministroak esatera, behintzat: Juan Jose Ibarretxe ez dutela espetxeratuko adierazi du, senak esaten omen dio, eta esan gabe doa Patxi Lopezen eta Rodolfo Aresen arriskuak sen horrek berak zer esaten dion.

Ahuntzaren gauerdiko eztula ez da, hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakari hautetsia auzipetuta egote hutsa, epaiketan akusatuen aulkian eseri beharra eta, espetxe zigorraren eskaerari erantzun beharraz gainera, inhabilitazio politikoaren arrisku errealari aurre egin beharra.

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta (denek aurkezteko aukera izanez gero) haren ondoren hauteskundeetan boto gehientsuen lortuko lituzketen beste bi lider politiko epaituko dituzte: Ibarretxe, Lopez eta Otegi. Hiruren artean milioi bat boto hur, euren hautagaitzek lortu izan dituzten emaitzak kontuan hartuta. Euskal Herriko lider politiko nagusiak, azken batean, Euskal Herrian egoitza besterik ez duen auzitegiak epaituta, Espainiako Gorteetan onartutako lege baten arabera -Euskal Herriko gehiengo politikoaren iritziaren kontra-, elkarren artean bilera politikoak egiteagatik.

Borroka judizialak ere zentzua du, jakina, une honetan. Egunkaria auzian auzipetuen abokatuak erabiltzen ari diren argudio berbera fiskalaren beraren eta PSE-EEko auzipetuen abokatuen argudio nagusi bihurtu da: fiskalaren edo akusazio partikularraren (kaltetu zuzena) salaketarik gabe ez dagoela epaiketa egiterik, herri akusazioak (zeharkako kaltetua) salaketa egitea ez dela aski. Epaileetako bi errefusatzea erabaki du, berriz, Ibarretxeren defentsak, Fernando Ruiz de Piñeiro Auzitegi Nagusiko presidentea eta Antonio Garcia APM elkarte kontserbadoreko bozeramailea epaimahaitik kentzeko esperantzarekin. Haien ordezkoak errefusatzeko aukera ere izango dute.

Baina auziaren funtsa ez da noski juridikoa, guztiz politikoa baizik. Arazoa ez da Ibarretxeri eta enparauei joera jakin bateko epaileak egokitu zaizkiela, arau prozesalez irakurketa desegokia egiten dutela, baizik gaur egungo joko arauek euskal esparru politikoa Espainiako esparru juridiko-politikoaren zeharo menpekoa dela, auzi honek ura bezain garden nabarmentzen duenez.

Bilera egin zuten atzo Eusko Jaurlaritzako hiru alderdiek, nola erantzun aztertzeko. Oraingoz, irmo erantzungo dutela besterik ez dute esan. Gaur egungo egoera politikoan guztiz ezinezkoa izango da noski, Aralarrek proposatu duen bezala, auzi honetan nahastuta dauden hiru alderdiek erantzun bateratua antolatzea, besteak beste ilegalizatzaileak eta ilegalizatuak nekez egingo baitute ezer elkarrekin, epaiketan elkarren aldamenean esertzea ez bada. Baina Alderdien Legearen -eta Auzitegi Nazionalaren esku hartzeen- aurka dauden guztiek badituzte, badituztenez, indarrak batuz erantzuteko nahikoa arrazoi.

2007-10-27

Martxoko kontsulta

Amets egitea libre denez, batek baino gehiagok egingo zuen amets, Joseba Egibarrek Juan Jose Ibarretxeren galdeketa proposamenarekin bat datozen guztiak Espainiako hauteskundeetara elkarrekin aurkeztea proposatu zuenean, eta kalkuluak egiten hasi: abertzale guztiak bat eginda aurkeztu -guztiak-, 900.000 boto bildu, eta Madrilera, erabaki eskubidearen bandera hartuta.

Horixe, ametsa.

Proposamena egin duenaren alderdiak berak berehala esan du ezetz, eta puztu bezain azkar hustu da puxika. Bitartean, EAk eta Aralarrek asmoa begionez ikusten dutela adierazi dute, EBk ez lukeela parte hartuko, eta Batasunak duela lau urte Bergarako Ekimena proposatu zuela gogorarazi du.

