Berria.infoko blog komunitatea

Login

Kulturak

BERRIAko Kultura saila

2015-07-01

Permalink Orokorra, 694 hitz  

Kirola eta arte eszenikoak

ANALISIA 2015eko ekainaren 30ean argitaratua
Agus Perez

Kontua orain dela urte pare bat hasi zen loratzen. Ordura arte ezinezkoa zirudien kirol jarduerak eszenara eramateak, eta aurretiaz plazaratutako lanak bakanak eta hala-moduzkoak izan ziren: Txalo ekoizpen etxearen Bota patsa!, Eneko Balerdiren Dantzan banaka... Badirudi kirola eta arte eszenikoak txarto doazela elkarrekin eta elkarri bizkar emanda bizi direla. Izan ere, Mendebaldeko pentsamendu nagusian ondo errotuta dago gorputzaren eta arimaren arteko dikotomia, eta oinarrizko ideia hori muturreraino eramanez gero, estereotipo arriskutsuak sortu ahal dira, Mens sana in corpore sano aforismo famatuaren kontrako bidetik joanda.

Hala ere, estereotipo errazek bati daukate egiazkotik zer edo zer, eta argi dago botere ezarriak gogoz bultzatzen dituztela herriaren energia kontrolagaitzari ihesbide erraza ematen dioten kirol-ikuskizunak. Arte eszenikoak, aldiz, aspalditik daukate ideia askeen babeslekua izatearen ospea, eta batzuetan hala izan da, antzinako greziar antzerkitik gaur arte. Ez beti, ordea, eta XXI. mendearen hastapenetan gaudela tropelka ugaritu dira ezerezari eta norberaren zilborrari kantu egiten dieten lanak, batez ere dantza eta performancearen arloetan.

Baina, gauzak zer diren, betiko printzipioak urtzen ari diren eta bide berriak etengabe bilatzen ari garen mundu lausotu honetan badirudi kirolak sortzaile batzuen interesa piztu duela. Zergatik ote? Beharbada, ikusleak erakartzearren edo arlo ezezagun bat ikertzearren, baina seguruenik, kirolak presentzia ikaragarria hartu duelako gure gizartean eta arte eszenikoen betebehar nagusia aroan aroko interpretazioa delako. Arrazoiak batzuk ala besteak izan, kontua da igaro den ekain honetan kirolarekin lotutako lau proposamen ikusi ditudala. Arte motari dagokionez, dantza, antzerki edo antzerki-dantza bezala etiketatu ahal ditugu, eta bat ala bestea izan, gurean nagusi diren bi kirolei egin diete kasu.

Natalia Mongek sortutako Txapeldun lanak pilotari baten bizipenak ditu oinarritzat, eta gogoeta egiten du irabaztearen zein galtzearen ondorioez. Sorkuntza-prozesuan hiru izen berezi elkartu dira: Eneko Balerdi interprete gisa, Kepa Junkera musikan eta El pont flotant dramaturgian. Balerdik bere prestakuntza tekniko eta forma fisiko bikaina erakutsi ditu, baina El pont flotant-engandik (Valencia, Herrialde Katalanak) ez da beste munduko ekarpenik etorri. Bestetik, gehiegizko pisua eman nahi izan diete Enekoren bizipen pertsonalei, baina dantzariak ahuldade nabarmenak ditu ahotsaren modulazioan eta proiekzioan, eta horrek asko makaldu du proposamenaren balioa, kontuan izan gabe ulertezina egin zaigula Junkerak zuzenean jotzea eta beraren musika grabatua osagarri legez jartzea.

Osterantzean, Jokoz kanpo antzerki hutsa da, eta futbola hartzen du aitzakiatzat gaurko gai batzuei buruz hausnartzeko: lehiakortasuna, umeak kiroletan neurrigabe xaxatzea, norberaren porrotak ezkutatzeko nahia... Ikusten denez, gai potoloak plazaratu ditu Borobil teatroak, baina sormen kolektiboaren eraginez eta Anartz Zuazuaren zuzendaritzapean, era aberasgarrian eta umore finez tratatu dira, berez komedia zena gogoetarako abagune bihurtuta. Planteamendu horretan rol nagusia jokatu du Joseba Apaolazaren, Asier Hormazaren eta Asier Sotaren clown/antzezle senak, batez ere pertsonaien aldaketa azkarretan eta bat-bateko barne-karakterizazioetan. Bestetik, ezinbestekoak izan dira, antzezleen ibilbide ia koreografikoak, eszenografia elastiko sormentsua eta musikak soinu-efektuekin sortutako giroa.

