Berria.infoko blog komunitatea

Login

Urruneko Begirada

Juanma Sarasola

Mezua: Bakearen Nobel saridun bat, sarraskien atzetik

2009-01-20

Bakearen Nobel saridun bat, sarraskien atzetik

Gaixorik egon naiz bolada batez, eta Interneten ezin ibili. Halere, Palestinako gatazka jarraitu dut; gauza franko esan eta idatzi da Gazaren kontrako erasoaldiaz (ezin gerra gisa definitu, alde baten eraso zabal eta desorekatua izan denean). Neunik ere izan dut aukera Iruñeko Euskalerria Irratian bi bider iritzia emateko, polemika barne (ikus Asier Azpilikuetaren blogean Ixo, joder!: http://www.berria.info/blogak/azpilikueta/index.php?blog=40&s=ixo%2C+&sentence=AND&submit=Bilaketa)

Ez naiz orain komunikabide ugaritan bildutako datu eta kopuruak hemen aletzen hasiko. Hausnarketarako elementu ugari daude, baina gehiegi ez luzatzearren, bat ekarriko dut hona:

Behin baino gehiagotan aipatu da nazioarteko potentziek neurri bikoitza erabiltzen dutela hainbat gerra eta gatazketan. Palestinako gatazka ez da salbuespena. Neri oso deigarria egiten zait ez dela ahots ozenik (edo oihartzun haundikorik) entzun Shimon Peresek bere etxean daukan sari baten esanahiaren inguruan. Izan ere, egungo Israelgo presidentea den eta Israelgo hainbat ministro kargu izan dituen jatorri poloniarreko buruzagi judu honek (Peretzky du jatorrizko abizena) Bakearen Nobel Saria jaso zuen 1994an, Yitzhak Rabin zenarekin (artean Israelgo lehen ministro) eta Jasser Arafat zenarekin (artean PAE Palestina Askatzeko Erakundeko eta Al Fatako buruzagi nagusia) batera. Urtebete lehenago Israelek eta PAEk ustez Palestinako gatazka konponbidean jarriko zuen Osloko Akordioa sinatzeagatik jaso zuten saria hirurek.

Bada, saria jaso eta bi urtera, 1996an, behin-behinean Israelgo lehen ministro ziharduen Peresek, muturreko ekintzaile judu batek 1995ean Rabin hil ondoren. Ez Rabinek ezta Peresek ere ez zuten gatazka konpontzeko urrats haundirik eman; aitzitik, palestinarrei lur gehiago ebasten eta kolonia judu gehiago eraikitzen segitu zuten, baita Israelgo armadak Libanoko erdia okupaziopean mantendu ere. Israelek 1982ko ekainetik okupatzen zuen Libano, errefuxiatu palestinarrak eta erresistentzia palestinarra suntsitzeko eta Libanotik (Litani ibaitik bereziki) ura lapurtzeko eta ondoko herrialdea ahultzeko helburu nagusiekin.

Erresistentzia libanoarra sendo zebilen (Libanoko erresistentzia palestinarraren parte-hartzearekin) Israelen okupazioari aurre egiten (Siriako tropei ere aurre egin zieten askotan), eta israeldarren ezinegona nabarmena zen.

Horiek hala, 1996ko apirilaren 18an, Libanoko hegoaldean hamaika borroka gertatzen zirelarik, Bakearen Nobel saridunak erantzukizuna izan zuen bere agintepeko armadak Qana izeneko herrixkan eginiko sarraskian. 'Hiraren mahatsak' izeneko operazioaren baitan egin zuen triskantza.

Erresistentzia libanoarrak (nagusiki Hezbola, Amal, Alderdi Komunista, SSNP Alderdi Sozial eta Nazional Siriarra eta druzoen PSP Alderdi Sozialista Aurrerakoiak osatua) soldadu israeldarren kontra erasoak egin zituela argudiatuta, Israelgo armadak Qana bonbardatzeari ekin zion. Han UNIFIL Nazio Batuen Libanorako Indarrek koartel bat zuten, eta NBEk berak bulegoa eta ospitalea zituen inguruan.

Herritarrak israeldarren aireko erasoetatik (ez ziren lurrez sartzera ausartu) ihesi korrika hasi ziren, eta NBEren egoitzan aterpe hartu zuten, eraikineko teilatuan zegoen nazioarteko erakundearen bandera urdin-zuridunak babestuko zituela pentsatuta; Israel bera ere da NBEko kidea. Israelgo armadaren airekoak gerturatzen eta bonba gehiago jaurtitzen ari zirela ikusirik, UNIFIL misioko soldaduak beren posizioaren berri eman zioten hegazkin israeldarrei, beren teilatupean soilik NBEko langile, soldadu eta herritar izutuak (zahar, emakume eta haurrak tartean) zeudela ohartarazteko. Egoitzan ekintzaile edota miliziano armaturik ez zegoela jakinarazi zieten israeldarrei. Alferrik. Airekoek bonbak jaurti eta jaurti segitu zuten, eta NBEren egoitza eta ospitalea bete-betean jo zituzten hainbat aldiz. 800 lagun zeuden han aterpetuta.

