Berria.infoko blog komunitatea

Login

Mahai jokoan

Imanol Murua Uria

Mezua: O-16

2010-02-20

O-16

Otsailak 16
Ondorioa

Euskal gatazka politikoaren historian bere lekua izan beharko luke 2010eko otsailaren 16ak. Zutik Euskal Herria agirian proposatutako bideak aurrera egiten badu, ezker abertzaleko joera nagusiak borroka armatua alde batera uzteko erabakia gizarteratu zuen eguna izan liteke otsailaren 16a gatazkari buruzko kronologietan. O-16.

Agiri osoan ez direla ez ETA ez borroka armatua aipatzen? Ez, baina ezker abertzaleak borroka armaturik gabeko bideari ekingo diola behin eta berriro adierazten du agiriak: prozesua «indarkeriarik gabe» garatu ahal izateko baldintzak eraiki behar dira; «alde bakarreko erabakia da»; «arazoak gorabehera, prozesu demokratikoa denboran eutsi beharko diogun erronka da»; ezinbestekoa da «konfrontazioa eremu politikora eramatea»; «eztabaidaren ondorioa da eragiteko molde guztiak fase politiko berriak eskatzen duen apustuaren zerbitzura jartzea»; «indar metaketaren norabidean masa borroka, borroka instituzionala eta borroka ideologikoa, indar harremanen aldaketa eta nazioarteko babesa bilatzea izango dira» tresna bakarrak; «herri babesa izango da berme bakarra»; «soilik bitarteko politiko eta demokratikoak erabiliko dituen ekintza batasunaren eta herri aktibazioaren eraginarekin eraikiko da marko demokratikoa»; «prozesu demokratikoa erabateko indarkeriarik eta esku sartzerik gabe garatu behar da, alderdien arteko elkarrizketa eta negoziazioa Mitchell senatariaren printzipioen baitan arautuz»; «inork ezingo du indarkeria edo mehatxua erabili alde anitzeko negoziazioen garapena edo emaitza baldintzatzeko, ezta prozesu horretan erdietsitako akordioa aldatzeko ere».

Ez behin. Hamar aldiz behintzat esaten du bide politiko hutsak baliatuko dituela ireki nahi duen ziklo berrian. Agiri hau sinatu duen mugimendu politikoak ezingo luke desadostasuna agertu gabe gelditu, demagun, inork orain atentaturen bat egingo balu, hain juxtu agiri honen muinean proposatzen denarekin kontraesanean legokeelako indarkeriaren bitartez politikan eragite nahi hori.

Egia da joan den azaroaren 14an Altsasuko adierazpenean esandakoa berretsi besterik ez duela egiten Zutik Euskal Herria agiriak. Mami berririk ez dagoela, funtsean. Baina hain zuzen ere horregatik da garrantzitsua: Altsasukoa eztabaidaren hasiera zen, ezker abertzale politikoko ordezkaritza garrantzitsu batek «ezker abertzale osoari» egiten zion proposamena, eta joan den aste honetakoa, berriz, prozesuaren bukaerako ondorioak dira, mugimendu politiko osoak proposamen berritzaile haiek bere egin dituela egiaztatzea.

Hartutako bidearekin ados ez daudenak izango dira ezker abertzalean, baita ETAn ere, baina ondorioak eztabaida prozesu luze eta parte hartzaile baten emaitza direnez, ados ez direnek ere badakite ezker abertzaleko militantziak zer norabide hartzea babestu duen. Hortik kanpoko guztia, ez letorke militantziak adierazitako nahiarekin bat.

Alde askorena

Burujabetzaren aldekoen indar metaketan bidelagun izan daitezkeenak jabetu dira pausoaren garrantziaz. Oraingoan ez da EA bakarrik izan. ELAk eta Aralarrek ere esan dute agiriaren edukiak gogobete egin dituela. EAJko buruzagitzak ere garrantzia eman dio, baina errezelo gehiagoz. Denek dakite abertzaleen arteko elkarlanerako aspaldiko baldintzarik onenak sor daitezkeela epe laburrean.