Gipuzkoako Sortutakoak programan aukeratua izan ostean, bere bigarren pieza aurkeztu zuen Lasala konpainiak dFerian –Lauesku 22– eta ostera ere ikusi dut Bilboko Lekuz leku jaialdian. Judith Argomanizen koreografiak pilotaren gaia jorratzen du bere estilo aratz eta ederrean, eta bigarren lan honetan aurrekoaren ezaugarriak baieztatu dira, konpainiako bikote sortzaileari –Judith bera eta Jaiotz Osa– Itxasai Mediavilla gehituta eta hiruren arteko koordinazio matematikoa ezarrita. Aurrekoan bezala, mugimenduen zehaztasun ikaragarria –batez ere beso eta eskuei begira–, gorputz-lengoaia aberatsa, diziplina fisiko itzela eta estetika oso landua izan dira lan bikain honen bereizgarriak, baina esandakoaz gain, proposamenaren balio nagusia izan da pilotako keinu ezagunetatik beste eremu batera igarotzeko ahalmena, eta mugimendu zein jarrera ia mekanikoei beste esangura bat eman izana.

Azkenik, Dantzaz konpainia bete-betean sartu da futbolean Lau mila pauso lanarekin, Eibarko futbol taldearen enpresa babesleak kultur ekitaldi bat enkargatu zionetik. Josu Mujikaren koreografian hamabi jokalari agertu dira hasiera batean, agertokiko espazio mugatuan ariketa fisiko ikusgarriak egiten baloi banarekin. Lehen fase horrek futbolarien ohiko luzaketak eta prestaketak baliatu ditu, entrenamenduei zentzu koreografikoa emanez eta dantzaren eremura eramanez, eta ikuskizuna garatu ahala, ariketa dantzatuen erakustaldi oparoa eman dute Dantzaz-eko dantzari gazteek, beren teknika trebean eta maila fisiko bikainean bermatuta. Estilo askotariko soinu-banda izan da emanaldiaren gidaria, baina musika hautaketa zatikatuegiak emozioen bideratze egokia zaildu du. Dena den, Iñaki Salvadorren Lua, lua sehaska-kantaren bertsio bikainak duo erromantiko labur baterako aukera sortu du, eta koreografiak ondo erakutsi ditu kirolak dituen baliorik onenak: talde-lana, laguntasuna, eta kolektibitateak ekipoaren inguruan batzeko gaitasuna.

2015-06-14

Permalink Orokorra, 461 hitz  

3, 2, 1... eta gero zer?

ANALISIA 2015eko ekainaren 4an argitaratua
Agus Perez

Pasa den asteburuan amaitu da 3, 2, 1 jaialdiaren azken edizioa. Bitxia bada ere, iraungitze datarekin eta guzti jaio zen ekimena, AZk (Azkuna Zentroak) aterpetu dituen lanen izaera iragankorra islatu nahian akaso.

Hiru urte, hiru edizio. Eta aurtengoa, azkena. Efektu kolpe polita gu guztioi gogoratzeko arte eszenikoen, proposamen artistikoen, arte mota batzuen hauskortasuna nahitaezkoa dela edertasunaren bilaketa etengabean. Eta artistei zein ikusleoi gogorarazteko arteak bere xede nagusietariko bat lortzen duela geure baitako txoko bateraino ailegatzen denean, bertan geratuko baita emanaldiak, instalazioak, musika eta hitzak mundu fisikotik desagertzen direnean.

Forma eszeniko berrien nazioarteko topaketa hauetan makina bat proposamen ikusi dugu, batzuk eszenikoak, beste batzuk estatikoak, baina haietan guztietan nagusitu dira esperimentaziorako joera gogorra, ikusleei eskatutako izpiritu-jarrera aktiboa eta arte mota ezberdinen arteko elkarketa emankorrak. Aurten ikusitako pieza batzuk komentatuko ditugu jarraian.

Portugalgo Tânia Carvalhok 27 ossos dantza lan bikaina ekarri zuen AZko auditoriumera, eta gorriz jantzitako bikoteak teknika klasiko bikaina erakutsi zuen guztiz garaikidea den proposamen honetan. Ilunpetik noizean behin agertzen zen beltzez jantzitako izaki bat, aurpegia eta eskuak agerian zituela, eta gorriz jantzitako beste norbaitek soinu abstraktuak ateratzen zizkion jostailuzko xilofono bati, eszenako albo batetik. Hala ere, isiluneak trinkoak eta luzeak izan ziren, eta giro horretan kutsu sinboliko bezain hermetikoa hartu zuen piezak.