Bonbardaketaren emaitza: 106 hildako (batere gerrillaririk ez), 116 zauritu eta NBEren Fijiko lau soldadu larri zaurituta. Shimon Peres esan zuen: "Guk ez genekien ehunka lagun zeudela gune hartan bilduta. Guretzat ezusteko mingotsa izan zen". Israelgo armadak ukatu zuen han zibilak zeudela zekienik, baita inguruan airetik zelatatzeko aparaturik zeukanik. Haatik, UNIFIL misioko soldadu baten bideo batek argi erakutsi zuen Israelgo armadako bi helikoptero eta airetik zelatatzeko piloturik gabeko globo bat zebiltzala, irudiak eta informazioa biltzen. Lekuko gehiagok berretsi zuten hori.

Amnesty International, Human Rights Watch eta giza eskubideen aldeko beste erakunde batzuk sarraskia salatu zuten. Gauza bera egin zuten Libanoko nahiz Ekialde Hurbileko hainbat alderdi eta mugimendu politikok ere. Baina inork ez zuen Israelgo lehen ministroa auzitegietara eramaterik lortu.

Beste Nobel saridun bat, erasopean

Bien bitartean, Osloko Akordioengatik Bakearen Nobel Saria jaso zuenetako baten patua guziz bestelakoa izan zen. Ez zeukan ez estatu bat ez potentziarik ezta armadarik ere (poliziak bai) bera babestuko zuenik. Horixe gertatu zitzaion 1994tik hil arte, 2004 arte PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente izan zen Jasser Arafati. Peresekiko gauza batek ezberdintzen zuen, neurri bikoitzaren eta hipokresiaren mundu honetan oso garrantzitsua dena: palestinarra zen Arafat.

Israelen okupaziopeko zaintzapeko autonomiaren lehen urtetan Mendebaldearen eta komunikabide nagusien loreak besterik ez zituen jaso Arafatek, bereziki erresistentzia palestinarra (behiala bera izan zen honen ikur eta gidari, kritikatua bazen ere) indargabetzeko (eta batzuetan zapaltzeko) lanetan ibili zenean. Baina Osloko Akordioen porrota nabariago egiten zihoan heinean eta gatazkaren arrazoiak (deserriratzea, lurren desjabetzea, okupazio militarra...) desagertzen ez zirela ikusirik, herri palestinarraren ezinegona eta haserrea handitzen joan ziren. Eta negoziazioek porrot eginda eta Ariel Sharonek Jerusalemgo Mezkiten Zabalgunera 2000ko irailaren bukaeran egin zuen probokaziozko bisitaren ondorengo protesten kontrako errepresioaz geroztik Arafaten jarrera aldatu egin zen Tel Aviveko gobernuarekiko. Bigarren Intifada sostengatzea leporatu zioten buruzagi palestinarrari, eta hau geroz eta estuago hartzen hasi zen Israel. Terrorista izandakoa bakezale bihurtu ondoren berriz terrorista bihurtua omen zen, Tel Aviveko eta Washingtoneko agintarien begietan.

Hala, Israelgo armadak bi urte baino gehiago eduki zuen PANeko presidente eta 1994ko Bakearen Nobel sariduna setiatuta, Ramalako (Zisjordania) Mukata egoitzan. Egoitza beraren hamaika eraikin bonbardatu eta suntsitu zituen tarte horretan Israelgo armadak, eta esan daiteke hein handi batean nazioarteko arreta han zegoelako eta nazioarteko elkartasuna publikoki nahiz fisikoki (egoitzara bertara sartuz; tartean izan ziren EHNE nekazaritza sindikatuko kide Paul Nicholson eta Fermin Muguruza musikaria, Iker Perez internazionalista eta beste hainbat solidario) jaso zuelako salbatu zela lehenago hiltzetik.

Sarikideak, Peresek, ordea, ez zuen deus ere egin Arafaten setioa bukatzeko. Azkenean, modu misteriotsu bezain susmagarrian gaixotu zen buruzagi palestinarra, eta helikopteroz Paris ondoko Bercy ospitale militarrera artatzera eramateko baimena eman zuen Israelgo Gobernuak. Baina okerrera egin zuen Arafatek, eta 2004ko azaroaren 11n zendu zen.