Lehen pausoa, ezinbestekoa zena, alde bakarrekoa izan da. Baina erantzukizuna, orain, alde askorena da.

«Edozein unetan»

Guardia zibilek ez dakite Mitchell printzipioak zer diren, eta Perez Rubalcabak ez du jakin nahi. Betikoa: Ibai Beobide atxilotuari bere buruaren aurka ez deklaratzeko eta galdeketetan isilik egoteko eskubidea aitortzen dio legeriak, baina, harrigarria, ETArentzat zer egin duen azaldu dio Guardia Zibilari xehetasun handiekin eta, gainera, laguntza eman diotenen izenak eman dizkio. Ondorioa: beste sei atxilotu, eta auskalo zenbat ihesean. Denak, jakina, «edozein unetan» atentatuak egiteko prest zeuden, lehergailuak prest baitzeuzkaten Gorbeia mendiko hainbat gordelekutan.

ETAk bakarrik daki benetan zer asmo dituen, baina, gobernu propagandak dioena gorabehera, datu objektiboa da erakunde armatuak sei hilabete eta hamar egun daramatzala batere atentaturik egin gabe. ETAko kideak, eta gordeta dituzten arma eta lehergailuak, ez ditu bat-batean lurrak irentsiko. Nabarmena da: ETAko kide armatuak atxilotzeak ez du esan nahi ETAk une honetan atentatuak egitea erabakia duenik. Baina Perez Rubalcabaren estrategiak mezu hori behar du, eta atxiloketa bakoitzak mezu hori elikatzeko aukera ematen dio. Atentatu batek, esan gabe doa, arrazoi emango lioke; eta Zutik Euskal Herria agiriaren atzean dagoen erabakiak, aldiz, argudiorik gabe uzten du.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Txomin [Bisitaria]
Gogoratu Murphy, Baietz:

1. Atentatua edo izen horretako zerbait izan eta "Y"-k bere gain hartu.

2. Estatuak ustekabean ETArekin ezkutuan hitzegiteko (negoziatzeko?) borondatea azaldu.

3. Torturapean-edo norbait akatu.

4.PNV eta PSEren arteko harremanak batbatean normalizatu (Bizkaia maite..)

