Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

2015-06-19

Permalink Politika, Kazetaritza, 119 hitz  

Brunete

Panorama politikoaren aurpegia asko aldatu da Estatu osoan. Orain gutxi arte nahiko ezezagunak genituen izen asko iritsi da bizitza politikoaren lehen planora, eta beti hor egongo zirela uste genituen beste asko irentsiko du. Funtzio politikoaren probisionaltsunak eta iraungipen-datak kalterik ez zerbitzu gisa ulertutako herrigintza eta politikari. Baina aurpegien aldaketa handiak ezkutatzen du sakoneko mugimendurik? Panorama aldatu dela dirudi, baina gotorleku mediatiko pitza ezinaren monopolioan aldaketarik izan ez bada, hobe tentuz. Hala ere, begi-bistakoa da errealitate mediatiko berriek izan duten protagonismoa panorama politikoaren aldaketan, eta hedabideetan ere fisionomia berria sendotuko balitz, hori baino ez, iraultza ez hain txiki baten aurrean geundeke: euskaldunoi dagokigunez, aski da begiratzea Arzalluzek Brunete mediatiko gisa bataiatu zuenak daukan eraginari gure eguneroko bizitzaren detaile txikienetan ere.

Lanean

Bidaiatu, bidaiatzen du, udako oporretan eta aste santukoetan bederen bai. Europako hiri entzutetsuenak ezagutzen ditu, munduko bazter ezohiko exotiko batzuetan egona da. Baina, adinean aurrera, gero eta nagi handiagoa eragiten dio oporrak antolatzen hasteak, nora joango diren erabaki arteko labirintoak, Googlen sartu eta hogei bat eguneko ibilaldia planifikatzeak, ordenagailu aurrean hegaldi eta ostatu merke eta egokiak kontratatzen pasatutako betazal-erretze gautiarrak, hautatutako lekuen eta ibileren araberako arropen eta trepeten prestaketak, motxilen eta bidaiarako pusken antolamenduak… Zenbat lan bidaia hasterako! Estreinako opor eguna baino askoz ere lehenagotik nekatu du zer datorkien imajinatze hutsak. Bidaiarako erretserbatu dituen hiruzpalau liburuak ditu kontsolamendu, tartean Bruce Chatwin idazle eta bidaiariarena. Laster irakurriko dio ingelesezko Travel (bidaiatu) eta Travail/Trabajo (lana) erro beretik datozela.

Permalink Politika, Gizartea, Kultura, 125 hitz  

Elurrarena

Benetako nafarrak UPNkoak izaki, berek ordezkatzen dutena da Nafarroa, huraxe baino ez. Badago alderik Uxue Barcosek atzoko El País egunkariari esan zionarekin: “Ni abertzale izateak ez du esan nahi Nafarroa hala denik”. Ebidentzia hutsa da Barcosen adierazpena, eta nola liteke ebidentzia huts batek gure arreta piztea? Ebidentzia hutsa ukatzen dutenen arma nagusiak, propagandak, mendeak daramatzalako elurra ez dela zuria, eta izatez ez dela elurra ere esaten, horixe. Baina Barcosen esaldiaren atzean ez dago Nafarroa anitz begibistako baten onarpen bat soilik. Badago alde psikologiko kolektibo bat ere: historikoki baztertua izan denak, behin eta berriro umiliatua izan denak kontatu beharra dauka elurra ez dela matxakatu dutenek esaten duten bezalakoa, eta elurraren nolakoa argitzen ibili behar izaten du, argibideak ematen, ebidentziak argitzen. Defentsiban, azken finean. Elurraren defentsan.

2015-06-14

Permalink Euskara, Gizartea, Kultura, 114 hitz  

Enbaxadore

Baserritik auzora, auzotik herrira, herritik hirira, hiritik estranjeriara, estranjerian itsasontzi bat hartu eta Ameriketara, zertarako?, eta han baserriaren nostalgiarekin hiltzeko. Formulak garai bateko euskal jende askoren mundualdia laburbiltzen du, kanta ezagunaren eskutik: “urruti nere menditik joan nintzen dirutu nahirik […] gelditu nintzen tristerik, bake santua galdurik. Gure kantetan oilarruraren nostalgia da nagusi”. Izango zen, ordea, nostalgietarako astirik izan ez zuenik. Baita nostalgiari uko kontzientea egin zionik ere, oilarrurari behin betiko aio esanez. Deitura ezagun asko eta hemen aspaldi galdutako beste hainbat arrasto biziak dira historia anonimo edo ez hain anonimoenak, batzuk tragikoak, kriminalak, genozidak, baina beste asko apalak, hunkigarriak, trantze txarrenetan duintasunari eusten jakin zutenenak. José Mujika Uruguayko buruzagia bisitan etorri berria dugu azkenen enbaxadore.

Kearen teoria

Erregeak titulua kendu dio, Cristina ez da Parmako dukesa izango. Argi gelditu da —propaganda mediatikoaren foko potenteenen argitan— bere aitak esan bai baina betetzen ez zuena eta semeak esaten ibili gabe bete nahi omen duena: justizia denontzat berdina da. Txaloak eta biba. Baina Cristinaren posizio dinastikoak —“Maria Cristina nos quiere gobernar!”, entzuten genuen umetan— bere horretan segitzen du: seigarren. Cristinaren aurreko bostek uko egingo baliote edo hilko balira, zer?

Teoria batek nauka entretenituta: nebak arrebari titulua kendu izana, itxuraz hain modu drastikoan, kea da, ke beltz sarria, eta keak ezkutatzen duena, Cristinak bere eskubide dinastikoari uko egiteagatik jasoko duen txin-txina, auskalo zein paradisutan ordainduko diotena, printzesak eta esku-baloitik esku-arrantzara pasatu zen bere senarrak eperrak janez bizi dezaten hemen geratzen zaien bizia, eta bestean izan dezaten atseden, amen.

<< Aurreko orrialdea :: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

< Aurrekoak | Hurrengoak >

Apirila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
1 2 3 4 5 6 7
8 9 10 11 12 13 14
15 16 17 18 19 20 21
22 23 24 25 26 27 28
29 30          

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!