Berria.infoko blog komunitatea

Login

Urruneko Begirada

Juanma Sarasola

Atala: Europako Batasuna

2011-02-11

"... baina geronen putakumea da"

AEBetako hainbat agintari eta estatu idazkariren ahotan jarritako zita ezaguna duzue honakoa, Washingtonen aliatu ziren diktadoreenganako eta hauen politika zapaltzailearekiko sostengua zuritzeko erabilia: "Putakumea izango da, baina geronen putakumea da". Besteak beste, Nikaraguako diktadore izandako Anastasio Somozarengatik (aita) halako esaldia ahoratu omen zuen Franklin Delano Roosevelt AEBetako presidenteak, XX. mende erditsuan, eta antzeko hitzekin mintzatu zen AEBetako Estatu idazkari Henry Kissinger, artean Saddam Hussein Washingtonen aliatu zelarik (1980ko hamarkada bukaera arte). Jakiteko dago gaur egun Etxe Zuriko agintarien eta hauen agindupekoen artean halako esaldirik erabiltzen duten, egungo diktadoreez nahiz botere abusatzaileez mintzo, AEBen interes geoestrategiko, ekonomiko eta politikoak tartean direlarik haiek sostengatzen segitzeko.

Asteotan hainbat herrialde arabiarretan izandako herri protestak eta matxinadak ikusirik, Geure putakumeak izaten segituko al dute -AEBetako eta Europako agintarien begietan- Egiptoko buru Hosni Mubarakek, Saudi Arabiako errege absolutu Abdula Ibn Abdulazizek, Marokoko errege Mohamed VI.ak, Jordaniako errege Abdala II.ak... eta abarrek? Publikoki eta ofizialki "buruzagi", "presidente", "monarka"... aliatuak dira. Publikoki eta ofizialki. Alabaina, bilkura pribatuetan baliatuko al dute Barack Obamaren, Joseph Bidenen eta Hillary Rodham Clintonen laguntzaileek "our sons of a bitch" (geronen putakumeak) esaldi edo zitala?

Esaldi zitala, handia du zitak itzala.

2010-12-07

Kableetatik tiraka. Airean hegaldiak, airean zigorrak

Wikileaks-ek berriki argitaratu dituen eta AEBetako diplomazialariek eta zerbitzu sekretuek idatzitako kable eta informazioen auziak hautsak arrunt harrotu ditu egunotan. Eta hizpide izan den gai polemiko eta isilpeko bat CIAk kudeatutako hegaldi sekretuena izan da. AEBetako agentziak Europako hainbat estaturen laguntzarekin -tartean Espainia, orain Wikileaks-ek ageriago utzi duen moduan- egin zituen hegaldi horiek,legez kanpo atxilotutako pertsonak Guantanamoko presondegira edota hainbat atxikitze zentro sekretura eramateko. Hona hemen zer zioen, Wikileaks izkutuko harietatik tiraka hasi baino ia lau urte lehenago Giovanni Claudio Favak, CIAren hegaldien gaineko txostena zuzendu duen eurodiputatu italiarrak. 2007ko otsailaren 18an telefonoz egin nion elkarrizketa duzue honakoa. Orduko salaketek ez dute gaurkotasunik galdu. Airean hegaldiak, airean galderak, airean zigorrak...

«Europak urratzeak zilegitu zituen CIAren galdeketetan esku hartu zuenean»

Europako Legebiltzarrak Fava eurodiputatuak zuzendutako ikerketa
onartu du aste honetan;
hark borondate politikoa eskatu dio Europako Batasunari,
gehiegikeriak eragozteko.

