Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Atala: analisia, paperean argitaratua

2011-01-12

Testua eta kontestua

Testua. ETAk ez du agindu jardun armatua behin betiko utziko duenik, ez du argitu su-etena baldintzarik gabea denik eta ez du berariaz esan alde bakarrekoa denik ere. Baina esan du «konfrontazio armatuaren amaierarekiko» konpromisoa duela, ez dio su-etenari baldintzarik jarri eta, de facto, alde bakarreko su-etena eman egin du, alde bakarrekoa dela aitortu gabe.

Bruselako adierazpenari bete-betean erantzun dio, eta hala aitortu du Brian Currinek. Nazioarteko Harreman Taldeko pertsonalitateak itzaleko lanetik agerikora pasatzeko moduan dira. Gernikako akordioari ere erantzun dio neurri handi batean, baina ez bete-betean: izatez alde bakarrekoa da su-etena, baina beste aldeak egingo duenaren menpe iraungo duen, edo ez, ez du argitu; eta su-etena «jarduera armatua behin-betiko uzteko borondatearen erakusle gisa» ematen duela zehatz-mehatz ez du esaten, baina iparra hori dela adierazten du, konfrontazio armatuaren amaierarekiko konpromisoa agertzen duenez. Ñabardurak ñabardura, Gernikako adierazpenak markatutako arrastoan sartu da ETA. Eta hori zen garrantzitsuena.

Su-etena orokorra dela ere esan du ETAk, eta horrekin inolako ekintzarik ez duela egingo ondorioztatu du askok; ez duela, alegia, hornitze ekintzarik egingo ezta iraultza zergarik eskatuko ere. Ez dago inon horren ziurtasunik, «orokorra» kontzeptua, hain zuen ere, orokorregia baita. Baina Brian Currinek, sukalde lanetan aritu izanak ematen duen ezagutzatik, hitz hori agertzea «bereziki garrantzitsua» dela esan du, su-etena «guztiz inklusiboa» dela esan nahi duelako.

Konponbide politikoak elkarrizketa eta negoziazioaren bidez etorri behar duela ere esan du ETAk, eta prozesu horrek zer ezaugarri izan beharko lituzkeen ere bai. Egia da, ez du baldintzarik jartzen; baina ulergarriak dira errezeloak, ez da harritzekoa askok ETAren zaintza asmoaren itzala sumatzea hor, batez ere aurreko prozesuetan erakunde armatuak arlo honetan nola jokatu duen kontuan hartuta. Baina egin daiteke irakurketa positiboagoa: ez du esaten prozesu politikoaren garapenaren mende dagoenik su-etena, eta «prozesu demokratikoaz» dioena bat dator Gernikako akordioaren filosofiarekin, akordio honek hitzez hitz baitio sinatzaileen ustez ezinbestekoa izango dela «elkarrizketarako eta negoziazio politikorako guneak zabaltzea, gatazkaren zioak eta ondorioak osotasunean aztertzeko».

Kontestua. Baina, Jesus Egigurenek ondo dioen bezala, une honetan testua baino garrantzitsuagoa da kontestua. Ezker abertzale barneko iraultza gauzatu egin da. Lizarra-Garaziko eta Loiolako prozesuetan ezinezkoa izan zena, orain gertatu egin da: hau da, aurreko bi prozesuetan ETAren erabakiek baldintzatu zuten ezker abertzale osoa, eta estrategia armatua alde batera utzi behar zela uste zutenek etsi egin zuten, mugimenduaren batasunaren izenean. Oraingoan, alderantziz gertatzen ari da: ezker abertzaleko egitura politikoak, oinarri sozialaren babesarekin, ETA baldintzatu du, jardun armatuarekin jarraitzeko biderik gabe utzi du, oinarri sozialak bukatzeko garaia dela erabaki duelako. Horrek egiten du, egin behar luke, atzeraezin ETAren erabakia.

2007-10-17

Fokuen itzalean

Egon ziur: Ibarretxek eta Zapaterok ez dute dena kontatu. Dudarik gabe, Moncloako prentsaurreko aretoan batak zein besteak eman zituzten azalpenak lehentxeago bilera aretoan gertatutakoaren isla izango ziren, baina neurri batean bakarrik, bi ordu luzeko bileraren zati mamitsuena itzalean geldituko baitzen, horrelakoetan beti gelditu ohi den bezala.

