Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Atalak: Pitzadura urbanoak, Literatura

2015-06-24

Neurri kontuak

Aktore bat txikia denean, takoi eta zoru altuak jartzen dizkiete oinetakoetan, bestela Tom Cruisek (1,63 m.) hanka punttetan jarri beharko luke Uma Thurman-i (1,82 m.) musu emateko. Gag umiliagarria, eszena erromantiko baten faltan.

Badira, ordea, altuera fisikoa baino desberdintasun handiagoak, takoi eta zoru altuekin konpontzen ez direnak. Europak berdintasunaren neurria omen du helburu, baina praktikan sozio baxuak eta altuak daude, pobreak eta aberatsak, Europako lehen lerroan daudenak eta Europako zangetan. Elkarrekin egiten ari diren filmak nabarmenegiak ditu desberdintasunok, eta oso dira krudelak bertako eszenetan agertzen diren kontrasteak, proiektu komun baten kontraesanak, goiera moral eskaseko interpretazioak.

Filmaren arduradunak pozik daude hasi omen direlako zoruak jartzen ahulenen oinetan. Baina filmaren tesia da: Greziak Alemaniari musu. Tokitan gaude berdintasun adostu baten eszenatik.

2015-06-19

Haizeak eramana

Atzo arte, kaka ere zikinduko luketen zirin baldarrak ahoz obratzen genituen, konpainia ez agian oso noblean baina bai seguruan. Baldarkeriok inon idaztekotan, pareten bateko pintada anonimoan. Baina sare sozialetako konpai arteko giroak konfidantza eman zigunetik idatzizko jardunean, ai!, klasikoen abisua ahaztu genuen: scripta manent, verba volant (idatziak gelditu egiten dira [memorian], hitzek hegan egiten dute). Zapata Madrileko zinegotziak larrutik ikasiko ahal zuen.
A
hozkoa haizeak eramaten du. Hasiera batean, ordea, latinezko ditxo ezagunak justu kontrakoa esan nahi omen zuen: hitzek hegan egiten dute, alegia, zabaldu egiten dira eta denon belarrietara iristen; idatziak, aldiz, tinko gelditzen dira lapa batzuen gisa liburuetan. Baina sare sozialek irauli egin dutenez bai klasikoek esaldiari hasieran ematen omen zioten adiera eta baita gaur ematen dioguna ere, hobe dugu scripta volant, verba manent esaten hastea.

Lanean

Bidaiatu, bidaiatzen du, udako oporretan eta aste santukoetan bederen bai. Europako hiri entzutetsuenak ezagutzen ditu, munduko bazter ezohiko exotiko batzuetan egona da. Baina, adinean aurrera, gero eta nagi handiagoa eragiten dio oporrak antolatzen hasteak, nora joango diren erabaki arteko labirintoak, Googlen sartu eta hogei bat eguneko ibilaldia planifikatzeak, ordenagailu aurrean hegaldi eta ostatu merke eta egokiak kontratatzen pasatutako betazal-erretze gautiarrak, hautatutako lekuen eta ibileren araberako arropen eta trepeten prestaketak, motxilen eta bidaiarako pusken antolamenduak… Zenbat lan bidaia hasterako! Estreinako opor eguna baino askoz ere lehenagotik nekatu du zer datorkien imajinatze hutsak. Bidaiarako erretserbatu dituen hiruzpalau liburuak ditu kontsolamendu, tartean Bruce Chatwin idazle eta bidaiariarena. Laster irakurriko dio ingelesezko Travel (bidaiatu) eta Travail/Trabajo (lana) erro beretik datozela.

2015-06-14

Kearen teoria

Erregeak titulua kendu dio, Cristina ez da Parmako dukesa izango. Argi gelditu da —propaganda mediatikoaren foko potenteenen argitan— bere aitak esan bai baina betetzen ez zuena eta semeak esaten ibili gabe bete nahi omen duena: justizia denontzat berdina da. Txaloak eta biba. Baina Cristinaren posizio dinastikoak —“Maria Cristina nos quiere gobernar!”, entzuten genuen umetan— bere horretan segitzen du: seigarren. Cristinaren aurreko bostek uko egingo baliote edo hilko balira, zer?

Teoria batek nauka entretenituta: nebak arrebari titulua kendu izana, itxuraz hain modu drastikoan, kea da, ke beltz sarria, eta keak ezkutatzen duena, Cristinak bere eskubide dinastikoari uko egiteagatik jasoko duen txin-txina, auskalo zein paradisutan ordainduko diotena, printzesak eta esku-baloitik esku-arrantzara pasatu zen bere senarrak eperrak janez bizi dezaten hemen geratzen zaien bizia, eta bestean izan dezaten atseden, amen.

2015-06-01

Permalink Literatura, 119 hitz  

Gonbita

Idazle ur-edaleen poema bakar batek ere ezin du ona izan, ezin du denbora luzez iraun. Horrela botata, probokazio bat ematen du. Poeta eta irakurle abstemioen, poesiaren, alkoholaren inguruko onkeriaren kontrako alegato bat. Lagun abstemioak nirekin haserretu baino lehen: esaldia Horaziorena da, orain bi mila urte pasatxo idatzia. Bestalde, gogoratu liburu formatoan ageri diren lehen euskal hitzak, Rabelaisen Gargantuan daudenak, gonbidapen adeitsu batekin:

Lagonak, edatera!

Atzo hasi zen Zarautzen aurtengo Literaturia, “Literatura eta ardoa” gai liriko etilikoa ardatz hartuta. Nola deitu beharko nioke ospakizunari? Jardunaldia, topaketa, mintegia? Horaziok eta garai hartako erromatarrek ardoaren konpainian egindako lagunarteko solasari simposium deitzen zioten. Ponpoxoegia, aukeran, Zarauzkoari deitzeko, baina euskarak badu sinposium hitzaren ordain jator askoa: txikiteoa, ardoaren konpainian egiten den lagun arteko solasa.

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!