Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Mezua: Mitchell gurean

2009-11-21

Mitchell gurean

Azaroak 14
Altsasu

Irlandan ere ez zen erraza izan. Ez zen izan George Mitchellek sei printzipioak asmatu, alde guztiek onartu eta jarraian negoziazio politikoak egin. Asko laburbilduta: Mitchell buru zuen nazioarteko batzordeak 1996ko urtarrilaren 24an proposatu zituen sei printzipioak, IRAren lehenengo su-etenaren garaian; eta handik bi astera, hain zuzen ere, IRAk su-etena bertan behera utzi, Londresko erdigunean bonba indartsua jarri, eta bi lagun hil zituen; lau hilabete eta erdi geroago, Sinn Feinek jakinarazi zuen Mitchell printzipioak onartzen zituela; baina IRAk -eta talde paramilitar lealistek- atentatuak egiten jarraitu zuen bitartean, Sinn Feinek ez zuen elkarrizketatan parte hartzerik izan; 1997ko uztailaren 18an Gerry Adamsek eta Martin McGuinnessek, jendaurrean, IRAri su-etena emateko eskatu zioten arte; hurrengo egunean su-etena eman zuen IRAk, eta Sinn Fein alderdien mahaian onartu zuten.

Zaila, paralelismoak egiten hastea. Esan dezagun, hona begira jarrita, Mitchell printzipioek ez dutela miraririk egiten, baina konponbide prozesua bideragarri izan dadin oso baldintza zehatzak ezartzen dituela, eta Irlandako prozesuan behintzat, azkenean eraginkorrak izan zirela.

Hemen ere izan daitezke. Oso zehatzak eta argiak baitira. Laugarrena, esate baterako: «Alderdi guztien arteko negoziazioen bilakaeran eragiteko helburuz indarra erabiltzeari edo indar bidezko mehatxu egiteari norberak uko egitea, eta gainerakoak indarraren erabilera horretan saiatzearen kontrako jarrera agertzea». Printzipio hori betez gero, ezinezkoa izango litzateke, adibidez, prozesuaren erdian ETAk Barajasko atentatua egitea, edo behintzat, eginez gero, Batasuna atentatuaren aurka ez agertzea. Printzipioaren lehen zatia IRArentzat eta talde paramilitar lealistentzat idatzi zuten Mitchell batzordekoek, baina bigarren zatia Sinn Feinentzat eta alderdi lealistentzat zen: prozesuaren erdian indarkeria erabiltzearen aurka agertzeko konpromisoa hartu zuten alderdiek. Azpimarra dezagun: aurka agertzeko.

Zerbait garrantzitsua gertatzen ari da ezker abertzale legez kanporatuan, Batasunak Sinn Feinek bezala konpromiso hori bera hartu duenean. Orain, ETAren iritzi erabakigarria falta da. Sinn Feineko buruzagitzak zerbait esaten zuenean, inork ez zuen zalantzan jartzen IRAren adostasuna. Bai, zaila dago paralelismoak egiten.

Azaroak 16
Espainoleatzen

Eusko Legebiltzarrak Espainiako futbol selekzioa eta Espainiako Vuelta ekartzea eskatu dutela eta, Interneteko foroetan aspaldiko kantu batekin akordatu dira hainbat: Españolear. YouTuben bilaketa eginez gero, lehenengo aukeran Luis Lucena izeneko abeslari bat ageri da, zuri-beltzean, 1969an kantuan: «Españolear, españolear... nuestra España tiene un verbo que todos quieren imitar...» -denek imitatu nahi duten aditza du gure Espainiak-. Espainiako hizkuntz akademiaren hiztegian ere onartua da sarrera: Españolear. 1. intr. Hacer propaganda exagerada de España -Espainiaren gehiegizko propaganda egitea-.

Patxi Lopezek, Eusko Legebiltzarraren erabakia baino bi aste lehenago, urriaren 30ean, «obsesio eta istilu identitarioen Euskadi zaharra sozializatzen tematuta jarraitzen dutenen aurrean», bere gobernuak «pluralismoaren, askatasunaren eta ezberdinen arteko elkar-ulertzearen Euskadi erreala» ordezkatzen duela adierazi zuen. Sinetsi egiten dute, gainera, Espainiako selekzioaren kontua ateratzea plurala dela, ezberdinen arteko elkar-ulertzea dela. Erreparatu, bestela, Eusko Legebiltzarreko eztabaidako aipuei: Espainiako futbol selekzioa eta Espainiako Vuelta Euskal Herrira ekarri nahi izateak ez du zerikusirik politikarekin - Cristina Labordak (PSE-EE) proposamena «kirol ikuspegitik bakarrik» hartzea eskatu zuen-, zorioneko normaltasuna besterik ez da -Carmelo Barriok (PP) esan zuen «normaltasuna» ekarriko lukeela- eta Espainiako selekzioa San Mamesen nahi dutenak ez dira nazionalistak -Gorka Maneirok (UPD) esan zuen «nazionalista ez direnak armairutik ateratzeko» balio dezaketela-. Wazemank-eko gidoilariek ez zuten hobeto egingo.

Azaroak 19
Douglass bitartekari

Argia-ko Larrun eranskinean argitaratutako testigantzan, William A. Douglassek izen-abizenak jarri dizkie 2006ko bake prozesuaren puzzle oraindik osatu gabeko hiru piezari: bere burua, Martin Griffiths Henri Dunant Zentroko zuzendaria eta Andrew Marshall zuzendari laguntzailea. Gainera, jakinak ez ziren datuak eman ditu: esate batera, Espainiako gobernuburu Jose Maria Aznar zen garaian hasi zirela Henri Dunant Zentroa eta ETA prozesua bideratzeko harremanean, 2003ko udazkenean, inork ezeren aztarrenik ez zuenean. Urte batzuk joango dira, joango ahal dira, orain zein zertan dabilen jakiten dugunerako.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Eztitsu [Bisitaria]
Esatetik egitera dagoen bide luzean, ikuskizun dago Ezker Abertzale autentikuak bide baketsuei helduko ote dien, edota zer lertzen duen bide baketsuei heltzeaz.
Egunez eguneko jardunean, herri asko eta askotan, ohiko modu harroak, mehatxu zeharkako eta zuzenak, koakzioa eta abar erabiltzen jarraitzen du Ezker Abertzaleak. "Hamalaugizon" horiek guztiek ez ote dakite "beste bide bati" heldu bide diola beren erakunde politikoak?
Permalink-a 2009-11-22 @ 21:11
Bidaltzailea: Bosco García [Bisitaria]
Gero eta gehiago gertatzen zait gauza bera egunkari hau irakurtzen: Kolonialismoaz akordatzen naizela. Garai batean koloniek garrtantzi ikaragarria edukitzen zuten gizarte industrial askorentzat, ezinbesteko elementua izaten baitziren hauzkunde ekonomikoan. Izan ere, bi mundu gerrak, azkenean, gatazka kolonialak zirela eta hasi ziren. Gero, zorionez, mendebaldeko ekonomiak goitik behera aldatu ziren eta denborak anakronismo biurtu zituen koloniak. Pena bat da jende asko oraindik ez direla konturatu gauza bera ari zaiola gertatzen ezker abertzaleari. Pena bat, benetan ...
Permalink-a 2009-11-23 @ 11:09

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Otsaila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!