Osterantzean, L’Alakran euskal/suitzar kolektibo beteranoak oso proposamen hurbil eta gozoa eskaini du festibaleko hiru egunetan, Ghérasim Lucaren poema bateko hitzak gorputzeko atalekin interpretatuta Cuarto de hora de cultura metafísica lanean. Esperientzia publiko zabalarekin partekatzeko, piezarako entrenamendu saioak ere eskaini dizkiete musu truk era guztietako interesatuei, eta jarraian jendaurrean aurkeztu.

Duda barik, AZko erakusketa aretoan gertatu zen jardunaldietako ekintza nagusia, Ray Leeren soinu eta argi instalazio bikaina Rocio Molinaren dantzarekin eta Iratxe Ibarra bertsolariarekin konbinatu zenean. Molinak bere nagusitasuna erakutsi zuen Leeren tramankulu birakarien artean, flamenkotik eratorritako dantza eta sirena hotsak Ibarraren hitz eta doinuekin nahasten zirelarik. Molinak gorputzaren adierazkortasunean jarri zuen kemen guztia eta Ibarrak hitzen esangura soiletik atera zuen indarra, bertsolarien jarrera estatikoa kontrastean jarriz dantzarekin eta makinen bira etengabeekin. Elkarketa aberasgarria izan zen, benetan, eta ikusleek txalo luzeekin eskertu zuten proposamena.

Azkenik, L’effet de Serge ikusi genuen, Philippe Quesne frantziarraren eskutik. Artistak ederto kudeatzen ditu soiltasunean oinarritutako hainbat lengoaia eszeniko, eta antzerkiaren barruko antzerki emanaldi dibertigarri bat eskaini zigun, zintzotasun pertsonala zeriola eta tempo ikaragarri geldoan murgilduta. Performancetik hurbil dabilen lan honetan oso sormentsua izan zen elementu eszenikoen erabilera, eta aipatzekoa da bospasei antzezle ez profesionalek ere parte hartu zutela emanaldiaren garapenean.

Eta orain, zer? Horixe da geroko galdera nagusia. Bukatu da 3, 2, 1 jaialdia, baina harengandik jaiotako proiektuek eta giroa aurrera jarraituko dute. Adibidez Amphytrion delako ekimenarekin –aurten bertoko Horman Poster kolektiboak eta Italiako Teatro Sotterraneok beren esperientziak trukatu dituzte– edota jaialdiak bere markarekin hirian zehar bultzatu ditzakeen beste proiektu batzuekin, Zorrozaurreko gazteena bezalakoa. Hazia, behintzat, ereinda dago.

2015-03-30

Permalink Orokorra, 494 hitz  

Translatines gogoan

IRITZIA
Agus Perez (2015eko martxoaren 27an argitaratua)

Jean-Marie Broucareti egindako elkarrizketaren bidez (Ainhoa Sarasola, BERRIA, 2015/03/15) jakin dugu Translatines festibala ez dela ez udazken honetan ez hurrengoetan errepikatuko. Era horretan zabaldu da bertan behera geratuko dela hiru hamarkada baino gehiago zeukan ekimena, Baionako udal gobernu berriak ez duelako aurrerantzean diruz lagunduko.

Aurrera jarraitu baino lehen, esan dezadan ni behintzat minduta nagoela erabaki ulergaitz horrekin. Bistan denez, ez naiz Lapurdiko hiriburuan erroldatua, baina Euskal Herriko herritar eta munduko herritar bezala antzematen dut garrantzi handiko zerbait galdu dugula, munduari begirako leiho bat hertsi zaigula eta Europara Euskal Herritik sartzeko atea blokeatu zaiela Latinoamerikako antzerki militanteari, pentsamolde desberdinei, kultura minorizatuei. Argi dago bai Baionako hiria bai Angelu eta Miarritze aurkituko direla urteroko aukera honen faltan.

