Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Mezua: Atentatua balitz

2010-03-21

Atentatua balitz

Martxoak 15
Autopsia

Auzitegiko medikuek egindako autopsiaren ondorioa izan da gorpuak ez zuela indarkeriaren arrastorik, ez barnean ez kanpoan; eta, autopsiaren emaitza publiko egin eta hurrengo egunean, Espainiako Barne ministroak salatu du segurtasun indarren izen ona zikintzeko kanpaina egiten ari direla.

Aste honetako kontua? Ez. 1985eko abenduaren 18an horixe zioen Mikel Zabaltzari egindako autopsiak, eta hurrengo egunean Jose Barrionuevo ministro sozialistak, Guardia Zibilaren izen ona zikintzeko kanpaina salatu eta gero, esan zuen bi bertsio besterik ez zegoela: Guardia Zibilarena edo «bahitu, estortsionatu eta hil egiten dutenen lagunena».

Baina auzia berriro zabaldu zen, 1995ean auzitegiko medikuek egindako beste azterketa batek ezeztatu egin zituen 1985eko autopsiaren ondorioak eta, inoiz epaiketarik egin ez bada ere, inor ez da akordatzen 1985eko autopsia hartaz, Barrionuevok behin betikotzat jo eta bertsio ofiziala zalantzan jartzen zutenen aurka jotzeko oinarri nagusitzat hartu zuen autopsia hartaz.

Martxoak 16
Batasunak ETAri

Koldar deitu dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Batasunari, Dammarie-les-Lysen izandako enfrentamenduan ETAk Jean Serge Nerin polizia frantziarra hil izanari emandako erantzunagatik. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere, Patxi Lopezek, guztiz gutxietsi ditu Batasunaren hitzak: «Ezer esaten ez duten hitzek ez dute baliorik».

Alderdi abertzaleen artean, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusi jeltzaleak Batasunak ETAren menpe jarraitzen duela erakutsi duela esan du, baina alderdiaren ahotsa izan ohi diren burukideek ez dute oraingoz gai honi buruzko ezer esan, akaso nahikoa lan badutelako Araban daukaten saltsarekin. Aralarrek aurrerapausoa sumatu du Batasunaren oharrean, baina nahikoa ez dela gaineratu du. Eta EAk, aldiz, alde positiboari bakarrik begiratu dio, Batasunak ETAri eskatu diona eskatu diolako. Eta egurra jasotzen hasi da, noski, horregatik; El Correo-ren atzoko azaleko bigarren titulu informatiboa: «Ezker abertzaleak nahasmendura eraman du EA».

Batasunak Dammarie-les-Lys-en gertatuaz adierazi duena askorentzat nahikoa ez izatea ulergarria da, baina ukaezina da berritasunik badela adierazpenean, berritasun ondo garrantzitsua gainera. Zutik Euskal Herria agiriaren bidez Batasunak adierazi zuen, beste hitz batzuekin, borroka armatuaren garaia bukatutzat eman duela. Behin agiria plazaratu ondoren, bi zalantza nagusi gelditu ziren airean: batetik, ETAk zer egingo zuen; bestetik, erakunde armatuak atentaturen bat eginez gero, Batasunak zer erantzun emango zuen.

Altsasuko adierazpenean eta Zutik Euskal Herria agirian Mitchellen printzipioak bere egin dituenez, eta ezker abertzalearen militantziaren gehiengoaren babesa daukanez jarrera horrek, atentatu baten ondoren era batera edo bestera desadostasuna agertzea izango litzateke koherentea. Jakina da Batasunak ez dituela ETA edota borroka armatua gaitzetsiko, baina espero izatekoa litzateke, adibidez, une politiko jakin honetan indarkeria baliatzea ezker abertzalearen militantziaren borondatearekin bat ez datorrela adieraztea.

Hori, ETAk atentaturen bat egin izan balu. Baina ez du egin. Dammarie-les-Lyseko enfrentamendua ez da atentatu planifikatua izan, eta horregatik, Batasunak ez dio atentatu bati emango liokeen erantzuna eman. Baina ez da isilik geratu, eta orain arte ia inoiz egin ez zuena egin du. Azken batean, indarkeria albo batera uzteko eskatu dio Batasunak ETAri: «prozesu demokratikoan» inork indarkeriarik baliatu behar ez badu eta ETAri prozesu horrekin bat egiteko eskatu badio, konpromiso zehatzak eta argiak hartzeko eskatu badio, ez dago besterik ulertzerik. Batasuna ez da iritsi ETArekiko desadostasuna agertzera, baina gertaera larria baliatu du erakunde armatuari bidea erakusteko.