Giovanni Claudio Fava (1957, Sizilia, Italia) Europako Alderdi Sozialista taldeko eurodiputatua da, eta Italiako DS Ezkerreko Demokratak alderdiko kidea. Aitak -Giuseppe Fava, 1984an mafiak hila- sortutako I Siciliani hilabetekarian lan egin zuen, kazetari, zuzenbidea ikasi bazuen ere. Siziliako eta Italiako legebiltzarretan diputatu aritu ondoren, eurodiputatua da 1999az geroztik. Berak zuzendutako ikerketa batzordeak CIAren hegaldi eta kartzela sekretuen gaineko txostena egin, eta Europako Legebiltzarrak aste honetan onartu du -270 zuzenketa aurkeztu zituzten-. Txostenak dio ez dela sinesgarria Europako Batasuneko estatu batzuek ez izatea legez kanpoko hegaldi eta galdekatzeko guneen berri.

-- Bai azaroan bai aste honetan Europako Legebiltzarrean CIAren hegaldien gaineko txostena aurkeztu duzuenean, salatu duzue EBko estatu kide batzuek «begiak itxi» egin zituztela CIAk 2001 eta 2005 artean Europan barrena eginiko legez kanpoko hegaldien inguruan. «Kontrolik eza» ere leporatu diozue EBri. Zer neurri hartu beharko ditu EBk halako gertaerak eragozteko eta erantzuleak zigortzeko?

Urte horietan izan ez zituen kontrol gaitasun eta borondatea behar ditu EBk. Chicagoko Konbentzioa erabili beharra dago. Oso esplizituki esaten du estatu hegaldiek zein zibilek -polizia arrazoi bat dutenak- kontrol berezietatik igaro behar dutela. Nazioarteko legeak ezarri behar dira, eta estatu bateko zerbitzu sekretuak erabilitako hegaldi oro kontrolatu. Urte hauetan ez dute halakorik egin. Badakigu hainbat hegalditan Europako aireportuak erabili zituztela, entrega berezietan emandako susmagarriak galdekatzeko guneetara eramateko. Jordania, Egipto, Maroko, Afganistan eta Guantanamon zeuden gune horiek.

-- Zergatik uko egin zion Europak CIAren hegaldiak kontrolatzeari?

Kontrol falta egon zen, bai, baina baita borondate falta ere. Badirudi AEBei eskuak libre utzi nahi zizkietela, terrorismoaren kontrako estrategia beren modura garatzeko. «Haien gerra da hori», zioten Europako enbaxadek, AEBek nahi zutena egiteko eskubidea zutela onartuta. Horren ondorioz, hamaika gehiegikeria gertatu ziren. Gure batzordea ez ezik, Alemania, Espainia, Italia eta Portugalgo epaileak ere auzi horiek ikertzen ari dira.

-- Zuen txostenean legez kanpoko 20 atxiloketa, garraio eta galdekatze aletu dituzue, eta horiek «izozmendiaren muturra soilik» direla esan duzue. Guztira zenbat kasu izan daitezkeen kalkulatu duzue?

Gure informazioen arabera, 150 eta 200 pertsona inguru izan ziren entrega berezien [bahituak izan ondoren, beste estatu batera eraman eta galdekatzeko prozedura] biktima. Ezagutzen ditugun kasuak ezagutu ahal izateko, hau gertatu zen: bahitutako batzuek Europako estatuetako pasaporteak zituzten, eta desagertu ondotik haiengatik galdetuko edo informazioa exijituko zuen norbait ere bazuten. Baina beldur gara ez ote diren dozenaka eta dozenaka pertsona egongo, bahituak izan ondoren bahiketa salatuko duen inor gabe. Pertsona horien kasuan oso-oso zaila izango da haien nondik norakoa jakitea. Horren inguruko ikerketa egiten ari den batzorde bat daukagu oraintsu Guantanamon.

Bestalde, George Bushek berak esan zuen, iazko irailean entrega bereziak gertatzen ari zirela onartu zuenean, goi mailako ekintzaile batzuk prozedura horren bidez bahitu zituztela. Kartzela sekretuak erabiltzeko eskubidea aldarrikatu zuen.

