Berria.infoko blog komunitatea

Login

Kulturak

BERRIAko Kultura saila

Mezua: Murruak, zubiak, mamuak

2013-01-23

Permalink Orokorra, 641 hitz  

Murruak, zubiak, mamuak

Gorka Erostarbe

Rafael Berrio elkarrizketatzeko aukera izan nuen duela urtebete pasatxo. 1971 disko izugarriaren (Diarios kaleratu berri du, ildo berean eta maila bertsuan) ingurumariatik abiatuta hitz egin genuen. Bere ibilbideaz, besteak beste. 80ko hamarkadan Euskal Herrian sentitu zuen ezerosotasunaz eta indiferentziaz hitz egin zidan. RRVaren garaian bera eta beste zenbait ikusezin bihurtu zituztela gogoratzen zuen, amorru dexentekoz oraindik. Izan ere, 80ko hamarkada hartan, eta gerora ere bai, baita egun ere, murru handia izan da Donostia hiriburuaren eta probiantziako musika mugimendu eta korronteen artean. Ziur aski beste lurralde eta hiriburuen artean baino gehiago. Donostia irla bat izan da. Murruak nork eraiki dituen? Bi aldetakoek ziur aski. Baina uste dut, oro har, probintziakoek eta euskaraz jardun dutenek interes handiagoa izan dutela hiruburuan (gaztelaniaz ia beti) zer gertatu izan den jakiteko, irekiago jokatu dutela horretan, eta ezagutza handiagoa dutela, eta ez alderantziz.

Badago, badugu, gure kultur mundutxoan —kultur mundutxoetan— bandoak ateratzeaz gain, bandoak sortzeko beharrik, edo maniarik. Bando bando, asto eta mando… Ez gara hain desberdin. Ezta horretan ere. Gauza jakina da, etsaiak ere behar ditu inor izan nahi duen hark, eta indar handiz jardun dugu horretan. Denbora luzez. Eta dihardugu. Kulturaren lasterbideetako hainbat matraka ikustea besterik ez dago...

Murruak eraiki ditugu. Salbuespenak salbuespen (hau da salbuespenak badirela diodan azken aldia), murruak eraikitzen dira belaunaldien talketatik, murruak bizitza eta kultura ulertzeko moduetatik, murruak proposamen estetiko desberdinetan kokatzetik, murruak hizkuntza komunitate desberdineko kide izatetik, murruak murruak eraiki nahi izateagatik... Eta bai, batzuetan ezinbesteko da nork bere esparrua sinistea eta defendatzea, eta berez sortzen dira lubakiak, murruak eta tiro hotsak, eta saltsa ere ematen diote kultur festa nahiz gatazkei, kultur ospakizunari, baina batzuetan murruak eraikitzen ahalegin handiagoa egiten ote dugun zubiak eraikitzen bainoago. Tema berezia jartzen dugu murruak eraikitzen, besteengandik bereizten. Egia da zubiak eraikitzetik sortzen diren zenbait obra berri, batez ere mestizaiaren izenean egiten direnean, zubitik behera botatzeko modukoak izaten direla (obra eta norbera), baina...

Ez da zubitik behera botatzera bideratzen duena Mursego (Maite Arroitajauregi) eta Rafa Berrioren Phantasma ikus-entzunkizuna, nahiz eta gai tenebrosorik ukitzen duen eta estetika iluna duen proposamen. Duela astebetetxo eman zuten Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Bigarren aldia zen. Lehena Donostiako Seminarioan eman zuten hilabete batzuk lehenago. Beste bakar bat dute iragarrita oraingoz. Bilbon hura, otsailaren 7an, Kafe Antzokian.

Belaunaldi desberdinekoak dira Maite Arroitajauregi (Eibar, 1977) eta Rafael Berrio (Donostia, 1963). Horrenbestez, eta bestela ere, kultur eta musika tradizio desberdinean hezitakoak. 70eko amaierako eta 80ko hasierako Donostiako musika mugimenduan (after punka eta popa) Berrio. The Velvet Undergroundetik hasita, punk eta pop giroetatik igaroz, literatur klasiko espainiarrean eta chanson-ean aterpe hartu duena. Hezkuntza klasikoa jasota ere, 90etako Hondarribiko underground giroa bete-betean bizi izandakoa, eta ezin konta ahala musika inspirazio dituena Mursego. Gaztelaniaz aritzen dena Berrio. Batez ere euskaraz jarduten dena Mursego. Kokagune ez ezik gotorleku ia bakar (Madril neurri txikiagoan) Gipuzkoako hiriburua izan duena aurrenekoa. Euskal Herri osoko nahiz kanpoko hamaika areto desberdinetan aritzen dena bigarrena.

Elkarrizketa egin nion garaitsuan Rafael Berrio Kafea eta Galletak ekimenean parte hartzekotan zen. Artean Astra berria sortu gabe, Gernikako gaztetxean egiten zen artistak proposaturiko entzunaldia eta ondorengo kontzertua. “Ilusio handia” zuen, baina baita “beldur pittin bat ere”. Zergatik galdetu eta erantzun zidan sekula gaztetxe batean jo gabe zegoela, eta ez zekiela zer harrera izango zuen. Eskaini zuen emanaldi zoragarri bat, eta ondoren aitortu zidan oso gustura egon zela eta akaso gauzak aldatzen ari direla. Gauzak aldatzen dira, baina baita norbera ere. Edo norbera aldatzetik hasten dira gauzak aldatzen. Mamuak uxatu zituen Berriok.

Zerbaitek batu ditu Mursego eta Berrio. Gogo batek, motibazio batek. Eta elkarrekin sortu dute Phantasma. Zubi bat eraiki dute.

Anekdota bi. Anekdota bai; ez dakit kasualitate diren. Baga. Berriok gaztelaniaz egin zuen bere jardun guztia, bai spoken-word tankerako pieza ugarietan, baita kantuz emaniko bietan. Mursegok gaztelaniaz eta euskaraz kantatu eta errezitatu zuen. Biga. Emanaldi bera ikusten, bi aulkitako distantzia motzean Mikel Kazalis (Anestesia, Negu Gorriak, 2 Kate, Matxura ...) eta Diego Vasallo (Duncan Dhu...) zeuden. Bien tartean Joserra Senperena...

Erantzunak:

Bidaltzailea: iturri [Bisitaria] · http://eibar.org/blogak/iturri/zubimusu-ak-donostian
Hausnarketa aproposa, Gorka.

Nire izenean klik eginez gero, apunte honetatik abiatuta idatzitako lerroak irakurtzeko aukera izango duzu.

Apuntea idazten nuen bitartean, 2006an Juancar Landak eginiko "Gainsbourg gainbegiratuz" diskoaz gogoratu naiz. Jocanok euskaraz omendu nahi izan zuen maisu frantsesa eta lan horretan euskaraz zein gaztelaniaz abesten zuten musikariak gonbidatu zituen, baina guztiek euskaraz abestu zuten. Tartean zeuden Berrio bera, Diego Vasallo, La Buena Vidako Mikel Aguirre, Bassmatti, Murugarren, Luisa Etxenike, Urko Menaia...

Permalink-a 2013-01-23 @ 23:21
Bidaltzailea: Gorka Erostarbe [Bisitaria]
Oso egoki ekarria 'Gainsbourg gainbegiratuz'diskoaren aipamena Iturri.Mikel Lizarraldek ere gogorarazi digu 80etan Xabier Montoiak La Insidiarekin kolaboratu zuela zuzenean. Eskerrik asko.
Permalink-a 2013-01-23 @ 23:43

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Kulturak

Abendua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31          

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!