Baina zer dela-eta proposamen hori orain, bere alderdiaren babesa ere ez zuela baldin bazekien? Hauteskunde batzuk horren hurbil daudenean, hauteskunde horietan botoen lehian ibiliko diren guztien mugimenduek dute zerikusia, hain zuzen, boto ehiza horrekin. Eta abertzaleen arteko elkarlanaren aldeko mezuak beti lagunduko du era horretako estrategiaren alde dauden sektoreetako botoak erakartzen, are errazago sektore horretako indarretako bati legez aurkezteko bidea ixten baldin bazaio, EAE-ANVri gerta dakiokeen bezala.

Hauteskunde motibazioa gorabehera, ordea, bestelako kezka bat ere egon daiteke Egibarren proposamenaren atzean: martxoko hauteskundeak Ibarretxeren estrategiari galga jartzeko erabili nahiko dituzte PPk eta, bereziki, PSOEk, Espainiako Gobernua jokoan dagoen bozetan abantaila dutela jakinik. Alegia, urrian Ibarretxek egin nahi duen kontsulta bideratzailearen aurretik, martxokoa kontsulta desbideratzailea izan dadin saiatuko direla agintegunea Madrilen duten alderdiak.

Baina Iñigo Urkulluk garbi esan du: kezkak kezka, kalkuluak kalkulu eta d'Hont legea lege, EAJ bere kasa aurkeztuko da.

EAEko lehendakariaren bide orriarekin bat datozen alderdiek -bereziki EAJk- martxoan lortuko dituzten emaitzak erabakigarriak izan daitezke galdeketaren estrategiarako, baina Espainiako Gobernuan agintea hartzeko moduan izango denak EAJren babesa zenbateraino beharko duen ere bai, Ibarretxek berak esatera behintzat, joan den astean Moncloako bileran Zapaterori atera ez zion baiezkoa ateratzeko esperantza agertu baitu, baldin eta aginteari eusteko jeltzaleen babesaren beharra baldin badauka datorren martxoko bozen ondoren.

Zapateroren Gobernuak aurrekontuak aurrera ateratzeko diputatu jeltzaleen babesa derrigorrezkoa izan duenean -eta Zapaterok Ibarretxeri ezezko biribila eman berritan- EAJk, «sintonia ona» argudiatuta, aste honetan bertan nola jokatu duen ikusita, ez da zaila hurrengo legealdiaren hasieran talde jeltzale berria hautagai sozialistari babesa ematen irudikatzea. Baina askoz zailagoa egiten da, ezinezkoa ia, horren trukean Zapatero Ibarretxek proposatzen dion negoziazioari ekiten irudikatzea.

Estatuak galdeketa eragozten duenerako desobedientzia zibila, erresistentzia zibikoa eta konfrontazio instituzionala proposatu ditu, bitartean, Begoña Erraztik. Eta Ghandi jarri du eredu, bera baino lehen EAko presidente izan zenak Lituaniako abertzaleen erresistentzia estrategia eredu jarri ohi zuen bezala, 1990eko hamarkadaren hasieran.

Eta herri galdeketa egitea eragozteko Espainiako Estatuak indarra erabiltzea politikoki ona litzatekeela esan du Xabier Arzalluzek, adibidez Ibarretxe lehendakaria atxilotzea -«atxilotuko ahal dute!»- , edo guardia zibilak hautestontziak apurtzera etortzea, horrela Espainiako agintariek duintasuna galduko dutelakoan. «Armekin etortzen diren egunean, galdu dute». Arzalluz ziur dago «Ibarretxek aurrera egingo duela», eta ez du ikusten «nola geldiaraz dezaketen».

Demagun nola. Demagun Eusko Legebiltzarrak datorren ekainean babesa ematen diola kontsulta proposamenari eta, demagun, inor atxilotu beharrik gabe eta Guardia Zibila inora bidali beharrik gabe, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliorik gabe uzten duela Eusko Jaurlaritzak, Eusko Legebiltzarraren erabakiz, galdeketarako egindako deialdia. Espainiako legeria bete edo ez bete, horra gakoa.

Baina gehiagotan ere izan da Eusko Jaurlaritza, izan denez, ataka horretan.