-- EBko estatu kideei ikerketa independenteak egiteko eskatu diezue, baita halako jarduerak eragozteko legeria hobetzeko ere. Zer ondorio izango dituzte ekimen horiek, batetik, eta Europako Legebiltzarrak zuen txostena onartu izanak, bestetik?

Europako Kontseiluari eskatu diogu gure txostenaren segimendua egin dezala eta dituen mekanismo guztiak erabil ditzala. Esaterako, Europako gobernuei informazioa eskatzea, entzunaldi independenteak antolatzea. Europako gobernu eta legebiltzar guztiei ikerketa independenteak hasteko eskatu diegu, halaber. Gobernuen aldetik erantzun positiboa jaso dugu. Espainian Gobernuak estatu sekretua kendu zuen, epaileek hala eskatuta; Italian, aldiz, ez da halakorik gertatu, baina auzibide bat dago abian. Alabaina, estatu guztietan ez dugu asmo bera aurkitu. Estatu batzuek diote gertatutakoa iragana dela eta ez dutela atzera begiratu nahi. Gertatua ez errepikatzeko konpromisoa besterik ez du hartu EBk, baina guk uste dugu erantzukizunak ikertu eta zehazteko betebeharra duela.

-- Txostenean EBko erakunde eta agintari batzuk kritikatu dituzue, zuei informazio aski eman ez dizuetela edo «behar bezala» erantzun ez izana salatuta. Salatutakoen artean, Europako Atzerri Politikarako goi komisario Javier Solana eta Terrorismoaren Kontrako koordinatzaile Gijs de Vries daude. Salaketez gain, haien kontrako neurririk exijitu duzue?

Arazoa zera da, Terrorismoaren Kontrako Bulegoa baldin badugu, horrek eskatzen duen informazio guztia eskuratu beharra duela, baina ez da hala gertatu. Terrorismoaren kontra Europako estrategia bateratua koordinatzeaz arduratzen direnak ezin dira ikerketa batzorde baten aurrean hau erantzuten aritu: «Nik ez dakit deus. Ez dut baliabiderik, ez dut tresnarik. Ez da nire kontua». Gertatu denaren gaineko egia Europako erakunde guztien kontua da eta, batez ere, arlo horretan ardura zuenarena, De Vriesena.

-- Eta Solana?

Bestelakoa da Solanaren kasua. Horrek, gure batzordean aurkeztu, eta «nik ez dakit deus ere», «ez dut informaziorik», esan zuen. Eta hori gezurra zen! Guk bagenekien Europako gobernu batzuek eta Solanak -Europako Kontseiluko idazkari nagusi zelarik- hainbat bilera egin zituztela Condoleezza Ricerekin eta AEBetako Estatu Departamentuko beste buru batzuekin. Badakigu bilera horietako gai zerrendetan auzietako bat entrega bereziena eta Europako kartzela sekretuena izan zela. Elkarlan baten kalitatea egiatik hasten da, eskuan duzun informazio guztia emateko prestutasunetik. Eta hori ez zen gertatu.

-- De Vriesek esan du martxoan kargua utziko duela. Uste duzu Solanarekin ere antzeko zerbait gertatuko dela?

Gure zeregina ez da krisiak eragitea. Gure zeregina erakundeei orain arte erakutsi ez duten jokabidea izateko eskatzea da. Gertatu diren gertaera serio horiek ezin dira ume jolasak balira bezala tratatu eta bukatutzat eman. Giza eskubideez ari gara hitz egiten, pertsonez, gertaerez edo sinpleki giza eskubideen inguruko filosofiaz.

-- Guantanamoko presondegia ere zuen kritiken jomuga izan da. Hura ixteko eta presoak epaitzeko presio aski egiten ari zaie Europa AEBei?

Legearen araberako prozesua exijitu dugu presoentzat. Kartzela ixteko eta presoak beren sorterrietan epaitzeko presioa aspaldi egiten ari dira Europako Batasuneko erakundeak.

