Berria.infoko blog komunitatea

Login

Urruneko Begirada

Juanma Sarasola

2015-10-19

AIC-eko Michel Warschawski, banandutako bi estatuen ideia gainditzeko beharraz mintzo, 2003an

(Berria egunkariaren lehenbiziko zenbakian (2006ko ekainaren 20an) argitaratu nuen elkarrizketa duzue hemen, Jerusalemgo AIC Informazio Alternatiborako Zentroko sortzaile eta idazle Michel Warschawskiri egun batzuk lehenago egina).

"Palestinarren kapitulazioa nahi dute Sharonek eta oposizioak"

Estatu Binazionalaren proposamena oraingoz ezin dela eskakizun politiko bihurtu adierazi du idazle israeldarrak, eta sionismoaren kritika zorrotza egin du, "azken batean prozesu koloniala delako".

Jerusalemgo AIC Informazio Alternatiborako Zentroko sortzaile eta zuzendaria da Michel Warschawski. Idazle eta intelektual judua Estrasburgon (Alsazia, Frantzia) jaio zen, hango rabino handiaren seme. 16 urterekin Jerusalemera jo zuen, Talmud-a ikastera. Juduak jazarriak izatetik okupatzaile izatera pasatu zirela ohartu eta sionismoaren kritika erradikala garatu zuen Matzpen (Iparrorratza) ezker muturreko taldean sartu zen.

Hanan Ashraui, Leila Shahid eta Faissal Husseini bezalako ekintzaile eta intelektual palestinarrak ezagutu zituen eta beste aldearen berri zuzenago ezagutzen hasi zen. 1984an AIC sortu zuen zenbait palestinar eta ezkerreko israeldarrekin. Okupazioa eta beste hainbat arazo jorratzen ditu zentroak, eta Israelen gaineko informazioa arabieraz eta [1967an okupatutako] lurralde palestinarren gainekoa hebraieraz kaleratzen du, bi komunitateentzat zubi lana eginez. Michel Warschawski hainbat libururen egilea da, horien artean, Israel-Palestina: bizikidetza binazionalaren alternatiba. Haren lanak eta proposamenak saihestu ezinezko erreferentziak dira Ekialde Hurbileko gatazkari konponbide zuzena bilatu nahi dioten guztientzat.

Dioenez, palestinarrek eta israeldarrek, sufrimendu eta gorrotozko hamarkaden ondotik, "oraingoz ez" dute onartuko ondoz ondo batera bizitzea, "baina banandutako bi estatuen ideia -berehalako ikuspuntua- gainditzeko lan egin beharra" dagoela nabarmendu du. "Politikoki lan egin behar dugu bi aldeak konbentzitzeko horrek ezin duela azken aterabidea izan".

Azalduko duzu zertan datzan zuk proposatzen duzun Estatu binazionala?

Beno, ez da proposamen politiko bat; estatu juduaren, beno, zeinahi estatu etnikoren testuingurura eginiko hurbilketa politikoa da. Estatu etniko bati oinarri demokratikoak eransteko saioa da. Estatu batean hainbat komunitate dauden egoera batean, estatu etniko bat berdintasunaren printzipioaren ukazioa da, baita etnia nagusiaren nagusitasuna bermatzeko joera ere.

Nola gara daiteke zure proposamena Palestina historikoan?

Beno, hainbat modutan egin daiteke hori. Estatu demokratiko bat izan daiteke komunitate bakoitzerako autonomia kulturalarekin; Israelgo estatuaren ondoan estatu palestinar baten eraketa izan daiteke, bi estatuetako gutxiengoak errespetatzeko mekanismoekin; federazio bat izan daiteke, baita konfederazio bat ere... Modu asko izan daitezke. Nire liburuaren xedea ez da proposamen politikoa egitea, posibilitate horien analisi kritikoa egitea baizik. Erronka bat da Palestinan dauden errealitate plurinazionalak kontuan hartuta aterabide demokratikoak bilatzea.

Zure liburutik ondorioztatzen denez, ikuspuntu binazionala sionismoaren oinarriari alternatiba global bezala planteatzen duzu.

Bai, ez da eskakizun politiko bat. Nik erabat sostengatzen dut herri palestinarrak Gazan eta Zisjordanian estatu independente bat osatzeko egiten duen aldarrikapena. Israeldar bezala, palestinarren autodeterminazio eskubidea onartu eta babesten dut; baina nik ez dut eskubiderik palestinarrek eskubidea nola gauzatu behar duten esateko.

Zein ezaugarri izango lituzke estatu binazionalak? Belgika, Suitza edo Hegoafrika bezalako estatu binazional zein plurinazionaletatik ideiak hartuko lituzke?

Uste dut Belgikako eredutik askotxo ikas dezakegula lurralde zein komunitate arloetako autonomia sakonak artikulatzeko moduengatik. Herri aberatsentzako autonomiak dira, instituzio franko beharrezkoak direlako. Kontzeptuetan gauza ugari ikasten ahal ditugu Belgikatik.

Hegoafrikako eredua, aldiz, ezberdina da. ANC Afrikako Kongresu Nazionalak baztertu egin zuen Hegoafrika multinazional baten ideia, errealitatea batere islatzen ez zuela argudiatuz. Frantziaren kontzeptua dute hein batean, hots, nazio multietniko batena. Hegoafrikakoa eredu ideala da, baina ez dio erantzuten palestinarren eta israeldarren arteko borroka luzeari. Alegia, hegoafrikarrentzat ona denak ez du zertan ona izan israeldar eta palestinarrentzat.

