Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Mezua: Eskaera

2007-10-15

Permalink orokorra, 236 hitz  

Eskaera

Artean erdi lotan, kolpetik bezala esnatu naiz, gaur goizeko zortziak hamar gutxian, Euskadi Irratian Pello Zubiria kazetari zorrotzaren zutabe irakurriaren lehenengo esaldia entzun dudanean: "Ez dakit Euskadi Irratiaren entzuleen artean zenbat diren ETAkoak edo ETAn sartzea erabaki dutenak...". Eta, zuzen-zuzenean, ETAko militanteari mintzatu zaio.

Hara testua, osorik:

"Egun on, entzule.
Ez dakit Euskadi Irratiaren entzuleen artean zenbat diren ETAkoak edo ETAn sartzea erabakita daukatenak edo ETAk segi egin behar duela uste dutenak edo ETA beharrezkoa dela ziur daudenak. Are gutxiago dakit une honetan entzuten ari direnen artean zenbat ote diren ETAkoak.

Zu hala baldin bazara –entzule – esan nahi dizut arrazoi duzula hemen herritar asko bere eskubide zibil eta politikoetan zapalduta daudela diozunean. Arrazoi duzu hemen poliziek atxilotuekin torturak eta tratu txarrak erabiltzen dituztela diozunean. Arrazoi duzu diozunean gaixotasun larriak dauzkaten preso politikoak txirtxilatu egiten dituztela, ETAko presoei eskubide oinarrizkoenak ere ukatzen zaizkiela, dispertsioagatik ETAko presoen senideek kupidarik gabeko tratu txarra jasaten dutela. Arrazoi duzu Euskal Herriari bere hitza libreki esatea ukatzen zaiola diozunean. Arrazoi duzu 18/98 sumarioa eta horren ondorengo auzia, bakar bat aipatzearren, lotsagarrikeriak izan direla diozunean. Arrazoi duzu Ezker Abertzalea pertsegituta dagoela eta Ezker Abertzalekoak ez diren beste herritarrek pertsegizio hori eteterik lortu ez dutela diozunean. Arrazoi osoa duzu zerbait egin beharra dagoela diozunean.

Guzti horretan arrazoi duzu. Eta hala ere, edo igoal hain juxtu horrexegatik, guzti horretan arrazoi duzulako, hau eskatzen dizut:

Zuk ez ezazu hil beste inor.

Pasa egun ona, entzule".

Ados, Pello.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Bixente Serrano Izko [Kidea]
"Hain juxtu horrexegatik", ados, Pello, eta ados, Imanol.
Permalink-a 2007-10-15 @ 18:11
Bidaltzailea: ptx [Bisitaria] · http://www.gaztelumendi.org
Eta zuek uste duzue, ETAko inork beste inor hil gura duenik?

Zuek uste duzue oraindik ETAn sartzeko arrazoirik dagoenik?

Zuek uste duzue ETAk baino gogo gehiago baduela inork guzti hau amaitzeko?

ETAk bere armak entregatzeko saiakera egin, eta Rubalcabak zer egin zuen gogorazi beharko zaie, ETAri etzazula gehiago inor hil esaten dutenei.

ETAren kontra berba egitea erraza da, nik ere egin nezakeen, baina ETA amaitzeko, bakea lortzeko... denok egin beharko dugu zerbait gehiago ezta?
Permalink-a 2007-10-15 @ 18:27
Bidaltzailea: I. [Bisitaria]
Hasier Etxeberriak antzeko hausnarketa egin zuen lehengoan El Mundoko bere zutabean, hemen irakur dezakezuena:

