Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Atala: fikzioa

2015-05-25

Permalink Politika, fikzioa, Gizartea, 130 hitz  

Esperoan

Hor ikusten dituzun horiek bi barrakoi dira, baina ez obra batekoak, ezta fabrika bateko eranskinak ere, alboko eskolarenak baizik, bertan buila batean sartzen ari diren umeek garbi uzten dutenez. Epe labur baterako ekarri zituzten. Bi urte daramatze hor. Edo hiru. Berogailuek ezin dute neguko hotza uxatu, eguzkiak bete-betean jotzen duen egunetan umeek ufa eta ufa egiten dute. Euri-zaparradak dira, ordea, eramangaitzenak: sabaian eragiten duen zalapartak ez du irakaslearen jarduna entzuten uzten, umeek beren zalaparta eransten diote euriarenari. Herriko alkategai denak pasatu dira bertatik eta alkategai guztiek agindu dute arazoa laster batean konponduko dutela.

Gaur umeak ohi ez bezala daude aztoratuta, eta ez da momentu honetantxe hasi duen zaparradarengatik. Irakasleak, oihu batean, zer kristo gertatzen zaien galdetu die. Umeen zalaparta gailendu zaio zaparradari:

—Alkate berria, noiz dator! Alkate berria, noiz dator!!

2015-04-26

Permalink fikzioa, Gizartea, 123 hitz  

Egun batez

Egun batez —ez da gogoratzen noiz, baina gertatu zen egun hori— segurtasunak berebiziko garrantzia hartu zuen bere bizitzan: segurtasun ekonomikoak, segurtasun fisikoak, lana galtzeko beldurrak, etorkizun urruti bateko kezkak. Egun batez ez arriskatzea erabaki zuen, ez sartzea istilutan eta saltsa deserosoetan, ez begiratzea bere interesari baino. Egun batez atzean utzi zituen ametsak, bere inguruko arazoak konpontzen laguntzeko bulkadak, etekin materialik gabeko bilerak eta erabakiak. Egun batez bidaiak baztertu eta turismoa egiten hasi zen, hausnartzeko balio zioten liburuak baztertu zituen, zinera joateari utzi zion, izkin egiten hasi zen barrua kitzikatuko zioten eztabaidei, aldentzen hasi zen garai zaharrak gogoratzen zizkioten lagunengandik.

Egun batez segurtasunak berebiziko garrantzia hartu zuen bere bizitzan. Ordutik ez zaio ezer falta. Oraindik ahaztu ez zaion barruko poz zahar hura baino ez.

2015-01-08

Permalink Euskara, fikzioa, Gizartea, Kultura, 120 hitz  

Galeria

Gutako batek Julio Cortázarren Beste zerua ipuina aipatu zuen: bertan, gizon bat Buenos Aireseko galeria batean sartzen da, handik gutxira Parisko Vivienne galeriatik irteteko. Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao aipatu zuen beste batek, eta, ia oharkabean, jolasean hasi ginen, Indautxu plazako galerian sartu eta hainbat irteera proposatzen. Izan zen Londres proposatu zuenik, Parisek aspaldi utzi omen diolako kulturaren ardatz izateari. Beste batek, Tabucchi zale amorratua bera, Indautxutik Porto Pim-era eraman gintuen. Hurrengoak, Buenos Aires jo zuen helmugatzat, Cortázarren ipuinari itzuleraren ifrentzua eskainiz. Halaxe genbiltzan, fantasia hegazkin, orain Marrakechen, gero Tokion, hurrena Valparaison… Lagunetako bat horma bezain isilik zegoen. Zerbait esateko eskatu genion.

«Inori ez bururatzea ere Indautxuko galeriatik Derio plazan irtetea, Pasaiako portuan, Landabenen, Uztaritzen…».

Mutu gelditu ginen, deseroso.

2014-12-17

Permalink Politika, fikzioa, Gizartea, 120 hitz  

Hegan

Hegazkinaren zain zeudela ezagutu zuten elkar (Leonardo Sciasciaren apuntetxo bat garatzen eta geurera ekartzen ari naiz), eta hegaldiak iraun zuen guztian huntaz eta hartaz jarduteko beta izan zuten. Politikaz batez ere. Kointzidentzia handiak zituzten Euskal Herriaren egungo egoeraz, diagnostiko berdintsuen bidetik ibili ziren egin beharreko bideaz, tankeratsu irudikatu zuten urte gutxi barruko Euskal Herriaren eraketa politikoa. Enpatiak laster eta leun albaindu zituen elkarren arteko hariak. Bukatu zen bidaia, trukatu zituzten bisita-txartelak, eta elkarrekin bazkaltzekotan gelditu ziren astebururen batean.
Etxera iritsi eta nork bere ordenagailua piztu zuenean, bidaide izandakoaren izena idatzi zuten batak eta besteak bilatzailean: aspaldi handian elkarri zipoka dabiltzan bi alderdi desberdinetakoak zirela deskubritu zuten. Hiru urte pasatu dira ordutik. Ez diote elkarri deitu, ez dute egin hitzartutako bazkaririk.

2014-09-26

Permalink fikzioa, Gizartea, Kultura, 113 hitz  

Gutunak

Zientzialariek despistatu fama dute. Despistatuenen artean bildots otzan galduena, Paul Ehrlich, kimioterapiaren aita: gutunak idazten omen zizkion bere buruari, Wislawa Szymbroska poetak kontatzen duenez.

Zuka, hika, berorika, nola zuzentzen zitzaion bere buruari? Gutuna idazten zuen eskuak zer zekien gutuna irakurriko zuten begiek baino gehiago? Bat bitan banatutako zentzun desorekatua izango zuen zientzialariak, horixe da argibide egiantzekoena: zientzialariaren zorroztasunak ez zuen kontrolatzen gizon arruntaren egunerokotasuna. Eta aldian behin, batek gutunak idazten zizkion besteari: “Paul maitea, barkatu aspaldi ez idatzi izana…”, eta abar. Bota gutuna postontzira eta, biharamunagoan, Ehrlichek Ehrlichen gutuna jasotzen zuen etxean.

Anekdota irrigarriaren oinarrian, literaturaren muina: idazleak bere buruari idatzitako gutunak (zuka, hika, berorika?) omen irakurlearen eskuetan jartzen dituen poema eta narrazioak.

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!