Zer eragozpen aurkituko lituzke estatu binazionalaren formulak?

Bi gizarteotan [israeldarrean eta palestinarrean] elkarrengandik bereizteko nahi sendoa dago. Ni horren kontra nago. Borroka luzea izango da bai israeldarrak bai palestinarrak konbentzitzea zenbat eta gehiago elkarrekin bizi orduan eta hobe izango dela. Oraintxe bertan palestinarrek zera esaten dute: "Bakarrik bizi nahi dugu, denbora gehiegi bizi izan gara zuekin". Israeldarrek, beste arrazoi batzuk direla medio, gauza bera pentsatzen dute. Hori dela eta, ene proposamena ezin da orain eskakizun politiko bihurtu.

Palestinarrek eta israeldarrek onartuko al dute ondoz ondo batera bizitzea, sufrimendu eta gorrotozko hamarkaden ondoren?

Orain ez. Banandutako bi estatuen ideia, berehalako ikuspuntua gainditzeko lan egin behar dugu. Politikoki lan egin behar dugu bi aldeak konbentzitzeko horrek ezin duela azken aterabidea izan. Integrazioaren eta elkarrekikotasunaren Togetherness ideia aurrera eraman behar dugu.

Ghada Karmi idazle palestinarrak hauxe esan zuen iaz: "Ironikoki Israelgo Gobernuaren politika anexionista da bi estatuen aukera suntsitu duena". Berak bezala uste al duzu gaur egun palestinarren aukera errealista bakarra estatu binazionala dela?

Karmik arrazoi du. Zenbat eta denbora gehiago pasatu eta Israelgo Gobernuak zenbat eta gehiago baztertu banaketaren ideia, orduan eta argiago geratzen ari da estatu bakarraren ideia dela aterabide errealista bakarra.

Yesha Kontseiluko buru Shaul Goldsteinek hau esan du berriki:
"Formula bat bilatu behar da palestinarrek gure lurrean juduon lurrean eskubide zibilak izan ditzaten".

Uste dut gezurtia dela. Ezein sionistak ez du inoiz ez, sekula santan, estatu juduan juduen eta ez juduen arteko eskubide berdintasunaren alde egingo. Palestinar guziak gaur egun estatu juduaren parte izango balira bost urte baino gutxiagotan gehiengoa izango lirakete. Gezurtia da, eta ez du esandako horretatik hitz bakar bat ere sinesten. Eta hori sinetsiko balu ere, ez luke eskubideetan gehiegi sakondu beharrik; aski luke, Hegoafrikan bezala, zera eskatzea: "Pertsona bat, boto bat; berdintasuna".

Askok diote 2001ko irailaren 11ko erasoak eta terrorismoaren kontrako gerra aitzakia bezala erabili dituela Israelek palestinarrak areago estutzeko eta kontzesio gehiago egin ditzaten lortzeko. Zer uste duzu zuk?

Hala da, bai. Ariel Sharonentzat aukera izan zen palestinarren kontra erabateko gerra abiatzeko argi berdea eskatu eta lortzeko.

Zure ustez, Israelgo Gobernua eta oposizioa prest daude palestinarrekin akordio bat lortzeko?

Bai [ironikoki], baina akordioaren arabera: kapitulazio akordio bat. Palestinarrek onartuko balute Ariel Sharonen plana, non estatu palestinarra 6-7 bantustan isolatutan osatuko litzatekeen, Gaza eta Zisjordaniako lurren erdian beren aberriaren %11 baino gutxiago, orduan israeldarrak poz-pozik egongo lirateke.

Zeintzuk dira israeldarren eta palestinarren arteko gatazkaz munduak dituen ideia faltsu nagusiak?

Uf, asko daude! Hiru esango ditut. Lehena, hurbilketa simetrikoa: esaten da bi aldeetan indarkeria dagoela, arrazoiak aipatu eta ulertu gabe. Bigarrena, gatazka termino erlijiosoetan irakurtzea. Hirugarrena, gatazkaren irakurketa: oker irakurtzen da eta sionismoa zer den ulertzeko ezintasuna dago. Israelgo Gobernua egiten ari dena egiten ari da ez berez jende gaiztoa delako edota Sharon hor delako, baizik eta sionismoa, azken batean, prozesu kolonial bat delako, bere barne logika duena.

Zu judu antisionista zara. Halako jarrera nagusi zen juduen artean Munduko II. Gerra aurretik. Egun, zertan da jarrera hori Israelen eta munduko komunitate juduetan?

Hara, munduan judu asko daude beren buruak judutzat adierazten ez dutenak. Beraz, ez dakigu zer iritzi duten. Beren burua judutzat dutenen artean, Europan eta Estatu Batuetan nagusiki, asko Israelekin identifikatuta sentitzen dira eta gobernuaren politika sostengatzen dute. Israelen gehiengoak estatu juduaren ideia juduen nagusitasun demografikoan oinarritzen du.

AIC, sortzen lagundu zenuen erakundea etsenplu bat da palestinarrek eta juduek gizarte justu eta hobe baten alde elkarrekin lan egin dezaketela erakusteko. Nola ikusten dituzu israeldarrak eta palestinarrak etorkizunean elkarrekin bizitzen eta lan egiten?

Arazoa ez da nola bizi elkarrekin; arazoa da Israelgo Gobernuak nola utziko dituen herritar palestinarrak bizitzen! Palestinarrak arnasteko eskubidea eskatzen ari dira! Beren oinarrizko eskubideak, iraganean ez bezala, erabat ukatuak dira gaur egun.