-- Zenbateraino urratu dituzte nazioarteko zein estatu bakoitzaren legeak eta giza eskubideak?

Ustez errugabea den gizon bat lau urtez Guantanamon egon ondoren kargurik gabe aske utzi badute, eta bere gobernuak, epaitzeko, entrega eskatzeko aukera eduki arren hori egin ez badu, urraketa handia gertatu da. Gainera, arazo politiko bat dago hor. Europako gobernuek urraketa horiek zilegitu zituzten, enbaxadetako funtzionarioen bidez CIAren galdeketetan parte hartu zutenean eta presoen askatzeko aukerari uko egin ziotenean.

2010-11-16

Tigre batzuk hustu, besteak puztu

Irlandan tigreak husten -bankuak, berriz ere!- eta Mendebaldeko Saharan Marokoko tigreak harrotzen, zapuzten. Irlandako Tigre Zeltiarra azken hamarkadetako goraldi ekonomikoa izendatzeko baliatu zuten ekonomialari eta komunikabide askok. Marokon, aldiz, monarkia alauitak, eta bereziki Hassan II.a erregeak oldarraldi eta okupazioa hasi zituen Mendebaldeko Saharan 1970eko hamarkadaren erdialdean, Aaiundik Espainiako azken soldaduak oraindik atera gabe zeudela. Gaur egun, ordea, sahararren egoerak konpondu eta hobetu gabe segitzen du, tigre marokoarren pean, eta tunel beltzean ez atzera ez aurrera.

Irlandan, uhartearen batasuna berriz lortu nahi dutenentzat gogoeta egiteko kontua da Eireko errepublikaren makalaldi ekonomikoa. Izan ere, uzkurtu egin baititzake Irlanda iparraldeko enpresaburu asko -baita dirua xede nagusitzat duten unionista zenbaitzuk ere-, hauek uhartearen batasuna helburu ekonomikoengatik bederen lortzea ongi ikusi baitute azken hamarkadan.

Sahararren kasuan, Marokoren erasoaldiak eta Rabateko gobernuarekiko Espainiako, Frantziako eta AEBetako gobernuek dituzten konplizitateak eta laguntzak, saharar gazteria armak hartzera bidera dezake -helburu nazionalistekin soilik edota muturreko islamisten eremura lerratuta-, gazteek ez baitute aterabide askorik ikusten oraingo bideetan... Zaharragoei armak eskatzen ari zaizkie azkenaldian.

1991n Fronte Polisarioak eta Marokok hitzartutako su-etena kolokan dela ikusi dugu azken urteetan, eta asteotako gertakari latzekin alde bateko tigreak arrunt harrotzen ari dira, baina kasu! ez ote den Mendebaldeko Saharan orain arte lo zegoen adar armatua berriz esnatuko. Edo, herrialdean ez zegoen tigre islamista agertuko nahis kanpotik etorriko. Txetxenian gertatu zen, baita Palestinan, Kaxmirren... eta beste zenbait tokitan ere, nazionalismo laikoak edota ezkerrekoak apaldu ondorean.

2009-12-08

Zer espero genezakeen ba Europako Batasunetik!

Neutralarena egin nahi du, baina ez da. Europako Batasunak, funtsean, Israelgo estatua sostengatzen eta laguntzen du.

Gaurko albisteak dio Europako Batasuneko Atzerri ministroek defendatu dutela Jerusalem "bi estaturen etorkizuneko hiriburua" izatea. Gainera, berretsi egin dute ez dituztela aintzat hartuko Israelgo Gobernuak Palestina historikoan 1967ko gerraz geroztik egindako muga aldaketak.