Egia da beste noizbait ere egin zuela antzekorik, ez oso aspaldi gainera: 2007ko urtarril hasieran, Barajasko atentatuaren ostean, su-etenari eusteko eskatu zion Batasunak ETAri. Eta biharamunean agiria atera zuen erakunde armatuak, su-etenak indarrean jarraitzen zuela iragartzeko, Barajasen bezala «erantzuteko» aukerari uko ez ziola egiten ohartarazi arren. Gaur egun, ordea, ETAk jarraitu egingo diola jakin gabe egin dio, nonbait, Batasunak eskaera.

Parisko hegoaldean gertatutakoak, ustekabeko enfrentamendua izan denez, ez du askorik argitu ETAren jarrerari eta etorkizuneko asmoei buruz. Baina asko argitu du, erakunde armatuari eskatu diona eskatu diolako, Batasunaren apustuaren seriotasunaz.

Eta Batasunaren erantzunak erakutsi du, batetik, ETAn jardun armatuarekin jarraitu nahi dutenak ez direla inoiz hain bakarrik egon; eta, aldi berean, ETAn armak alde batera uztea erabakitzearen alde direnek ez dutela sekula izan, ezker abertzalearen barruan, orain bezalako babes argi eta garbirik.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Patxi [Bisitaria]
Ez da atentatua izan, ados. Baina bi pertsona armez bahitu bere negozioa lapurtzeko...hori indarkeria da. Eta Ordizian, demagun, espainiako hamar pistolerok ezker abertzaleko norbaiti halakorik egingo bazioten argi eta garbi erantzungo genuen "eraso faxista"ren aurrean.

Kontua da bortizkeria eta mehatxuekin bukatu behar dela, ez "atentuekin".

