Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Mezua: Denbora kontua

2010-04-04

Denbora kontua

Martxoak 29
Bruselatik

Altsasuko agiriarekin jiraka jarritako gurpila bidea egiten ari dela erakutsi du Bruselako adierazpenak ere. Europako Batasuneko estatu batean legez kanporatuta dagoen eta terroristatzat daukaten mugimendu politiko batek emandako pausoa publikoki goraipatu baldin badute nazioartean halako itzala duten pertsonek, mugimendu politiko horren pausoak atzerabiderik ez duela sinetsita daudelako izan behar du; sinetsita, ez berezko baikortasuna dutelako, baizik eta jaso bide duten informazioak hori pentsarazten dielako. Frederik de Klerk, Desmond Tutu, Mary Robinson, John Hume, Albert Reynolds... ez dira edozein. Baten batek lan handia egin du, eta baten batzuek berme sendoa eman behar izan dute.

Funtsean hiru mezu eman dituzte Bruselako agiria izenpetu dutenek. Bat, Batasunaren apustuari sinesgarritasuna eman diote. Bi, ETAri su-etena eskatu dio. Hiru, Espainiako Gobernuari jarrera eraikitzailea eskatu dio, baldin eta erakunde armatuak indarkeria alboratzen badu. Urtero bezala, Aberri Egunean ETAk zerbait iragarriko ote duen zurrumurrua zabaldu da. Urteroko kontua da, baina Bruselako adierazpenak hauspotu egin du. Baina Bruselako Adierazpenaren sustatzaile nagusiak berak, Brian Currinek, garbi adierazi du beste batzuekin ari direla jokatzen, mugimendu garrantzitsuak 12 hilabeteren barruan espero dituztela esan duenean.

Jaime Mayor Orejak bere ohiko eran negoziazioaren mamua haizatu eta gutxira etorri da Bruselakoa eta, hasieran PPko eurodiputatuari inork sinesgarritasunik eman ez bazion, aste honetan Josu Erkorekak eta Andoni Ortuzarrek bestela hitz egin dute: euren hitzetan, Mayorrek ezer esan badu, zerbaiten informazioa baduelako esango zuen. Oinarririk gabe espekulatzen hastea izango litzateke elkarrizketarik baden, edo inork ETArekin komunikazio haririk zabalik duen jardutea.

Aurreko bake prozesuan bitartekari lanetan aritu zen Henri Dunant Zentroak euskal auziarekin lanean jarraitzen ote duen ere ez dakigu. Baina dakiguna da, adibidez, Bruselako Adierazpena sinatu dutenetako bat, Jonathan Powell, Henri Dunant Zentroaren webgunean staff-eko kideen zerrendan ageri dela; Tony Blairren gobernuaren negoziatzaile nagusia izan zen Irlandako bake prozesuan, eta euskal auziari buruzko azken prozesuan esku hartu zuen, behatzaile, Erresuma Batuko Gobernuaren izenean. Eta oraindik ez dakigu honetan guztian zer ikusirik ba ote duen Javier Solana, NATOko eta Europako Batasuneko agintaria izan aurretik PSOEren gobernuetako goi kargua izana, joan den hilean Henri Dunant-eko ohorezko presidente izendatu izanak. Urte batzuk barru galdetu beharko.

Martxoak 30
Dimentsio osoan

Badakigu Batasuna zertan den. ETA zertan den, ordea, oraindik ez. Hilaren 21eko agirian berriro adierazi zuen pausoak emateko prestasuna, baina berriro ere ez zuen pausorik iragarri. Urrats zehatza egiteko eskatu diote Bruselako Adierazpenekoek eta, Batasunak bere erreakzioan hitzez hitz su-etenik ez duela eskatu egia bada ere, Bruselako Adierazpena «bere dimentsio osoan» positiboki baloratu badu, adierazpenak egindako eskaerekin bat datorrela ulertzen zaio.

Zutik Euskal Herria agiriaren ondoren eta Bruselako Adierazpeneko sinatzaileek Batasuneko buruzagitzarekin sintonian egindako eskaeraren ondoren, ETAk erabaki bat besterik ezin du hartu. Aljerko eta Loiolako prozesuetan Espainiako Gobernuari eman zion su-etena, Lizarra-Garazikoan alderdi abertzaleei eta, orain, ezker abertzaleari emateko garaia iritsi zaio.

Aurrena bakea

PSOEko eta PSE-EEko agintariek publikoki gutxietsi egin dute Bruselako Adierazpena, baina Currinek-eta proposatutako bidearekin guztiz kontraesanean ez dauden adierazpenak egin dituzte. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, adibidez, ETAk armak uztea ez dela «helmuga» esan du, «abiapuntua» baizik. Abiapuntua bada, zerbaiten abiapuntu izan beharko du.

Jesus Egiguren, gehienetan bezala alderdikideak baino pauso bat aurrerago dabil, eta dagoeneko esana dauka indarkeriaren amaieraren ostekoa euskal alderdien artean konpondu beharko dela, Madrilekin baino. Eta Alfredo Perez Rubalcaba bera ere «egokitzeaz» mintzatu zen duela ez hainbeste, ETAren indarkeria amaitu ondoren «egokitze politiko bat» egin beharko dela esanez -«ajuste político», esan zuen-.

Aurreko prozesuan PSOEk eta EAJk behin eta berriro aldarrikatutako eta azkenean huts egindako leloa berreskuratzeko garaia izan daiteke: aurrena bakea eta gero politika. Rodriguez Zapaterok eta Imazek hainbeste aldiz errepikatutako irizpidearekin bat etor baitaiteke Zutik Euskal Herria eta Bruselako adierazpenek proposatzen duten bidea: bide politiko hutsen aldeko apustua aurrena, prozesu politikoa edo dena delakoa gero.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Joseba [Bisitaria]
Oso interesgarria iruditu zait artikulua, Imanol. Idatzi duzunaz zerbait azpimarratzekotan, hauxe izango izango zen: "ETAk su-etena ezker abertzaleari emateko garaia iritsi zaio".