Dakigunagatik, ez du ematen Ibarretxek nahiko lukeen moduko akordioa lortzeko aukerarik dagoenik. Baina, demagun, badaezpada ere. Desadostasun orokorraren barruan martxoko hauteskundeen ondoren gutxieneko batzuetan ados jartzeko aukeraren bati buruz mintzatu izan balira, ez genukeen jakingo. Edo bozen ondoren egoera oso bestelakoa izan daitekeenez aukerak ere bestelakoak izan daitezkeela aitortu izan baliote elkarri, aitortza hori isilpean gordetzekotan egingo zuten. Beraz, aurrerapausorik ez dutela eman jakinarazteak ez du behin-betiko ezer adierazten.

Dena den, mikrofonoen aurrean azaldu dutenari erreparatzen badiogu, lehendik jakina zena gertatu da: Ibarretxek Downing Street-ekoaren moduko konpromisoa hitzartzea proposatu dio Espainiako Gobernuko buruari, eta Gernikako Estatutuaren erreformarako negoziazioa eskaini dio, raca-raca, Zapaterok. Akordioarekin edo akordiorik gabe herri galdeketa egingo duela ziurtatu du Ibarretxek; Estatuaren baimenik ezingo duela egin, Zapaterok.

Ibarretxek lehendik ere baliatutako argudioa plazaratu du, ETArekiko negoziazioa herritarren oroimenean oso gertu dagoela jakitun: «Ulertzen zaila da, ETArekin eta Batasunarekin Euskal Herriaz hitz egin badu, lehendakariarekin hitz egiteari uko egitea». Zertaz hitz egin zuten ez du esan, ezta Zapaterok zer konpromiso hartu zituen ere prozesua ondo bidean zihoanean, baina ziur Ibarretxek ondo jasota dauzkala Oslon hitzartu zituztenak, edo Loiolan mahai gainean izandako paperak, publikoan ez bada pribatuan behintzat esateko Zapaterori, ETArekin hitzartzeko gauza izan bazen, lehendakariarekin hitzartu ezinik ez lukeela izan beharko, joan den ekainean Kongresuko adierazpenean esan zuena datorren urteko inbestiduran berriro esatea horren zaila ez zaiola egin behar.

Eduardo Zaplanak neurri batean arrazoi du, Zapaterok atzo «ordenamendu juridikoaren oroigarriarekin» erantzun zuela nabarmendu duenean. Herri galdeketa egiteko Espainiako Gobernuaren edo Gorteen baimena behar duela gogorarazi dio -beraz, Ibarretxeren egitasmoa ez da berez legez kanpokoa, baimena emanez gero legezkoa bailitzateke-, «egin ezin dena» ez duela egingo ziurtatu du eta, bi gobernuen arteko lankidetzarekin jarraitzeko asmoa duela adieraztean, elkarrizketa horien mugak beti «legaltasuna, Konstituzioa eta Zuzenbide Estatua» izango direla.

Euskal gatazkari konponbidea emateko Jesus Egigurenek aspaldi proposatutako errezetaren bi osagaietatik bakarrari heldu dio, honenbestez, Zapaterok. Egigurenen errezetan, euskal alderdiek erabakitakoa gauzatzeko legeriak aurreikusitako bideak errespetatuko dituztela hitz eman beharko lukete euskal erabaki esparruaren aldekoek, eta euskal alderdiek hitzartutakoa Madrilgo Gorteetan bere horretan onartuko litzatekeela hitz eman beharko lukete, aldi berean, Espainiako erabaki esparruaren aldekoek. Zapatero, atzo, aurreneko partearekin bakarrik akordatu zen: legalitatea bete beharra. Ez dira beste osagaiari buruz hitz egiteko garaiak, martxoko bozak pasa bitartean behintzat.

Desadostasunak sakonak dira, baina ez PSOEren eta EAJren harremana erabat garrazteko beste: izan ere, EAJko negoziatzaileentzat, Zapaterok Ibarretxeri emandako ezezko biribila ez da oztopo izan Zapateroren aurrekontu proiektuari babesa agintzeko. Zapateroren ezezkoa hain biribiltzat ez daukaten seinale. Edo, karta joko bakarra Ibarretxerena ez duten seinale. Edo, besterik gabe, politikaren bideak antzemanezinak diren seinale.

2007-09-29

Parentesiaren ondoren

Igerilekuan ura dagoen ziur jakin gabe egin du murgil Ibarretxek, baina murgil egin du: erabaki eskubidearen gaineko negoziazioa eskaini dio Espainiako Gobernuari, epe zehatza jarrita; galdeketari eguna jarri dio; gizarteari zer galdetu nahi dion zehaztu du; eta gatazkaren konponbiderako prozesuari amaiera urtea jarri dio. Zehaztasuna eskatzen ziotenak ase ditu, behintzat. Eta anbiguotasunez jokatzea nahiago zutenak apur bat larritu, ziurrenik.