2014-11-12

Borrokaren memoria, agintekeriaren itzala

Arafaten heriotzaren 10. urtemuga. Agurra, ohorerik gabe

2004ko azaroaren 11n eman zuten ofizialki Jasser Arafaten heriotzaren berri. Urriaren 29an eraman zuten Paris ondoko Percyko ospital militarrera, gaixo, Ramalako egoitzan Israelek hilabete ugari setiatua zegoela zerbait jan ondotik ondoezik sentitu eta gero. Odol plaketen eskasiagatik hil zela esan bazuten ere, Israelek pozoitu egin zuen susmoa adierazi zuten askok, tartean Arafaten medikua izandako Ashraf al Kurdik eta Hamaseko buruzagi Khaled Mashalek. 2012an, Suitzan egindako ikerketa baten berri eman zuten, eta Arafat polonioz eraila zitekeela iradoki zuten, substantzia horren kantitate handia topatu zutela jakinarazita. Halere, urtebete geroago Frantzian eta Errusian egindako ikerketa banak pozoitzea baztertu eta "heriotza naturala" izan zela adierazi zuten, baina askoren susmoak erabat uxatu gabe. (Horrekin lotuta, ikus hemen ere Khaled Mishaal nola pozoitu eta zer zirkunstantziatan lortu zuten antidotoa: ziztada)

Berria-n lan egiten nenbilela Arafaten ibilbidea aztertzea eta laburbiltzea egokitu zitzaidan, eta orduan argitaratutako erreportaje hau osatuago argitaratu nuen 2006an, Olibondoetatik Apartheid hesiera nire liburuan. Hementxe daukazue bertsio luzea:

BORROKAREN MEMORIA, AGINTEKERIAREN ITZALA

Bere inguruan mitoa ehuntzen joan da urteekin Arafat. Erresistentzia palestinarra azken lau hamarkadetan eraikitzeaz gain, haren kontrola eta bere buruaren irudia eraiki du Abu Ammar edo Eraikuntzaren Aitak.

Merkatari familia palestinar musulman baten seme zen Arafat; zazpi seme-alabetan bosgarrena. Bere jaiotza data eta lekua eztabaidatuak izan dira, baina Kairoko Unibertsitatean (Egipto) aurkitutako jaiotza agiriak argi dio Kairon bertan, 1929ko abuztuaren 24an, jaio zela. Arafatek berak, ordea, Jerusalemen sortu zela zioen. Nolanahi ere, ama hil ondotik, ume zelarik —bost urtetik bederatzi bete arte— Palestinako hiruburuan bizi izan zen osaba-izebekin, harik eta Egiptora itzuli zen arte, ikasketak jarraitzera.

Haurtzaroaz oso azalpen gutxi eman zituen Arafatek. Kontatzen zuenez, soldadu britainiarrak bere osabaren etxera gauerdi ondoren nola sartu, altzariak suntsitu eta senideak egurtu zituzten gogoratzen zuen.

Kairoko Unibertsitatean Ingeniaritza Zibilean lizentziatu zen. Ikasle zelarik Anaitasun Musulmanari eta Ikasle Palestinarren Sindikatuari lotu zitzaizkion. Azken honetako presidentea izan zen 1952tik 1956 arte. 1956an Egiptoko Armadan zerbitzatu zuen, Suez Kanaleko krisian.

Jarraian Kuwaitera jo zuen. Han ingeniari jardun zuen eta enpresa bat abiatu. Hantxe, 1957an, Khaled al Hassan, Faruk Kaddumi eta Khalil al Wazzirrekin (Abu Jihad) batera sortu zuen Al Fata mugimendua.
1973ko gerran Israelek Siria eta Egipto menderatu ondoren buruzagi palestinar moderatuenak —tartean Arafat— negoziazio bideak bilatzen hasi ziren, eta Palestina historiko osoan estatu laiko eta demokratikoa eraikitzeko egitasmoa segitu beharrean, «askatutako zeinahi lurraldetan» estatu palestinarra eraikitzen hasteko erabakia hartu zuten. Horrek ezadostasun eta tirabira franko piztu zituen PAEn zein erakundetik kanpo zeuden taldeetan: FPLPk gidatuta Errefusa Frontea eratu zuten hainbat taldek. Gainera, Al Fata barrenean lehen zatiketa gertatu eta Al Fata-Kontseilu Iraultzailea taldea sortu zuen Sabri Al Banna Abu Nidal-ek 1974an.

1974ko azaroaren 13an NBEn hitz egin zuen Arafatek: «Esku batean olibondo adar bat daukat, bestean askatasun borrokalariaren fusila; ez utzi olibondo adarra eror dakidan». Handik urtebetera NBEk PAE palestinarren ordezkaritzat ezagutu zuen.

Libanoko gerra zibilean rol garrantzitsua jokatu zuten Arafatek eta fedayin-ek. Halere, Israelek herrialdea bigarren aldiz inbaditu eta Beirut setiatu eta bonbardatu zuenean erresistentzia palestinarrak akordio bat sinatu zuen NBEren indarrekin: Beirutetik hanka egin eta NBEren soldaduek babestuko zituzten zibil palestinarrak. Haatik, NBEren indarrak gutxira erretiratu eta babesik gabe utzi zituzten zibilak. Falangista kristauek, Israelgo Armadaren laguntzarekin, Sabra eta Shatila errefuxiatu guneetako triskantza egin zuten, 3.500 palestinar eta libanoar sarraskituta.
Tunisiatik itzuli eta 1983an Al Fata barrenean, Arafati «agintekeria eta etsaiei aurre egiteko inkonpetentzia» leporatuta, Siriaren alde lerrokatutako gerrillariek Al Fata-Intifada taldea sortu eta borroka gogorren ondoren Libanoko iparraldeko Tripoli hiritik berriz Tunisiara alde egitera behartu zituzten Arafat eta bere jarraitzaileak.