Broucaretek elkarrizketan zioenez, «ez dute ongi neurtu publikoarentzat jaialdiak duen garrantzia». Eta nik gehituko nuke ez dutela ondo neurtu hiriarentzat eta, neurri txikiago batean BAM osoarentzat duena. Alde horretatik, gogora dezagun festibala Baionako hainbat leku baliatzen dituela –Hiriko antzokia, Euskal museoa, Mediateka, Atalante zinema, Lauga aretoa...– eta baita ere Miarritzeko Découvertes eta Colisée antzokiak, Angeluko Liburutegia eta Baroja karpa besteak beste. Jardunaldien gune nagusia Baionako Elkarteen Etxea dago, eta benetan ikustekoa da bertako ekitaldietan biltzen den jendetza eta sortzen den giroa.

Izan ere, Translatines jardunaldietan ez dira bakarrik antzerki emanaldiak programatzen, eta haiekin batera ugariak dira festibalak antolatzen dituen jarduera osagarriak, hala nola kontzertuak, topaketak zuzendari eta egileekin, irakurketa dramatizatuak, aperitifa kritikoak eta liburu aurkezpenak, ikasleekin egindako lana ahantzi gabe, noski. Neure begiekin ikusi dut jarduera horiek guztiek arrakasta itzela dutela, eta behin baino gehiagotan geratu naiz kanpoan –eta ez naiz bakarra izan–, lokalak goraino beteta zeudelako adin guztietako zaletuekin. Zein beste ekimen edo proiektuk erakutsi ahalko du horrelako gaitasunik?

Diruz lagundua da festibala, ez bakarrik Baionako Herriko Etxearen aldetik, baina bai nagusiki. Ez ote da, bada, beraren betebeharra funtzionamendu miresgarriz, antolatzaileen entusiasmoz eta onarpen zabalaz bizi den proiektuari babesa ematea? Esango dute orain Culture-Sport delako gauza bat antolatu nahi dutela. Nork antolatu, ordea? Herriko Etxeak antolatu? Zerbitzu-enpresa buruargiren batek? Eta, bide horretatik hasita, zergatik ez proposatu Astronomie-Cuisine edota Opéra-Équitation kontzeptu ezin berriagoak?

Urrun geratzen dira 2011n jardunean zegoen Kultur zinegotziaren hitzak: Baionako udalak bere areto nagusian artistei egin zien harrera, eta niretzat pozgarria izan zen berari entzutea zinezko ohorea zela Ñi Pu Tremen antzezlaneko emakume maputxeak gurera etorri izana. Arlo pertsonalean ere, bihotzean gordetzen dut beraiekin mapudungun eta euskarazko esaldiak trukatu eta kultura kontuak konpartitu izanaren pribilegioa. Lan teluriko haren paraleloan Emabide izeneko euskarazko antzezlan dokumentala sortu zen –Donostian ere eman zen gero– Iparraldeko bederatzi emakumeren bizipenekin osatua, eta beste lan batzuk ere etorri dira Donostiara, gure hirien arteko sarea gehiago ehunduz.

Denok izan gara hasiberriak, eta asko ikasi behar dugu akatsetatik. Helduak garenean eta ardura publikoak ditugunean, ordea, zuhurragoak izan beharra dugu eta bat-bateko burutazio estralurtarrak tiraderan gorde. Kontrako bideak Munduko Auzapez Onenaren titulua eskuratzera darama, Bilboko alkateari gertatu zitzaion bezala. Bera pozik geratuko zen, baina Bilbon jaio eta bizi garenok ez genion inoiz domina hura eman.

2014-12-15

Permalink Orokorra, 511 hitz  

Szenatokiaren maratoia

ANALISIA 2014ko abenaduaren 10ean argitaratua
Agus Perez

Durangokoa ezinezko maratoia izaten da azokak hartu dituen gune guztiak bisitatu nahi izanez gero. Aurten behintzat, muga zorrotzagoak jarri dizkiot neure buru berez mugatuari eta, Szenatokia gunean EHAZEk antolaturiko antzerki maratoia besterik ez dut ikusi, alboan utzita gune berean izandako beste ekitaldi interesgarriak: Kafie eta berba delakoa, non arte eszenikoen zenbait lan berriren notizia eman den, Argizaiola saria Anuntxi Aranari emateko ekitaldia, Organik konpainiaren Txapeldun lanaren estreinaldia...

