Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Atala: Politika

2015-06-24

Neurri kontuak

Aktore bat txikia denean, takoi eta zoru altuak jartzen dizkiete oinetakoetan, bestela Tom Cruisek (1,63 m.) hanka punttetan jarri beharko luke Uma Thurman-i (1,82 m.) musu emateko. Gag umiliagarria, eszena erromantiko baten faltan.

Badira, ordea, altuera fisikoa baino desberdintasun handiagoak, takoi eta zoru altuekin konpontzen ez direnak. Europak berdintasunaren neurria omen du helburu, baina praktikan sozio baxuak eta altuak daude, pobreak eta aberatsak, Europako lehen lerroan daudenak eta Europako zangetan. Elkarrekin egiten ari diren filmak nabarmenegiak ditu desberdintasunok, eta oso dira krudelak bertako eszenetan agertzen diren kontrasteak, proiektu komun baten kontraesanak, goiera moral eskaseko interpretazioak.

Filmaren arduradunak pozik daude hasi omen direlako zoruak jartzen ahulenen oinetan. Baina filmaren tesia da: Greziak Alemaniari musu. Tokitan gaude berdintasun adostu baten eszenatik.

2015-06-23

Permalink Politika, Gizartea, 121 hitz  

Esku bideari

Eskubide hitza oso da argia bere bi osagaiek (esku eta bide) uztartzen duten esanahian: hitza asmatu zuenak (Mogelek?) bazekien zertan ari zen. Eskubide hitzak lehendabiziko osagaia du esku (lana, laguntza, elkartasuna), eta eskubideak lorpen kolektiboak baitira, elkarren arteko lanaren (elkartasunaren) bulkada behar dute, elkarri eskua emanda lortzen dira. Eskubide hitzaren bigarren osagaia da bide: eskubide bat ez da halabeharraren adarretatik berez erortzen den gerezi gisako oparitxo bat, boterearen plaza dialektikoan jokatutako lehia luze baten ondorioa baizik.
Eskubidearen definizioa ere oso da argia hiztegietan: “Gizaki ororen oinarrizko askatasun eta berdintasuna abiapuntu, dagokiona eskatzeko, legeak debekatzen ez duena eta bidezko dena egiteko edo erabiltzeko ahalmena” (Belztua nirea da). Gaurko egunak herritar mordoa bilduko du dagokiona eskatzera —erabakitzeko eskubidea—, gure esku dago! aldarri eginez.

2015-06-19

Permalink Politika, Kazetaritza, 119 hitz  

Brunete

Panorama politikoaren aurpegia asko aldatu da Estatu osoan. Orain gutxi arte nahiko ezezagunak genituen izen asko iritsi da bizitza politikoaren lehen planora, eta beti hor egongo zirela uste genituen beste asko irentsiko du. Funtzio politikoaren probisionaltsunak eta iraungipen-datak kalterik ez zerbitzu gisa ulertutako herrigintza eta politikari. Baina aurpegien aldaketa handiak ezkutatzen du sakoneko mugimendurik? Panorama aldatu dela dirudi, baina gotorleku mediatiko pitza ezinaren monopolioan aldaketarik izan ez bada, hobe tentuz. Hala ere, begi-bistakoa da errealitate mediatiko berriek izan duten protagonismoa panorama politikoaren aldaketan, eta hedabideetan ere fisionomia berria sendotuko balitz, hori baino ez, iraultza ez hain txiki baten aurrean geundeke: euskaldunoi dagokigunez, aski da begiratzea Arzalluzek Brunete mediatiko gisa bataiatu zuenak daukan eraginari gure eguneroko bizitzaren detaile txikienetan ere.

Permalink Politika, Gizartea, Kultura, 125 hitz  

Elurrarena

Benetako nafarrak UPNkoak izaki, berek ordezkatzen dutena da Nafarroa, huraxe baino ez. Badago alderik Uxue Barcosek atzoko El País egunkariari esan zionarekin: “Ni abertzale izateak ez du esan nahi Nafarroa hala denik”. Ebidentzia hutsa da Barcosen adierazpena, eta nola liteke ebidentzia huts batek gure arreta piztea? Ebidentzia hutsa ukatzen dutenen arma nagusiak, propagandak, mendeak daramatzalako elurra ez dela zuria, eta izatez ez dela elurra ere esaten, horixe. Baina Barcosen esaldiaren atzean ez dago Nafarroa anitz begibistako baten onarpen bat soilik. Badago alde psikologiko kolektibo bat ere: historikoki baztertua izan denak, behin eta berriro umiliatua izan denak kontatu beharra dauka elurra ez dela matxakatu dutenek esaten duten bezalakoa, eta elurraren nolakoa argitzen ibili behar izaten du, argibideak ematen, ebidentziak argitzen. Defentsiban, azken finean. Elurraren defentsan.

2015-06-14

Kearen teoria

Erregeak titulua kendu dio, Cristina ez da Parmako dukesa izango. Argi gelditu da —propaganda mediatikoaren foko potenteenen argitan— bere aitak esan bai baina betetzen ez zuena eta semeak esaten ibili gabe bete nahi omen duena: justizia denontzat berdina da. Txaloak eta biba. Baina Cristinaren posizio dinastikoak —“Maria Cristina nos quiere gobernar!”, entzuten genuen umetan— bere horretan segitzen du: seigarren. Cristinaren aurreko bostek uko egingo baliote edo hilko balira, zer?

Teoria batek nauka entretenituta: nebak arrebari titulua kendu izana, itxuraz hain modu drastikoan, kea da, ke beltz sarria, eta keak ezkutatzen duena, Cristinak bere eskubide dinastikoari uko egiteagatik jasoko duen txin-txina, auskalo zein paradisutan ordainduko diotena, printzesak eta esku-baloitik esku-arrantzara pasatu zen bere senarrak eperrak janez bizi dezaten hemen geratzen zaien bizia, eta bestean izan dezaten atseden, amen.

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!