Interesgarria artikulua, hasieran esaten nuen bezala, eta, aldi berean, adierazgarria iruzkinik ez irakurtzea. Badakizu Imanol, irakurleok ere "denbora kontu" horretan murgilduta gabiltzako izango da.

Permalink-a 2010-04-05 @ 22:45
Bidaltzailea: zaharrak berri? [Bisitaria]
Eta-k asteburuan plazaratutako agiriak ezkorrak izatera behartzen gaitu? Nik gehiago espero nuen; ea Imanolen hurrengo gogoetak zerbait baikorra erakusten digun!
Permalink-a 2010-04-06 @ 01:13
Bidaltzailea: Pantxike [Bisitaria]
ETAk, su-etena mehatxupean dituenei eskaini beharko die lehenik, euskal gizarte osoari bigarrenik eta Ezker Abertzale ilegalizatuari azkenik, hurrenkera horretantxe.
Permalink-a 2010-04-06 @ 09:21
Bidaltzailea: Joseba [Bisitaria]
Pantxikeri: etika eta politika nahasten dituzu.
Permalink-a 2010-04-06 @ 11:09
Bidaltzailea: Pantxike [Bisitaria]
Ez ba. Politikaz ari naiz. Etikaz aritzea egungo ETArekin eta egungo Ezker Abertzale ilegalizatuko askorekin ariketa antzua da.
Su-etena mehatxupean daudenei eskaini ohi zaie, lehen lehenik.
Euskal gizartearen gehiengo zabalak mehatxutzat du ETA egun, duela 20 / 25 urte ez bezala. Gainera, ETAren mehatxuak gizartearen ordezkari politiko askori eragiten die zuzen-zuzen.
Azkenik, indarkeriaren kudeaketa penagarria eteten ez badu ETAk, oso zaila du Ezker Abertzale ilegalizatuak, ezinbestekoa duen legalizazioa, eta bestela ere, legeztatuko balute ere, politika egin ahal izatea.
Permalink-a 2010-04-06 @ 12:30
Bidaltzailea: Joseba [Bisitaria]
Pantxikeri: ezker abertzaleak (ilegalitatuak) nahi duen bezala deituko du, hau da, prozesu demokratikoa edo dena delakoa. Baina, nire ustez, orain garbi dagoena da estrategia armatuaren baliogarritasuna ukatzen duena ezker abertzalea bera dela. Eta horrek ez du atzerapausurik, ezin da izan eta ez da erabaki koiuntural bat. Noski, tamaina horretako diskurtso aldaketa ezin da ezta gauzatu edo azaleratu, nolabait esatearren, egun batetik bestera, bere denbora behar du itxuratzeko eta aurrera egiteko. Bukatzeko, askoz intenresgarriagoa iruditzen zait gertatzen ari denaz berba egitea izan beharko litzatekeenaz baino: berdin zait ETAk esaten duena eta nori egiten dion bere su-etenaren eskeintza, baina egin dezala.
Permalink-a 2010-04-06 @ 20:38
Bidaltzailea: Pantxike [Bisitaria]
"orain garbi dagoena da estrategia armatuaren baliogarritasuna ukatzen duena ezker abertzalea bera dela. Eta horrek ez du atzerapausurik, ezin da izan eta ez da erabaki koiuntural bat"...
Hala bedi, baina ikuskizun dago hori. Gure inguruko Ezker Abertzaleko kide ezagun gehienak ohi bezain zakar, garratz eta sektario ikusten dira ba...
Permalink-a 2010-04-07 @ 10:28
Bidaltzailea: njhg [Bisitaria]

Europan INDEPENDENTZIA lortu duten herri guztiek,eta ASKO dira, ez dute lortu askatasuna ukatzen zien estatuek onartuta,hauek ez dute INOIZ onartuko, borrokaren bidez eta "unilateral"ki lortu dute. Lortzera doazenak ere, Eskoziatik hasita IRAk Irlandarako eginiko lanari esker lortuko dute, eta ez EAJ bezalako kolaborazionistei esker,JOSU JON bezalako "estomagos agradecidos"ek zuzendutako alderdiak,nork badakiten Espaniarekin leial jokatzen badute zapaltzaileen arauidia errespetatuz, hori bai noizbeinka paripea eginez (Ibarretxe plan delakoa aurkeztu,aterako etzelakoan, ta ustekabean ezker abertzalearen laguntzarekin aprobatu ta madrilera, nora ta Madrilera,itxura egiten ta ea madrilen aprobatuko duten jajajaja) badakite dirua etzaiela faltako, ta jubilazioan beraien AHOLKULARI (jajaja ,aholkulari) postutxoa bero bero



FREEDOM FOR THE BASQUE COUNTRY
2010-04-09 @ 11:14
Permalink-a 2010-04-09 @ 11:33
Bidaltzailea: Joseba [Bisitaria]
njhg-ri: "Europan INDEPENDENTZIA lortu duten herri guztiek,eta ASKO dira, ez dute lortu askatasuna ukatzen zien estatuek onartuta,hauek ez dute INOIZ onartuko, borrokaren bidez eta "unilateral"ki lortu dute". Herritarren gehiengoaren babesarekin esan nahi duzu? Nola lortzen da hori eta nor konbentzitu behar da? Independentzia zaleak gehiengo ote dira Euskal Herrian? Eta hori lortu bitartean zer egin behar da?
Permalink-a 2010-04-09 @ 21:23

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Iraila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!