Berria.infoko blog komunitatea

Login

Ahurrean

Laura Mintegi

Mezua: Bloga talaia da

2006-05-10

Permalink guztiak, orokorra, 309 hitz  

Bloga talaia da

Talaia da bloga, altuera, zeinek egileari garaiago eta ozenago mintzatzeko aukera ematen dion. Egunkariko zutabearekin alderatuta blogaren bertutea da irakurlea ere igo daitekeela talaiara egilearekin batera eta, biak han egonik, elkarren artean zein gainontzeko irakurleekin ere egin dezakete solas, eta lekua egin hirugarren egile bati, haiekin batera mintza dadin nahi izanez gero, edo laugarren bati, edozeini; bertara igo nahi duen orori alegia. Horra hor blogaren handitasuna: giltzarik gabeko atea dela, eta areto zabala eta mugagabea eskaintzen duela, jarleku anitzekoa.

Talaia honetatik zer ikusiko dugun ez dago esaterik aldez aurretik, baina zeri begiratuko diogun bai esan genezake: politikari, kulturgintzari eta giza harremanei, txirikorda beraren hiru harizuntzak. Hiru arloak dira zein baino zein kilikagarriagoa, batez ere arestian sortu diren garaiotan. Politikan surik egongo ez dena jakiteak eragin dezake (eragin beharko luke) bai kulturgintzan baita elkarren arteko harremanetan ere, ke arteko egunek eragin zuten bezain beste gutxienez.

Sortzaileek egunerokotasunarekin egiten zuten topo idazteko unean. Hari eustea gogorregia zenean ihesbideak jorratu zituzten, amildegiaren alde batean edo bestean kokatu nahi ezean. Honela, iraganera, haurtzarora edo geografia imaginariora jotzen zuten, zeren aintzinean, edo umetan, edo ezleku batean gatazka politikorik ez baitago, eta erosoago mugi zitezkeen bertan, Arkadia faltan.

Kulturgintzan bezalaxe elkarbizitzan ere Damoklesen ezpata fisikoki nozitu izan dugu luze, areago lazo urdinaren garai tamalgarrian. Den-denok jakin izan dugu hainbat gauza isildu beharrekoak zirela, inguruko kide askotxok jasaten ari ziren egoera lazgarria pairatu nahi ez bagenuen. Txarrena da aurreko esaldi honek berdin-berdin esan zezaketela ideologikoki antipodetan kokatzen zirenek ere. Aldea da batzuek esan zezaketela, horren aldarri nonahi egin, jendaurrean, bozgoragailuetatik, eta beste hainbatek isiltasunean eraman behar zuten ezpataren zama. Oraindik orain.

Genioen bezala bloga, beraz, talaia da. Ikusmiran zer azalduko zaigun esaterik ez badugu ere, badago zehaztea non dagoen kokatuta gure talaia: euskaraz mintzo den nonbait; generoaren begietatik begiratzera saiatzen da; hiriaren argilunak ditu aurrez aurre; eta politikari zein gizarte gaiei so egiten die, arreta bereziaz.

Erantzunak:

Bidaltzailea: Iñigo [Bisitaria]
"Gustora hartuko nuke kafe bat emakume honekin".

Horixe lerro batetik bestera doan segundo luze horietako batean, behin baino gehiagotan burutik pasa zaidana. Nikaraguako hospital batetik Gernikako lokal bateraino, norberarenak diruditen barrenetatik barna, hurbiltasun beroa nagusi.

Eta hara non agertzen zaigun, itxura batean hotza eta urruna dirudien teknologia, tabernari jatorraren lanetan aritzeko prest!

Dirudienez arrazoia dute diotenek teknologiari erabilerak ematen diola izaera.

Kaixo Laura, ebakia?
Permalink-a 2006-05-11 @ 12:22
Bidaltzailea: Amelie [Bisitaria] · http://www.blogari.net/azkenportu
Hemen ere irakurriko zaitugu aurrerantzean. Ongietorria, bada. Besarkada handi bat trenbidearen beste aldeko Azken Portutik.
Permalink-a 2006-05-11 @ 12:42
Bidaltzailea: Laura Mintegi [Kidea]
Iñigo, Amelie

aitortu behar dizuet aurreko egunetan kilikiak sabelean eta burua zorabiatuta ibili naizela blogari nola heldu asmatu ezinean.

Eskertzen dizuet harrera gozoa. Bioi.

Iñigo, nik kafesnea.
Permalink-a 2006-05-11 @ 19:02
Bidaltzailea: Eider Illarramendi [Bisitaria]
Kafe bat, edo afari osoa! Zure liburuak irakurtzea gozada bat da; Sautrelako azken elkarrizketa ere bai; eta orain hemen! Nik behintzat gustora irakurriko ditut zure hatzamar puntetatik irtengi direnak.
Permalink-a 2006-05-11 @ 20:08

Erantzun:

Zure eposta ez da orrialdean erakutsiko.
Zure URL-a erakutsiko da.
Onartutako XHTML etiketak: <p, ul, ol, li, dl, dt, dd, address, blockquote, ins, del, a, span, bdo, br, em, strong, dfn, code, samp, kdb, var, cite, abbr, acronym, q, sub, sup, tt, i, b, big, small>
URLs, email, AIM and ICQs will be converted automatically.
Aukerak:
 
(Lerro saltoak <br /> bihurtzen dira)
(Izena, eposta & url-arentzako cookiak finkatu)
authimage
Erantzuna bidaltzeko idatz ezazu goiko eremuan egiaztapen kodea; goiko aldean ageri den zenbakia, alegia. OHARRA: Zure erantzuna onartzen ez bada, orrialdea berriro kargatu eta kode berria sortu beharko duzu erantzuna bidali aurretik!

Ahurrean

Blog honetan hiru gai azalduko dira bereziki: politika –herritar xume baten begietatik–, kulturgintza –nobelak egiten dituen idazlearen eskutik– eta giza harremanak –aurreko bi gaiekin zerikusi handia dutelako ustetik abiaturik–. Bloga zein portutatik abiatuko garen badakigu jakin. Itsasoak zein hondartzatara eramango gaituen ezin dugu igarri.

Abuztua 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
      1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31  

Bilaketa

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!