1985eko urrian Israelgo Armadako airekoak Arafat hiltzen saiatu ziren Tunisian, han exilioan zela. Laguntzaile batzuk hil arren, PAEko burua onik atera zen berriz ere —Beiruten 1982an hiltzen saiatu zen ere Israel—.

1991ko Golkoko Gerran Irakeko presidente Saddam Husseinen aldeko agertu izanak palestinarren eskakizunei —eta herrialde arabiarretiko dirulaguntzen kopuruari ere— kalte egin zien Arafatek.
Urte berean Ekialde Hurbilaz Madrilen eginiko Bake Konferentziara ordezkariak bidali zituen Arafatek. 1993ko irailean, negoziazio sekretuen ondotik, Osloko Akordioa sinatu zuten Washingtonen Arafatek eta Israelgo lehen ministro Yitzhak Rabinek. 1994an bi buruzagioi eta Israelgo Alderdi Laboristako buruzagi Shimon Peresi Bakearen Nobel Saria eman zieten.

Nolanahi ere, ez Osloko Akordioak ez horren garapenak —Oslo II.a— ez zuten aurreikusitako fruiturik eman eta palestinarren egoera okertzen joan zen. Dena dela, Arafat gai izan zen Gazara, herritarren txaloen artean, itzultzeko, 1994ko uztailaren 1ean. 1996ko urtarrilaren 20an palestinarrek hauteskundeak egin zituzten —Al Fatak izan ezik, gainerako alderdiek boikotatu zituzten— eta garaile atera zenez, Arafat PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente izendatu zuten.

Arafatez mintzo

Frantzian bizi den Nahla Chahal idazle eta ekintzaile libanoarrak oso ondo eta gertutik ezagutu zuen Arafat, Libanon, 80ko hamarkadan. 1982an harekin izan zen Israelgo Armadak Beirut setiatu eta honi eraso zionean. «Libanon ez ezik —Libanoko mugimendu nazionalistaren eta palestinarren arteko lotura nintzen— askotan topo egin dut harekin». Haren ezaugarrietatik txalogarriak eta arbuiagarriak ziren batzuk aletu zituen artean rais-a bizirik, baina hilzorian zela:
«Arafat askapen mugimendu hau 1966an abiatu zuen lider historikoa da, ia borrokaren arima. Palestinan Arafat kritikatzen dute eta ezagutzen dugunok eta elkartasun mugimendukook ere kritikatzen dugu. Alta, Arafat palestinarren borrokaren sinboloa eta palestinarren arteko hainbat sektorek osatzen duten gizarte konplexu eta sakabanatuaren arteko lotura da. (...) Arafat borrokaren memoria da eta, kritikatua izan arren, borroka abian mantentzen duen pertsona da».

«Arafatek bertute handi bat du: oso suharra da eta zeinahi oztopori aurre egiteko gai da. Hari eta buruzagitza palestinarrari egin zaien kritika nagusia izan da ez direla gai izan aprobetxatzeko palestinarrek duten erresistentzia, eskuzabaltasun eta sakrifizio gaitasuna eta borrokarako grina. Lidergoa ez da oso eragingarria izan».

Edozein modutan, rais-aren hainbat lorpen nabarmendu beharra dago. Inork baino gehiago egin du palestinarren kausa munduaren agendan jartzeko. Buruzagi militar bezala israeldarren kontrako ekintzak gidatu zituen maiz. Palestinarren bizkarrak hormaren kontra zeudenean, 1968an Karamen (Jordania) Israelgo Armadari eta 1970eko irailean Jordaniako Armadari aurre egin zienean; edota 1982an Beiruteko setiopean, Arafatek inoiz ez zuen kuraia falta izan.

Aurkari politiko palestinarrek, bai Al Fatakoek, bai ezkerrekoek bai islamistek hura kritikatu arren, une latzetan «errespetua» erakutsi zioten, «palestinarrek hautatutako buruzagia» zelako eta batez ere, «ikurra» zelako.

Edward Said idazle palestinar zenak hitz bidezko ziztada ugari eman zizkion Arafati, «agintekeria» eta bake negoziazioetako solaskide israeldarren mailan egoteko «ez gauza» zela salatuta. Arafatek haren liburuak debekatu zituen PANen kontrolpeko lurraldeetan.

«Bere ume bakarra iraultza zela esan zidan behin Arafatek», adierazi zuen duela urte batzuk hura gertutik ezagutu zuen Robert Fisk kazetari britainiarrak. «Arafat ez da heroi iraultzaile bat. Gauez lana egiten duen insomniodun bat da. (…) 1976an, martiriak behar zituenean, Tel Az-Zaatarko errefuxiatu gune setiatuan (Libanon) su-etena eskatu zuen eskuineko miliziano kristau libanoarrekin. Gutxira hauei tiro egiteko eskatu zien Arafatek bere komandanteei; ondorioz, eskuindarrek Tel Az-Zaatar sarraskitu zuten. Arafatek Martirien Herria zabaldu zuen Damur herrian. Bere lehen bisitan alargunek harriekin eta fruta ustelekin hartu zuten».