http://alua.mundua.com/2007/10/13/pentsamendu-arriskutsu-hauek/

ptx: zurea bezalako diskurtsoak, zorionez, oso zaharkituta geratu dira. Arazo nazionalari beste era ezberdin batean aurre egiteko garaia hasi da... aspaldi.
Permalink-a 2007-10-15 @ 20:14
Bidaltzailea: hamahiru [Bisitaria]
Noski baietz, baina zuek uste duzue horrek bat-batean ekarriko liokeela herri honi benetako demokrazia? Hori hala balitz, bihar bertan ezagutaraziko luke erakundeak autodisoluzioa. Ez dut nik esango hiltzeak egingo gaituenik aske, baina arazoari soluzio global bat ematen ez bazaio ez da ezertxo ere konponduko.
Permalink-a 2007-10-15 @ 20:18
Bidaltzailea: Aitor [Bisitaria]
Hemen argi dagoena da ETA defendatzea oso zaila dagoela egun, zorionez, eta defendatu nahi dutenek beti esango dutela beti esaten dutena, beti gauza bera. Pellok aipatu injustizia guztiak hor dira, eta berak esan bezala, "guzti horrexengatik", borroka egiteko beste moduak badira, bestela, egin so Eskoziara, Birmaniara edo Europa iparraldeko samiengana.
Permalink-a 2007-10-15 @ 21:21
Bidaltzailea: Peio [Bisitaria]
Milesker Pello, hain garbi esateagatik pentsatzen duzuna. %100 ados.
Permalink-a 2007-10-15 @ 21:29
Bidaltzailea: Josu [Bisitaria] · http://www.blogak.com/josu
Ados Pello, ados Imanol, ados Bixente, ados Peio...
Permalink-a 2007-10-15 @ 21:45
Bidaltzailea: Josu [Bisitaria]
Ez dakit zergatik baina gaur goizean Pelloren "egunonak" entzundakoan, Imanol zurekin gogoratu naiz. Kasualitatea!

Pellori gauza asko esango nizkion, batzuk besteak baino eztiagoak.
Lehenik eta behin esan, 3 urte eman dituela ETA erakunde armatuak inor hil gabe. Pellori baita ere esan, ETA erakunde armatuak, bere su armak eskaini zizkiola Espainiako Gobernuari ez orain asko, herri honi hitza ematen bazion. Badira benetan bi pauso adierazgarri eta goraipatzekoak.

Nire amak hainbeste pisuzko argudio botatzen dizkidanean, nik "bai ama arrazoi duzu", esatea besterik ez zait gelditzen. Antza denez, Pellok ETAko kide horren aurrean ere berdin erantzungo luke; "Bai arrazoi duzu".

Pellok ETAko kide horri eskaera luzatzeak ez nau larritzen, baina nik uste amarengandik jasotzen dudan erantzun bera jasoko lukeela ETA-kide horren ahotik;
"Seme badakizu nik nire aldetik ez dudala inongo arazorik eskaera horri baietza emateko, baina horrek ziurtatzen al du dauzkagun beste arazo guztiak konponduko direla? Ez dut uste seme."

Ez dut uste Pello. Ez dut uste Imanol.