2007-10-14

Politika egiten

Politika egiteko moduak eta moduak daude. Politika egiteko modu bat da, esate baterako, alderdi politiko bateko ia zuzendaritza osoa atxilotzea, bilerak egitea leporatuta -hamabi bilera, bai-, eta denak espetxeratzea. Politika egiteko modu bat da, baita ere, alderdi politiko bateko hautetsi baten bizkartzainari auto azpian lehergailua jartzea, autoa martxan jartzen zuenean hiltzeko asmoz, itxura guztien arabera. Eta politika egiteko moduak dira falangisten aurka elkarretaratuak indarrez sakabanatzea, eta Ertzaintzari aurre egiteko hirigune bat sutan jartzea.

Politika.

Loiolan eta beste hainbat lekutan politikaz negoziatzeko mahai beraren inguruan eseri eta oinarri batzuei buruz ados jartzeko gauza izan ziren hiru aldeetako batek babestu egin du -fiskalaren bidez atxilotzeak eta espetxeratzeak bultzatuz, eta adierazpenen bidez erabakia onetsiz- beste aldeetako bateko solaskide guztien espetxeratzea. Ez dago Baltasar Garzonen autoa osorik irakurri beharrik erabaki judizialaren atzean dauden arrazoi politikoez jabetzeko, epailearen sasiargudioak irakurtzeak ondorio horretara heltzen asko laguntzen duen arren.

«Prest gaude borrokaldirako», ohartarazi du Zapaterok, borrokaldia ordurako ondo hasita zegoenean. Eta borroka horren barruan, ezker abertzalearen adar politikoa arnasarik gabe uztea da lehentasunetako bat. Politika egiteko bide guztiak itxiz gero indarkeriaren erabileraren zilegitasuna aldarrikatzen duenari argudioak ematen ari direla ondo jakinda ere.

Zilegitasunean ez ezik, helburu politikoetan aurrera egiteko indarkeriaren baliagarritasunean ere sinesten duenik bada, gainera. Herenegun Ertzaintzari aurre egiteko Donostiako hirigunea hankaz gora eta ketan jarri zutenak, esate batera. Aspaldiko urteetako istilurik larrienak, bertan izan zirenek esatera, eta ikusgarrienak, prentsako argazkien eta telebistako irudiek erakutsi zutenez.

Sua benetan falangisten etorrerak piztu ote zuen, Ertzaintzaren presentziak edota oldarraldiak zer neurritaraino eragin zuen, edo falangisten elkarretaratzearen aitzakiarekin aurrez prestatutako erasoak ziren zehaztea ez da garrantzirik gabea -istiluen tamainagatik, denak bat-batekoa ezin zuen izan-, baina argi dago behintzat falangista horiek berak beste garai batean etorri izan balira -ETAren su-etena indarrean eta alderdiak elkarren arteko elkarrizketan ari zirenean, esate batera-, oso litekeena dela jaialdi antifaxista ere antolatzea baina, surik izatekotan, su garrak askoz apalagoak izango zirela. Orain ez dute esango -pentsa lezake istiluetan parte hartu duen batek-, Batasuneko mahaikideen atxiloketaren ondoren euskal gizarteak normaltasun osoz bizitzen jarraitu duenik, erantzuteko gaitasunik izan ez denik, Arnaldo Otegi giltzapetu zutenetik hainbat behin eta berriro esaten ari diren bezala.

Garai latzak ez datoz. Etorri egin dira. Eta, gutxienez, datorren martxoko Espainiako hauteskundeak arte iraungo dute, besteak beste Pernando Barrenak esan duenez.

Eta garai latzen barruan, ETA. Oraingoz, lehergailua jarri zutenek baino ez dakite atentatuaren asmo zehatza zein zen; baina itxura guztien arabera, Gabriel Gines bizkartzaina hiltzeko asmoz jarri zuten lehergailua autoaren azpian.

Lau urte eta erdiko jauzia, atzerantz. 2003ko maiatzaren 31n Zangozan bi polizia hil zituenetik beste inor ez zuen hil ETAk, Barajasko atentatura arte -eta han inor hiltzeko asmorik gabe egin zuen atentatua-.

Gabriel Gines ez dute hil, bizi da zorionez, baina atentatua ez da horregatik ondoriorik gabea. ETAk jomugan jarri du beste kolektibo bat, ETAk mehatxatutakoen bizkartzainena, eta hiltzen saiatzea erabaki duela jakinarazi die lehendik jomugan zituen beste kolektiboetako pertsona guztiei. Mahai gainean gorpuak jartzen ahalegindu daitekeela aurrerantzean, alegia, politika egiteko.

