Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Mezua: Handitzen zarenean

2011-12-04

Handitzen zarenean

«Viva España» konplexurik gabe esango duen idazkari nagusia nahi du Jose Bonok PSOEn, eta «Gora Euskadi» eta «Visca Catalunya» esateko eragozpenik izango ez duena nahiago duela erantzun dio Jesus Egigurenek. Badu noski garrantzirik PSOEko hurrengo buruzagia Bonoren gustukoa edo Egigurenekin konforme jartzeko modukoa izateak, aldea handia baita, baina, ikusitakoak ikusita, zeinek zer oihukatzen duen ez da hain esanguratsua.

Gogoratu, bestela, Felipe Gonzalez: 1976an, ordurako PSOEko idazkari nagusi zela, ukabila gora altxatuta, «Gora Euskadi Askatuta!» oihukatu zuen Eibarko Astelena frontoian emandako mitinean. PSE-PSOEko buruzagiak autodeterminazio eskubidearen aldeko pankartaren atzean joan ohi zireneko garaiak ziren, PSNrik existitzen ez zen garaia (Soltxaga, Urralburu eta abar Euskadiko PSE-EEko kideak ziren). Lehen YouTuben ikus zitekeen Felipe Gonzalezen bideoa, baina orain, «pribatua» delako ezin duzula ikusi esaten dizu ordenagailuak. Beste bideo hau oraindik ikus daiteke YouTuben: Jose Maria Aznar Espainiako gobernuburu zela, bere Defensa ministro Federico Trillok «Viva Honduras!» oihukatu zuen El Salvadorrera egindako bisita ofizialean, hango militarren aurrean. Ez zuten han bertan fusilatu, eta ministro izaten jarraitu zuen. Oihuka dezala bakoitzak nahi duena edo ahal duena, eta hor konpon.

Jose Bonorekiko polemikak ez du askorik iraun, baina batetik atera eta, astirik galdu gabe, beste batean sartzen da azkenaldian Egiguren. Herenegun goizean, Xabier Leteren abestia gogoratuz ekin zion Egigurenek berak Euskadi Irratian Joxe Juan Ugaldek egindako elkarrizketari —»Handitzen zeranean ikusiko dezu, isilik egoteak zenbat balio dun»—, baina gero isildu gabe aritu zen. Orain gehiago dakigu bakegintza prozesuaz: Espainiako Gobernua eta ETA «aspalditik hitz egiten ari dira» —»bestela, zer uste duzu, Kofi Annan etorriko zela Donostiara zertan zebilen jakin gabe?»—, PSE-EEko presidenteak «uste du» Aieteko paperak gobernuaren eta ezker abertzalearen artean adostuta zeudela —»nahiz eta gu kontra bezala azaldu»—, eta susmoa du Aieteko paperak eta «puskatu zen prozesuko paperak» pertsona berberek idatzi zituztela —ñabardura txiki bat: aurreko prozesuko paperak idatzi zituztenen artean dago bera—. Gainera, uste du ETAko zuzendaritzak «bere geroa zer izango den» gutxi gorabehera jakinda hartu zuela erretiratzeko erabakia. Eta aspaldian Frantzian ETAko inor atxilotu ez badute, horren erabakia hartuta dagoelako dela iradoki du. Lerro hauek idazteko unean, Jose Blanco Espainiako Gobernuko bozeramaileak bakarrik erantzun dio Egigureni, ez dela egia esateko — «ez daki zertaz ari den»—, baina seguru lerro hauek argitaratzerako beste hainbatek ere hitz gozoak izan dituztela PSE-EEko presidente gero eta heterodoxoagoarentzat.

Jaime Mayor Orejak aspaldi adierazi zuen ETAk egia esan ohi duela —«hil egiten du, baina ez du gezurrik esaten»—; geroztik euri asko egin du, eta badirudi Espainiako iritzi publikoaren gehiengoak bestelako iritzia duela aspaldi honetan erakunde armatuaren sinesgarritasunari buruz: CISen azken inkestaren arabera, erdiek baino gehiagok ez dute sinesten ETAk armak benetan utzi dituenik. Egigureni eta Blancori sinetsi, horri buruzko galderarik ezin izan dute egin inkestagileek, baina honezkero itsuena ere konturatu da PSE-EEko presidenteak ez duela oraindik behar bezala ikasi, Blancok ondo ikasi zuen bezala, isilik egoteak zenbat balio duen.

Erantzunak:

Bidaltzailea: patxi [Bisitaria]
Euskadi irratiko elkarrizketa horretan Egiguren-ek Arnaldo-ri bisita egingo diola laster batean. Horrek ez du inolako oiartzunik izan hedabideetan. Hoixe iruditu zitzaidan deigarriena neri behintzat harek esandakotatik.
Permalink-a 2011-12-04 @ 18:53
Bidaltzailea: qwp [Bisitaria]
ba espainiar ppsoe gezurra bakarrik esaten dute bai , Bai GAL krimenetaz, bai torturetaz, bai eta trafikoan zegoeela, bai hb terrorista dela .,bai
Permalink-a 2011-12-05 @ 16:16
Bidaltzailea: Jane [Bisitaria]
Imanol, eskari xume batekin natorkizu: idatzi ezazu zerbait tema-vascoko espezialista horiei buruz, badakizu, Espainiako Gobernua eta ETA T4ko eztandaren ondoren negoziatzen egon zirela orain, Egigurenena atera denean, espantu itzelen artean "deskubritu" duten kazetari-ikerlari askojakin guzti horietaz.

Mesedez, ez izan lotsarik. Pentsatu gurekin, euskaldunekin. Idatzi guretzat, informatuta egon nahi dugunontzat. Merezi dugu.

Eta, total, beraiek ez dira enteratu ere egingo...
Permalink-a 2011-12-08 @ 19:36
Bidaltzailea: Imanol Murua Uria [Kidea]
Urruti samar nago, Renon, "kazetari-ikerlari askojakin guzti horien" zarata behar bezala entzun ahal izateko. Baina El Pais-en atzoko editoriala irakurri nuen -"[un libro] en el que se ofrecen detalles, en buena parte desconocidos..."-, eta enfin. Baina hori guztia berria ez dela esplikatzen hasteko batere gogorik ez dut, egia esan.
Permalink-a 2011-12-08 @ 21:24
Bidaltzailea: joao machado [Bisitaria] · http://jbm@certiprev.com
I'm portuguese. Can i have this text in other language: portuguese, english, french or castellano?

Thanks

João Machado

Permalink-a 2011-12-10 @ 13:39

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Martxoa 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!