Ados, ama.
Permalink-a 2007-10-15 @ 22:34
Bidaltzailea: Bixente Serrano Izko [Kidea]
Ai, ai, ai... Ea aklaratzen naizen. 22:34ko Josu hori 21:45ko bera al zara? Badaezpadaere, 22:34koari: uste al duzu zeure amaren galdera ongi planteatua dagoena (zure amarekiko begirune osoz)? Uste al duzu galdera horri dagokion begi bistako erantzunak ("Ez dut uste") arrazoirik ematen dionik ETAren balizko kide horri? Horrela izanen balitz, zer bertze biderik geldituko litzaiguke (gerra ez bada) arazo guztien aurrean, bai eta arazo matematikoen aurrean ere? (Letretakoa naiz, baina inpresioa dut arazo matematiko baten soluzioak bakar-bakarrik arazo matematiko horri ematen diola irtenbidea; eta zure amaren logikarekin, arazo guztiei soluziobiderik ezkaintzerik ez dagoenez...).
Permalink-a 2007-10-15 @ 23:51
Bidaltzailea: Iñigo [Bisitaria]
Gakoa, apika, besterik litzateke. Zer egiten dut, du, dugu, duzu eta duzue ETAko kide ez naizen, den, garen, zaren eta zareten guztiok Pellok aipatu gehiegikeriekin amaitu eta arrazoiari bezala askatasunari aterak irekitzeko. Izango dira, noski, borroka egiteko bestelako moldeak, Eskozian edo Birmanian, baina Euskal Herrian, oraingoz behintzat, ez dituk ikusten. Besteek zer egin behar duten agintzen baino, norberak zer egiten duen argitzea aberatsagoa, emankorragoa, eraginkorragoa delakoan nago.
Permalink-a 2007-10-16 @ 00:17
Bidaltzailea: Albret [Bisitaria]
Indarrez erantzutea inposatzailearen indarkeriari gustiz legitimoa da.Beste kontu bat da egun eranginkorra den ala ez inork ere ez daukala argi.Badirudi Estatua oso eroso moldatzen dela egoera horretan,intentsitate baxuko gerran,testimonalismotik hurbil.Sarritan esanda ETA ez dela fidatzen herriarekin-edo zati haundienarekin behintzat-eta uste dut hala dela motibo asko eman dizkiogulako.Herritar koporu bat baiño ez da benetan mugitzen injustizien aurrean besteok beste aldera begiratzen dugun bitartean ohituraren ohituraz.Erosoa da azken finean herri honen gehiengoa. Prest egongo al ginateke konfrontzazio zibil zabal eta luze batetarako? Frogatu ez den bidea da eta egia da ere ETAren iharduerak ez duela indar metaketa hori laguntzen, ukaeziña da.Estatuari gaur egun benetako zauria horrek eragingo lioke,Lizarra ¨"bis" eguneratuak alegia.Sozialistekin jai daukagu,ez du merezi horien "konbersio demokratikoaren" zai egoterik,argi erakutsi dute.Experientziak baliatuz bigarren saiakera bat beharrezkoa da nire ustez. Parkatu asko luzatu banaiz.
Permalink-a 2007-10-16 @ 04:10
Bidaltzailea: Andoni S [Bisitaria]
Ez Albret, ez duzu gehiegi luzatu,ez!
Erabat ados zurekin.
Lizarratik Garazirat doan trena( AHT?)hartu behar gorria daukagu,abiadura haundiz gainera!
Permalink-a 2007-10-16 @ 07:56
Bidaltzailea: aa [Bisitaria]
Imanol,Pello....

Arrazoietan ados egonda. Eskakizuna nori egin behar zaio???

Horrenbeste arrazoi egonda nolatan egoten zarete ezer egin gabe.

"Zuk ez zazu hil beste inor eta ni zure arrazoiak defendatzeko konpromezuak hartzeko prest egongo naiz" Amaiera koerenteagoa litzateke.

Permalink-a 2007-10-16 @ 13:11
Bidaltzailea: Joseba [Bisitaria]
Bitxia da nola gutxiesten diren herri honek izan dituen eta egun dituen borroka guztiak. Bitxia da armadaren aurkako borroka nola gutxiesten den, zeren borroka hartan, esatera, ez zuen ETAk parte hartu eta hala ere gizartearen zati bat buru-belarri sartu zen. Egun, hainbat borroka dira gure herrian eta herrietan, hala nola AHTren aurkakoa, etxebizitza duinaren aldekoa, gaztetxeen ingurukoak, euskararen aldekoa (egunkari hau berau ateratzeko EGUNKARIA itxi zutenean, adibidez), eta guzti haietan ez du ETAk parte hartzen. Lantegietan ere hainbat borroka izan dira urteetan (Michelin, Caballito...), eta ez du ETAk parte hartu.
Batzuena irakurrita, aldiz, badirudi ETA dela borrokatzeko prest dagoen bakarra, ETA dela borrokarako konpromisoa hartzen duen bakarra, gizartea "erosoa" baita.
Nago ETA oztopoa dela Euskal Herria eraikitzeko borrokan; nago gizartea prest dagoela Euskal Herria eraikitzeko borrokan engainatzeko (ez al dira Euskal Herria eraikitzeko borrokak lehen aipatu guztiak); nago batzuk jainko sentitzen direla, benetako abanguardia bakarra, haiek gabe borrokarik ez dagoela.
Ni bat nator Pellorekin, zalantzarik gabe.
Permalink-a 2007-10-16 @ 13:30
Bidaltzailea: Josu [Bisitaria]
Zorionez Euskal Herri plural honetan Josu bat gehiago bizi gara,Bixente. Batzuk barruan, besteak kanpoan. Baina zorionez bat baino gehiago.