Ondorioak zein izan daitezkeen sumatzen hasteko aski izan da aste honetako atentatua: Batasuna ez beste alderdi guztiak bat eginda udal atarietan, eta ezker abertzalea are bakardade handiagoan (egurra jasotzen).

2007-09-30

Ibarretxeren autobusa

Artean EBBko burua Arzalluz zela, 2001eko maiatzeko hauteskundeen atarian, Ibarretxeri bigarrenez lehendakarigai izateko eskatu ziotenean, baldintza bat jarri omen zuen: bai, baldin eta autobusa nik gidatzen badut. Lizarra-Garaziko Itunaren garaiko prozesuaren porrotetik zetorren, bolantea zuzenean berak eraman gabe autobusak pareta jo ondoren egurra jasotzetik, EHrekin hitzarmena egin zuela eta. Bigarrenez lehendakari izateko prest zegoen, beraz, baina txoferra bera izatekotan. Hirugarren legealdia ere txofertzan egin behar zuen Ibarretxek, baina ETAren su-etenaren ondoren eztabaidagune erabakigarria hiru alderdi nagusien artekoa bilakatu zenean, Sabin Etxeak hartu zuen, etxe barruan, gidaritza.

Herenegun Eusko Legebiltzarrean gertatu zenak zerikusi zuzena izan behar du EBBrako barne hauteskundeak direla-eta EAJko buruzagi nagusien artean egin dituzten negoziazioekin. Ibarretxeren ibilbide orria Imazek proposatu izan duen bidetik oso urrun dagoela nabarmena da, baina ez Imazen bidetik bakarrik. EBBko presidentea ez baitzegoen bakarrik. Lau urteotan alderdi barruan Imazekin bat eginda aritu diren guztiak orain Ibarretxek proposatutakoarekin ados egotea harrigarria baita. Izan ere, Ibarretxek proposatutakoa ehuneko ehunean bat baitator Egibarren tesiekin. Susma liteke beste estrategia bat nahiago luketenek nahiago izan dutela, orain lehendakariari aurre egin baino, oraingoz autobusa gida dezan utzi, eta zain gelditu. Ongi ateratzen bada, bake santua. Eta bestela, bolantea atzera Sabin Etxera.

Espainiako Gobernuaren, PSOEren eta PSE-EEren erantzunen hotsa mailuarena izan da. Konstituzioa, Konstituzioa eta Konstituzioa. Patxi Lopezek herenegungo eztabaidaren une batean elkarrizketarako prest dagoela esan zuen, baina atzoko hitzek indar handiagoa dute, azken batean Estatuaren indarrarekin egin baitu mehatxu, Zuzenbide Estatuak «ilegalkeriak» eragozteko «nahikoa tresna» badituela esan duenean. Zapaterok ere Moncloako ateak zabalik daudela esan du, baina 2005eko otsailaren lehenean Espainiako Kongresuko ateak ireki zizkion xede berarekin irekiko dizkiola eman du aditzera: negoziazioari ezezkoa emateko.

Ibarretxek argi eta garbi esan du Zapaterorekin zer negoziatu nahi duen: «Printzipio demokratikoa, euskal gizartearen nahia errespetatzeko, eta borondate hau ordenamendu juridikoan jaso eta nola gauzatuko den arautzeko». Asmo horri eusten badio, eta Espainiako Gobernuaren presidentzian euskal auziarekin orain arte izan duen ikuspegia kolpetik eta erabat aldatzen ez badute, negoziazioak jai du.

Jai ez luke izango, esate baterako, erabaki eskubidearen inguruko akordioaren mozorroarekin besterik gabe Estatutuaren erreforma hitzartzera joko balute, euskal subjektu politikoaren erabakimena aitortu gabe. Baina nabarmenegia litzateke. Hori egitekotan, honez gero, Ibarretxe gabe egin beharko luke EAJk.

Horregatik, Ibarretxeren bolante kolpeak azkenaldiko diskurtsoari eustea zaildu egin diezaioke ezker abertzaleari. Azkenaldian Batasuneko eledunak esaten aritu diren bezala EAJ eta PSOE «iruzur autonomista» prestatzen ari direla egia baldin bada, edo Ibarretxe gezurretan ari da, edo Ibarretxe eta EAJ ez doaz bide beretik, edo «iruzurrak» itxoin egin beharko du, datorren ekainera arte behintzat.