5. Rubalcabaren aholkulari ondo ordainduek bestelako mugimendu ostopatzaile eta nahaslea erditu.
Permalink-a 2010-02-20 @ 20:20
Bidaltzailea: tropikala [Bisitaria]
Ea oraingoan dena ondo doan...
Baina hainbestetan entzun ditugu antzeko hitzak eta asmoak... Eta hain zaila da militar guztiak ados jarri eta armak behingoz isiltzea...
Eta Imanol, egia da 6 hilabetetik gora doala ETA atentaturik egin gabe, baina zenbateko bermea da hori? Nola konbentzitu den-denak armak isildu eta utzi beharraz? Hainbeste urtez sua pizten ibili ondoren, hainbeste urtez militarrak goratzen, militarrei omenaldiak egiten, eta kaleko neska-mutilak martirien edo heroien aldareetara igotzen... Ez dut uste oztopo bakarra Rubalcaba eta enparauen artean dagoenik... zoritxarrez!
Dena den, zorte on guztioi!!!
Permalink-a 2010-02-20 @ 23:31
Bidaltzailea: sinesgabea [Bisitaria]
Ikusi arte ez det sinestuko!
Esaldi lauso gehiegi dago testuan. Borondate ona adierazi nahi dute, baina...
Alkohola utzi nahi duen mozkorraren antzeko diskurtsoa da: "nire esku dagoen guztia egingo dut berriro ez edateko (harmak hartzeko).
Zergatik orain sinistu?
Eta prozesua ez bada ateratzen beraiek nahi duten bezela? Orduan ere uko egingo diote indarkeriari? Txantaje eta estortsioak amaituko dira? Hilketak amaituko dira?
Ze berme daukagu?
Edo beste aitzakiren batekin etorriko zaizkigu, berriz ere egurra ematen eta odola isurtzen jarraitu behar dala esanez?
Askotan engainatu gaituzte.
Orainguan, ikusi arte, ez sinistu!!
Permalink-a 2010-02-20 @ 23:44
Bidaltzailea: Jean [Bisitaria]
Ikaragarrizko poza eman zidan txostena irakurtzeak. Dena den, nik dudan beldur bakarra, ETAn dagoen infiltratu pila horietako batek bonba bat jarri eta herri baten esperantza ere airean botako dituela da.
Permalink-a 2010-02-21 @ 04:13
Bidaltzailea: bea [Bisitaria]
Otsaialen 16ak besteak beste nire ustez hau esan nahi du:zentzu politiko batean armak erabiliz gero ezker abertzaleak hartutako hautuaren kontra arituko litzatekeela, eta beraz, ezker abertzaletik kanpo geratuko litzatekela, egiten duenak egiten duela, ondorio guzitekin
Permalink-a 2010-02-21 @ 11:11
Bidaltzailea: ui [Bisitaria]
eta hemen inori eztio beldurrik ematen GC torturatuko duen,zeen horiek egin dituzten biktima gehien gure herrian, azken urteetan milaka dira torturatuak
Permalink-a 2010-02-21 @ 18:53
Bidaltzailea: Kalpar Ereño [Bisitaria]
Zorterik onena ezker abertzale mesianiko eta zanpatzaileko kideei. Bazuten fundamentu pixka bat egiteko garaia. Faxistakeriak justifikatzeari utziko diote?
Nola konbentzitu dituzte hamalaugizonak eta bortxazaleak? Edo intentsitate txikiko erasoak eta mehatxuak aparte doaz?
Zeharo aspertuta gaude ezkerreko omen horien treguaren zain. Nazka-nazka eginda euren irainez, erdeinuez, mehatxuez, eta abarrez. Komunikatu luze, aspergarri,ilun eta ulergaitzez ere bai. Eta harrokeria funtsik gabeaz.
Ea oraingoan benetakoa den. Komeni zaie, noski, eta besteok ere irabaziko dugu. Ea bakea ematen d(ig)uten behingoz.
Permalink-a 2010-02-21 @ 23:24
Bidaltzailea: Bosco García [Bisitaria]
Erantzunak ikusita, Imanol, ez du ematen jendearen pentsakera hartu duzunik. Badaramazu bolara eder bat non itxaropen asko jartzen duzula Ezker Abertzalean mugitzen den edozein gauzetan, baina, jendeak gogorazten dizunez, urte asko izan dira barrabasadak egiten orain sinisteko batean justu kontrakoa defendatuko dutenik. Imanol, ez dago itsu txarrenik ikusi nahi ez duen hura baino.

