Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Mezua: Batzen

2009-04-04

Batzen

Martxoak 29
Bi urte

Jesus Egigurenek berriro esan du: Patxi Lopez lehendakari izanda, bakea hurbilago dago. Igandean El Diario Vasco-n eta asteazkenean Euskadi Irratian, bi urtean bakegintzan aurrerapauso handiak izatea espero duela adierazi du. Kanpainan ere esan zuen hainbat aldiz, eta lehenago ere bai. Urola Kostako Hitza-ri iazko abenduaren 9an, adibidez: «PSE-EE Eusko Jaurlaritzako gobernura iristen bada, aldaketa etorriko da, eta bakea ere bai». Auskalo zer esan nahi duen, akaso propaganda hutsa besterik ez da, baina Egigurenek ondo baino hobeto daki PPrekin egin duten ituneko irizpideetan ez dagoela bakearen errezeta.

Martxoak 31
Bat eginda

Maiatzaren 21ean Ajuria Enean Patxi Lopez beharrean Juan Jose Ibarretxe egongo balitz ere, berdin deituko lukete sindikatu abertzaleek greba orokorrera, nahikoa arrazoi badute-eta horretarako. Hori azaldu dute behintzat, eta sinesgarria da. Baina grebaren jatorrian krisiari agintari ekonomiko nahiz politikoek emandako erantzuna egonda ere, grebaren ondorioei erreparatuta, aurreikus daiteke mobilizazioak kutsu politikoagoa hartuko duela Patxi Lopez Ajuria Enean izanda, Ajuria Enean bestelako gobernu bat izanda baino. Izan ere, indar unionistek bat eginda aginte autonomikoa hartuz geroztik, sindikatu abertzaleek -alderdi abertzale batzuen (Batasuna, Aralar) babesarekin- bat eginda indar erakustaldia egingo duten lehenengo aldia izango baita. Azken urteotan elkarrekin aritzeko izan dituzten zailtasunak eta ezintasunak aintzat hartuta, ez da huskeria ELAk eta LABek oraingoan bat egitea.

Barne ikerketa

Mossos d'Esquadra Kataluniako Polizia joan den martxoaren 18an Bolognako prozesuaren aurkako manifestatzaileei neurriz kanpo oldartu zitzaiela aitortu du Joan Saura Barne sailburuak, egun hartan gertatutakoaz barne ikerketa egin ondoren. Eta Poliziako zuzendari nagusia, Rafael Olmos, kargutik kendu du. «Baina zer da barne ikerketa?», galdetu dute beste Polizia autonomiko bateko buruen bulegoan, albistea entzun dutenean.

Apirilak 1
Lopez gabe

Askok uste baino gehiago makurtu zaio PSE-EE PPri inbestidurarako akordioarekin. Ez da sozialistek harro erakusteko moduko garaikurra. Hortik, izenpetze ekitaldira Patxi Lopezek berak joan nahi ez izana -eta, ondorioz, Antonio Basagoitik agertu ezina- eta sinatzaileen ondo neurtutako aurpegi serioak, ospatzeko ezer ez balego bezala. Baina ez dute eman gabe utzi, horratik, adarjotzearen mugan dagoen argudioa: euskal gizartea batzeko akordioa da.

Kito. Inbestidura lotuta dago. Orain, ikusteko dago Lopezen gobernu talde independentez josiak zer politika egingo dituen, itun sinatu berriak zenbateraino lotuko duen, PPren zaintzak zenbateraino baldintzatuko duen. Egiguren eta beste hainbat buruzagi sozialista egunotan iradokitzen ari direnaren arabera, behin inbestidura gaindituz gero, PPri askorik erreparatu gabe agintzeko asmoa dute. Baina erakutsi beharko dute hori nola egiten den 25 parlamentarirekin, oposizioko talde nagusiak, berak bakarrik, 30 izanik.

1986an EAJk baino bi parlamentari gehiago izanik lehendakaritza hartu ez izana deitoratzen ari dira oraindik PSE-EEko buruak, eta 2001eko hauteskunde kanpainan Kursaalean Mayor Orejak, Savaterrek eta Redondo Terrerosek atera zuten argazkia hanka sartze handitzat daukate orain denek. Lastima Ares-Egiguren-Oiartzabal-Barreda argazkiaz hemendik dozenerdi urtera zer esango duten orain ezin jakina.

Apirilak 3
Quirogaren merituak

Lehenengo hitzak euskaraz irakurri ditu Arantza Quirogak, euskaraz ez dakiela egiaztatzeko adina irakurri ere, legez kanporatzearen poderioz lortutako gehiengo osoarekin Eusko Legebiltzarreko lehendakari izendatu berritan. Probokazio puntua ere izan du PPren aukerak. Quirogak berak esplikatu du: Legebiltzarreko presidente izateko bera aukeratu izanak -eta ez Laura Garrido euskalduna- erakutsi du Basagoitik koherentziaz jokatu duela, hizkuntzagatik inor ez diskriminatzea aldarrikatzen duenez. Ondorioz, Quiroga elebakarra izendatzea PPren koherentziaren erakusgarri baldin bada, arrazoibide horren arabera, Garrido elebiduna izendatzea ez litzateke baliagarria izango (elebitasuna ez baloratzeko) koherentzia horren erakusgarri izateko. Beraz, Eusko Legebiltzarreko presidente berriaren azalpenetik abiatuta, hara ondorioa: Legebiltzarreko Mahairako lasterketan, euskaraz jakiteak kalte egin dio Garridori; eta berari, berriz, puntuak eman dizkio euskaraz ez jakitearen merituak.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Pello Zabala [Kidea]
Hori duk eta, Imanol! Eskerrak, merituak meritu, euskara baloratzen duenik badaukagun!... Hi etxerako!
Permalink-a 2009-04-04 @ 16:39
Bidaltzailea: Amallo [Bisitaria]
Puntu mordoa bildu duk, Imanol, oraingo "Batzen" honetan.Denak dir-dir, baina azkenengoak nobela merezi dik.Mila esker!
Permalink-a 2009-04-04 @ 17:59
Bidaltzailea: Anton [Bisitaria]
Elebakartasuna meritu gisa aldarrikatzen dute PPSOEkoek aspaldi, baina, egiari beste puxka bat eransteko asmoz, iruditzen zait alderdi abertzaleek gehienetan itxurak egiteko, besterik ez dutela elebitasuna erabiltzen. Quirogaren aurreko Bilbaorena, adibide ona da. Bermeotarra izanik, marka handia litzatek euskaraz txintik ez jakitea, baina zer euskara makala darabilen entzutean, erraz igarri liteke noiz eta zertarako erabiltzen duen "gure hizkuntza". Arrantzalekeria irudituko zitzaion beharbada. Ez da EAJtarrena soilik; alderdi abertzale guztietako ordezkari asko dago hizkuntza-politika jakin hori darabilena. Proportzioak dira aldatzen diren gauza bakarra.
PPSOEz hitz egin beharrik ez da.
Permalink-a 2009-04-06 @ 15:57

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Otsaila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!