Adineko pertsona zela, 1992an, palestinar kristau batekin ezkondu zen Arafat, Suha Tawilekin. Alaba bat izan zuten. Ama-alabak Parisen bizi dira eta Suhak berriki herritartasun frantziarra hartu zuen.

Azken urteotan setiatua

2001eko abendu hasieratik izan du Israelgo Armadak Arafat setiatua, Ramalako Mukata egoitzan. Nazioartearen eskakizunek eta internazionalisten zein palestinar eta bakezale israeldarren elkartasun keinuek, ordea, ezin izan dute setioa ken zezan lortu. Ezta Arafatek Tel Avivekin egindako itun sekretuak ere, non setioa arintzearen truke Mukatan zeuden FPLPko lau ekintzaile eta PANeko Poliziak atxilotua zuen FPLPko buru Ahmed Saadat Jerikoko kartzelan sartzea onartu zuen PANeko presidenteak.

Halere, larri gaixotu arte ez zuen handik ateratzen utzi Israelgo Gobernuak.
Arafat hainbat atentatutatik bizirik atera zen: 1969an fardel bonba bidali zioten Ammanera; 1971ean Israelek Siriari okupatutako Golango Gainean segada egin zion; 1973an komando israeldar batek haren hiru laguntzaile hiltzean Arafat salbatu egin zen; 1985ean Israelgo hegazkinek Tunisiako egoitza bonbardatu zuten, 70 pertsona baino gehiago hilda; 2001eko abenduan Ramalako egoitza bonbardatu zuen. Gainera, 1992an Libiako basamortuan lurra jo zuen hura zihoan abioiak.

Azkenean, ustez pozoiak eraman du hilobira. Hil ondoan ere Israelek ez dio Arafati honek nahi zuen lekuan egoten utzi. Jerusalemen betiko atseden hartu nahi zuen rais-ak, baina Ramalako Mukata egoitzan, ia hiru urtez kartzela izan duen esparruan, ehortzi behar izan dute. Hori bai, Al Qudseko lurrez estalia.

ARAFATEN ONDOREN ZER?

Arafat ez da bakarrik zendu. Ospitaleko oheburuan zein itxarongelan eta kanpoaldean zeuden senide, laguntzaile eta ehunka jarraitzaileren —propio joandako buruzagi zein palestinar erbesteratuak, frantziarrak, judu antisionistak eta beste— sostengua izan du. Baita Palestinako eta mundu osotik gogo bidezko laguntza ere.

Ez da bakarrik Arafat zendu. Aro bat ere hil da. Eta dudaz beteriko aro bat hasi. 40 urtez palestinarren borrokaren eta 1994tik Israelek ahalbidetutako administrazio pixarraren kontrol zorrotza eraman du Arafatek azken uneraino. 75 urte izaki ere Al Fata mugimendua, Palestina Askatzeko Erakundea eta Palestinako Aginte Nazionaleko gidari gorena izan da, onerako eta txarrerako. Kritikei eta kritikoei gailendu zaie, hala israeldarrei nola palestinarrei —burkide kritiko asko bortizki ezabatuta, palestinar batzuen esanetan—, eta urteotako higadura politikoak askoren aurrean gaizki ikusia izatera eraman badu ere, etsairik zaharrena izan da, paradoxikoki, Arafaten irudiari mesederik handiena egin diona. Mukatan hiru urtez setiopean eta tarteka bonben pean edukita, Israelek rais-aren sinboloari berriz eman dio balioa palestinarren begietan. Mahmud Darwish poeta palestinarrak ezin hobeki adierazi zuen duela urte batzuk Arafatekiko zeuden sentimendu kontrajarriak: «Oso gutxi gara maitatzen zaitugunak, baina denok gorrotatzen ditugu zure etsaiak».

Arafatek hala eskatu arren, Israelek ez dio palestinarren hiriburu historikoan, Jerusalemen (Al Quds), hilobira dezaten utzi. Mukatan ehortzi dute, hiri santuko lurraz estalita.

Arafat desagertuta, Tel Avivek eta Washingtonek batzuetan «bakerako bidaide» —1993an eta 1995ean Osloko Akordioak sinatzean— eta azken urteotan «bakerako oztopo» iritzitako buruzagia eszenatoki politikotik at geratu da. Palestinarrek beraiek maiz eskatu arren, AEBek eta Israelek —eta Europak, hein batean— behartu arte ez ditu Arafatek PANen erreformak abiatu, tartean lehen ministroaren postua eratzea. Hori eginda ere ez dira kontent geratu Tel Aviv eta honen aitabitxia. 2004an ere erreformetan aurrera egiteko eta «terrorismoa» —palestinarrena, jakina, Israelenari autodefentsa irizten baitiote— gerarazteko exijitu diote PANeko presidenteari.

Zisjordanian Israel 2003an eraikitzen hasi zen banaketa hesiari «legez kanpoko» iritzi zion Nazioarteko Justizia Auzitegiak, baina hura altxatzen segitu du Tel Avivek. Bestalde, Errepide Mapa baztertua biziberritzen saiatu dira AEBak Arafat hil ondotik. Hala, azaroaren 22an Colin Powell Estatu idazkaria Israelgo lehen ministro Ariel Sharonekin eta PANekoarekin (Ahmed Kureia) bildu da, planari bultzada emateko.