Ezker abertzaleak ez du esan Ibarretxek proposatutako galdeketari ezezkoa emango dionik. Nekane, Erauskin Legebiltzar barruan, eta Pernando Barrena, atarian, oso kritiko mintzatu ziren EAJrekin eta Ibarretxerekin, ez direla fio esan zioten, eta «marko autonomiko zatikatzaileari eusteko» baldin bada galdeketari sostengurik ez diotela emango. Baina sukalde lanaren ondorioz, edo halako ekimen batek -lurraldetasunaren aldetik dituen mugekin ere- izan ditzakeen ondorio politikoak baloratu ondoren, posible izan daiteke, ekainera hurbiltzearekin batera, «marko zatikatzaileari eusteko» baino beste zerbaitetarako izan daitekeela ondorioztatzea.

Denok dugu gogoan 2004ko abenduaren 30ekoa. Bozketaren bezperara arte esan zuen Batasunak hiru herrialdeetara mugatzen den Estatutuari ez ziotela babesik emango... baina hiru boto Estatutu Berriaren alde, eta hiru kontra.Hiru baiezko «herri kontsultari», eta hiru ezezko «Estatutuaren erreformari».

Baina datorren ekainekoak beste inplikazio batzuk izango ditu. Ez da lurraldetasuna eragozpen bakarra izango. Ez da izango, 2004ko abenduan bezala, har itzazu gure hiru boto, eta kudea ezazu zuk zeuk Estatutu onartu berria. ETAri eskaera zehatza egingo zaio galdeketa horretan, Ibarretxek proposatu bezala egiten bada behintzat: «Espainiako Gobernuak eta ETAk elkarrizketa prozesuari ekin diezaioten» agindua emango lukete boto emaileek, «indarkeria behin betiko amai dadin, beti ere, ETAk aldez aurretik benetako borondatea erakusten badu terrorismoari uko egin eta onartzeko euskal ordezkari politikoei bakarrik dagokiela erabaki politikoak hartzea».

Garbi dago: txofer bat baino gehiago beharko dira, autobusa bide onetik eramatekotan.

2007-09-02

Semaforo horia

Groundhog Day filmean marmotaren eguna nola, halatsu errepikatzen dira opor osteak euskal politikagintzan. Badakizue protagonistari zer gertatzen zaion: eguna joan eguna etorri, goizean jaiki eta bezperako egun berarekin egiten du topo, egunero bizipen berberak bizitzera behartuta dago.

Antzeko sentipena izan dezake, abuztu bukaeretan, euskal politikagintzari arreta jartzen dionak. Banderen inguruko polemika Bilbon. Ezker abertzalearen manifestazioak aste nagusietan. Eusko Jaurlaritzaren opor osteko gobernu kontseilua Donostiako Miramar jauregian. Juan Jose Ibarretxeren agerraldia ondoren, Eusko Legebiltzarreko eztabaida nagusiaren atarian. EAko presidentearen hitzaldia Zarautzen, ostegunez beti, EAJrekiko distantzia nabarmentzeko diskurtsoarekin gehienetan. Eta EAJren mitina herri berean, ostiralez beti, Imaz eta Egibar elkarren aldamenean baina elkarrengandik urrun ikusteko.

Banderena itzali da, manifestazioak egin dituzte, Ibarretxek hitz egin du Miramarren, eta Erraztik, Imazek eta Egibarrek ere bai, Zarautzen. Semaforoa berde jarri da. Hasi da urte politikoa.

Dena ez da berdin, baina.

Iazko uda bukaeran Arnaldo Otegi aske zegoen, eta bake prozesua bideratzeko elkarrizketetan zebilen. Orain, urte politikoaren hasiera honetan, giltzapean da. Lau hilabete laster. Eta bake prozesua zena bideratzeko elkarrizketarik ez da, oso ur sakonetan ari ez badira, behintzat.

Ez da aldaketa bakarra. ETA bake prozesua krisian zegoela abisatzen ari zen duela urtebete. Uda bukaera honetan, baina, uda hasieran jakinarazitako hausturaren ondoren espero bezala jokatzen ari da: indarkeriarekin eta indarkeriaren mehatxuarekin egoera politikoa baldintzatu nahian -eta baldintzatzea lortuz-, atentatu huts eginekin gehiago oraingoz, atentatu gauzatuekin baino -Durango, salbuespena-. Eta datu betiere garrantzitsua: inor hil gabe, su-etenaren haustura iragarri zuenetik.

