Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Atala: Euskara

2015-06-14

Permalink Euskara, Gizartea, Kultura, 114 hitz  

Enbaxadore

Baserritik auzora, auzotik herrira, herritik hirira, hiritik estranjeriara, estranjerian itsasontzi bat hartu eta Ameriketara, zertarako?, eta han baserriaren nostalgiarekin hiltzeko. Formulak garai bateko euskal jende askoren mundualdia laburbiltzen du, kanta ezagunaren eskutik: “urruti nere menditik joan nintzen dirutu nahirik […] gelditu nintzen tristerik, bake santua galdurik. Gure kantetan oilarruraren nostalgia da nagusi”. Izango zen, ordea, nostalgietarako astirik izan ez zuenik. Baita nostalgiari uko kontzientea egin zionik ere, oilarrurari behin betiko aio esanez. Deitura ezagun asko eta hemen aspaldi galdutako beste hainbat arrasto biziak dira historia anonimo edo ez hain anonimoenak, batzuk tragikoak, kriminalak, genozidak, baina beste asko apalak, hunkigarriak, trantze txarrenetan duintasunari eusten jakin zutenenak. José Mujika Uruguayko buruzagia bisitan etorri berria dugu azkenen enbaxadore.

2015-06-07

Permalink Euskara, hizkuntzak, 117 hitz  

Koska

Gure txikian ere besteen handian gertatzen den bera ikusten diogu euskara batuari sortu, zabaldu eta sendotu genuenetik: kultur hizkuntza izateaz gainera, gero eta gehiago da, astiroegi bada ere, diruarena, politikarena, ikerketena, kirolarena, nongotasunaren sentipenarena. Hizkera gramatikalki finkatu batek, kulturalki errotuak, sozialki onartuak lortu du. Hizkera erregulatu batek: hau ondo dago, beste hori gaizki.

Euskalkien kaleetan, ordea, hiztuna libreago sentitzen da, ez du arauaren itzal luzerik, eroso sentitzen da irrirako, solaserako, aisiarako, burura datorkiona datorkion moduan —zuzentasunaren aingeru goardakorik gabe— esateko. Agian uste duguna baino distantzia handiagoa dago —euskaraz eskolatuentzat behintzat— batuan eta euskalkian jarduteko dauzkaten jarrera psikologikoen artean. Ez naiz aditua, baina uste dut gazteen jergez-eta ari direnek, diagnostiko zuzenak egiteko, erreparatu behar lioketela koska horri ere...

2015-06-03

Permalink Euskara, Gizartea, Kultura, 129 hitz  

Nahigabea

“Nahigabean hirekin eta heureekin” hitzekin bukatu du lagun alargundu berriari bidali nahi dion mezua. Testu osoa errepasatu du okerrak zuzentzeko. Nahigabe hitzean gelditu zaizkio begiak. Formula konbentzional bateko hitz fosil bat da berarentzat. Doluminetan ez bada, erabiltzen ez duena. Baina, bat-batean, inoiz ikusi ez zion distiratxo bat —konposaketarena— nagusitu zaio. Nahigabea, nahi gabea. Inork deitu gabe etortzen da atsekabea.

Bi formen esberdintasunak sakonera du. Nahi eta gabe batzen badira edo aparte idatziz gero, doluaren bi alde nagusiak dauzkagu. Nahigabea —zoritxarra, mindura, atsekabea, bihotzeko iluna—, ez dator inoren interbentzioaren eskutik. Ez dago kulparik. Ez dago Jainkorik edo paturik istripu baten edo gaitz larri baten atzean, halabeharra baizik, eta horra non beste hitz eder batek egin digun distira, ‘hala beharko zuen’ etsipenak piztuta.

Inoiz ez bezalako sentimenduz eman dio irteera mezuari.

2015-06-01

Permalink Euskara, Politika, 117 hitz  

Izter-lehengusua

Literaturiako tarte batean tragotxo hartzen gaudela, lagunetako batek halako ezagutzen al dudan galdetu dit, eta “bai, izter-lehengusua dinat”, atera zait. Extralurtar baten aurrean baleude bezala begiratu didate eta agian halaxe naiz, baina extralur gurean hirugarren katabegiko lehengusua izendatzeko erabiltzen dugu hitza eta, hedaduraz, baita ahaide urrutikoa esateko ere. Orotarikoan dago, eta Mitxelenaren adibide bat dakar, hitzari hedadura polita ematen diona. Euskararen jatorriaz ari delarik, dio: “Askazi kontuan esan daiteke ez dugula artean [euskararen] izter-lehengusu ezagunik ere aurkitu”.

Egunotako stress politikora ere ekar liteke hitza: alderdiak hasita daude itunen kromo-trukaketak mahairatzen, musaldi batean nola. Kromoak usaindu eta enbidoen aldia dute oraindik. Laster hasiko dira hordagoka. Irrikaz gaude jakiteko ahaide hurbilenen artean elkartuko diren edo, aitzitik, izter-lehengusuengana joko duten…

Permalink Literatura, Euskara, hizkuntzak, 109 hitz  

Beroarena kendu

Hizkera bizitu, bizkortu, koloreztatu. Haren hautsak, goroldioak, herdoilak, orbela kendu. Hizkuntzara ekarri ditugun izurriteak —asperdura, abstrakzio alferrikakoak, anbiguotasunak, eufemismoak— herra osoz pertsekitu eta gure erantzukizunak zurruntasun osoz aztertu. Hizkuntzarekin paseatu, dantza egin, eta baita mendiak eskalatu ere, e
skalatzaileen pasioz, ordea. Hizkuntzaren plazera bilatu pasio erotikoz, berarekin oheratu eta zorte on!
Ederki, ez nadin pasa beroan. Baina mundua aldatu nahi omen dugu: hizkuntza aldatu gabe, nekez. Hizkera herdoildu batek errealitatea herdoiltzen du, hizkeraren grisak mundua grisagoa bihurtzen, eufemismoek gezurrez gainezkatzen, hizkera baldar bidegabe batek bidegabekeria barreiatzen.

Aurrerakoitzat dauzkagu gure buruak, baina erreparatu ondo han-hemen daralbigun hizkerari, aztertu ez ote den grisa, kakademiko burokratikoa, errutinaren obramendua, lapa-zorriak ere loarazteko modukoa…

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!