Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Atala: Letrak sare-kantoitik

2015-04-19

Erremerreok eta Errodrigotxo

Errepuñetak arraio! Erreak erraz errateko erremerreon Ro-dri-go Ra-to erreferentea, erreak eztarrian trabatzerainoko larrialdia erraztera etorritako Errodrigotxo miresgarria, popularren errezelo koldarren preso! Aznarrek jarritakoa, horratx espainiar urretsuenen renta per rapitak eurrez biderkatutako errenteroa; horratx herritar arrunten errentak, errenton erredituak, erredituon apurrak, apurron purra-purrak erregulatzeko errekadua zorrotz errematatutakoa; horratx ordea Aznarren errelebo ederrari purrut! errandakoa, mundutarren altxorreko urre-simaurrak erratzaz larre propiora garraiatzeko.

Errepuñetak, arren, errekoñotan, barren: erremerreon erreguz, errukitu Errodrigotxorekin, errefusatu eztarriak urratu beharrean erre, erre! derraten erretxinak. Halaber, euskotarron erranek eurrez baitakartzate erreak berben aurrekaldean, eurrez berben erdi-ertz-muturretan, erremerreok Rodrigo Rato txiker erraldoiari gorazarre!

2015-04-10

Hil arte bizi

Aspaldi ikusi gabeko ezagun batekin topo. Bere bizitzaz galdetu diozu, kortesia hutsez galdetu ere eta ez jakin-min filosofikoarengatik. Filosofiko existentziala izan da, ordea, jaso duzun erantzuna. Eta etsipenezkoa. Hil arte bizi. Eta zuk “hil arte bizi” entzun badiozu ere, ez zinen harrituko kolore etsi berdintsuko besteren bat entzun izan bazenio ere: hementxe, betiko martxan; zer esango dizut nik…; iraun; existiu; bizi, zer egingo dugu besterik… Etsipenezkoak izaten dira erantzun gehienak, eta oso urruti daude Basarri bertsolariak sarritan baliatzen zuen “hobeto kalte!” formula optimistatik.

Eta pentsatu duzu geure buruari galdetu beharko geniokeela gure bizitzaz. Zer moduz nagoen hemen, bizitzea egokitu zaidan historia-sasoi honetan, lanean edo lanaren gabezian, munduari begiratzeko nire begiradan eta munduan egoteko nire jarreran, hil arte bizi behar honetako aukeren abaniko zabalean.

OHARRAK (Post scriptum)

Leire Narbaizak Twitterren: "Eibartak batek "Hobeto nahi be ez!" esaten zuen! Alde nabarmena!"

2015-04-09

Orobide

Oroko Santutegitik behera gindoazela, Orobide kalea errotulua ikusi genuen Zuia haraneko Bitoriano herrian eta, jakin bagenekien arren oro hark Oroko Amabirjina zuela argibide, lagun batek esan zuen hitz labur egokia zela trafikoko Norabide guztiak ordezkatzeko. Hortik, euskararen orobideak izan genituen aipagai, oraindik egin eta imajinatu ezin ditugunak ere bai tartean, eta euskararen orobideetatik egin genuen txango literaturaren orobideetara ere, Lizardiren “Bide berriak? Bide guztiak!” gogoangarriaren uberatik.

Askorako ematen ari zitzaigun, eta jori, kalearen izena, baina Aberri Eguna baitzen eta partearen ordua gainean baikeneukan, irratia piztu genuen. Independentziaren aldarritik autonomiaren murrizketa sujeritzen dutenenganainoko abaniko zabaleko ordezkariek jardun zuten, eta bideak, bidexkak, ibilbide zirkularrak, labirintoak eta atzera pausoak bereizten hasi ginen gu. Ordurako atzean utzia genuen Orobide.

2015-03-30

Plaka

Angel Erroren atzoko galderetako baten haritik, bestetxo batzuk: Gasteizen inauguratu zuten biktimen aldeko zentroak zein du izen euskarazkoa? Ez dakigu. Rajoyk estalkia kendu zion plakak oso denbora gutxi egin zuen bertan. Gaztelaniaz zegoen. Eta Vitoria jartzen zuen bertan, ez, ordea, Gasteiz. Ahaztu egin zitzaien euskaratzea? Ez zuten euskaraz jarri nahi izan? Ez dakit bietatik zer den larriagoa: ahanztura ere izan liteke borondate faltak bultzatu eta gozatua. Inaugurazioa bukatu bezain laster erretiratu zuten.

Izan ziri edo izan zori, plakak ondo bete zuen helburua, han bildu ziren agintari gehienek praktikatzen duten eta nahiko luketen gisakoa da plakak islatzen zuena: bide guztiek Vitoriara eramaten zutenekoa eta bakar batek ere ez Gasteiza; etorkizuna iraganera itzularazi nahi duena; Konstituzioan jasotako Estatuaren aniztasun linguistikoaren kontrakoa.

Ez dugu entzun Urquijok bere buruari salaketa jarri izanaren txintik.

Doako haurrak

Udal zerbitzu batek banatutako propaganda-orri bat. “Doako haurrentzat sormen tailerra” dio bertan. Doako haurrak! Hutsak eragindako egonerre linguistikoak ez nau, ordea, itsutu: sormenaren oinarrian premia bertute bihurtzeko pagotxa baitago, irudimenari giltza eman eta artistarena egiten hasi naiz sormen tailerrak oparitu didan buztinarekin. Laster atera zait doako haur bat, hobbit bat baino dezentez guapoagoa eta negarrik egiten ez duena. Bat-batean, ordea, nire poxak pott: ez dakit nondik aterako dudan sehaska erosteko dirua, zerekin ordainduko ditudan pixoihalak, jostailuak, botikak, potitoak, ume-kotxea eta nire kotxerako ume-aulki homologatua, aurreskolako gastuak, umea zainduko didan norbait…

Doako haurrari zer nolako etorkizuna emango niokeen imajinatze hutsak izu larriz jarri nau, eta usaintzen hasita guraso gazteen atarramendu zaila, zakarrontzira bota dut propaganda-orria.

Doako haurrak!

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!