Ibarretxe, nolabait esatearren, 2005eko otsailaren lehenera itzuli da. Espainiako Kongresuak Ibarretxeren eta Zapateroren arteko eztabaida argigarriaren ondoren Estatutu Proposamenari ezezko borobila eman zionean Eusko Jaurlaritzako lehendakariak albo batera utzitako estrategiari heldu dio berriro, Espainiako Estatuari gatazka elkarrizketaren bidez konpontzeko bigarren aukera eman nahi balio bezala, berriro konfrontazioan sartu aurretik.

Bide batez, Espainiako Gobernuarekin orain berak negoziatuko duela esaten ari zaio ETAri, erabakitzeko eskubidea helburu. Oslon eta Genevan lortu ez dutena, Moncloako Jauregian lortzen bera saiatuko dela esaten ariko balitzaie bezala. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izateak ematen dion zilegitasunarekin -Downing Street-en adierazpenaren moduko bat lortu beharko lukeela iradoki zuen Egibarrek-, baina hiru herrialdetako gobernuburua izateak lurraldetasunaren ikuspegitik sortzen dizkion mugekin.

Zailtasunak, begi bistakoak dira. Eta faktoreetako asko, Ibarretxeren esku ez egoteaz gain, Eusko Legebiltzarraren eremutik kanpo daude. Ibarretxek arriskatu egin du, zirt edo zart egin behar horretan bi aukera bakarrik jarri baitizkio bere buruari: arrakasta, prozesua bideratzea lortzen badu, edo porrota, horretarako nahikoa babes lortzen ez badu. Eta, oraingoz, ez du.

Lehenengo urratsa egiteko, Espainiako Gobernuarekin ituna hitzartzeko, «nahikoa denbora» badagoela esan du Ibarretxek. Baina Zapatero, legealdiaren bukaeran eta hauteskundeen atarian, tamaina horretako apustu batean nekez sartuko dela badaki lehendakariak. Honenbestez, martxoko hauteskundeen osteko epe laburra geldituko litzateke, Espainiako gobernuburuaren inbestiduraren garaia alegia, Gasteizen eta Madrilen arteko akordioa hitzartzeko.

Esan gabe doa PPk agintea berreskuratuko balu akordiorik gabeko kontsultaren aukera baino ez litzatekeela geldituko, konfrontazioarena alegia. PSOEk aginteari eutsiz gero ere, Zapaterok EAJren babesa behar izateak honen jarreran eragina izan dezakeela kontuan hartuta ere, oso zaila izaten jarraituko luke Ibarretxek helburutzat jarri duen ituna lortzeak, erabaki eskubidearen gaineko itunaren helburuari eutsiz gero behintzat, Estatutu erreformarako ituna baztertuta. PSOE urte hauetan guztiotan argi eta garbi erakutsi baitu erabaki eskubideari dagokionez joko arauak aldatzeko prest ez dagoela, baina bai Estatutuen erreformaz negoziatzeko. Atzo Patxi Lopezek mahai gainean jarritako proposamenak ere Estatutuaren erreforma hutsaren kutsua zuen: akordio zabala, Espainiako Gorteen oniritzia, erreferenduma.

Badirudi Zapaterorekin akordioa lortzea ia ezinezkoa dela jakinda marraztu duela estrategia Ibarretxek, PSOEk (edo PPk) negoziazio aukerari ezezkoa erantzun diola erakutsi ondoren ekin ahal izateko konfrontazioari, akordiorik gabeko kontsultarekin. Hipotesi horretan, PSE-EEk nekez emango dio babesa desblokeorako kontsultari, ETAk egiten duena egiten duela ere egin egingo litzatekeen galdeketari.

Ezker abertzaleak izango luke berriro giltza, EHAKren bederatzi parlamentarioekin hirukoaren (gehi Aralar) eta PSE-PPren blokeen arteko berdinketa hausteko gaitasuna berak baitu. Baina kontsulta bera eta ondorengo prozesua hiru herrialderen eremura mugatuta nekez babestuko du ezker abertzaleak Ibarretxeren apustua, aurrerago lurraldetasunaren auziari aterabideren bat emango liokeen egitasmo baten abiapuntu ez bada behintzat. Eta galdeketan ETAri Espainiako Gobernuarekin bake prozesua abiatu ahal izateko aurrez indarkeria baztertzeko eskatzea ere eragozpen gaindiezina izan daiteke, ondorengo ibilbide politikoari buruzko aurrez adostasuna lortu gabe behintzat.

