Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Atala: Kazetaritza

2015-06-19

Permalink Politika, Kazetaritza, 119 hitz  

Brunete

Panorama politikoaren aurpegia asko aldatu da Estatu osoan. Orain gutxi arte nahiko ezezagunak genituen izen asko iritsi da bizitza politikoaren lehen planora, eta beti hor egongo zirela uste genituen beste asko irentsiko du. Funtzio politikoaren probisionaltsunak eta iraungipen-datak kalterik ez zerbitzu gisa ulertutako herrigintza eta politikari. Baina aurpegien aldaketa handiak ezkutatzen du sakoneko mugimendurik? Panorama aldatu dela dirudi, baina gotorleku mediatiko pitza ezinaren monopolioan aldaketarik izan ez bada, hobe tentuz. Hala ere, begi-bistakoa da errealitate mediatiko berriek izan duten protagonismoa panorama politikoaren aldaketan, eta hedabideetan ere fisionomia berria sendotuko balitz, hori baino ez, iraultza ez hain txiki baten aurrean geundeke: euskaldunoi dagokigunez, aski da begiratzea Arzalluzek Brunete mediatiko gisa bataiatu zuenak daukan eraginari gure eguneroko bizitzaren detaile txikienetan ere.

2015-01-03

Permalink Gizartea, Kultura, Kazetaritza, 121 hitz  

Xaribaria

Andaluziako Telebistarena ez da anekdota hutsa: jende guztiak sinetsi zuen bertako arduradunek iragarkiak programatu zituztela kanpai-deien artean, mahats aleak balira bezala irentsi genuen nahita jokatu zutela horrela. Eta argitu digutenean ere akats tekniko bat izan zela, hasierako bertsioa gelditu zaigu kaskezurrean, xanpainak eragindako entenga bat balitz bezala: akatsarena baino sinesgarriagoa da.

Telebistak sinesgarritasun osoa galdu duela, harriek ere badakite hainbeste. Argibide asko daude ulertzeko irudien hedabidea xaribari hutsa bihurtu izana, eta kate pribatuen dinamika ez da arinena: hark markatzen ditu kate publikoen norabidea eta deontologia, printzipioak eta praktika. Kate pribatu baldarrenen dinamikak, zehatzago esateko.

Komunikazio tresna oso bat, arrunkeriarekin identifikatua, asmazio zoragarri bat arrunkeriaren ispilu eta motore. Eredu onak ba omen daude, baina beti daude auskalo non, denak daude oso urruti.

2014-11-22

Kitsch, kitsch, kitsch

Bost urte zituenetik, Donostian pasatzen zituen, gerrakoak eta beste gutxi batzuk kenduta, udako opor luzeak. Ahaztu nondik zetorren, ahaztu bostehun urteko historia, eta txalotu gogotik zer nolako txera hunkigarria zion Donostiari. Gernikako arbola txirriki-txarraka kantatzerainokoa. Ikasi zuen, emakumearen balentria!, Inazio, gure patroi handia ere, akaso Jesus Aguirrek irakatsita. Azken hori nik diot, ez dakit. Larrutik dakidana da asuntoari darion mirabekeria txit otzana. Baita gurean ere. Baita sorreran halako ilusioa piztu zigun telebistatik ere. Lekukoak izan gara haren heriotzari eman zaion trataera akritiko eta batere ez periodistikoarena, kazetaritzaren minimoak ere laidotzerainokoa. Labur esanda: latifundioaren historia odoltsutik eta bostehun urteko errenta behin eta berriro ondo kobratutik zetorren; minifundistak ere ez garen maizter mentalon erreberentziak jasota joan da.

Kitsch, kitsch, kitsch, my God!

2014-10-23

Irismena

Horra beste hitz bat, irismena, egunari egun gizentzen ari garen gure hiztegirako. Entzuna eta irakurria nuen noiz edo noiz, logikaren haritik usaintzen nion esanahaia (zerbait —kasu honetan, euskarazko hedabide guztiak eta bakoitza— iristen den esparruarainoko eragina behar du izan!), baina herenegun arte ez da nire lexikoan egon, gaur arte ez dut sekula baliatu. Termino tekniko huts hotz-hotza nuen orain arte; goroldio sentimental sakona itsatsi zaio herenegundik: Egunkariaren aferak sortutako amesgaiztoa amaitu den momentuan etorri da Jaurlaritzaren erabakia.

Terminoak isatsari lotuta ekarri duen zurrunbilo politiko handi baten begian gaude orain. Ez, tamalez, euskal prentsaren premiei buruzko debate serio baten mahaian. Euskal prentsaren etorkizunak kezkatzen gaitu, ekonomia eta produktuen kalitatea ez dira elkarren arrotz: sortu den zurrunbiloak ez ahal digu kezka hori irentsi eta itoko.

2014-10-21

Entrama

Aurtengo zifrek ere albiste ona ekarri diote euskarari: Euskal Herriko ikasleen erdiak baino gehixeago dabiltza murgiltze ereduaren uretan plisti-plasta… Baina ponperia gutxi: albiste positiboek ez omen dute segundo bakar batzuk baino irauten. Hedabideentzat, albiste onek ez dute xarmarik, lapak zurrunga jartzeraino dira aspergarriak. Ez dute tentsiorik, ez dute irakurlearen barrua irakiten letxe txarrak letxe. Zerra onek dutena falta omen zaie albiste onei: gora eta behera egiten duen entrama eta zorroztasuna.

Albiste positiboek hain gutxi irautea albiste negatiboa da euskararentzat: iraupenaren laburrak ikusezina bihurtzen du komunikatu nahi dena, gizarte honen erraietan gertatzen ari den fenomeno nagusi batek ez du ez interes ez oihartzun mediatikorik. Zerra mediatikoek, ordea, aski dute euskararen inguruko kontu liskartsuren bat usaintze hutsa: berehala hasten dira hortzak zorrozten beren entrama liskar-gosea asetzeko.

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!