Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Atala: Kultura

2015-06-23

Permalink Gizartea, Kultura, 127 hitz  

Tratua

Swift-ek, ez Taylor kantariak Jonathan idazleak baizik, zioen: “gizakiak buruan eduki behar du dirua, ez bihotzean”. Bizitzeko dirua behar denez, on da buruak gobernatzea gure egintzak, diru gehiegiak ez gaitzan gal, diru faltak ez gaitzan ito. Bihotza (na)hasten bada diru kontuetan, sentimendu eskuzabalenak zekentzen dira eta zekenenak aberasten.

Swift-en burua mintzatu da, ez Johathan idazlearena Taylor kantariarena baizik, uko eginez bere azkeneko diska Apple Music plataforman gratis egoteari. “Dohainik emango dizuet, baldin zuen IPhoneak dohainik banatzen badituzue”. Segidan, kantariaren bihotzak hartu dio hitza buruari: “Ezin dut ulertu beti progresista eta eskuzabala izan den enpresa batek ez ordaintzea sortzaileei. Diodana diot Applek egin duen guztiak eragiten didan maitasun, errespetu eta miresmenez”.

“Nirea nire, hirea bione!” formulak eskuzabala ematen du “nirea nire, baita hirea ere!” nagusitzen hasi zenetik.

2015-06-19

Haizeak eramana

Atzo arte, kaka ere zikinduko luketen zirin baldarrak ahoz obratzen genituen, konpainia ez agian oso noblean baina bai seguruan. Baldarkeriok inon idaztekotan, pareten bateko pintada anonimoan. Baina sare sozialetako konpai arteko giroak konfidantza eman zigunetik idatzizko jardunean, ai!, klasikoen abisua ahaztu genuen: scripta manent, verba volant (idatziak gelditu egiten dira [memorian], hitzek hegan egiten dute). Zapata Madrileko zinegotziak larrutik ikasiko ahal zuen.
A
hozkoa haizeak eramaten du. Hasiera batean, ordea, latinezko ditxo ezagunak justu kontrakoa esan nahi omen zuen: hitzek hegan egiten dute, alegia, zabaldu egiten dira eta denon belarrietara iristen; idatziak, aldiz, tinko gelditzen dira lapa batzuen gisa liburuetan. Baina sare sozialek irauli egin dutenez bai klasikoek esaldiari hasieran ematen omen zioten adiera eta baita gaur ematen dioguna ere, hobe dugu scripta volant, verba manent esaten hastea.

Permalink Politika, Gizartea, Kultura, 125 hitz  

Elurrarena

Benetako nafarrak UPNkoak izaki, berek ordezkatzen dutena da Nafarroa, huraxe baino ez. Badago alderik Uxue Barcosek atzoko El País egunkariari esan zionarekin: “Ni abertzale izateak ez du esan nahi Nafarroa hala denik”. Ebidentzia hutsa da Barcosen adierazpena, eta nola liteke ebidentzia huts batek gure arreta piztea? Ebidentzia hutsa ukatzen dutenen arma nagusiak, propagandak, mendeak daramatzalako elurra ez dela zuria, eta izatez ez dela elurra ere esaten, horixe. Baina Barcosen esaldiaren atzean ez dago Nafarroa anitz begibistako baten onarpen bat soilik. Badago alde psikologiko kolektibo bat ere: historikoki baztertua izan denak, behin eta berriro umiliatua izan denak kontatu beharra dauka elurra ez dela matxakatu dutenek esaten duten bezalakoa, eta elurraren nolakoa argitzen ibili behar izaten du, argibideak ematen, ebidentziak argitzen. Defentsiban, azken finean. Elurraren defentsan.

2015-06-14

Permalink Euskara, Gizartea, Kultura, 114 hitz  

Enbaxadore

Baserritik auzora, auzotik herrira, herritik hirira, hiritik estranjeriara, estranjerian itsasontzi bat hartu eta Ameriketara, zertarako?, eta han baserriaren nostalgiarekin hiltzeko. Formulak garai bateko euskal jende askoren mundualdia laburbiltzen du, kanta ezagunaren eskutik: “urruti nere menditik joan nintzen dirutu nahirik […] gelditu nintzen tristerik, bake santua galdurik. Gure kantetan oilarruraren nostalgia da nagusi”. Izango zen, ordea, nostalgietarako astirik izan ez zuenik. Baita nostalgiari uko kontzientea egin zionik ere, oilarrurari behin betiko aio esanez. Deitura ezagun asko eta hemen aspaldi galdutako beste hainbat arrasto biziak dira historia anonimo edo ez hain anonimoenak, batzuk tragikoak, kriminalak, genozidak, baina beste asko apalak, hunkigarriak, trantze txarrenetan duintasunari eusten jakin zutenenak. José Mujika Uruguayko buruzagia bisitan etorri berria dugu azkenen enbaxadore.

2015-06-11

Permalink Gizartea, Kultura, 124 hitz  

Harremana

Harremana etxe bat bezalakoa da: bizi egin behar dira bata zein bestea. Etxean bizi, etxea bera bizi. Harremanarekin ere kontu bera. Harremanean bizi, harremana habitatu, okupatu, antolatu, altzariz eta apaingarriez jantzi, ordenatu, zaindu, bien artean adostatutako estilo bat eman, nire edo zure etxea izatetik gure etxea izatera heldu.

Pixkana, ordea, aise gerta daiteke harremana bizigaitz bihurtzea, zailtasun handiak izatea harremana okupatu, jantzi eta zaintzen segitzeko, berdin dio bizitza pertsonalean zein profesionalean den, berdin dio lagun artean edo politikan den. Eta egunen batean harremana bukatzen da, eta harremanarekin, etxea. Ordu arteko babes espiritual eta psikologikoa. Ordu arteko harremanak eraikitako etxebizitzarik gabe eta bizitzatik kanpo geratzen da etorkizuna.

Harremana bizi, harremanean bizi. Ez, ez da batere erraza. Batez ere, etxea bezala, harremana ere hipotekatuta baldin badago.

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!