P.D.: Eta "La-Roja"-rekiko zaletazunez, ezta hitzik ere. Begiratu, hortik etor zitekeen konponbidea.
Permalink-a 2010-02-22 @ 11:07
Bidaltzailea: magister thomas [Bisitaria]
Irakurritakoak irakurrita, nire gorazarrea hasteko zuri, Imanol. Ez da erreza estatuaren propaganda aparatutik askea den analisi politikorik egitea. Zeu horretan txapeldun!
Eta ezker abertzalearen azken mugimenduetaz fio ez direnei galdera: fido al zarete ba Rubalcabaren bideaz? Historia da lekuko, egurrak egur gehiago dakar. Alec Reid-ek zioen: zubi guztiak erreta, nola igaro zubiaz bestaldera? Batzuri gardentasuna eskatzen dietenak geratu dira agerian: edo ez dute gatazka konpontzeko interes berezirik, edo sortzera doan indar korrelazio berrian galtzeko aske dute.
gora herria!
Permalink-a 2010-02-23 @ 11:19
Bidaltzailea: Kalpar [Bisitaria]
Ez motel, ez. Ez gaituk Rugalcabaz batere fido, eta ez dugu indar korrelazio berri balizko horretan zer galdurik. Baina ez diegu gauza handirik sinisten, urteotan guztiotan euren taldetxokoak ez ziren guztiak seinalatu, iraindu eta mezpretxatu dituztenei ere.
Gainera ez dugu jarrera aldaketarik sumatu, ohitura bihurtu zaie zabarkeria, eta ez dugu uste bestelako jendeekin ezer eraikitzeko gaitasuna dutenik ere. Besterik gabe.
Permalink-a 2010-02-23 @ 13:25
Bidaltzailea: magister thomas [Bisitaria]
Aupa Kalpar!
Gauza batean ados: "taldetxokeri" ugari gure artean. Tamalez, ez da alderdirik libratzen hontatik. Eta bestea, galdera zuzena: ez al duzu uste, taldetxokerietatik urrun, izan badela oraindik esparru soziologiko bat, sentsibilitate politiko konkretu batean ados jar litekeena, eta bilduz gero, zeharo alda dezakeena egungo indar korrelazioa? Ez al da ba inor kapaz izango esparru hori lideratzeko? Ez al ziren ba herritarren ordezkariak?
Permalink-a 2010-02-23 @ 16:24
Bidaltzailea: Kalpar [Bisitaria]
Egia da taldekeria alde guztietan dagoela. Ez da egia ordea, guztiek berdin jokatzen dutela. Batzuek indarkeria eta izua erabiltzen dituzte defentsa armaturik ez duten beste taldeen aurka. Izenak ematerik nahi?
Bestalde, ziurrenik oinarri ideologiko batzuen inguruan jende asko bil liteke, edo bil gintezke. Oinarri etikoek egiten dute huts baina. Eta ezberdin pentsatzen dutenekiko errespeturik ezak, talde jakin baten aldetik berezi-bereziki. Asper-asper eginda gaude lagun asko ezker abertzale tradizionaleko kide askoren harrokeriaz eta tratu txarrez. Inora bildu aurretik badute zer konpontzen hasia, nahi badute. Eta benetan nahi ote duten zalantza handiak ditut.
Permalink-a 2010-02-23 @ 20:22
Bidaltzailea: bezerra [Bisitaria]

Kalpar; ezker abertzaleak autokritikatu du bere burua, eta Patxi Zabaletak dion bezela, aralarren tesietara hurbildu da. Denborak "arrazoia" eman dio Aralarri nere ustez. Ezker abertzale anitza zilegi da eta erakunde armatua soberan, arrazoi etikoak barne.
Brian Currinen hitzaldia Madrilen irakur ezazu Kalpar. Honek baikor baloratu du ezker abertzalearen hausnarketa eta estatuko indarkeriaz ere aritu da.
Permalink-a 2010-02-23 @ 23:50
Bidaltzailea: zaharrak berri? [Bisitaria]
Berriaren zuzendaritzari mezua: Kalpar lehendakari, bere analisi politikoak nahi ditugu. Imanol eta Peioren boluntarismoa nekagarria da, eta jada askorentzat ez da sinesgarria, sesgatuegiak dira. Naftalina usaina dute Berriako analistek eta aire berria behar dugu. Jendearen mezuak irakurriz blog hauetako irakurle asko Peio eta Imanolen pentsakeraren antipodetan dago. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak... Berria anitz bat nahi dugu, Martxelo!!!
Permalink-a 2010-02-25 @ 10:45

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Mahai jokoan

Hemengo politikaren partida jarraituko dugu blog honetan, mus partida ikusleak nola: kartak erdi agerian dituztenei begia luzatuz eta kartak ezkutatzen dizkigutenen keinuak antzematen saiatuz. Eta inor azpijokoan sumatuz gero, esan egin beharko dugu.

Otsaila 2020
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!