Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Atala: Literatura

2015-06-01

Permalink Literatura, 119 hitz  

Gonbita

Idazle ur-edaleen poema bakar batek ere ezin du ona izan, ezin du denbora luzez iraun. Horrela botata, probokazio bat ematen du. Poeta eta irakurle abstemioen, poesiaren, alkoholaren inguruko onkeriaren kontrako alegato bat. Lagun abstemioak nirekin haserretu baino lehen: esaldia Horaziorena da, orain bi mila urte pasatxo idatzia. Bestalde, gogoratu liburu formatoan ageri diren lehen euskal hitzak, Rabelaisen Gargantuan daudenak, gonbidapen adeitsu batekin:

Lagonak, edatera!

Atzo hasi zen Zarautzen aurtengo Literaturia, “Literatura eta ardoa” gai liriko etilikoa ardatz hartuta. Nola deitu beharko nioke ospakizunari? Jardunaldia, topaketa, mintegia? Horaziok eta garai hartako erromatarrek ardoaren konpainian egindako lagunarteko solasari simposium deitzen zioten. Ponpoxoegia, aukeran, Zarauzkoari deitzeko, baina euskarak badu sinposium hitzaren ordain jator askoa: txikiteoa, ardoaren konpainian egiten den lagun arteko solasa.

Permalink Literatura, Euskara, hizkuntzak, 109 hitz  

Beroarena kendu

Hizkera bizitu, bizkortu, koloreztatu. Haren hautsak, goroldioak, herdoilak, orbela kendu. Hizkuntzara ekarri ditugun izurriteak —asperdura, abstrakzio alferrikakoak, anbiguotasunak, eufemismoak— herra osoz pertsekitu eta gure erantzukizunak zurruntasun osoz aztertu. Hizkuntzarekin paseatu, dantza egin, eta baita mendiak eskalatu ere, e
skalatzaileen pasioz, ordea. Hizkuntzaren plazera bilatu pasio erotikoz, berarekin oheratu eta zorte on!
Ederki, ez nadin pasa beroan. Baina mundua aldatu nahi omen dugu: hizkuntza aldatu gabe, nekez. Hizkera herdoildu batek errealitatea herdoiltzen du, hizkeraren grisak mundua grisagoa bihurtzen, eufemismoek gezurrez gainezkatzen, hizkera baldar bidegabe batek bidegabekeria barreiatzen.

Aurrerakoitzat dauzkagu gure buruak, baina erreparatu ondo han-hemen daralbigun hizkerari, aztertu ez ote den grisa, kakademiko burokratikoa, errutinaren obramendua, lapa-zorriak ere loarazteko modukoa…

2015-05-21

Baldin geroa (eta II)

Eten puntuek itxi zuten atzoko nirea: “aurrera egingo duten espezieek bezala, gaurko hiztunok ere trebetasun ebolutiboa erakutsiko beharko dugu, baldin geroa…”. Irakurleak aise asmatuko zuen sekuentzia osoa: baldin geroa… gurea izango bada.

Nola lortu litekeen hori inork ez daki, zeintzuk liratekeen estrategia egokienak ere ez. Baina bat baldin bagatoz euskarak erakutsitako trebetasun ebolutibo nagusia malgutasuna izan dela, badirudi malguak izaten segitu beharko dugula. Malguak euskararen errealitate sozialari dagokionez eta malguak, halaber, euskararen arkitekturari berari dagozkion egokipen eta moldaketetan ere.

Liburu-dendetan jaso berri dute Kepa Altonagaren Leizarraga bisitatzeko gonbidapena (Back to Leizarraga). Arestiren testu bat du abiapuntu: “Etorkizuneko jenerazioek derrigor itzuli beharko dute back to Leizarraga”. Gozatu liburua, mamurtu ideiak eta on egin. Debateak merezi du, baldin geroa…

2015-05-16

Tarari!

Bernardo Atxagak Literaturiako atari-ekitaldian esandakoa neurera ekarriz, nik ere dagoeneko ezagun gehiago daukat kanposantuan kale gorrian baino. Eta epitafioak biltzen ditut. Genero zaila da. Gutxirekin asko esatea, bizitza oso bat sei zortzi hitzetan laburbiltzea ez dago edozeinen esku. Jasota ditudan epitafioen arteko azkena, Atxagaren hitzaldira joan aurretik Jorge Ibarguengoitiari azpimarratu niona, idazle mexikarraren izeba batek bere hilobian jartzeko agindutakoa. “Bizitzak ni zoritxarrekoa izatea erabaki zuen, baina ez dit gogoak eman”. Izebak tarari! diotso berarentzat agindua zegoenari: bizitza, hik esadan nahi dunana, nik nahi dudana egingo dinat-eta! Etsipenaren kontrako alegato bat da epitafioa, autonomia pertsonalaren defentsa, konbentzioen atzaparretatik libre ibiltzeko aldarria.

Hartutako determinazioa ez zitzaion debalde aterako emakume hari, kontu segurua da, baina epitafio eder bat utzi digu oinordetzan.

2015-05-05

Permalink Literatura, Euskara, 124 hitz  

Hitz doia

Detaile, sentimendu edo objektu bat benetan signifikatzeko, le mot juste —hitz doi zehatza— aplikatzea aholkatzen zuen Flaubertek. Adierazi nahi denaren neurri justuko hitza baliatzea: zapatak oinaren neurrikoa behar du; hitzak, izendatu nahi duen egoerarena. Hitz-dunak gara, gutxi-asko hiztun guztion grina da bizi ditugun egoerak zorrotz eta adierazkor esan nahia. Koska da askotan ez zaigula hitz doia burura etortzen, ez dakigula ezagutzen dugunik ere.

Trantze horretan nengoen atzo pantailaren aurrean, asmatu ezinik nola deitu asteburu luzearen ondoren lanerako neukan gogo faltari. Ez zen astelehenaren, biharamunaren, ajearen eragina, baizik hegohaizeak eragindako... Hegohaizeak eragindako zer? Hartan, neukan hitz familiar bat ekarri zidan hegohaizeak ahanzturaren ganbaratik.

Zutabea bete ezinetik atera ninduen hitz gogoratu berriak. Galbana zen. Baina hitza gogoratu izan ez banu ere: neukanak galbana izaten segitu zuen.

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!