Israelgo estatuaren jaiotza, jaiotza behartua izan zen, ernalkuntza artifizial baten ondorio, XX. mende hasierako munduko potentziek (Londresen, Washingtonen, Parisen, eta Moskun egoitza zutenek) bultzatua eta lagundua. Palestina historikoko jatorrizko bizilagunei -gehiengoa arabiar musulmana edota kristaua, eta gutxiengoa judua- erabaki bidegabe bat ezarri zieten potentzia horiek, Nazio Batuen Erakundearen bidez, Europak judu europarrekin egindako krimenen kalte ordain gisa baino gehiago -aitzakia polita-, Ekialde Hurbila delakoan aliatu estrategiko bat izateko.

Eta Palestina historikoa bidegabeki zatitu ondoren sionistek Israelgo estatua sortu zutenetik -palestinar arabiarrek ez zuten zatiketa onartu, ezta utzi zieten lur puskan estatua aldarrikatzea ere- hura behin eta berriro lagundu egin dute Mendebaldeko potentziek, eta potentziak ez direnek (Espainia, tartean).

Sionistek Tel Aviv sortu zuten 1909an, Israelgo estatua jaio baino ia 40 urte lehenago, palestinar arabiarren lurretan. Baina Jerusalem -arabiarrentzat Al Quds, santua- zeukaten amets, Jerusalem osoa. 1947an NBEk Palestina osoa zatitzea erabaki zuenean -orduan britainiarren menpe zegoen- Jerusalem hiria eta Betlehem nazioarteko eremu izendatu zituen, corpus separatum gisa, nazioarteko indarren kontrolpean egotekoa. Alabaina, 1948ko gerran sionistek Jerusalemgo mendebaldea okupatu zuten, eta 1967ko gerran hiriaren ekialdea. Ordu arte, Tel Aviv zen Israelgo estatuaren hiriburua, baina ordutik gaur egun arte, Jerusalem osoa aldarrikatzen dute sionistek beren estatu arrazistaren hiriburu bakar eta zatiezintzat. Alegia, palestinarrek ez dutela bertan beren hiriburua antolatzeko eskubiderik. Nahiz eta nazioarteak, orain arte behintzat, eta estatu gehienek, Tel Aviven eduki beren enbaxadan, Israelgo estatuaren hiriburua horixe dela nabarmentzeko. Israelen aliatu nagusiak, AEBek ere halaxe izan dute duela urte gutxi arte.

PAE Palestina Askatzeko Erakundearen datuen arabera, gaur egungo Mendebaldeko Jerusalemen %70 Israelek 1948ko gerran menderatu eta okupatutako auzo arabiarrez eta inguruko herrixkez -arabiarrak- osatuta dago. Horrez gain, ekialdeko Jerusalemen kolonizazio prozesua etengabekoa izan da, batez ere alde zaharrean. Hainbat auzo eta milaka etxebizitza palestinar suntsitu ditu urteotan, eta auzo judua zabaldu eta auzo arabiar nahiz armeniarretan eraikin asko indarrez okupatu.

Europako Batasunak merkataritza akordio berezia dauka Israelgo estatuarekin, eta Israelgo armadak palestinarren edota libanoarren kontra sarraskiak eta gerra krimenak egin dituenean ere ez du Bruselak akordio hori bertan beheiti utzi. La pela es la pela, katalanek dioten moduan. Eta ez soilik diruagatik, baizik eta interes geoestrategikoengatik.

Ez gara, beraz, Europako Batasunaren jarrera konplize eta sionistazalearekin harritzen. Baina ez dator gaizki tarteka historiari errepasotxoa egitea.

Honatx blog atal honi hasiera emateko duela bi urte pasatxo idatzi nuen lehenbiziko artikuluan Jerusalem hiriaz idatzitako hainbat jakingarri_

http://www.berria.info/blogak/juanma/index.php?blog=39&s=kanaandarrak&sentence=AND&submit=Bilaketa

2009-03-02

Doako Suntsitzeak SL

Hainbat bizi, etxe, eraikin, herri, hiri, azpiegitura... suntsitu ditu urteetan Isrelgo armadak, baina berreraikitze lanetan ez du sekula sosik jarri, eta nazioartea ez da gai izan kalte-ordainak pagatzera behartzeko.