Arafaten ondorengoaren erronkak

Arafaten ondoko trantsizioa odoltsua eta kaotikoa izan ez dadin, hura oraindik larri zegoela hainbat bilera egin dituzte talde politiko-militar palestinarrek. Hala, kontzentrazio gobernuaren eskaera egin diote PANi 13 taldek, geroko gobernurako «erreferentzia» izateko asmoz. PANek, bere aldetik, presidentetzarako bozak 2005eko urtarrilaren 9an egingo zituztela iragarri du Arafat hil eta gutxira. 11 hautagaik aurkeztu dute bere burua bozetan lehiatzeko, tartean PAEren kargu egin den Al Fatako buru Mahmud Abbas eta ezkerreko bost talderen sostengua jaso duen Mustafa Barghuti independentea. Israelen preso dagoen Marwan Barghuti Al Fatako kideak ere bere burua aurkeztu du, baina hainbat presio jasan ditu —Al Fatan bertan, batez ere— erretiratzeko. Hala egin du abenduan. 2005eko urtarrileko hauteskundeetan, aldiz, lehena Mahmud Abbas geratu da, eta bigarrena Mustafa Barghuti. Abbas izendatu dute PANeko presidente berri.

Asko hitz egin eta espekulatu da Arafaten ondorengoaz eta ondorengo egoeraz . Arabic Media Networkeko analista Daud Kuttabek esan duenez, Arafaten ordezkoak «malabarismoak» egin beharko ditu Israelekiko negoziazioetan: «Batetik, errefuxiatuen itzulera eskubidean amor emateko eta, bestetik, itzultzeko zain dauden milioika palestinarren nahiak betetzeko».

Omar Barghuti analista politiko independentearen iritziz, Arafat hilda Bi Estatuen Aterabidearenak egingo du. «Egoerarik onenean ere, NBEren 242 ebazpena zorrotz beteta ere, bakarrik palestinarren heren baten baino gutxiagoren eskubide gehienak beteko ziren, palestinarren antzinako lurraldearen %20an baino lurralde txikiagoan bete ere. Horretarako, palestinarren bi heren baino gehiago baztertu dituzte, modu susmagarrian eta geroan pentsatu gabe, palestinarren definiziotik: iheslariak eta Israelen bizi direnak, alegia. Horiek baztertuta, ordea, gataka betikotu besterik ez dute egingo».

«Arafat ehortzirik, Bi Estatuen Aterabidea ere lurperatu dute. (...) Israelek laster aurre egin beharko die estatu demokratiko eta bakarra eskatzen duten gero eta palestinar gehiagori. Gero eta gehiagok eskatuko dute estatu hori, non zapalketa koloniala, nagusitasun etnikoa eta apartheid egoera bukatuta eta iheslariei itzultzeko baimena emanda israeldar-juduek eta palestinar-arabiarrek eskubide eta betebehar berberak izango dituzten».

2014-01-13

Sharonek bere burua 'judu nazi'-tzat aitortu zuenekoa

Aski ezaguna da zendu berri den Ariel Sharonen kurrikulum beltza, biktimatzat bereziki palestinarrak eta libanoarrak dituena. Ezezagunagoa da, ordea, bere komunitatekideen eta estatukideen defentsarako noraino iristeko prest egon zeneko aitorpena. Judua izateko proposatzen zuen moduaz eta berau defendatzeko metodoez mintzatu zitzaion Sharon Amos Oz idazle israeldarrari, 1982an. Besteak beste, judu nazi-tzat aitortu zuen bere burua Israelgo militar eta Defentsa ministro izandakoak, gerora lehen ministro izango zenak. Elkarrizketa hura lehenik Euskaldunon Egunkaria-n egokituta argitaratu nuen lehenik, 2002-IV-09an, eta Olibondoetatik Apartheid Hesira nere liburuan geroago, 2006ko uztailean. Hona hemen berripaperean argitaratutako moduan, esaldiren bat edo beste hemengo bertsiorako nabarmenduta:

JUDU NAZIA

Ariel Sharon gordin-gordin, odolaren usainean

'Judu nazi' baten aitorpena. Israelgo lehen ministroaren
pentsaera argi islatzen du Amos Oz
idazleak eginiko elkarrizketak

Israelgo Haaretz ezker sionistako egunkarian Israelgo egungo lehen ministro Ariel Sharon elkarrizketatu zuen 1982an Amos Oz idazleak. Hura hebreeraz, frantsesez (Les voix d’Israël) eta ingelesez (In the land of Israel) liburu gisa publikatu zuen, beste elkarrizketa batzuekin. Bertan, Sharonek hasieran arabiarrak ez dituela gorroto esaten badu ere, elkarrizketan*
agerian geratzen da haienganako herra. Halaber, judu light-ei eta bere politikarekin bat ez datozenei yid deritze, hots, judu hitzaren adiera iraingarria.

Judu ‘light’-en kontra. «Nahi duzun guztia deitzen ahal didazu. Dei iezadazu munstro edo hiltzaile. Ohar zaitez nik ez ditudala gorroto arabiarrak. Aitzitik, ni neu askoz hobeki moldatzen naiz haiekin, eta batez ere beduinoekin, juduekin baino. Oraindik alferrik galdu ez ditugun arabiar horiek jende harroa, urguilutsua da, irrazionala, ankerra eta eskuzabala.
Yid-ak —juduak— dira bihurrituta daudenak. Haiek zuzentzeko, lehenbizi kontrako aldera gogor bihurritu behar dituzu. Hauxe da, laburbilduta, ene ideologia».