Honenbestez, ez Zapateroren ez ezker abertzalearen sostengua lortzen ez badu, Ibarretxeren ekimena datorren ekainean buka daiteke eta, ondorioz, Ibarretxe bera ere bai.

Baina, dela Zapaterorekin akordioa hitzartu duelako, dela ezker abertzaleak bere botoekin kontsulta egitea ahalbidetzen duelako, Ibarretxeren ibilbide orriak datorren ekaineko osoko bilkura onik gainditzen baldin badu eta, beraz, urriaren 25eko larunbateraino bizirik ailegatzen baldin bada, orduan bai, euskal gatazka politikoa aro politiko berrian sar daiteke, eta prozesuaren erlojua martxan jarri, berriro.

2007-09-16

Egibarri begira

Batek baino gehiagok esan du eta, batez ere, hedabide batek baino gehiagok haizatu du: orain, Joseba Egibarrek erretiratu egin beharko luke. Eta hari begira jarri dira begi guztiak, barne hauteskundeetan aurkeztuko den, edo ez den, noiz jakinaraziko. Mezua argia da: aurrez aurre diren ildoetako bateko buruzagia erretiratu egin bada liskarra saihesteko, beste sektoreko buruzagia ere erretira dadila, erdibideak irabaz dezan, bi ildoak batuko dituen presidentearekin. Argudio horretan, Egibarrek erretiratu egin beharko luke, eta Urkullu erdibidea da, bi ildoak konforme jarriko dituen presidentea, alegia.

Egin lau urte atzera, eta begiratu prentsa. Barne prozesuaren nondik norakoak artean argi ez zeudenean eta Josu Jon Imazen hautagaitzari buruzko lehen berriak plazaratu zirenean, adostasunaren presidentegaia zela argitaratu zuten hainbatek, Joseba Egibarren eta Iñigo Urkulluren arteko lehia eragozteko erdibidea: gipuzkoar bat, BBBk babestuta. Hemerotekan dago.

Lau urte geroago, erdibiderik ez dago EAJn. Bi aldeetan onartzen ari dira, dena den, Imaz alde batera gelditu ondoren adostasuna lortzeko aukera handiagoa dela. Estrategia berean zeuden Imaz eta Urkullu; izan ere, Urkullu izan zen Imazen hautagaitzaren babesle nagusietakoa, baina lau urteotan bataren eta bestearen jokabidean izan dira aldeak. Hala nola EBBko lehendakariak piztutako zenbait su itzaltzen aritu da batzuetan BBBko lehendakaria, haren adierazpenei ñabardurak jarriz -azkenaldian adibidez, herri galdeketaren garrantzia azpimarratuz, normalizazio politikorako giltzarria dela baieztatuz, Imazek iritzi artikulu batean bestelako mezua eman ondoren-.

Baina duela lau urte Imaz bultzatu zuen ildoaren hautagaia da Urkullu, eta, horregatik, Imazek erretiroa hartuko duela iragarri izanak nekez eragingo du, besterik gabe, Egibarrek ere erretiroa hartzea, Imazekin zituen desadostasun estrategikoen parekoak izan baititzake Urkullurekin.

Liskarra saihesteko negoziazioak ez dira hasi Imazen erabakiaren ondoren edo ondorioz, lehenago baizik, eta negoziaziogai bakarra ez zen Imaz. Eta pentsatzekoa da orain negoziazio horien emaitzaren arabera erabakiko duela Egibarrek Urkulluri lehia egin edo ez egin, Urkullu ez baitago erdian, duela lau urte Imaz erdian ez zegoen bezala.

2007-09-13

Txaloak eta txistuak

Orain hobeto ulertzen dira Josu Jon Imazek joan den abuztuaren 31n, Zarautzen, hitzaldi bukaeran esandako hitzak. Euskaraz egin zuen, bertsolaritza zuten erreferentzia eta, horrelakoetan ohi bezala, oihartzun handirik ez zuten izan. Baina argigarriak ziren.

Pentsatzen duena garbi esan ohi duela adierazi zuen Imazek, baita EBBko buruzagitzan egon denean ere, eta hala jokatzen duenak txaloak bezala txistuak ere entzun behar izaten dituela. Xalbadorren bertsoak ekarri zituen gogora, 1967an Anoetako finaleko entzuleek txistu egin ziotenekoak: «Txistu egin didazue, baina maite zaituztet oraindik. Gora Euskadi Askatuta!». Imazek EBBko presidente gisa afiliatu jeltzaleei zuzendutako azken hitzak dira. Txistu egin didazue...