Portzierto "aa"-rekin guztiz bat nator.

Ados, ama.
Permalink-a 2007-10-16 @ 15:54
Bidaltzailea: Txomin [Bisitaria]
Pellok aipatutako arrazoi horiek denak gatazkaren ondorioak dira, eta ez nuke esango ETAren kideak gatazkaren ondorioengatik borrokatzen direnik.
Permalink-a 2007-10-16 @ 16:07
Bidaltzailea: Bosco García [Bisitaria]
Kontutan hartzen badugu Pellok baino lehenago gizartearen gehiengo oso oso zabal batek ETAri eskatu diola inor hil egin ez dezan, eta honek kasurik ez, orduan ematen du Pelloren asmoa ez dela inori ezer eskatzea, baizik eta aspimarratzea arrazoia ematen diola ETAri hainbat kontutan. Baina kontutan hartuta ere bai gero eta nazkagarriagoa dela ETAri darion kiratsa, baita Pellok ere igarri du komeni zaiola ETAtik argi eta garbi bereiztea, kontua azkarregi aldatzen ari da eta. Hori bai, oraingoz behintzat, ETAren diskurtso monolitikoa mantenduz, abangoardian jarraitu behar da eta. Ene!
Permalink-a 2007-10-16 @ 17:22
Bidaltzailea: Josu [Bisitaria] · http://www.blogak.com/josu
Ez, Bixente, argi dagoenez, ez gara Josu bera. :)
Permalink-a 2007-10-16 @ 18:17
Bidaltzailea: UKTwa [Bisitaria]
Nik argi daukat: ETAkoek armak utzi behar badituzte, desegin ditzatela "eurek" ere beraien armadak. Ez zenuten ikusi zelako desfilea montatu zuten 12rako?
Damoklesen ezpata dugu gainean etengabe eta batzuei bost axola...
Ez al dakizue talde eskuindarrek estatu osoan hartzen ari diren indarraz? Erne ibiltzeko kontua, lagunok... Zer gertatuko litzateke Euskal Herriaren proiektuarekin armada eta indar polizialek antitesi bat ez balute? Orain eskubide asko urraturik baldin badauzkagu, zenbat ez ote zizkiguten kenduko kontrarik izan ezean? Argi eta garbi izan behar dugu beraien proiektua beti izan dela estatuaren homogeneizazioa.
Euskaldun izan nahi dugunok, nahi ta nahi ez, beti izan beharko dugu defendatzeko tresna... Inork uste al du ETArik gabe zerbait negoziatzerik dagoela? Hori behi bat belar apur batengatik trukatzeko asmoa bezalakoa da...Zer gertatzen da iparraldean? Eta ez eidazue esan ezer Kataluniaz, hoiek gure pausuen atzetik datoz eta...
Uste dut demokraziarengan fede larregi dagoela...jeitsi zerutik...
Ez al zuten Hitler demokratikoki onartu? eta horren urrun joan gabe,Aznar? edo Bush?
Kalitatea behar dugu, ez kantitatea.
Euskolabela;-)
Gora gudariak!
Permalink-a 2007-10-22 @ 13:06

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Urria 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!