«Deitu Israel nahi duzuna, deitu iezaiozu Estatu Judu Nazia, Leibowitzek [Yehashayu Leibowitz intelektual judua] egin duen legez. Zergatik ez? Hobe bizirik dagoen judu nazia, hildako santua baino. Ez dit axola Khadafi bezalakoa banaiz. Ez nabil jentilen miresmenaren bila. Ez dut haien maitasuna behar. Ez dut zu bezalako juduek maitatua izateko beharra. Bizi beharra daukat, eta segurtatu behar dut ene seme-alabak ere biziko direla. Aita Santuaren edo New York Times egunkariko beste buru erlijiosoen bedeinkazioarekin edo gabe. Ene seme-alaben aurka eskua altxatuko duen nornahi suntsituko dut. Hura eta haren seme-alabak suntsituko ditut, gure armetako araztasun ospetsuarekin edo hura gabe. Berdin dit hura kristaua izateak, musulmana, judua edo fedegabea. Historiak irakasten digu hilko ez duena besteek hilko dutela. Burdinazko legea da».

Egindakoaz damurik ez. «Ez dugu gehiago moralitate judu bakarraz tontakeriarik entzungo, Holokaustoko ikasgai moralez, edo gas ganberetatik juduak puru eta bertutetsu ateratzeaz. Halakorik ez. Ein El Hilweren [Libanoko iheslari gune palestinarra] suntsipena —eta pena da liztor habi hura erabat ez garbitu izana!—, Beiruten bonbardaketa osasuntsua eta beren eremuetako [besteak beste, Sabra eta Shatilako guneetakoa] sarraski txikia —500 arabiar hiltzeari sarraski dei diezaiokezu?— falangistei utzi beharrean geuk geure eskuekin egin behar genuen... Ekintza on horiek guztiek herri bakarra eta nazioen argia garela dioen kaka zaharrarekin bukatu dute. Izate bakar gehiagorik ez, eta goxotasun eta argi gehiagorik ez. Adio horri!»

Sharoni etiketak ez zaizkio askorik axola. «Nik neuk ez dut izan nahi Khomeini, Brezhnev, Khadafi, Assad, Thatcher edo bi bonba bikainez milioi erdi japoniar hil zituen Harry Truman baino hobea. Haiek baino maltzurragoa, bizkorragoa eta eragingarriagoa izan nahi dut, ez haiek baino hobea edo politagoa. Esaidazu, mundu honetako gaiztoek une txarrik pasatzen al dute?
Norbait haiek ukitzen saiatzen bada, gizon gaiztoek eskuak eta hankak moztuko dizkiote.

'Judu nazi' etiketarekin ados. «Leibowitzek arrazoi du, judu naziak gara, eta zergatik ez? Entzun, sarraskitua izateko amore eman zuen herria, haurrekin xaboia eta
emakumeen azalarekin lanparak egitea utzi zuena bere hiltzaileak baino kriminalagoa da. Naziak baino
okerragoa... Zure guraso zibilizatu atseginak hona tenorez etorri izan balira, gizateriarekiko maitasunezko liburuak idatzi eta gas ganberetarako bidean Entzun, o, Israel kantatu beharrean...».

Lan zikina egiteko prest. Israelgo egungo lehen ministroa prest ageri zen 1982an Israelentzat lan zikina egiteko: «Gaur egun ere [1982an] Israelentzat lan zikina egiteko boluntario aurkezteko prest nago, beharrezkoa den adina arabiar hiltzeko, haiek
deportatzeko, egozteko eta erretzeko, mundu guztiak gu gorrotatzeko, Diasporako juduak guregana korrika eta negarrez etortzera behartzeko. Baita horrek esan nahi badu ere han-hemenka sinagoga pare bat erretzea, ez dit axola.
Eta ez dit axola lana egindakoan Nurenbergeko auzitegi baten aurrean jartzen banauzu eta betikotz kartzelatu. Urka nazazu nahi baduzu, gerra kriminal gisa. Gero zure kontzientzia judua pintto-pintto dotoretu eta nazio zibilizatuen klub errespetagarrian sar zaitezke, nazio handi eta aberatsen artera. Zuek guztiek ulertzen ez duzuena da sionismoaren lan zikina ez dela bukatu, ez horixe. Egia da, 1948an bukatua zitekeen, baina zuek —judu
zintzoak— erdian sartu eta gerarazi zenuten. Eta dena zuen diasporako mentalitateagatik. Juduek ez baitiete gauzei bizkor oratzen. Begiak ireki eta mundura begiratzen baduzu, ikusiko duzu iluntasuna berriz abailtzen ari dela. Eta guk badakigu zer gertatzen zaion kanpoan, ilunpetan, geratzen den juduari. Beraz, Libanoko gerra txiki honek yid-ak ikaratu izanak pozten nau. Ikara daitezela, sufri dezatela. Etxera bizkor itzuli beharko dute zinez ilundu aitzin».

(...) «Nik ahal dudan guztia egingo dut arabiarrak hemendik botatzeko, antisemitismoa areagotzeko, eta zuk olerkiak eta saiakerak idatziko dituzu arabiarren miseriaz, eta hona itzuri etortzera behartuko ditudan yid-ak onartzeko prestatu eta jentilentzako argia
izaten irakatsiko diezu. Zer diozu?».

