Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Mezua: Datorren lekutik datorrela

2012-04-09

Datorren lekutik datorrela

Athleticzalea zara, eta zure taldea Europako Ligako final-laurdenetan da, finalerdietan sailkatzeko aukera handiarekin. Sarrera lortu duzu, eta bazoaz San Mamesera, Manchesterren aurkako egun handia gogoan, beste egun handi horietako bat bizitzeko gogoz. Gozatu duzu, sufritu ere bai pixka bat, Shalke 04 talde alemaniarra kanporatzea ez baita hain erraza izan. Orain, ospatu beharra dago. Horretan zaude, garagardo botila eskuan duzun bitartean lagunartean Ibai Gomezen gol ederrari buruz hizketan, edo Marcelo Bielsaren txandalari buruz eztabaidan, edo Raul Gonzalezi buruz gaizki-esaka, buruan pilotakada batek jo zaituenean. Orain, koman zaude.

Ikuspegia alda dezakegu. Semea Athleticzalea duzu, joan da San Mamesera, finalerdietarako sailkapena ospatzen aritu da, eta, orain, koman dago. Zuk ordaindutako gomazko pilota batek jo duelako, zuk ordaindutako arma batek jaurtia, zure diruarekin soldata ordaintzen dioten ertzainak tiro eginda. Zuk ordaintzen diezu soldata, zure zerbitzura daudelako, zerbitzari publikoak direlako.

Lerro hauek idazteko unean, ostiral iluntzean, koman zegoen San Mameseko partidaren ondoren Ertzaintzaren pilotakada batek buruan jo omen zuen 28 urteko pertsona, burmuinean oso zauri larriekin, egunkarietako edizio digitalen arabera. Onik ateratzen bada, ez da ondorio larririk gabe izango.

Ertzaintzak esan du zer gertatu zen ikertuko duela, ez omen dagoelako argi pilotakada batek jo ote zuen. Poliziaren bertsioei buruzko eskarmentuak itzulpena egiten digu: ukatu beharrean ez dagoela argi besterik esan ez baldin badu Ertzaintzak, argi dagoela ondoriozta daiteke. Baina ondo legoke, denbora pasatzen utzi ondoren, horretarako egokiak diren instituzioetan baten batek gogoraraztea ikertuko zutela agindu zutela eta ikerketa horren ondorioen berri eman dezatela eskatzea. Horretan ez baitu herri honek eskarmentu handirik: Poliziaren gehiegikeriei buruzko ikerketen emaitzak argitaratuz gero, Inteligentzia Militarrari buruzko beste liburu xelebre haren tankera izango luke.

Astebetean, ostegunetik ostegunera, bi lagunek bukatu dute ospitaleko zaintza berezietako gelan, Ertzaintzaren graziaz. Xuban Nafarrete ertzainengandik ihesi zihoala erori zela eta buruarekin lurrarekin kontra jo zuela azaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, baina ez dago bertsio hori egiaztatu duen inongo lekukoren berririk. Familiak dio, hainbat lekukoren testigantzan oinarrituta, oso distantzia laburretik jaurtitako pilotakada batek jo zuela, lurrean zegoen bitartean egurtu egin zutela eta greba orokorrari buruzko propaganda ahoan sartu ziotela. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak Eusko Legebiltzarrean azalpenak noiz emango zain gaude.

Azalpenak gorabehera, esanguratsua zera da: Ertzaintzaren neurriz kanpoko indarkeriaren erabilerari buruzko testigantzek sinesgarritasun osoa dutela herritar askoren begietara, Ertzaintzaren gehiegikerien lekuko gehiegi baitago herri honetan. Eta azken bi ostegunetan Gasteizen eta Bilbon gertatuari buruz lekukoek eman dituzten bertsioak guztiz sinesgarriak dira, eskarmentu horren argitan.

Ertzaintza sortu aurretik, asko eztabaidatu zen sortzear zen polizia autonomikoaren ereduari buruz. Bobby ingelesak aipatzen ziren. Orain grazia egiten du 80eko urteetako inozentzia hark, Ertzaintza berria 1937ko Ertzaintzaren pareko imajinatzen zuen inozentzia hura: Basarri bertsolariarena, Telesforo Monzon Herrizaingo sailburu zuena. Poliziak integrala behar zuen, eremu guztietan arituko zena, besteak beste, argudio honekin: segurtasunaren arloko eskumen guztiak bere eginda, hemendik ez alde egiteko aitzakiarik gabe geldituko ziren Espainiako segurtasun indarrak.

Ez zen jokaldia oso biribil atera: Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak ez zuten alde egin, Ertzaintza polizia integrala da, baina Espainiako auzitegien aginduz atxiloketak egiten ditu eta Espainiako auzitegien eta espetxe sistemaren esku uzten ditu atxilotuak —agintari autonomikoen kontroletik kanpo— , eta, ostegun batzuetan, zaintza berezietako unitatera bidaltzen du jendea, indarkeriarik gabekoak omen diren garai historiko hauetan.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Txantrea [Bisitaria]
Ondikotz bazekiagu hau nola bukatu den. Beraz, aurtengoa ez duk izan bortizkeriarik gabeko lehen Aberri Eguna.

Ekintza honen arduradunak arduragabe bihurtuko ditiztek. Hamaika ikusteko jaioak omen gaituk, pelikula hau, aldiz, hamaikatan ikusi diagu.

Egon bizkor.
Permalink-a 2012-04-09 @ 22:47
Bidaltzailea: Pello Zabala [Kidea]
Borobila, Imanol. Bakoitzak, berea: Sagardoak, aparra. Itsasoak, olatuak. Gatzak, kresal gazia... Eta horrela, ad infinitum! Atleticen golak ospatzen, garagardoa eskutan, ari denak... buruan danbateko pelotazoa!
Kazetariaren neurrian portatu haiz. Ea beste batzuk ere neurrian portatzen diren!!!


Permalink-a 2012-04-09 @ 22:53
Bidaltzailea: jki [Bisitaria]
hau krimena da eta egileak kartzelatu bestela ezetako eztu balio sitema judizilak
Permalink-a 2012-04-09 @ 23:12

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Martxoa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!