Berria.infoko blog komunitatea

Login

Hitz beste

Anjel Lertxundi Esnal

Atala: Internet, etorkizuna

2014-04-13

Bihotz kontuak

Frantziatik dator ehen albistea: bertako patronalaren eta 250.000tik gora langileren arteko akordio baten arabera, langileak nagusiaren mezuren bat jasotzen badu lan-orduetatik kanpo, ez du zabalduko, ezingo diolarik mezuari erantzun. Katea urratu izanaren poza sentituko dute langileek beren bihotzetan, denon takikardiak baitaki tentsioa zenbat igotzen zaigun lan-ordutegiaren telefono eta email bidezko luzapenarekin.

Estatu Batuetatik dator bigarren albistea, eta sarearen historiako deskalabro handienaren berri dakar: ustez ondo blindatutako milaka zerbitzari eta webguneren segurtasun-neurriak popa bistan egon dira hainbat denboraz, gure pasahitza eta kode sekretu guztiak edozeinen bistan eta esku utziz. Heartbleed (bihotz odoltsua) deitu diote matxurari.

Pasio betikoetan bezala, sareak ere maitale gaitu: alditan gatibu gara, alditan sukartsu, pasahitz ezkutu bat dugu gure harremanen sekretu

2014-03-27

Izua hemen

Hitzen baten bila bazabiltza, nahierako nahi adina hiztegi daukazu sarean. Zerbaiti buruzko informazio fidagarria (?) nahi baduzu, Wikipediara jotzen duzu. Idazten ari zarenak okerren bat egin orduko, hor hasten zaizu Xuxen abisu gorriak ematen. Zernahitarako egarria asetzen dizun iturria da Internet. Baina egunen batean, “Internet erori egingo da eta izuzko uholdeak biziko ditugu”, iragarri berri du Dan Denett filosofoak. Momentu apokaliptiko hartan, Ebanjelioak salbatuko ez direnei iragarritako “negarra eta hortz-karraskak” entzungo dira, eta lehendabiziko paniko-egunak gainditzeko gai bazara, ez duzu beste erremediorik izango: entziklopedia zaharretara jo nahiko duzu, hiztegi horizkatuen bila hasiko zara, aspaldiko urtetan ukitu ere egin ez duen gramatika betikoa beharko duzu, baina, ai tamalaren lorra!, damu eternoa etorriko zaizu bi sosetan saldu zizkiolako bigarren-eskuko liburuen tratulari bati.

2014-03-17

Leihotik leihora

Whatsappa sutan dauka beti, telefonoz bidaltzen dizkio mezu intimo guztiak, baina gero ez da hartaz hitz egiteko gai! Komunikazioaren aroak ez du harreman hurbila bermatzen!
Eta horrelakoak. Baina ur ustez geldiek bilatzen dute beren zirrikitutxoa.

San Martin egun batez, autobideak aspaldi desagerrarazitako Orioko baserri batean, bi bertsolari leihotik leihora lehian. Jendeak tripak lehertzerainoko algarak egiten ditu. Hirurogei bat urte pasatu dira bertsolaritzari buruz dudan lehen oroitzapenetik: ez dut zalantzarik zirto erotikoak zirela algaren metxa. Leiho batetik besterako jardun erotikoa iradokitzen du “Maria goikoa! Zer dun, behekoa?” elkarrizketa errimatuak ere. Bietako bati senarra etorri zaio, gaur ez da iturrira joango. Zer egingo duten etxean? Hartu leihotik leihorako elkarrizketa guztia, xuri eta gorri eta kikiriki kolofoiarekin, klabe erotikoan.

Gaurko leihoetan eta aspaldikoetan, antzeko libido.