2013-08-27

Eskuak garbi dituenak bota dezala lehenbiziko misila

Berriz ere eskuak kimikaz eta odolez blai dituzten estatuen hipokresia eta harropuzkeria bonbardaketa kirurgiko gisa gauzatuta ikusteko zorian gaude, zibilik hiltzen ez omen duten erasoaldi horietako bat, hain juxtu. Oraingoan Siria jarri dute beren jopuntuan -2003an Irak jarri zuten bezala, orduan suntsiketa haundiko armak izateaz akusatuta-. Bashar al Assaden gobernuari herritarren kontrako eraso kimikoa egin izana leporatuta hainbat misil botatzekotan dira Ameriketako Estatu Batuak, Bakearen Nobel Saria eman zioten Obama presidentearen aginduz. Erasoa zeinek abiatuko duen, eta Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoak jaurtita ehunka mila zibil hil zituen estatuak, geroago Vietnamen bonba kimikoak -Napalm edo 'eragile laranja'- jaurti zituen berak. Saddam Husseinen gobernuak 1980ko hamarkadan -orduan Washingtonen aliatua Teheranen kontra- Irango soldaduen aurka eta Hego Kurdistango herritarren aurka eraso kimikoak egin zituenean hori eragozteko edota zigortzeko deus ere ez egin zuena dugu Washington.

Siriari erasotzearen alde sutsu agertu da ere AEBen aliatu fidela -aliatu ala haren harien mugierazlea?-, hots, Israel, hain zuzen ere, 1982an Libanoren kontrako erasoaldian eta 2008-2009an Palestinako Gaza eskualdearen kontrako 'Berun urtua' erasoaldian milaka zibil hil eta beste hainbeste zauritu zituena, nazioarteko legeek debekatutako fosforozko bonbak, besteak beste, erabilita. Eskuak garbi-garbi eta morala zuri (zuritua) dituzten beste estatu batzuk dituzte gerra xaxatzaile: Erresuma Batua eta Frantzia, behiala libreak ziren herriak nahiz herri zapalduak defendatzen nor baino nor ibilitakoak.

Eskuak garbi dituenak bota dezala ba, lehenbiziko misila.

2013-07-23

Hezbola, PP, PSOE, eta kazetariok

Lehenago ere (2011ko post-a: ) sareratu dut Hezbola, PP Alderdi Popularra, eta PSOE, besteak beste, osagarritzat dituen anekdota, Beiruten 2002ko irailean gertatua, baina Europako Batasunak Hezbolaren adar armatua talde terroristen zerrendan sartu izana aitzakia ona da berriz aipamenera ekartzeko. Baita beste datu bat eransteko ere.

Pasadizo bat: PPko eta 'Euskaldunon Egunkaria'-ko ordezkari bana mahai berean bazkaltzen

"(...) Bizipenez mintzo, hamaika une hunkigarri bizitu genituen, baita hainbat pasadizo edo anekdota ere. Alde tragiko eta hunkigarriak oraingoz alde batera utzita, une bitxi bat ekarri nahi dut hona. Hara, zer-nolako karanbolak elkartu zituen 2002ko bisitaldi hartan, Hezbola nagusi den Al Ghubeiriko Udalak -Beiruten hegoaldean- ordaindutako bazkari batean, jatetxe bateko mahai biribil batean, honako bazkalkideak? Alcala de Henaresko (Madril) PPko zinegotzi bat, honen mutil laguna (Izquierda Unidako kidea edo jarraitzailea), Euskaldunon Egunkaria-ko berriemaile berezia, PSOEko senadore bat, eta kanariar nahiz aragoiar gorritxo bana. Beste mahairen batean egokitu ziren Euskadi Irratirako eta Radio Euskadirako kronikak bidali zituen kazetaria, ETBrako kronikak bidali zituzten kazetaria eta kameralaria, La Razon egunkari espainiar eskuindarreko kazetaria... eta abar. Denok Al Ghubeiriko Udalak gonbidatuta.

Bidenabar, argi dezadan Espainian PP zegoela orduan agintean, eta Espainiak (orduan) Beiruten zuen enbaxadoreak hartu gintuela denak aireportuan -antolatzaileek bete beharreko protokoloa-, eta aski ongi bazekiela CSCAren ordezkaritza non eta norekin ibiliko zela herrialdean barrena(...)".

Gainera, Hezbolako bigarren buru Naim Kassem xekearen hitzak entzun genituen ordezkaritza hartako kideok, Beirut hegoaldeko Harat Hreik auzoan, eta han ginen kazetari batzuek berari elkarrizketa egiterik izan genuen. Bidaia hartako beste elkarrizketa eta erreportajeekin batera argitaratu nuen elkarrizketa hura Euskaldunon Egunkaria-n.

:: Hurrengo orrialdea >>

Urruneko Begirada

Urruneko begiradarekin eta distantziak ematen duen perspektibarekin saiatuko naiz munduko hainbat bazterretan gertatzen diren gatazkak eta arazoak lerro hauetara ekartzen. Zoom batek nola, hala gerturatzen ahaleginduko naiz puri-purian dauden auzietara, baita komunikabideen aktualitatean agertzen ez diren eta konpondu gabe segitzen duten hamaikatxo gatazketara ere. Mundua bezain zabala izango da hemen, irakurle, topatuko duzun gai sorta. Urrunekoa eta ez hain urrunekoa hurbiltzeko eta modu argigarrian azaltzeko borondatearekin abiatzen dugu ataltxo hau.

| Hurrengoak >

Ekaina 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!