GALDEKETA. Ez dira bakegintzarako garai onenak. Eta ez dira, batzuentzat, gatazka politikoaren konponbidean aurrera egiteko garaiak ere, ETAk bereari eusten dion bitartean normalizazio prozesuak itxoin egin behar duela uste dutenentzat. Horixe ulertzen zaio Josu Jon Imazi, aurrena bakea eta gero politika leloarekin bat egiten duenean, edota joan den uztaileko iritzi artikuluan ETAren indarkeriak irauten duen bitartean eta alderdi sozialistarekin adostasunik lortzen ez den bitartean herri galdeketarik ez litzatekeela egin behar arrazoitu zuenean, erreferendumean erabakitakoa Madrilen onartuko ez balute ETAri argudioak ematea litzatekeelakoan.

Artikulu hura irakurri ez balu bezala mintzatu zen Juan Jose Ibarretxe atzo. Izan ere, ETAk semaforoa berde jarri arte itxoin behar izatea erakunde armatuari giltza ematea litzatekeela ohartarazi zuen, batetik, eta PSOEk euskal gizartearen erabakimena ez duela onartzen -«hori oso garrantzitsua da, jokoan norekin ari garen jakiteko»- eta Madrili beto eskubiderik ezin zaiola onartu, bestetik.

Indarkeriarekin ere galdeketa? Nekez. Ibarretxek berak eta hirukoak hitz emanda dute erreferenduma indarkeriarik gabe eta bazterketarik gabe egingo dela. Atzo ere, kontsulta legealdi honetan egingo ote den zehazteko eskatu ziotenean, ez zuen argi erantzun. Baina gauza bat da baldintzak betetzen ez badira galdeketa ez egitea, eta beste gauza bat helmugan galdeketa duen prozesua ez abiatzea. Hor aurki lezake Ibarretxek emandako hitza betetzeko bidea, ETAren indarkeriak irauten duen bitartean galdeketa egitera ailegatu gabe. Adibidez: Eusko Legebiltzarrean herri galdeketari buruzko proposamena onartu, erreferenduma egiteko baldintzak legez arau ditzan, baldintza horiek betetzen direnean egin dadin.

Erabaki eskubidea onartzen ez dutenekin -PSOErekin, batik bat- aurrez adostasuna lortu gabe ere galdeketa? Ibarretxeri baietz ulertzen zaio, argi eta garbi, Madrilen beto eskubidea arbuiatzeaz gain erabaki eskubideari buruzko eztabaida bultzatuko duela iragartzen duenean, emandako hitza bete egingo duela agintzen duenean.

Ez da bakarrik EAJ barruko eztabaida baina, une politiko honetan, batez ere EAJ barruan askatu beharreko korapiloa da. Ez da EAJko sektoreek eta Ibarretxek hitzartu behar duten auzi bakarra, baina hitzartu behar dituzten gakoetakoa da: galdeketara iristeko PSOEren onespena ezinbestekotzat jo (adostasuna lortu arte, aldaketarik ez), edo PSOEk erabakitzeko eskubidea onartzeko prest ez dagoela erakutsi duenez, gehiengoak baliatuz galdeketa bultzatu, herritarren hitzaren indarrarekin negoziatzeko gero Estatuarekin.

ERDIBIDEAREN BILA. Estrategiek bateraezinak ematen dute, baina EAJn abiatu berria duten barne prozesuaren bukaerara eskutik ailegatu ahal izateko negoziazioetan dira aspaldian hainbat buruzagi, eta estrategiarako ildo nagusiak finkatuko dituen txosten politikoan adostasuna lortzeko esperantza agertu dute.

Baina Imazi eta Egibarri Zarautzen entzunda -eta Ibarretxeri Donostian-, ez da diskurtsoetan gerturatzerik sumatzen. Baina Iñigo Urkullu EBBren aste honetako bilerari buruzko azalpenak ematen entzunda, erdibide bat marrazteko borondatea suma liteke. EAJk herri galdeketaren aldeko apustua «betidanik» egin duela esan zuen EBBko bozeramaileak, eta gatazka politikoaren konponbidea galdeketaren bitartez etorriko dela. Ez da Imazen iritzi artikuluaren doinua.

:: Hurrengo orrialdea >>

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!