OHARRAK (Post scriptum)

—Paralelismo bat egin nahi nuen sareko leihoen eta gure ahozko tradizioko lehioen artean, baina ustean nago oso lauso geratu dela asmoa. Hala bada, ea hurrengo batean…

—Iturria: irudiak jario erotikoa nabarmena duela, zalantzarik ez. Baina iturriak badu beste elementu bat gutxi aipatzen dena: emakumeen enkontrugune fisikoarena. Iturrian elkartzen ziren, lisiba egiteko eta beren konfidentzietarako. Orain hamar bat urte, Zarauzko ONG batek aditu batzuk bidali zituen Ekuadorrera hango herri batzuetako plazan ura ateratzeko, auskalo noraino ur bila joan beharrik gabe. Emakume batzuk ez omen daude oso pozik: iturriko jarduna omen zuten beren arteko solasetarako aukera bakarra.

2013-11-09

Ixa xuxen

Hogeita bost urte xuxen edo, gutxienez, ixa xuxen idatzi behar genuela tematu zirenetik: ez dute meritu makala guztiz despejatu ezin dugun xuxen idaztearen ixa inkognita argitzeko tema.

Baina gaizki hasi naiz: despejatuk Xuxenen txibato gorria piztu dit. Txibatok ere bai. Honaino heldu haiz, amigo!

Ez ditut zuzenduko. Eskola zaharreko honek gaztelaniaz ikasi zuen inkognitak despejatzen —ahaztu ere bai hizkuntzen beharrik gabe— eta zaharrez nagi naiz inkognitak askatu egiten direla ikasten hasteko. Txibato hitzari dagokionez, oso erro gaizto bihurriak hartuak ditu gure hizkeran, hain erraz baztertzeko. Biak gordeko ditut, bada. Nire aukera da. Xuxenek abisua eman dit. Eta askatasuna. Erratuko banintz, kulpa ez luke, Axularren hartan bezala, Xuxenek, baldarrontzi honek baizik.

Ixa xuxen ibiltzeko makuluak eutsiko ahal dio beste hogeita bost urtez bideari eta bertan topa dezala Euskalerria Irratia albistea eman dezan.

OHARRAK (Post scriptum)

Xuxen ez da, jakina, Ixak hogeita bost urteetan egindako lan bakarra (Ixarik gabe, euskarak ez luke gaur duen tokia informatikaren plazan) baina Xuxen da Ixaren bandera ontzia, edo niri hala iruditzen zait behintzat. Orain hamar urte zutabe honekin hasi nintzenetik Xuxenekin bizi izan dudan harreman sentimentalarengatik izango da.

2013-10-10

Angustia, erreala

Teknologia berriekin lo(r)tutako orok birtual etiketa darama aldean —errealitate birtualaz mintzatzen gara, gizarte birtuala omen gara, hitzaldi birtualetara gonbidatzen gaituzte…—, baina modu arrunt errealean begiratzen ditut teknologia berrien bidez kontsultatzen ditudan hiztegiak, irakurtzen ditut albisteak, egiten ditut erosketak. Teknologia berrien mundua —Internet zilbor eta altzo duena— erreala da. Ez fikziozko egitate bat, pelikula batean sartutakoan bertan galtzea bezalakoa, nire eguneroko bizitzaren errealitatea baizik. Internetik gabe geldituko banintz, galduta nengoke.

Poliziek lehendabizi eta hedabideek gero, birtuala deitu diote Delorean taldeak Mexikon sufritutako bahiketari. Bahitzaileek trepeta teknologikoak baliatu dituzte, musikariek bahituta zeudela sinetsi dute —hortik bahiketari birtuala deitzearena—, baina bahituek berrogeita zortzi orduz bizi eta penatu duten angustia errealagorik, nekez.

:: Hurrengo orrialdea >>

Hitz beste

Ispilu aurrera joan nintzen. Ez nengoen han

| Hurrengoak >

Otsaila 2019
Ast Ast Ast Ost Ost Lar Iga
<<  <   >  >>
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28      

Bilaketa

Atalak

Blog hau sindikatu XML

powered by
b2evolution

Valid XHTML 1.0!  Valid CSS!

Valid RSS!  Valid Atom!