Zalantzarik gabe, Szenatokia beharrezkoa da, garai bateko «liburu eta disko» kontzeptu hertsitik gure kulturaren erakustaldi zabalago batera igarotzekotan, eta antzerki maratoia ekimen aproposa da Durangora hurbiltzen direnek euskal antzerkiaren berri eduki dezaten. Jardunaldiaren formatua hauxe da: San Agustin kultur guneko eszenatokian zortzi antzezlan zati ematen dira jarraian, lau goizean eta beste lau arratsaldean, haietariko bakoitzaren gehienezko iraupena ordu erdikoa izanik.

Emanaldien arteko tarteetan ikusleek mokadu bat hartzeko aukera dute, ikusitakoa beren artean edo antzezlariekin komentatuz. Ekimen polita, beraz, are gehiago kontuan izanda urterik urte publikoaren harrera hobetzen doala, eta ikusle gero eta trebatuagoak datozela, neure balorapen pertsonalean bederen. Ordea, ez zait oso egokia iruditzen antzezlan laburtuak edo jatorrizko lan bateko zatiak eskaintzea, badirudielako antzerki aspergarriaren ideia indartzen dugula, esango bagenu bezala: «antzezlan osoa luzeegia izango zenez, eman dezagun zatitxo bat bakarrik, ea inork ez duen aretotik ihes egiten».

Bestetik, programazioaren ildoa da hobetzeko moduan dugun beste kontu bat, orain arte zaku berean sartu baitira antzezlan bikainak eta makalak, talde amateurrak eta konpainia profesional ezagunak, nahiz eta horrek askotan zerikusi zuzenik ez izan proposamenen kalitatearekin.

Maratoiko lanik onenak aipatzearren, Garazi Lopez de Armentiak –Parasite kolektiboa– Jadanik hilda lan enigmatikoa aurkeztu du Hannah Frances Welhane-ren zuzendaritzapean, haurtzaroko bizipenei sakontasun nabarmena emanez eta ganora handiz konbinatuz bere presentzia eszenikoa, mugimendu kalitatea eta alderdi eszenikoak. Eta beste lan aipagarri bat Atx teatroaren Arren ganbara eta emeen sotoa izan da: Iñaki Ziarrustak sortutako taldeak kalitate handiko testu bat ekarri du eszenara, Szenatokirako propio egindako egokitzapen batean, eta muturreko sexu banaketaren gaineko parabola bat eratu du esperpentozko pertsonaia artegagarriak baliatuta.

Tarteka-marteka, beste lan batzuen txanda izan da –Ixabel Agirresarobe Emakumeak protagonista-rekin, R. M. Azkue eta T. Martinez de Lezearen ipuinak kontatuz, Labanaro taldearen Haro modernoak eta Taupada taldearen Erotik–, eta eguneko azken hirurak aurretiaz ezagutzen nituen: Aldatzen laguntzen kolektiboaren Amets zirkoa salgai Altsasuko karpa handi bateko baldintza txarretan ikusi nuen uda partean, eta, alde batzuetatik findu behar den arren, esan beharra dago askoz hobea dela aretoan emanda, eta lan gozagarria izan daitekeela bere umore absurduan eta logika surrealistan sartuz gero.

Maratoiko azken emanaldi biak ezagunak nituenez, Loreak filma ikusteko ilaran jarri naiz, baina Irudieneko aretoan sartu ezinean geratu naiz, beste asko bezala. Hala ere, urteotan Denboraren korapiloak izeneko antzezlana bizpahiru aldiz ikusi ostean garbi esan dezaket ezin hobeto elkartzen dituela Stanislaw Lem-en zientzia fikzio umoretsua eta Mikel Martinezen dohainak. Ostera, Joseba Usabiagaren Oroitzapenak ez dut berriro ikusi nahi izan, dramaturgia eta antzezpen eskasekoa izateaz gain, bere buruaren gaineko promozio hutsa delako, ageriko matxismo lotsagabean bilduta. Hortaz, eta Loreak beste baterako utzita, azokako jendetzan murgildu eta EKEk paratutako standean bukatu dut eguna, Iparraldeko laborariek ekoitzitako jaki bikainak dastatuz eta bertako jendearekin belarriak gozatuz.

2014-07-02

Permalink Orokorra, 467 hitz  

Lekuz lekuren X. urtemugan

ANALISIA
Agus Perez

2014ko uztailaren 1ean argitaratua

Aurtengo edizioarekin bete da Lekuz leku jaialdiaren X. urtemuga. La Fundicion areto historikoaren ekimenez jaio zen jaialdia, eta udako lehen egunak baliatuta, kaleko ikusleek aukera polita dute dantza pieza labur batzuk ikusteko.

