Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Mezua: Fraga, Fraga, Fraga

2012-01-22

Fraga, Fraga, Fraga

Ikasle garaian unibertsitateko milizian ibili zenean urteroko sailkapenean lehena izateko merituak egin omen zituen Manuel Fraga gazteak, aldearekin, baina bigarren postua baino ez zioten eman. Arduradunaren azalpena: “Espiritu militar handiegia”. Anekdota gaiztoa The New York Times-ek argitaratu zuen, ez joan den astelehenean hilberrien atalean argitaratutako soslaian, 1969ko urtarrilaren 25ean ateratakoan baizik.

1962tik zen Francoren ministro, 1966an zentsura bertan behera utziko omen zuen legea jarri zuen indarrean, baina, hiru urte geroago, hara egunkari amerikarreko izenburua: “Espainiako zentsore berriro”. Legea indarrean zenetik, Fragak edizioak konfiskatu, hedabideei isuna jarri eta egunkari bat lau hilabetez itxiarazi zuela zioen kazetariak. Soslaia zazpi hilabete geroago argitaratu izan balu, euskal aldizkari bat ere itxiarazi zuela azaldu ahal izango zuen, Yakin-i abuztuan iritsi baitzitzaion txanda. Fragak iragan falangistarik ez zuela zioen, baina batzuetan “falangisten alkondara urdina” janzten zuela: “Ziurrenik akatsa izan zen Fraga liberaltzat hartzea”. Zukua du soslaiak: “Esaten dute Franco jenerala ordezkatu nahi dutenen artean dagoela”. Horretarako leku egokia topatu ezinik omen zebilen, ordea, frankismo barruko sektore nagusi bateko edo besteko kide ez zenez: “Batera eta bestera dabil”. Kasinoan amaitzen da soslaia: “Fragak bere apustuak etengabe aldatzen dituen erruleta jokalari urduria ematen baldin badu, honegatik da: Franco jenerala hiltzean, gurpila gelditzen denean, bolatxoa gorri liberalean edo beltz totalitarioan egokituko den inork ez dakielako”. Informazio ministroaren hatzaparrak ez ziren New Yorkeraino iristen.

Lehenagotik ere aipatu zuten Fraga New Yorkeko egunkarian. 1963an, Julian Grimau komunistaren exekuzioari buruzko azalpenak ematen ageri da, zigorra nekez kenduko ziotela jakinarazteko; hurrengo egunean afusilatu zuten. 1966an Palomaresen bainua hartzen ere ageri da: kazetariak dio ez dakiela Fragaren txantxa izan zen edo nahi gabe esan ote zuen, baina urpekariak artean itsasoan bonba nuklear galduaren bila zebiltzan bitartean, kostalde hartako atrakzio onenetakoa “ur azpiko arrantza” zela adierazi zuen ministroak. 1968ko ekainean, Pardinesen, Etxeberrietaren eta Manzanasen hilketen ondorengo giroan, Madrildik Donostiara telefonoz deika ageri da Fraga, dagokienei presaz jakinarazteko Inaki Sarasketaren exekuzioa bertan behera uzteko. 1976an ere hor da, jakina: Fraga Alemanian zela, Poliziak bi langile eta ikasle bat hil zituenean, martxoaren 4ko albistean; Gasteizen hildakoak lau zirela, gainera Basaurin beste bat hil zutela, Fraga Gasteiza helikopteroz iritsi berria zela, eta anarkiarik ez zuela onartuko esan zuela, martxoaren 8koan. ETAk Berazadi enpresaburua hil zuela azaltzen zuen albistean ere ageri da ministroa, apirilaren 9an, “terroristek gerra nahi badute”, gerra izango dutela ohartarazteko, “ondorio guztiekin”. Edota, 1977ko apirilean, ordurako ministro ez zela, Alderdi Komunistaren legeztatzearen aurka hizketan, “akats politikoa larria” zela esanez.

Bada artikulu menturaz esanguratsua, 1976ko martxoaren 3an bertan datatua, artean Gasteizko hilketen berririk zabaldu ez zenekoa. Espainia irakiten zegoela azaltzen zuen erreportaian, berriemaileak anekdota bat kontatu zuen, Fraga nor zen azaltze aldera: “Lehengo egunean hoteleko harrera gelan sartu zenean, jendeak ‘Fraga, Fraga, Fraga’ oihukatu zuen, oraintsu arte ‘Franco, Franco, Franco’ oihukatzen zuen erraztasun berarekin”.

Erantzunak:

Bidaltzailea: jud [Bisitaria]
kriminlak nagusi ,hori izan da frankismoa eta konstituzionlismo
Permalink-a 2012-01-22 @ 01:22
Bidaltzailea: Jakes Lafitte [Bisitaria]
Gaztetan falangista porrokatua. Abertzaleen kontrako zapalkuntzan beti lehengo tokia ukan du Fragak. Zapalkuntza eta hilketa askoren erantzupena: Gladys del Estal, Gasteizko langileak, Tupa Otaegi, Grimau...Burgoseko hauziaren denboretan Euskal Herriko abertzaletasuna asmo utopikoa zela aldarrikatu zuen, baita era autonomia. Bainan Autonomietako Espainia Berria eratu zutelarik denbora luze geratu zen Galiziako presidente, batzuetan boteran gera arazi zuten hauteskudeak garbiak ez izan arren. Askok bezala Fragari buruz ezin dezaket "Goian bego " esan.
Permalink-a 2012-01-22 @ 18:06
Bidaltzailea: Sugar [Bisitaria]

Kaixo.
Berdin du zer egin zun Fragak, askontzako tipo ona eta "Demokratikoa" zan.

Nazkagarria iruditzen zait komunikabidetan Fragari egindako aurpegi zuripena. Asko dira esaten dutenak Fragak demokrazia ahalbidetu zula, eta egin zun bakarra bere alde egitea izan zen.
Fraga kriminal hutsa zen besterik ez, eta beste behin Espainiako "Demokraziak" Frankismoren kriminal bat bere krimenak ordaindu gabe joatea ahalbidetu du.
Demokrazian PPren korrupzioari buruz galdetuta, erran zun:Hori gizakie orok dauzkaten tentazioak dira besterik ez.

Fragaren segurtasun buruzagia demokrazian A Hirukoitzaren sortzailetako bat izan zan be bai Eduardo Almiron delakoa.

Ze motatako demokrazia egin zuten Trantsizioan non hiltzaileak beraien postuetan jarraitu zuten, ezer ordaindu gabe.
Eta ez komunikabidetan bakarrik Espainiako ia alderdi gehienek eman dizkioten alabantzak iguingarriak izan dira.
Permalink-a 2012-01-23 @ 09:40
Bidaltzailea: Juanma [Kidea]
Jakes: 'Tupa' ez zen Anjel Otaegiren goitizena, Garmendia abizeneko batena baizik. Auzi berean-edo zegoen. Ez zuten azkenean fusilatu.
Permalink-a 2012-01-23 @ 22:24

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Martxoa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!