Askoren ustez, Israelen agente batek pozoitu zuen hura, Ramalako egoitzara solidarioa balitz bezala sartu ondoren. Ikus Mishaalen ziztada eta Arafaten heriotza: http://www.berria.info/blogak/juanma/index.php?blog=39&title=mishaalen_ziztada_eta_arafaten_heriotza&more=1&c=1&tb=1&pb=1

Nongo apaletan egongo da gaur egun —suntsitua ez badago, bederik— Arafatek Oslon 1994an jasotako sari hura?

Non edukiko du berea Peresek, Israelgo presidente kargutan dela Gazaren kontrako triskantza ere sustatu duen honetan?

Erantzunak:

Bidaltzailea: Bixente Serrano Izko [Kidea]
Ederrak adibideak, Juanma, Bakearen Nobel sariak eta gerlariek elkarrekin dituzten zerikusiak adierazteko.

2001. urte amaieran, ikerketa xume bat egin nuen Nobel Bake saridunen inguruan, eta honela idatzi nuen "Bake-sariak" izeneko zutabe batean, "Egunkaria" oraindik bizirik zegoela:

"Ehun urte dela hasi ziren Bakearen Nobel sariak banatzen. Ordutik hona 107 saridun guztira, 18 aldiz saririk inori eman gabe, eta askotan Bake-itunaren bat sinatu zuten hainbat eta hainbat gerlariri emanda -lagin xume gisa: lehenbiziko hogeita hamar urteetan, % 23,5 saridun gerretan ibilitako politikariak izan ziren, hauetariko bi bertzerik ezin ditzakegula jo euren ibilerez damututzat-".

Permalink-a 2009-01-20 @ 22:27
Bidaltzailea: ororbia [Bisitaria]
Mila esker Juanma, artikuluagatik. Argigarria oso. Gabiñarena entzutea egokitu zitzaidan. Laburbilduz, EFEko "falangisten" (sic) "antisemitismoagatik" (sic, zuzendu zenion arren ez dut uste apaldu zenuenik) gaude Gazako sarraskiaren aurka. Zorte txarra, Pantokratonarekin egin behar izan zenuen borrokan.
Permalink-a 2009-01-21 @ 07:08
Bidaltzailea: ruben [Bisitaria]
animo juanma! gaitzerdi morroi horrekin ez bazinen berriro gaixotu!

portzierto oso berri onak egon dira azken aldian Israelen kontrako boikot kanpainaz: Boliviak eta Venezuelak enbaxadoreak bidali, Veoliak Suedian galdu du kontratua (tranbia egiten ari dira Israelen palestinar lur gehiago lapurtuz, koloniak komunikatzen...), Turkian israeldar saskibaloi talde baten kontrako partida ez zen jokatu jarraitzaileen protestengatik....

ea euskal herrian ere astindutxoren bat ematen diogun asuntuari... eurovisionen israelgo ordezkaria izango den Noa Donostiara dator otsailan 25 eta 26an...
Permalink-a 2009-01-22 @ 01:32
Bidaltzailea: Juanma [Kidea]
Iruñeko Euskalerria Irratian Palestinako gatazkaz bi bider (eta ez "egunero", Juanjo Gabiña tertuliakideak urtarrilaren 19an leporatu zidanez) iritzia emateko aukera izan dut asteotan, eta egun horretan Israelzale donostiarrarekin izandako polemikaren grabazioa eskuratzerik izan dut, irratikoei esker.

(ikus, polemikaz, Asier Azpilikuetaren blogean Ixo, joder! izeneko ataltxoa: http://www.berria.info/blogak/azpilikueta/index.php?blog=40&s=ixo%2C+&sentence=AND&submit=Bilaketa).

Grabazioa hemen duzue:
Euskalerria Irratian, 2009-01-19an

Euskalerria Irratia: http://www.euskalerriairratia.com


Permalink-a 2009-01-23 @ 18:00

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Urruneko Begirada

Urruneko begiradarekin eta distantziak ematen duen perspektibarekin saiatuko naiz munduko hainbat bazterretan gertatzen diren gatazkak eta arazoak lerro hauetara ekartzen. Zoom batek nola, hala gerturatzen ahaleginduko naiz puri-purian dauden auzietara, baita komunikabideen aktualitatean agertzen ez diren eta konpondu gabe segitzen duten hamaikatxo gatazketara ere. Mundua bezain zabala izango da hemen, irakurle, topatuko duzun gai sorta. Urrunekoa eta ez hain urrunekoa hurbiltzeko eta modu argigarrian azaltzeko borondatearekin abiatzen dugu ataltxo hau.

Urria 2018
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30 31        

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!