Ordurako, Imazek argitaratua zuen bere testamentu politikoaren atal nagusietako bat: Ez inposatu ez eragotzi iritzi artikulua. Idatzi hartan ez zuen erabakitzeko eskubideaz hitz egin, autogobernuan sakontzeaz baizik; ez zen alderdi guztien arteko akordioaz aritu, «indarkeria arbuiatzen dutenen» artekoaz baizik; akordio hori lortzea baldintzatzat zuen, gero erreferenduma egin ahal izateko, eta berariaz arbuiatu zuen akordiorik gabe galdeketa egitea, besteak beste ETAri argudioak ematea litzatekeelako. Orain ikusi da egia zela biharamunean irratian esan zuena: artikulu hura bere kabuz idatzi zuela.

Ezin jakin artikulu hura Imazen gainbeheraren ondorioa zen, edo iturburua. Alegia: ordura arte babestu zutenen sostengua galdu zuelako erabaki ote zuen horren garbi hitz egitea, Ibarretxeren estrategia auzitan jartzen ari zela pentsarazteraino; edo horren garbi hitz egin zuelako galdu duen, behin-betiko, ordurako zalantzan bide zeudenen babesa.

Gertatu denaren irakurketa, jakina, ez dago azken hilabeteotara mugatzerik. Imazen eta Egibarren arteko lehia ez zen duela lau urte bukatu. Enfrentamendua, izatekotan, gaiztotu egin da Imazen agintaldian. Desadostasunak, gainera, ez dira duela lau urte nabarmendutako bi ildoen artekora mugatu: denboraren poderioz, begibistakoak egin dira Imazen eta Ibarretxeren diskurtsoen eta estrategien arteko aldeak.

Imazek Zarautzen aitortu zuena egin du: pentsatzen duena esan. Eta pentsatzen duena pentsatuta, garbi hitz eginda ezinezkoa zen EAJko sentsibilitateen artean oreka egitea. Eta Madrildik egin dizkioten txalo etengabeek ez diote batere lagundu: Rodriguez Zapaterok, Felipe Gonzalezek, PSE-EEko burukideek, abertzaletasunaren aurkako ildo editorial nabarmena duten egunkari gehienek... Imaz zintzoaren eta Ibarretxe gaiztoaren irudia zabaldu dute lau urteotan. Imazen erabakiak Madrilen eragin dituen erreakzioak ere ondo esanguratsuak dira.

Duela lau urte Imaz EBBko buruzagitzara eraman zuten berberek, nonbait, erdibidea bilatzeko garaia dela erabaki dute. Ondorio batera iritsi bide dira: hain garbi hitz egiteagatik alderdi barruan ere txistuak entzuten dituena, Madrildik halako txalo beroak jasotzen dituena, ez da alderdi zatituaren zauriak sendatzeko hautagairik egokiena.

Kontua ez da sektore soberanistak irabazi duela. EBBko hurrengo lehendakaria ez da Egibar izango, ustekabe handirik ezean. Duela lau urte Egibarri babesa eman ziotenek dagoeneko kalkulatua dute barne bozak irabazteko aukera handirik ez dutela: EAJren hauteskunde sistema berezian, Bizkaian eta Nafarroan nagusitzea aski da EBBko buru izateko eta EBBn gehiengoa izateko, eta duela lau urte Imazen alde egin zutenek nekez galduko dute bi herrialde horietan. Negoziazioa zen Egibarren ildokoen bide eraginkorrena; are gehiago orain, Imazek erretiroa hartuko duela jakinda.

Alde batean edo bestean lerrokatu gabeko burukiderik ez omen dago EAJn, EBBko lehendakaritza hartzeko modukorik. Eta kalkuluak eginda daudenez, pentsatzekoa da duela lau urte irabazi zuen sektorekoa izango dela hurrengo EBBko burua ere, EBBn talde orekatua osatuz gero presidentegai berria sostengatzeko eragozpenik ez dutela izango Egibarren ildokoek eta, batez ere, Ibarretxeren lidergoa eta estrategia auzitan jarriko ez duen buruzagitza osatuko dutela, hitzartu berri duten ponentzia ardatz hartuta.

:: Hurrengo orrialdea >>

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

| Hurrengoak >

Martxoa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!