Jaialdiak hasieratik hartu zuen Guggenheim museotik Euskalduna jauregira doan itsasadarraren alboko eremua. Garai bateko bilbotarrok Ingelesen zelaia deitzen genion leku horri, baina Bilbo berrituaren ikurrari Abandoibarra esaten diote orain eta, bere neutraltasun estetikoa gorabehera, bazter berezi batzuk eskaintzen ditu dantza emanaldiak aurkezteko.

Egun bakoitzeko ekitaldiaren egitura apala bezain eraginkorra da: emanaldiak kokapen estrategikoetan gertatzen dira –Guggenheimen kanpoaldean, Deustuko zubiaren azpian, egurrezko kai artifizialean, Garrazaren kikara handietan...– eta globo altu batek gidatzen ditu ikusleak batetik bestera. Eszenaren inguruko moketa luzeek esertzera gonbidatzen gaituzte, eta gainontzeko guztia artisten eta publikoaren esku dago. Ez dakit nik zergatik, baina aurten bereziki adeitsua iruditu zait ikusleria, kale jaialdi askotan gertatu ohi diren gehiegikerietatik urrun –telefonoak, umeak beren kasa, zigarretak...–, eta jarrera hori eskertzeko modukoa da, doan ematen diren gauzetan ez baita beti erraza artisten lanarekiko errespetuzko jarrerak nagusitzea.

Aurtengo programazioak bi egun hartu ditu, eta Euskal Herrikoak izan dira konpainia gehienak. Besteak Espainiatik, Herrialde katalanetatik eta Mexikotik etorri dira, eta lanen erabateko kalitatea dudaz kanpo egon da kasu gehienetan. Lehen arratsean ikusitakoen artean Daniel Doña madrildarraren lan hipnotikoak bete-betean harrapatu gintuen bere estetika maskulinista gogor eta zehatzean, eta Cristian Martinekin dantzaturiko piezan agerian geratu zen menderatzaileen indar erakustaldiek menderatuengan duten eragina.

Jarraian etorritako Lasala konpainiak (Euskal Herria) Donostiako Gazteszenan orain gutxi estreinatutako Hooked bikainaren bertsio laburtua eman zuen Guggenheimeko urmaelaren alboan, uretan eta zoriz pizten diren gasezko sugarren zarata itzelari aurre eginez. Horrek asko apaldu zuen piezaren benetako balioa, eta argi dago kokapen hori baztertu egin beharko dela datozen edizioetarako. Hala ere, zalantzarik gabe, Kukairen Gelajauziak heldu zen gailurrera. Cesc Gelabert handiarekin sortutako koreografia merezi duen bezala komentatuko dugu osorik ikusten dudanean, baina bitartean jakin dezagun euskal dantzaren berrasmatze bikaina egin dutela bai koreografoak bai dantzariek, eta ikusleek entusiasmoz txalotu zutela ekitaldi barruko etenaldi txikietan.

Hurrengo arratsaldea euritan hasi zen, eta emanaldi guztiak Deustuko zubiaren azpialdera eraman zituzten, dantzarien atzealde ederra zubiko oinarri sendoak eta bertako makineria erraldoiak osatzen zutela. Lehen emanaldi biak Euskal Herriko Organik eta Cielo Raso konpainiarenak izan ziren, eta prestakuntza fisiko harrigarria erakutsi zuten bietako dantzariek, batean aharien arteko borroken aitzakiaz eta bestean Igor Calongeren unibertso pertsonala irudikatuz. Bigarren eguneko izarra Bartzelonatik etorritako Lali Ayguade eta Nicolas Ricchini izan ziren: Incognito pieza aurkeztu zuten, eta bien artean dantza erakustaldi gaindiezina eman zuten, giza burmuinaren misterioak eta bertako emozioak gorputz malgutasunaren eta itzelezko energiaren bidez adieraziz.

Azkenik, aurtengo berrikuntza izan da egun bietako jarduna La Fundicionen bertan eta jai giroan amaitzea, horrela ahalbidetuz artisten eta ikusleen arteko komunikazioa. Horrek nabarmendu egin du Deustuko aretoaren rol ezinbestekoa, baina, beste ezeren gainetik, distira berezia eman dio hamar urte bete dituen jaialdiari.

:: Hurrengo orrialdea >>

Kulturak

| Hurrengoak >

Apirila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30          

Bilaketa

Atalak


Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!