ETAk "hau bukatu da" esan beharko zuen, eta kitto.
Permalink-a 2010-03-21 @ 11:41
Bidaltzailea: mohandas [Bisitaria]
Atentatua ez dakit, baina, "kagada" da burura datorkidan hitza. Argia da, bai, pistolekin jokatzen denean azkenean batenbat hiltzen dela. Bakoitzak argi dauka bere negozioa.
ETAk presioa du negozio,arma bidez egiten du, eta onartu egiten du bide hori zilegi bezala, eta badaki bide horretan halakoak gertatzen direla.
Gobernuen negozioa egitura legalak mantentzea da, lapurreta bat dagoenean errudunak atxilotzea, eta haien aurkako armadun gerra saiakera bat dagoenean, begira ibiltzea. Kontua da, gobernuek duten legitimitatea mantendu behar dutela. Espainiak edo frantziak ezin du onartu Jon Anzaren kasuan hanka sartu dutela, ezin baitu onartu legala ez den ezer egiten dutenik.
Bada garaia militarrei aurre egiteko. Baina desmilitarizazioa politikarien ardura da.
Permalink-a 2010-03-21 @ 13:20
Bidaltzailea: ui [Bisitaria]
prozezu independentista eaikitzailea nahi bada sortu horrek eskatzen errepresio espainiara gelditzeko tresnak asma behar ditugula, hau da audientzi nazionalari intsumisioa eskatu udaletan ea pnv baseak ze egiten duen
Permalink-a 2010-03-21 @ 16:28
Bidaltzailea: ui [Bisitaria]
prozezu independentista eraikitzailea nahi bada sortu horrek eskatzen errepresio espainiara gelditzeko tresnak asma behar ditugula, hau da audientzi nazionalari intsumisioa eskatu udaletan ea pnv baseak ze egiten duen,hor pnvren gehiengoa joan daiteke pikutara, zeren eztutelako herriaen nahia babesten baizik egitura espainiar independentisten suntzitzailea, horerek ekariko luke bete pauso baat egitea independentziruntz
Permalink-a 2010-03-21 @ 16:32
Bidaltzailea: Oroit Kondaira [Bisitaria]
Gora euskal hiritarrak eta behera euskal herritarrak. Aukeratu ezazue: askatasuna ala esklabotza. Abertzaletasunak adimena izorratzen duela ez dago zalantzarik.
Permalink-a 2010-03-21 @ 18:06
Bidaltzailea: Aspertuta [Bisitaria]
Ui bezalakoekin ez dago zer egin, beti lelokeriekin gora eta behera. Euskadi ia Estatua dela esan daiteke lasai asko, eta zuek zuen "errepresio"; etab. zabiltzate. Horrela jarraituz gero, bi baino ez zarete izango txepel halakoak!
Permalink-a 2010-03-21 @ 19:57
Bidaltzailea: Kalpar [Bisitaria]
Antzarenaz: bietatik bat. Gobernua gezurretan ari da, edo Gobernuak gezurra diosku. Zabaltzaren adibidea oso egokia, Imanol.
ETArenaz: egia da berariaz polizia hiltzea ez zela ekintzaren helburua, baina ekintza batean beti dago helburu hori. Hots, ez ziren beste barik autoak probatzera joan, egun pasa, ezta?
ETAk gelditu beharra du behingoz, batetik, salbatu nahi omen duen herriari egiten diolako kalte batez ere bere jardunak. Eta bestetik Ezker Abertzalearen pitzatzea eta ahultzea eragin duelako azken hamar-hamabost urteetan ezarritako kontrol eta abanguardia politika itogarriaz.
Aralarri emandako tratu aurkeztezinak, alderdi hori Ezker Abertzaletik aldendu eta EAJren hegalera mugiarazi du, eta orain, EAko agintariekin egindako tratu sinesgaitz batez Ezker Abertzale berria sortzera doazela saldu nahi digute, EAko oinarrietako kideak zur eta lur...
Helburua ez baita Ezker Abertzale zabal eta sendoa eraikitzea, Aralar deusaraztea baizik, Ezker Abertzalearen erabateko kontrola berreskuratzeko.
A ze buru handiak, herri honetan!
Permalink-a 2010-03-22 @ 08:47
Bidaltzailea: matxin [Bisitaria]
Bake bidean oztopo ugari izango ditugula nabaria zen. Estatu espainoleko aparatuen prepotentzia zer da bada? Anzaren hilketa, Rubalcaba eta Aresen deklarazioak...Frantzian hildako polizia ere ustegabean harrapatu gaituen zoritxarreko gertaera. Eta ezker abertzalearen erantzuna ETAri aski garbia. Eta zuk diozunez, ezker abertzalean gehiengo -handi bat gainera- ETAK bere ekinbidea bertan behera uzteko aldekoak gara. Eta hori horrela izaki, erakunde armatuak borroka politikoari protagonismo osoa utziko diola seguru nago nahiz eta beste aldetik trabak zientoka jarriko dizkiguten. Oraindik itxaropentsu...
Permalink-a 2010-03-22 @ 18:26
Bidaltzailea: Jose Inazio Luzuriaga [Bisitaria] · http://Ikasi
Duela gutxi Frantziako telebistan programa oso interesgarria ikusi dut. Gaia Beiruten (Libanoan) Mitterranden garaian bahitu zuten lau "kazetariak" askatzeko negoziazioa izan zen (Frantziako telebistek arabiar lurraldeetan egiten duten kazetaritza eta espiotzaren arteko mugarik ez dago). Gertaera hori Frantziako hauteskunde garaian suertatu zen eta Iraneko eta Frantziako diplomatikoak ibili ziren negoziazioetan. Bada, gela batean Frantziako ezkerra zegoen eskaintza handiak egiten, bahituak hauteskundeak baino lehenago aska ditzaten eta (aurrekoen elkarrizketak entzuten) alboko gelan Frantziako eskuina zegoen, hauteskundeak pasa arte bahituak ez askatzeko eskatzen eta armak saltzeko eta teknologiako kontratu hobeak egiteko prest. Bahituak hauteskundeak pasa ondoren askatu zituzten eta Jacques Chirac Presidente berriak egin zien harrera aireportuan, haren "gestio onaren erakusle". Zein da Zapaterok egin duen meritua datozen hauteskundeetan ETAren amaierako domina erakutsi ahal izateko?
Permalink-a 2010-03-22 @ 18:43
Bidaltzailea: xabat [Bisitaria]
asteburu hontan umezurtz utzi gaituzue 'paperezko blogomanoak', imanol; ea hurrengoan...
Permalink-a 2010-03-30 @ 12:56

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Uztaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!