Oso urrutira joan gabe, 2002an Rafako aireportua suntsitu zuten Israelgo armadako hondeamakinek. Europako Batasunaren diru laguntzaz eraiki zuten palestinarrek, eta 1998 eta 2002 artean egon zen lanean Palestinako Aginte Nazionalak kudeatuta. Israelek hura suntsitu egin zuen, eta Europako Batasunak protesta egin bai, baina ez zuen zigorrik ezarri Tel Aviven kontra, ezta harekin duen merkataritza harreman berezia eten ere.

Israelek suntsitzen duena, besteek pagatu behar ote?

Beste adibide bat: 2006ko udan Libano osoaren kontra egin zuen erasoaldi zabalean, itsasoz, airez eta lurrez kolpatu zuen hura Israelgo armadak, Hezbolaren kontra ari zela argudiatuta. 1.200 libanoar eta errefuxiatu palestinar (gehienak zibilak) hil zituen Israelgo armadak, eta horrez gain, Beiruteko nazioarteko aireportua, argindar plantak, errepideak, petrolio findegi eta biltegiak eta bestelako azpiegitura birrindu zituen. Galera handiak eragin zizkion Libanoko turismo sektoreari, eta ekonomiari oro har.

Gerora Libanoko azpiegitura horiek berreraikitzeko diru emaileen nazioarteko konferentzia egin zuten Parisen. Milioika euro agindu zituzten berreraikuntzarako, beti ere NFD Beiruteko gobernuak Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako irizpide ekonomikoak obeditzen bazituen.

Israelek ez du egundaino xentimorik ordaindu.

Orain Egipton ari dira egiten Gazako azpiegiturak berreraikitzeko eta giza laguntza bideratzeko dirua biltzeko nazioarteko konferentzia. Milioiak aginduko dituzte horretarako, seguruenik.

Baina Israelek ez du konferentzia horretan parte hartuko, jakina. Eta ez du sosik emango (ezta eragin duen kalteengatik barkamenik eskatuko ere). Eta nazioarteko komunitate txit gorenak ez du Israel kalte-ordainak pagatzera behartuko. Hildako gehienak (1.400, gehienak zibilak) palestinarrak izan ziren, eta Mendebaldeko potentzientzat gutxiago balio dute erresistentziak hil zituen 13 israeldarrak (horietatik 10 soldaduak) baino.

Israelek egindako suntsitzeak lehenik eta behin palestinarrek (edo libanoarrek, kasuaren arabera) ordaintzen dituzte, beren biziekin, eta beren etxebizitza, lantokiak, azpiegiturak, bizimodua... galduta. Gero, europarrok eta munduko bestelako aberatsek dirua jartzen dugu, kalte materialak ordaintzeko. Soilik materialak. Gero, auskalo noiz, Israelgo armadak suntsitu egingo du berreraikitakoa... Eta berriro hasiko da zikloa.

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Urruneko Begirada

Urruneko begiradarekin eta distantziak ematen duen perspektibarekin saiatuko naiz munduko hainbat bazterretan gertatzen diren gatazkak eta arazoak lerro hauetara ekartzen. Zoom batek nola, hala gerturatzen ahaleginduko naiz puri-purian dauden auzietara, baita komunikabideen aktualitatean agertzen ez diren eta konpondu gabe segitzen duten hamaikatxo gatazketara ere. Mundua bezain zabala izango da hemen, irakurle, topatuko duzun gai sorta. Urrunekoa eta ez hain urrunekoa hurbiltzeko eta modu argigarrian azaltzeko borondatearekin abiatzen dugu ataltxo hau.

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Urria 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
  1 2 3 4 5 6
7 8 9 10 11 12 13
14 15 16 17 18 19 20
21 22 23 24 25 26 27
28 29 30 31      

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!